21. ALDIZKARIA - 2008ko otsailaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

15/2008 EBAZPENA, urtarrilaren 30ekoa, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, euskarazko hizkuntza ikasketen erdi mailako ziurtagiria lortzeko proba homologatua arautzen duena, eta ziurtagiri hori lortzeko 2008ko deialdiak onesten dituena. Ikasketa horiek martxoaren 19ko 22/2007 Foru Dekretuak arautzen ditu.

LOEren lehenbiziko xedapen gehigarriarekin bat, eta abenduaren 29ko 1629/2006 Errege Dekretuak finkatutako curriculumeko oinarrizko alderdietatik abiaturik, Hezkuntza Departamentuak aleman, euskara, frantses, ingeles eta italierako oinarrizko eta erdiko mailen curriculumak garatu zituen Nafarroako Foru Komunitatean, martxoaren 19ko 22/2007 Foru Dekretuaren bidez.

Hizkuntza ikasketetan sartzeko hamasei urte beterik izan behar direnez ikasketak hasten diren urtean, eta kontuan harturik martxoaren 19ko 22/2007 Foru Dekretuko bigarren xedapen gehigarriak, abenduaren 29ko 1629/2006 Errege Dekretuko lehenbiziko xedapen gehigarrian adierazitakoa bilduz, ezartzen duela Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak zilegi izanen duela proba homolagatuak antolatzea Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako ikasleek ikasi dituzten hizkuntzen jakite-maila frogatzen duen ziurtagiri ofiziala emateko, Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzuko zuzendariak proposatu du proba homologatu horiek antolatzea eta horretarako deialdia egitea, Bigarren Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan adinaren baldintza betetzen ez duten ikasleentzat.

Horrenbestez, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 122/2007 Foru Dekretuko 8.c) artikuluan ezarritakoaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Euskarazko hizkuntza ikasketen erdi mailako ziurtagiria lortzeko proba homologatuak antolatzea hamasei urtetik beherako ikasleentzat, adinaren baldintza betetzen ez dutenez ez baitute aukerarik Hizkuntza Eskola Ofizialetako ziurtagiri horiek lortzeko.

2. 2008an erdi mailako ziurtagiria lortzeko ekainean eta irailean eginen diren proba homologatuetarako deialdia egitea.

3. 2008ko deialdietako arauak, ebazpen honen eranskinean heldu direnak, onestea.

4. Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzua probak antolatu eta garatzeko kontrolaren arduradun izendatzea. Proba horiek Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren bitartez eginen dira.

5. Ebazpen hau eta dagokion eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

6. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Ikuskapenaren eta Zerbitzuen Zuzendaritza Nagusira, Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzura, Antolamendu eta Berrikuntza Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Zerbitzura eta Ikuskapen Zerbitzura, Atzerriko Hizkuntzen Atalera, Ikasketak Antolatzeko Atalera eta Hizkuntza Eskola Ofizialetara igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

7. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta, biharamunetik, hilabeteko epean.

Iruñean, 2008ko urtarrilaren 30ean.-Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Teresa Aranaz Jiménez.

ERANSKINA

Deialdiaren arauak

1. araua. Betebeharrak.

a) Azterketa horretara aurkez daitezke hamasei urte beterik ez dituzten ikasleak, baldin eta ikasturte honetan Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialarekin elkarlanean ari diren Bigarren Hezkuntzako edo Lanbide Heziketako ikastetxeetan matrikulatuta badaude eta probaren xede den hizkuntza ikasten ari badira.

b) Hizkuntza horrexetan aldi berean beste Hizkuntza Eskola Ofizial batean matrikulatuta dauden ikasleak ezin izanen dira matrikulatu.

Norbaitek, ezgaitasunen bat duelako, probak egiteko zailtasunak baditu, azterketetarako baldintza bereziak jartzeko eskaera egin dezake. Nahi hori izena emateko eskabidean egokiro adierazi behar da.

2. araua. Azterketaren helburua.

Euskarako erdi maila lortzeko proba homologatuak izangaiek helburu komunikatibo orokorretarako lau hizkuntza trebetasun nagusietan duten gaitasuna ebaluatzeko diseinaturiko proba batzuek osatzen dituzte.

Erdiko mailari dagozkion ikasketak 22/2007 Foru Dekretuko III. eta IV. eranskinetan ezarri dira Foru Komunitaterako, eta erreferentzia gisa hartzen dute Europako Kontseiluaren B1 maila, maila hori hizkuntzen erreferentziako esparru europar bateratuan zehazten den moduan.

3. araua. Azterketaren egitura.

