21. ALDIZKARIA - 2008ko otsailaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

178/2008 EBAZPENA, urtarrilaren 21ekoa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Fontellasko (Nafarroa) udal mugapean legarra eta buztina ateratzeko "La Catalana" izeneko proiektuari buruz Ingurumen eraginaren adierazpena egiten duena. Obras y Desmontes de Navarra, S.A. da sustatzailea.

Proiektuaren xedea goian aipatutako ustiapena abian jartzea da. Erauzte jarduera horrek bi urtetik gorako ustiapen aldia du, eta 2,5 hektareatik gorako eremua ukitzen du, hain zuzen ere 9,15 hektarea. Horregatik, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duenak, ezarritakoari jarraituz, Ingurumen eraginaren adierazpena egin behar da obrak, instalazioak edo jarduerak egiteko edo baimentzeko ebazpen administratiboa eman aurretik; zehazki, jarduera sailkaturako udal lizentzia eman edo ukatu aurretik, jarduera hau 93/2006 Foru Dekretuaren 4B eranskinean sailkatuta baitago.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 64. artikuluak ezartzen du Ingurumen eraginaren adierazpenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere bilduko duela eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 60. artikuluan ezarritakoa betez, aurretiazko kontsulten tramitea egin zen, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariaren 2005eko urriaren 20ko idazkiaren bidez. 20 entitateri egin zitzaien kontsulta eta horietatik 5ek erantzun zuten. Kontsultatuen zerrenda eta eman zituzten erantzunen laburpenak I. eranskinean daude.

Erantzunak jaso ondoren, 2005eko azaroaren 9an, Departamentu honek sustatzaileari idazkia bidali zion, Ingurumen eraginaren azterlanean kontuan hartu beharreko ingurumenaren gaineko gogoetak azaltzeko eta, gainera, espedientea udaletxean jarduera sailkaturako lizentzia gisa tramitatu behar zela adierazteko.

Aurretiazko kontsulten tramitea kontuan izanik, eta 2007ko urtarrilaren 24an igorri zitzaion Ingurumen eraginaren azterlana ikusi eta aztertu ondoren, Departamentu honek nahikotzat jo zuen azterlana, eta, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 61. artikuluan ezarritakoari jarraituz, 2007ko otsailaren 26an idatziz jakinarazi zuen espedientea proiektuarekin batera jendaurrean jartzeko tramitea egin zitekeela, prozedura substantiboaren barnean (jarduera sailkaturako udal lizentzia).

2007ko 67. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, maiatzaren 30ekoan, argitaratutako iragarki baten bidez, proiektua jendaurrean jarri zen, jarduera sailkaturako udal lizentziaren eta Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren ondorioetarako. Jendaurreko aldian ez da alegaziorik aurkeztu.

Txosten honen II. eranskinean jaso dira proiektuaren laburpena eta ingurumenean eragina izanen duten lanak. Ingurumen eraginaren azterlanean (III. eranskinean laburturik ageri da) proiektuak ingurumenaren gainean izanen dituen eraginik nabarienak egokiro aztertzen dira eta neurri zuzentzaile batzuk ezartzen, ingurumenean kalte nabarmenik ez eragiteko.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 63.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiak espedienteari buruzko txostena eman zuen.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, kontuan izanik Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren prozedura osorik bete dela, eta Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioko eginkizunak esleitzeko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emandako urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduari jarraituz, eta Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 53.1 artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen eraginaren adostasunezko adierazpena egitea Fontellasko (Nafarroa) udal mugapean legarra eta buztina ateratzeko "La Catalana" izeneko proiektuari buruz. Sustatzailea Obras y Desmontes de Navarra, S.A. da.

