21. ALDIZKARIA - 2008ko otsailaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

179/2008 EBAZPENA, urtarrilaren 21ekoa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, biodiesela ekoizteko plantako jarduerarako Ingurumen baimen integratua eman eta aurkeztu duen proiektuaz Ingurumen eraginaren adierazpena egiten duena. Jarduera hori Biocarburantes de la Ribera, S.L.k sustatu du, Sartagudako udalerrian.

2006ko abenduaren 28an titularrak instalazio bat ezartzeko eskaera egin zuen, eta hura I. eranskinean, 4.1b) atalaren barruan dago "Instalazio kimikoak oinarrizko produktu kimiko organikoak fabrikatzeko, bereziki: hidrokarburo oxigenatuak, esaterako, alkoholak, aldehidoak, zetonak, azido organikoak, esterrak, azetatoak, eterrak, peroxidoak, erretxinak eta epoxidoak" izenarekin, uztailaren 1eko 16/2002 Legean, kutsaduraren kontrol eta aurreneurri integratuei buruzkoan eta, ondorioz, ingurumen arloko baimen integratuaren araubidearen menpe egonen da.

Era berean, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzeko Erregelamenduaren 2B eranskineko 4.1. b) epigrafean jasota dago, hots, "Instalazio kimikoak oinarrizko produktu kimiko organikoak fabrikatzeko, bereziki: hidrokarburo oxigenatuak, esaterako, alkoholak, aldehidoak, zetonak, azido organikoak, esterrak, azetatoak, eterrak, peroxidoak, erretxinak eta epoxidoak" izenarekin, kutsaduraren kontrol eta aurreneurri integratuei buruzkoan, abenduaren 28ko 93/2006 Legearen bidez onetsia, eta, ondorioz, ingurumen arloko baimen integratuaren araubidearen menpe egonen da.

Bestaldetik, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua aldatu duen maiatzaren 8ko 6/2001 Legearen I. eranskineko 5. taldeko a) 1. atalean jasota dago instalazioa.

Industria establezimendua ez dago ekainaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan. Dekretu horrek istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen, gai arriskugarriak tarteko diren kasuetarako.

Egin den tramitazio administratiboaren laburpena ebazpen honen IV. eranskinean dago. V. eranskinean aurkeztutako alegazioak eta erantzuna ageri dira.

Ingurumenaren arloko eskumenak Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiari, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariari eta Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendariari eskuordetzen dizkien urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen baimen integratua ematea Sartagudako udal mugapean biodiesela ekoizteko planta bat jartzeko. Biocarburantes de la Ribera, S.L. da titularra.

2. Instalazio hori egiteko proiektuari dagokion Ingurumen eraginaren adierazpena egitea. Proiektua bideragarritzat jotzen da ingurumenaren aldetik.

3. Jarduera hori ingurumen baimen integratuaren eskaeraren oinarrizko proiektuan eta 1130/06 espediente administratiboko gainerako agirietan aipatzen diren baldintzei jarraikiz garatu beharko da, betiere ebazpen honen II., III. eta IV. eranskinetako neurriak betez.

4. Ingurumen arloko baimen honek zortzi urteko indarraldia du. Iraungi baino gutxienez ere hamar hilabete lehenago, titularrak baimena berritzeko eskatu beharko du, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 30. artikuluan xedaturikoarekin bat. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak onetsi zuen.

5. Jarduera edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari jakinarazi beharko dio. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den ala ez, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduan xedatutakoarekin bat. Aipatutako erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

6. Hondakin arriskugarrien sortzaile baimena ematea, P/141/NA/2007 zenbakiarekin. Hondakin arriskugarriak sortzen dituen jarduera A669(1) da, industrian erabiltzen diren beste produktu kimiko batzuen fabrikazioa (b.l.s.g.), hala jasotzen baita Hondakin toxiko eta arriskugarriei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betetzeko Erregelamenduaren I. eranskineko 6. taulan (uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak onetsia). Sortzen ahal diren hondakin arriskugarriak Ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean ageri dira. Hondakin arriskugarriak sortzean egiten diren aldaketak jakinarazi egin beharko dira, erregistratzeko eta, bidezkoa bada, aipatu III. eranskinean sartzeko. Hondakin arriskugarriak sortzean egiten diren aldaketak jakinarazi egin beharko dira, erregistratzeko eta, bidezkoa bada, aipatu III. eranskinean sartzeko.

7. Instalazioaren titularrak hondakin arriskugarriak ahalik eta gehien gutxitzeko ikerlana aurkeztu beharko du instalazio osorako, jarduera hasi eta lau urteko epean, ekainaren 20ko 952/1997 Errege Dekretuko bigarren xedapen gehigarrian xedaturikoarekin bat.

8. Departamentu honek araudi sektorial aplikagarriaren ondorioz baimenaren xede den jarduera edo instalaziorako emandako baimenak eta gainerako administrazio egintzak indarrik gabe uztea, betiere ebazpen honetan espresuki haiei buruz egindako adierazpena badago.

9. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

10. Adieraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epe horiek ebazpen honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

11. Ebazpen hau jakinaraztea Biocarburantes de la Ribera, S.L.ri, Sartagudako Udalari, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Nilsari eta Nafarroako Larrialdietako Agentziako Babes Zibilerako Zuzendaritzari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko urtarrilaren 21ean.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Oharra: foru agindu honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan, Iruñeko Armada etorbideko 2ko behean (8. solairuan, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuan) eta Nafarroako Gobernuko web atarian, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren sailean, "Ingurumen baimenak" kontsulten atalean.

Iragarkiaren kodea: F0801192