Azterketak lau zati bereizi ditu:

PROBAK PUNTUAZIOA GUTXIENEKOA IRAUPENA

Irakurriaren ulermena 20 p %60 (12 p) 45'

Ahozkoaren ulermena 15 p %60 (9 p) 30'

Idazmena 20 p %60 (12 p) 60'

Mintzamena 20 p %60 (12 p) 20' bi izangai

Irakurriaren ulermenaren proba, ahozkoaren ulermenarena eta idazmenarena saio berean eginen dira. Mintzamena neurtzeko proba beste saio batean eginen da. Proba bakoitza banaka eginen da, multzotan batu gabe (idatzia/ahozkoa), eta ez da proba baztergarririk izanen.

Ikasle guztiek proba guztiak egin ditzakete, izan ere, ezein proba gainditzea ez da baldintza izanen hurrengoak egin ahal izateko. Azterketa osoa ganditzeko eta, horrenbestez, ziurtagiria lortzeko, azterketa osatzen duten lau probak gainditu beharko dira.

4. araua. Proben balorazioa.

Probaren emaitzari buruz ikasleei emanen zaien informazio-orrian gai edo ez-gai kalifikazio orokorra jarriko da.

Foru agindu honetan azaltzen diren proba homologatuak gaindituz gero, hizkuntzaren maila aurreratura jotzeko aukera izanen dute.

5. araua. Agiriak eta izena emateko epeak.

a) Izena emateko epea 2008ko martxoaren 7an bukatuko da.

b) Izen emateak ekaineko deialdi arrunteko eta iraileko deialdiko azterketetarako balioa izanen du.

c) Izen ematea NUHEOren bitartez eginen da, agiri hauek aurkeztuz:

-Izen ematearen eta azterketa eskubideak ordaindu izanaren inprimakia, behar bezala betea eta Nafarroako Kutxak zigilatua, zenbatekoa argi azalduta.

-Azterketa eskubideengatik ordaindutako diruaren gordekina.

-NANaren fotokopia.

-Argazki bat.

-Familia liburuaren fotokopia, bidezkoa bada.

-Familia ugariaren txartela, bidezkoa bada.

d) Azterketa eskubideak.

-Azkerketa eskubideengatik 46,45 euro ordainduko dira.

-1. kategoriako familia ugari bateko kide izanez gero 23,23 euro, eta 2. kategoriakoa izanez gero matrikula doan.

-Nafarroako Gobernuko eta NUPeko jarduneko langile finkoen eta Unibertsitate Publikoetako, Hezkuntza Ministerioko eta beste autonomia erkidego batzuetako Hezkuntza Departamentuetako irakasleen seme-alabak izanez gero, frogagiria aurkeztuta (Nafarroako Gobernuko kideek izan ezik), 8,10 euro ordainduko dituzte zerbitzu orokorren tasak direla-eta.

e) Izena eman duten ikasleak elkarlaneko zein ikastetxetan dauden matrikulatuta, horietara bidaliko da beren izenak biltzen dituen zerrenda.

6. araua. Azterketa egunak.

NUHEOk elkarlanean ari diren ikastetxeen bitartez jakinaraziko die ikasleei ekaineko eta iraileko azterketak zein egunetan eginen diren.

Azterketa idatziak finkoak dira eta ezin da aldaketarik egin.

7. araua. Azterketa lau proben ezaugarriak.

a) Irakurriaren ulermena:

Izangaiak gai izan behar du zentzu orokorra, funtsezko informazioa, puntu nagusiak eta xehetasun ardurakoenak ulertzeko testu idatzi argi eta ongi antolatuetan, hizkuntza estandarrean idatziak eta gai orokorren, gaurkoen edo norbere espezialitatekoen ingurukoak badira.

PROBAREN FORMATUA

LEHEN ZATIA

(5 p)

Testu baten zentzu orokorra harrapatzea.

Testuinguruan hitz baten esanahia ondorioztatzea.

1. FORMATUA: 5 testu labur (bakoitzak 50 hitz izanen ditu gutxi gorabehera).

PROZEDURA: 5 testuak irakurri eta proposatzen diren 7 epigrafe edo marrazkietako 5ekin lotu.

a b c aukeretatik hautatu.

2. FORMATUA: 5 paragrafoko testu bat (paragrafo bakoitzak 50 hitz gutxi gorabehera).

PROZEDURA: testuaren 5 paragrafoak irakurri eta paragrafoak laburtzen dituzten 7 epigrafeetako 5ekin lotu.