2. Goiburuan aipatutako espedienteko agiri teknikoetan ezarritako baldintzak bete behar dira jarduera horretan, eta ondoko hauek ere bai:

-Lur mugimenduak hasi aurretik, eta landare-lurreko geruza kentzen den bitartean, langile espezializatuek prospekzio arkeologikoa egin beharko dute ustiatzekoak diren lurretan, zerbitzu osagarrietan eta beharrezkoak diren azpiegituretan. Aztarna arkeologikorik agertuz gero, proiektuaren sustatzaileari agindu ahal izanen zaio belar-sastrakak garbitzeko, garbiketa-zaliaz hornitutako atzerakako hondeamakinarekin. Lurrazalean identifikatu ez diren eta osorik dauden egitura edo aztarna arkeologikoak aurkitzen badira, lehendabizi mugatu eta balizatu eginen dira, eta gero garbitu eta definitu. Aurkikuntza arkeologikoak berehala jakinaraziko zaizkio Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Ondare Arkeologikoaren Bulegoari. Lurpetik ateratako egitura arkeologikoak interes kulturaleko ondasun edo inbentariatutako ondasun bihurtzen badira, ustiapena eten eginen da eta aldatutako egoera fisikoa lehengoratuko da. Hori guztia Nafarroako Gobernuko Ondare Historikoaren Zerbitzuak 2005eko azaroaren 4an eta 2007ko otsailaren 13an egindako txostenekin bat.

-Buztina atera, eta horrekin loturiko beste edozein jarduketa, proiektuan proposaturiko lurzatian soilik egiten ahalko da: Fontellasko 5. poligonoko 30. lurzatian.

Ustiatuko den eremuaren kanpoko mugak (ongi ikusteko moduan balizatu behar dira), UTM koordenatutan, hauek dira:

1&degree. (618.536-4.652.253);

2&degree. (618.367-4.652.367);

3&degree. (618.560-4.652.362);

4&degree. (618.446-4.652.354);

5&degree. (618.469-4.652.410);

6&degree. (618.330-4.652.393);

7&degree. (618.246-4.652.438);

8&degree. (618.148-4.652.452);

9&degree. (618.072-4.652.577);

10&degree. (618.048-4.652.450);

11&degree. (618.159-4.652.307);

12&degree. (618.286-4.652.238);

13&degree. (618.344-4.652.114).

-Proiektuak dioen bezala lurzatiaren kanpoaldea ez da ustiatuko, A azpilurzatia soilik ustiatuko da, baina kontuan hartuko da N-232 errepidetik ez dela ikusi behar ustiategia. Ez dira ukituko iparraldera begira dauden mazelak, 5. poligonoko 27. eta 29. lurzatien gainekoak, errepidetik ikusten direlako.

-Ustiategiak ukitutako azalera guztiaren ingurua hesitu beharko da, meatzaritza arloan indarrean den legeriak eskatzen duen moduan.

-Gehienez ere 391.500 m³ aterako dira, eta horretarako 14 urteko epea dago gehienez ere, lehengoratzeko denbora barne. Ez da inoiz 310 m-ko kotatik behera eginen. Horixe izanen da behereneko kota eta bertan kokatuko da ura drainatu eta lohi xeheak dekantatzeko putzua.

-Ingurumen eraginaren azterlaneko 7. kapituluan proposaturiko zuzenketa neurri, babes neurri eta ordain guztiak aplikatuko dira, txosten honetan adierazitako aldaketekin.

-Lur pilak egiten direnean ez da lurrik botako alboko lurzatietarantz jaisten den ezpondara (5. poligonoko 34., 39. eta 126. lurzatiak).

-Urak ez du solidorik eraman behar finka mugakideetara. Horretarako drainatze sistema egokia diseinatuko da, ura hego-ekialdeko eta hego-mendebaldeko muturrean proiektaturiko putzura bideratzeko, hondeatuko den eremuaren behealdera.

-Ingurumen eraginaren azterlanean proposatzen diren neurri eta jokabideetatik honako hauek nahitaezkoak dira:

.Ez da ezpondarik sortuko, F azpilurzatiaren eta 39. lurzatiaren arteko mugan salbu, eta horko ezpondak ez du 2H/1V erlazioa gaindituko. Ustiapena amaitzen denean lurraren topografia leuna eta homogeneoa izanen da, malda aldaketa nabarmenik gabekoa.

.Jarduera hasi aurretik landare lurreko geruza kenduko da, eta jarduera amaitzen denean berriz jarriko da lurrazalaren gainean, lehengo lodiera berarekin.

.Ereite hidraulikoa eginen da, proiektuan proposaturiko belarren eta zurezko landareen hazien nahastura erabiliz.

.Proposaturiko lehengoratze faseak beteko dira.

-Aireratzeak:

.Ibilgailuak eguneraturik edukiko dira, azterketa teknikoei dagokienez.

.Hauts emisioa detektatzen denean, bideak eta erauzte guneak busti eginen dira.

-Uretarako isurketak:

.Jardueran ez da urik erabiltzen, baina euria egiten duenean ura lurrazaletik isur daiteke. Euri ura dekantazio putzu batean bilduko da. Putzu hori beti erabilgarri egonen da eta ez zaio utziko sedimentuz betetzen.

-Hondakinak:

.Jarduerak berez ez du hondakinik sortzen. Hala ere, makinen deposituak betetzeko eragiketetan edo mantentze lanetan gerta liteke isurketaren batek lurra zikintzea. Zikindutako lurrak bereiz bilduko dira eta kudeatzaile baimenduari emanen zaizkio.

Jardueran sortutako hondakinekin egin beharko den amaierako kudeaketa-eragiketa honakoa da:

Hondakinaren deskribapena: substantzia arriskutsuez zikindutako lurra eta harriak.

EHZ kodea (1): 17 05 03.

Amaierako kudeaketa-eragiketa, 1. eranskineko kodea (2) (3): hondakindegian ezabatzea.

(1) Hondakinaren kodea, Hondakinak balorizatzeko eta ezabatzeko eragiketak eta Europako Hondakin Zerrenda argitaratzen dituen otsailaren 8ko MAM/304/2002 Aginduaren 2. eranskineko hondakin zerrendaren arabera.

(2) Kudeaketa-eragiketaren kodea, Hondakinak balorizatzeko eta ezabatzeko eragiketak eta Europako Hondakin Zerrenda argitaratzen dituen otsailaren 8ko MAM/304/2002 Aginduaren 1. eranskinaren arabera. Lehentasunezko eragiketa adierazi behar da lehenik. Tarteko kudeaketa-eragiketak egiten ahal dira transferentzia estazioetan (D15 edo R13), betiere amaierako kudeaketa-eragiketa taula honetan ezarritakoa bada.

(3) Lehentasunezko eragiketa adierazi behar da lehenik. Eragiketa hori egiten ez bada, hondakin-sortzaileak egokiro justifikatu behar du arrazoia.

-Hondakinetarako baimena: urtean 10.000 kg hondakin baino gutxiago sortzea aurreikusten bada, enpresak Hondakin Arriskutsuen Sortzaile Txikien Erregistroan inskribatzeko eskatu behar du, 312/1993 Foru Dekretuan (1993ko urriaren 25eko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa) xedatutakoaren arabera.

Bestela, urtean 10.000 kg hondakin baino gehiago sortzen diren kasuetan, Hondakin Arriskutsuen Sortzailearen baimena eskatu beharko da Hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legearen 9. artikuluan arautzen den moduan.

Bi kasuetan ere, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari egin behar zaio eskaera.

-Zainketa plana. Ingurumen eraginaren azterlanean adierazitakoez gain, hona hemen beste zehaztapen batzuk:

.Egiaztatuko da erliebearen aldaketak ez duela eraginik lurzati mugakideetan, hauek lurrazaleko isurketaren bidez jasotzen duten ur emariaren aldaketa dela eta.

.Nekazaritzako bideetan inolako eraginik izan ez dadin kontrolatuko da.

.Hauts emisioa eta atmosferako hauts maila kontrolatuko dira. Horretarako, hondeatzeko eta materialak garraiatzeko makinek erabiltzen dituzten pistak eta sarbideak aldian behin ureztatuko dira.

.Urtero, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari aurkeztuko zaizkio Ingurumena Zaintzeko Planean jasotako jarraipen txostenak. Plan hori sustatzaileak urtez urte prestatzen duen lanen planean bilduko da. Bertan modu berezian kontrolatuko da ustiapen lanen eta lehengoratze lanen aldiberekotasuna, proiektatutako bukaerako morfologiaren lorpena eta proposatutako landareztatze neurrien eraginkortasuna.