BIGARREN ZATIA

(5 p)

Ideia nagusiak harrapatzea.

Testuinguruan hitz baten esanahia ondorioztatzea.

1. FORMATUA: 400 hitz arteko testua.

PROZEDURA: testua irakurri eta egia/gezurra motako 5 item (+ justifikazioa: esaldia aipatu).

Aukera zuzena (a, b, c) hautatu erantzuteko.

2. FORMATUA: 400 hitz arteko testu bat edo gehiago, 5 paragrafotan zatitua, antzeko hedadurarekin.

PROZEDURA: testuaren 5 paragrafoak irakurri eta paragrafoak laburtzen dituzten 7 esaldi edo marrazkietako 5ekin lotu.

3. FORMATUA: 5 galderako elkarrizketa (400 hitz bitarte). Galderak eta erantzunak bereiz aurkeztuko dira (2 distraigarri).

PROZEDURA: galderak eta erantzunak irakurri eta lotu.

HIRUGARREN ZATIA

(5 p)

Testu baten xehetasunak bereiztea.

Testuinguruan hitz baten esanahia ondorioztatzea.

FORMATUA: 400 hitz arteko testua.

PROZEDURA: testua irakurri eta galdera ireki oso bideratu batzuei erantzuteko 5 item (erantzunean 6 hitz gehienez).

Aukera zuzena (a, b, c) hautatu erantzuteko.

itema egia/gezurra den adierazi (+ justifikazioa: esaldia aipatu).

LAUGARREN ZATIA

(5 p)

Testuaren egitura eta/edo zatien arteko lotura atzematea.

Testuinguruan hitz baten esanahia ondorioztatzea.

FORMATUA: 400 hitz arteko testua; horretatik 5 elementu atera dira (hitzak, sintagmak edo perpausak) 7 aukerarekin (2 distraigarri).

PROZEDURA: testua irakurri eta osatu.

b) Ahozkoaren ulermena:

Izangaiak gai izan behar du zentzu orokorra, funtsezko informazioa, puntu nagusiak eta xehetasun ardurakoenak ulertzeko egitura garbiko eta hizkuntza estandarreko ahozko testuetan, mailarako egokia den abiaduran ahoskatuak eta ahoz nahiz baliabide tekniko baten bidez transmitituak, betiere baldintza akustikoak onak badira.

PROBAREN FORMATUA

LEHEN ZATIA

(5 p)

Testu baten zentzu orokorra harrapatzea.

FORMATUA: Ahozko testu labur batzuk, guztira 3 minutu inguru.

PROZEDURA: Audio testuak bi aldiz entzun eta proposatzen diren 7 epigrafeetako 5ekin lotu.

a b c aukeretatik hautatu.

BIGARREN ZATIA

(5 p)

Testu baten ideia nagusiak bereiztea.

FORMATUA: Ahozko testu bat edo gehiago, guztira 3 edo 4 minutu.

PROZEDURA: Audio testuak bi aldiz entzun.

a b c aukeretatik hautatu.

Informazioa ematea: taula edo testu bat osatu 4 hitzekin gehienez.

HIRUGARREN ZATIA

(5 p)

Testu baten xehetasunak ulertzea.

FORMATUA: Ahozko testu bat, 2-3 minutukoa.

PROZEDURA: Audio testua bi aldiz entzun.

Galdera ireki oso bideratu batzuei erantzutea (erantzunean 4 hitz gehienez).

a b c aukeretatik hautatu.

Informazioa ematea: taula edo testu bat osatu 4 hitzekin gehienez.

c) Idazmena:

Izangaiak gai izan behar du eguneroko gaien edo interes pertsonaleko gaien gainean testu erraz eta kohesionatuak idazteko, haietan informazioa eskatuz edo emanaz, istorioak kontatuz, esperientziak deskribatuz, gertaerak deskribatuz, benetakoak izan nahiz irudimenezkoak, sentimenduak, erreakzioak, nahiak eta aspirazioak adieraziz, iritziak laburki justifikatuz eta planak azalduz.

PROBAREN FORMATUA

1. eginkizuna

-Testu mota:

Testu elkarreragilea: lagun edo adiskideei informazioa emateko gutunak, edo produktuei, bidaiei, ikastaroei eta abarri buruzko berariazko informazioa eskatzeko gutunak, euskarri jakin batetik abiaturik (iragarkia, posta, postala, etab.).

-Luzera:

70-90 hitz.

-Puntuazioa:

10 p.

2. eginkizuna

-Testu mota:

Sormen testua: testu kontestualizatu bat, narrazio eta/edo azalpen bat duena: gutunak, txostenak, eguneroko batean idatzitako oharrak, etab.