3. Legar-hobia lehengoratzeko plana gauzatuko dela bermatuko da honako arau hauek aplikatuz: urriaren 15eko 2994/1982 Errege Dekretua eta abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretua, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duena (109. artikulua). Horretarako banku abala aurkeztuko da, edo bestela eskudiruzko fidantza, Nafarroako Gobernuaren Ekonomia eta Ogasun Departamentuan, 284.710 euro guztira, alegia, lehengoratze planaren aurrekontuko zenbatekoa, eta hori egin izana Udalari adierazi beharko zaio, hark irekitzeko baimena eman baino lehen. Bermea bost urtean behin eguneratu beharko da, kontsumorako prezioen indizearen bilakaeraren arabera.

4. Lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena ematea aipatu instalaziorako, 35/2002 Foru Legean, abenduaren 20koan, lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzkoan ezarritakoari jarraikiz.

5. Jarduera sailkaturako lizentzia eman aurretik, toki entitateak Ingurumen eraginaren adierazpen hau hartu behar du aurretiazko txosten gisa. Beraz, hemen ezarritako baldintzak Udalarentzat lotesleak dira.

6. Lurzoru urbanizaezinean jarduteko Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeak aurreikusten duen baimenari dagokionez, administrazio publikoak ez diren interesdunek ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

7. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 64. artikuluan ezarririkoari jarraikiz.

8. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalari, Baimen Bulegoari, Ingurumenzaintzari, Fontellasko Udalari eta sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko urtarrilaren 21ean.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

AURRETIAZKO KONTSULTAK

Hona hemen aurretiazko kontsulten tramitean kontsultatu zaien entitate eta pertsonen zerrenda eta jasotako erantzunen laburpena. 2005eko urriaren 26an Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariak eskatuta egin zen kontsulten tramitea, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 38. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Kontsultaturiko entitateak

-Fontellasko Udala.

-Vianako Printzea Erakundea.

-Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzua.

-Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentua.

-Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentua.

-Ebroko Ur Konfederazioa.

-LAB (Langile Abertzaleen Batzordea).

-UGT

-Nafarroako Unibertsitatea.

-ELA (Eusko Langileen Alkartasuna).

-Unión de Agricultores y Ganaderos.

-Nafarroako Unibertsitate Publikoa.

-Landa Ingeniaritzaren eta Proiektuen Departamentua.

-EHNE (Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna).

-Gorosti Natur Zientzi Elkartea.

-Lurra Elkartea.

-Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa.

-Nafarroako Ehiza Federazioa.

-"Adecana" Nafarroako Ehiztarien Elkartea.

-CC.OO.

Jasotako erantzunak

-Ebroko Ur Konfederazioa.

Uren ikuskatzailetza horretako Ingurumena kudeatzeko arloak landu duen irizpenak honako hau adierazi du hidrologiari buruz:

.Ustiategiko eta instalazio osagarrietako hondakin urak egokiro tratatu behar dira.

.Prebentzio eta zuzenketa neurriak aplikatu behar dira, indusketarekin maila piezometrikoa ez aldatzeko.

.Drainatze sistema egokia egin behar da, honako hauekin: babes-arekak, zorrotenak, areka perimetralak eta dekantazioko dikeak sakan igorleetan. Soberako urak jasotzeko putzuak egin behar dira.

.Ibilguetara isurketak egin behar badira, zuzenean nahiz zeharka, beharrezkoa den arroetako erakundeak emandako baimena aurkeztuko da.

.Ur jabari publikotik eta horren zortasun eremutik kanpo eginen dira bideak. Zeharkako drainatze egokia izanen dute bideek.

.Laneko istripuei eta erregai, olio edo bestelako substantzien jarioei aurrea hartzeko makinak berrikusi behar dira. Uretan izaten den eragina neurtzeko kalitate estandarren adierazleak erabiliko dira, urei buruz indarrean den araudiaren arabera.

.Lurrazpiko urei dagokienez, proiektuko eremuko plano hidrogeologikoa jasoko da, baita aurretiazko faseei dagozkien lurrazpiko uren maila piezometrikoen mapa ere. Ingurumena Zaintzeko Planak lurrazpiko uren mailari eta kalitateari segimendua egitea barne hartuko du. Zehazki, ur laginak hartu behar dira ICA sareko 162 zenbakiko laginketa estazioetan ("Ebro ibaia Pignatelli parean").

-Ondare Historikoaren Zerbitzua.