-Luzera:

110-130 hitz.

-Puntuazioa:

10 p.

Izangaiak sortu beharreko testuak eguneroko gai orokorrei buruzkoak izanen dira (curriculumaren III. eranskineko 2.1.1. atala).

Ebaluazio irizpideak

Proba honen ebaluazioan, ondoko irizpide hauek hartuko dira kontuan:

-Eraginkortasun komunikatiboa:

Izangaiak testu bat irakurtzeko duen erraztasunari dagokio, hots, berriz irakurri behar ote den edo mezua argi eta behar bezala transmititzen ote den.

-Egokitasuna:

Hots:

.Eginkizunari heldu ote zaion, hau da, zehaztutako puntuak garatu ote diren.

.Testua sortzeko finkatu den hitz kopurua edo luzera errespetatu ote den.

.Eskatutako formatuaren arabera egin ote den (gutuna, ohar informala, narrazioa, etab).

.Erregistroa hartzailearen, helburuaren eta egoeraren araberakoa den, bai lexikoari, bai egiturei dagokienez.

.Edukia proposaturiko gaiaren araberakoa ote den.

-Koherentzia:

Testuaren egitura semantikoari dagokio, hala informazioaren eta ideien antolaketari buruz, nola diskurtso-lerroa mantentzeko moduari buruz (sarrera, garapena eta bukaera).

-Kohesioa:

Informazioaren, ideien eta diskurtso-lerroaren antolaketa sintaktikoari dagokio.

Kohesioa esaldiak eta paragrafoak osatu eta lotzeko moduan islatzen da. Horretarako hauek erabil daitezke:

.Lokailu logiko eta kronologikoak, hala esaldiak lotzeko, nola paragrafoak lotzeko.

.Erreferenteak adierazteko baliabideak erabiltzea (izenordainak, deiktikoak, lexiko-kateak, denboraren sekuentziazioa, etab.).

.Puntuazio zeinuen erabilera egokia.

-Zuzentasuna:

Gramatikaren, lexikoaren eta ortografiaren erabilera egokiari dagokio.

-Aberastasuna:

Erabilitako informazioaren, lexikoaren eta egituren aniztasunari eta zehaztasunari dagokie, egoera komunikatiboak eskatzen duen heinean eta gaitasun mailaren arabera.

d) Mintzamena:

Izangaiak gai izan beharko du ahozko testu ongi antolatu eta mintzakidearendako zein komunikazio helbururako egokiak produzitzeko, behar adinako zuzentasuna, jarioa eta espontaneitatea erakutsiz, elkarreragina ez eteteko moduan, nahiz eta batzuetan atzerriko azentua, diskurtsoa planifikatzeko edo hutsak zuzentzeko etenak agertu, eta mintzakideen laguntza pixka bat beharrezkoa izan.

PROBAREN FORMATUA

-Proba bikoteka eginen da, bi aztertzaileren aurrean, eta grabatu eginen da. Bikoteko kide bat proba egitera joaten ez bada, bikote berriak eginen dira edo hirunaka bilduko dira.

-Txanda iristen denean, aztertzaile batek deituko die proba eginen den gelan sar daitezen.

FASEA DENBORA

1. Aurkezpena 30"

2. Bakarrizketa Prestatzeko: 1' (izangai bakoitzarentzat)

Bakarrizketa: 3'-4' (izangai bakoitzarentzat)

3. Elkarreragina Prestatzeko: 30"

Elkarreragina: 4'-5'

GUZTIRA: 20'

Fase bakoitzaren azalpena

Aurkezpen fasea:

-Izangaien nortasuna frogatzen da.

-Izangaiak elkarren parean jartzen dira bien artean tarte egokia utziz.

-Izangaiek beren burua aurkezten dute izen-abizenak eta jaiolekua edo bizilekua adieraziz. Fase hau ez da ebaluatuko eta izangaien ahotsa ongi entzuten dela ziurtatzeko eta izangai bakoitza grabazioan identifikatzeko balioko du.

Bakarrizketaren fasea:

-Aztertzaileak ahoz emanen ditu jarraibideak eta bakarrizketa egiteko oinarria den euskarria emanen dio izangaiari. Euskarri hori A4 neurriko orri plastifikatu bat izanen da, bi argazki izanen ditu eta 4 galdera.

-Euskarria eskuetan duela, A izangaiak 30 segundu izanen ditu prestatzeko. Prestaketa lan hori oharrik hartu gabe eginen da.