Zerbitzu horrek adierazi du harrobirako hautaturiko tokitik hurbil La Tejería I izeneko aztarnategia dagoela. Historiaurreko aire zabaleko kokagunea da eta Nafarroako Inbentario Arkeologikoan katalogaturik dago 1060004 kodearekin. Horregatik, prebentzio neurri hauek ezarri ditu:

.Landare-lurreko edo azaleko geruza kentzeko lanak egiten diren bitartean teknikari eskudun batek jarraipen arkeologikoa eginen du makineria egokiarekin.

.Aztarnategien mugak zehatz-mehatz eta ongi ikusteko moduan markatzea, batez ere La Tejera I aztarnategian.

.Lanaren fase horretan egitura edo aztarna arkeologikoren bat azaleratzen bada, ingurua mugatu eta balizatu eginen da, eta ondoren aztarnak garbitu eta definituko dira. Aurkikuntzak Ondare Arkeologikoaren Bulegoari jakinaraziko zaizkio.

-Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzua.

Zerbitzu horren iritziz baimena ematen ahal zaio buztina ateratzeko eraikuntzarik gabeko jarduerari, honako determinazio hauekin:

.Paisaia babesteko Araudi Orokorraren 65. artikulua betetzen dela frogatu behar da.

.Fontellasko Udal Planeko Araudi Partikularraren III. tituluko I. kapitulua (Baldintza orokorrak lurzoru urbanizaezinean) bete behar da.

-Fontellasko Udala.

Fontellasko Udalak adierazi du hirigintzaren aldetik ez dagoela eragozpenik proposaturiko jarduera egiteko, baina lurrak Fontellasko Udalarenak direla eta herrilurrak direla. Beraz, sustatzaileak, jarduera egin ahal izateko, behar diren tramiteak bete behar ditu Udalarekin.

-Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentua.

Proiektu, Trenbide eta Lan Hidraulikoen Zerbitzuak aztertu egin du zein onura eta zein eragozpen, kalte edo muga ekartzen ahal dituen proposamenak sare horietarako eta Herri Lanen Zuzendaritza Nagusiaren aurreikuspenetarako, eta determinazio hau ezarri du:

Aztergai den jarduketak ez du eraginik abiadura handiko trenaren trazaduran eta alde horretatik ez dago inolako eragozpenik hura egiteko.

II. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapena

Legarra eta buztina ateratzeko "La Catalana" proiektua Fontellasko udal mugapean kokatuko da, herrigunetik kilometro bat hegoaldera. Zati honetan autobia bihurtuta dagoen N-232 errepideak herrigunetik banatzen du. Fontellasko 5. poligonoko 30. lurzatian eginen dira lanak.

Ustiapena lau fasetan eginen da. 91.572,61 m²-ko eremua ukituko da eta 80.951,31 m²-ko eremua ustiatuko da. Guztira 391.500 m³ legar aterako dira. Ustiapenak 13 urte eta hilabete bat iraunen duela kalkulatu da, eta urtean 30.000 m³ aterako dira.

Ustiapen metodoa aurreraka egitea da, zerrenda moduko lur eremu handiak hartuz. Ustiapena hasi aurretik eremua mugatu eginen da. Gero landare-lurreko geruza, kasu honetan mehea, kendu eginen da, buztin geruzaren gaineko material detritikoa erauziko da, materiala ripatuko da eta, behin pausaturik eta prestaturik, kargatu eta bere helmugara garraiatuko da.

Inguruko bide eta lurzatiak babesteko lur zerrenda bat ezarriko da. Hesia eta kartelak jarriko zaizkio.

Kendutako lurra bereiz metatuko da eta urratsez urratseko lehengoratze lanetan lurrazalera itzuliko da. Ustiapenak egungo topografiaren arabera eginen du aurrera, lurraren homogeneizazioa ahalbidetuz. Horrela ustiapenak ez du eten edo hesirik sortuko. Ustiapenean ustiapen fronteak sortuko dira hala ere, eta horietako bakoitzak gehienez 5 metroko garaiera izanen du. Bermak sortuko dira fronte aktiboetan lur-jausirik izan ez dadin. Azkenean fronteak desagertu eginen dira amaierako topografia ezartzen denean.

Lurzatirako sarbidea egungo pista bat izanen da; N-232 errepidean hasten da eta 361 m ditu. Lurzatiaren barnean sarbidea Cuestarrata bidearekin parez pare joanen da.

Ustiapena amaitutakoan laborantzarako lurzati homogeneoa utziko da, aurretik kendu eta metatutako landare-lurra berriz jaso duena eta ura egungo puntu berberetara husten duena: hego-ekialdera eta hego-mendebaldera. Hego muturrean, F azpilurzatiaren eta 39. lurzatiaren arteko mugan, koten arteko aldea 2H/1V maldako ezpondarekin gaindituko da.

Aurkeztutako dokumentazioak, besteak beste, honako hauek hartzen ditu: ustiapen proiektua, Ingurumen eraginaren azterlana, uki daitekeen ingurunea lehengoratzeko plana (jarduketak eta egutegia barne) eta ingurumena zaintzeko plana.

III. ERANSKINA

Ingurumen eraginaren azterlanaren laburpena

Proiektuari buruzko Ingurumen eraginaren azterlanak ondokoak biltzen ditu: kokalekuaren eta haren ingurunearen deskribapena eta balorazioa; eraginen identifikazioa, ezaugarriak eta balorazioa; alternatiben azterketa; prebentzio eta zuzenketa neurriak, horien aurrekontua eta ingurumena zaintzeko programa.

Ingurumen inbentarioa osoa eta nahikoa da. Ustiapenak ukitutako eremuak lehorreko laborantzakoak dira. Faunari dagokionez, gizakiak eragin handia du, N-232 errepidea hurbil dagoelako eta inguruetan nekazaritzako jarduera intentsiboa egiten delako.

Proiektuko jarduketetatik, eragin handiena izanen dutenak lurra zulatzea (aldaketa fisiografikoa) eta materialen garraioa izanen dira. Sortzen ahal diren eragin garrantzitsuenak, beraz, honakoak dira: fisiografiaren gaineko eragina, garraioaren gainekoa, geologiaren gainekoa eta airearen eta uraren kalitatearen gainekoa.

Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak aldeko txostena eman du, dagozkion zuzenketa neurriekin.

Eragina gutxitzeko prebentzio eta zuzenketa neurriak ezarri dira hainbat arlotan: airearen gaineko eragina, zarata, geologia, lurpeko urak, azaleko urak, lurzorua, higadura eta sedimentazio prozesuak, ingurune biotikoa eta paisaia, eta azkenik, ingurune sozioekonomiko eta soziokulturala.

Ustiapenak aurrera egin ahala, ukitutako eremuak lehengoratuko dira. Lehendabizi ustiapen eremua mugatuko da, bideak egokituko dira eta lurzatiaren hegoaldean zanga bat irekiko da, lurrazaletik isurtzen den ura putzu bateraino bideratzeko. Ustiatu beharreko eremuan azaleko landare-lurra kenduko da eta bereiz metatuko da. Lehen esan den bezala, lurra urratsez urrats lehengoratuko da, amaierako topografiaren araberako profila emanez, aurretik kendutako gaineko geruza berriro jarriz. Azaleko tratamendua eginen da lurzoruaren ezaugarriak lehengoratzeko, eta ereite hidraulikoa eginen da laborantzarako balio ez duten aldeetan.

Arkeologiaren aldetik segimendua eginen da landare-lurra kentzeko fasean.

Ingurumena Zaintzeko Programari jarraituz, prebentzio eta zuzenketa neurriak hartuko dira, eraginak egiaztatu eta neurtu eginen dira, eta azterlanean iragarri gabeko beste eragin batzuk detektatuko dira. Horretarako, ura eta lurra ez kutsatzeko neurriak zaintzea proposatzen du. Ustiapen eta lehengoratze lanen aldiberekotasuna eta proiektuan adierazitako topografiaren lorpena zaintzea ere bai. Gainera, pilatutako landare-lurra zaintzea proposatzen du.

Hondeatze lanak hasi aurretik intereseko espezieetako habiarik ba ote den begiratzea proposatzen du. Lehengoratutako lurzorua edafologiaren aldetik egokia ote den eta landaretza berria ongi finkatzen den zaintzea proposatzen du. Urtebeteko bermealdia ematen du, jarduketaren egunetik hasita.

Azkenik, garraioa eta sarbideen egoera kontrolatzea proposatzen du.

Iragarkiaren kodea: F0801204