-Aztertzaileak hasteko agindua emanen du. B izangaiari lehenengoak duen euskarriaren kopia bat emanen zaio, mintzalagunaren solasaldia segitu ahal izateko.

-Parte hartu behar duen izangaiak bakarrizketa eginen du argazkiei erreferentzia eginez eta euskarrian dauden 4 galderei erantzunez.

-Izangaia 3 edo 4 minutuz arituko da solasean eta bitartean aztertzaileek ez dute hitz eginen, egoera hauetan izan ezik: i) komunikazioa eteten bada edo ii) solasa eskatutakoarekin bat ez badator.

-Bakarrizketa bukatutakoan, aztertzaileak galdera bat eginen dio beste izangaiari mintzalagunaren jardunaren alderdi bati buruz.

-Erantzun ondoren, aztertzaileak euskarri ezberdin bat emanen dio B izangaiari eta, horrekin ere, berdin jokatuko da.

Elkarreraginaren fasea:

-Izangaiei euskarri bana emanen zaie.

-Aztertzaileak ozen irakurriko du eginkizuna, eta izangaiek ongi ulertu dutela ziurtatu ondoren, 30" utziko die banaka prestateko. Elkarreraginaren funtsa elkarrizketa bat sortzea da, izangai bakoitzak rol ezberdin bat jokatuz.

-Prestatzeko denbora bukatuta, elkarreragina nork hasiko duen adieraziko du aztertzaileak (nahiz eta izangaiek dituzten euskarrietan ere horren berri emanen den).

-Izangaien elkarreraginaren faseak 4 minutu iraunen du eta bitartean aztertzaileek ez dute hitz eginen, egoera hauetan izan ezik: i) komunikazioa eteten bada edo ii) solasa eskatutakoarekin bat ez badator.

-Izangairen batek bertaratze-agiriren bat behar izanez gero, proba bukatutakoan aztertzaileak prestatu eta emanen dio.

Ebaluazio irizpideak

Proba honen ebaluazioan, ondoko irizpide hauek hartuko dira kontuan:

-Egokitasuna:

Hots:

.Eginkizunari heldu ote zaion, hau da, zehaztutako puntuak garatu ote diren.

.Edukia proposaturiko gaiaren araberakoa ote den.

.Elkarreragiteko orduan erreakzio egokia izan ote duen, elkarrizketa hasi, sortu eta bukatzekorakoan edo, zerbait ulertzen ez badu, azalpenak eskatzerakoan.

.Testuinguru komunikatibo horretarako egokia den erregistro eta intonazioa erabili ote duen, hau da, solaskidearen ezaugarrien araberakoa eta solaskidearekin duen harremanaren araberakoa.

.Ezarritako iraupena errespetatu ote duen.

-Koherentzia:

Ideiak eta informazioa modu logikoan antolatu ote diren, diskurtsoa ulerterraza izan dadin.

-Jariotasuna:

Erritmo aski erregularrari eutsiz jarduteko gaitasunari dagokio, duda-muda eta/edo etenaldi luzeekin komunikazioa ez eteteko moduan.

-Zuzentasuna:

Egitura gramatikalen eta lexikoaren erabilera zuzenari eta soinuen ahoskatze egokiari dagokie.

-Aberastasuna:

Erabilitako informazioaren, lexikoaren eta egituren aniztasunari eta zehaztasunari dagokie, egoera komunikatiboak eskatzen duen heinean eta gaitasun mailaren arabera.

8. araua. Izangaien eginbeharrak.

-Azterketako ikasgelan eskatutakoan, izangaiek NANa, pasaportea edo haien nortasuna frogatzeko beste agiri bat aurkeztu beharko dute.

-Izangaiek puntualak izan behar dute eta deialdian finkatzen den orduan egon beharko dute azterketa egiteko gelan.

-Izangaiek bolaluma urdina edo beltza erabiliko dute azterketa egiteko. Lapitzez egindako probak ez dira zuzenduko.

-Idazteko materialaz beste tresnarik ezin da eduki mahai gainean.

-Sakelako telefonoak itzalita eduki beharko dira.

9. araua. Erreklamatzeko eskubidea.

Probako trebetasun guztietan edo baten batean lorturiko kalifikazioarekin ados ez badago, ikasleak behar diren argibideak eska ditzake eta, beharrezkoa izanez gero, idatzizko erreklamazioa ere jartzen ahalko du, uztailaren 4ko 88/2007 Foru Aginduaren 19. artikuluan ezarritako moduan (07-8-29ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa).

Iragarkiaren kodea: F0801840