21. ALDIZKARIA - 2008ko otsailaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

11/2008 EBAZPENA, urtarrilaren 25ekoa, Aurrekontuen eta Ondarearen zuzendari nagusiak emana, "Conduc-Vent, S.A." enpresak Vianako industrialdean duen lurzati bat besterentzea onesten duena.

Lehengo Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak eskaturik eginen da besterentzea, "Conduc-Vent, S.A." enpresak Vianako industrialdeko 3.8 lurzatian 2.944,31 m² saltzeko eskaera egin eta gero.

Departamentu horrek eta "Conduc-Vent, S.A" enpresak 2003ko martxoaren 18an sinatutako hitzarmen administratiboaren ondoriozkoa da besterentze hori. Hitzarmen hura, berriz, Vianako "La Alberguería" industrialdean egindako jarduketaren barnean sartzen zen, jarduketa haren bidez desjabetze prozedura bat gauzatu baitzen "Vianan lurzoruaren ondare publikoaren I. fasea osatzeko", hala industrialdea sustatu eta berrantolatu ahal izateko.

Hitzarmen hartan ezarri zen "Conduc-Vent, S.A." enpresari Vianako industrialdeko 3.8 lurzatia eskualdatzea, guztira 27.944,31 m²; haietako 25.000 m² itzultze eskubidearekin eskuratu ziren, Industria zuzendari nagusiak martxoaren 18ko 71/2003 Ebazpenaren bidez eman baitzuen eskubide hura enpresaren eta bertako administratzaile bakar eta bazkide gehiengodunaren alde (Francisco Eugenio Miquélez Raro). Erabaki zen gainerako zatia Nafarroako Gobernuak urtero ezartzen duen lurzatien erreserba eta salmentako prozeduraren bidez esleitzea enpresari.

Esleitutako azalerak eta itzulitakoak lurzati eta erregistro-finka bakar bat osatzen dute. Francisco Eugenio Miquélez Raro jaunak aipatu den 71/2003 Ebazpenaren arabera itzulketan dagozkion eskubideak enpresari lagatu eta gero, lurzatiaren eta erregistro-finkaren titulartasuna pertsona juridiko bakar batean bilduko da, hau da, "Conduc-Vent, S.A".

Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak (arlo horretako eskumenak dituen departamentuaren egungo izena) aditzera eman du eskatzaileek eskatu zaien dokumentazioa aurkeztu dutela azaroaren 28ko 249/1986 Foru Dekretuko 1. eta 2. artikuluetan ezarritako moduan, eta lurzati hori besterentzea proposatu du eta horretarako baldintzak ezarri.

Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legeak (2007ko apirilaren 23ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa), 2007ko maiatzaren 14an indarra hartu zuenak, lehenbiziko xedapen iragankorrean xedatzen du foru lege honek indarra hartu aurretik hasitako administrazio prozedurek hasi zirenean aplikatzekoak ziren arauei jarraituko dietela; hortaz, eskaera data horren aurretik egin zenez, aplikatu beharreko araubide juridikoa Nafarroako Ondareari buruzko irailaren 27ko 17/1985 Foru Legean ageri dena da.

Foru lege horren 19.4 artikuluak ezartzen du Nafarroako Gobernuak sustaturiko industrialdeetan lurzatiak besterentzearekin batera besterengarritasunaren deklarazioa egin behar dela eta hori Ekonomia eta Ogasun Departamentuak zuzenean egin dezakeela, baldin eta besterentzearen balio 100 milioi pezetatik (601.012,10 euro) gorakoa ez bada.

Horrenbestez, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Legearen 22.1d) artikuluak eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 118/2007 Foru Dekretuko 19. artikuluak emandako eskumena erabiliz.

EBATZI DUT:

1. "Conduc-Vent, S.A." enpresari (IFZ A31085780) espedienteko planoan azaltzen den lurzatiaren parte bat besterentzea (2.944,31 m²):

-3.8 lurzatia, 27.944,31 m², Vianako "La Alberguería" industrialdeko lurzatiketatik heldu dena eta katastroan alta emateko dagoena; katastroko erreferentzia 19. poligonoko 1134. lurzatia da.

2. Besterentzearen baldintzak hauek dira:

2.1.-Lurzatiaren salmenta prezioa 52 euro m²-ko da eta guztira, beraz, 153.104,12 euro dira. Kopuru horri Balio Erantsiaren gaineko Zerga dela-eta dagokion kuota gehituko zaio.

Salerosketaren eskritura sinatzean ordainduko da zenbateko osoa.

Balio Erantsiaren gaineko Zerga, guztira 24.496,66 euro, lurzatien salmenta prezioari %16ko tasa aplikatuta atera da eta eskritura sinatzean ordainduko da edo, hala izan ezean, ebazpen hau sinatu eta hamabost eguneko epean.

2.2.-Lurzatiaren zenbatekoa eta balio erantsiaren gaineko zergaren zenbatekoa ordaindu eta gero salerosketaren eskritura publikoa sinatzeko baimena ematea.

Salerosketaren eskritura publikoa emateak sortzen dituen gastu, kontribuzio eta zerga guztiak eskuratzaileen kontura izanen dira.

2.3.-Eskuratzaileek ezin izanen dituzte esleitutako lurzatia eta bertan egindako eraikinak besterendu edo errentan eman, Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren baimenik izan gabe. Besterendu eta errentan emateko debeku hori hamar urterako izanen da, esleipenaren datatik hasita, eta horretatik kanpo geldituko dira erosleek eratzen dituzten hipotekak, hain zuzen ere eskuratutako lurzatian eraikin eta instalazioak egiteko inbertsioetarako hitzartzen diren kredituen berme direnak.

3. Egindako esleipena edo salerosketa ondoko kasuetan ebatzita geldituko da, zuzenbide osoz eta arlo errealean eragina izanez:

3.1.-Eskuratzaileek esleipenaren lehenengo baldintzan (2.1. xedapena) ezarritakoa eman diren epeetan betetzen ez dutenean.

3.2.-Zein proiektutarako esleitzen den lurzati hau, eskuratzaileek proiektu horretako instalazioak eraikitzen ez dituztenean edo abian jartzen ez dituztenean hamabi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita.

3.3.-Eskuratzaileek esleipenaren hirugarren baldintzan (2.3. xedapena) ezarritakoa eman den epean betetzen ez dutenean.

Kontratua suntsiarazirik, eta bidezkoak diren gainerako erantzukizunak galarazi gabe, erosleek eskubidea izanen dute ordaindutako salmenta prezioaren ehuneko laurogeia itzultzeko, hipoteka bidez ezarri diren kargen zenbatekoa, hala denean, kendu eta gero.

Eskuratzaileek onetsi den proiektuaren arabera lurzatian obrarik eta eraikinik egin badute, eskubidea izanen dute hirugarren bati egindako salmentan lortzen den zenbatekoa ordain dakien, baina horrek guztiak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari sortutako gastuak aldez aurretik kenduta.

Formalki eratutako eta Jabetza Erregistroan inskribatutako kargek gainditzen dutenean erosleek salmenta preziotik jasotzeko eskubidea duten ehuneko laurogeia, Foru Komunitateko Administrazioak gehiegizko horren konpentsazioa izanen du obrak edo eraikinak salduta errekuperatzen den baliotik kenduz, zehaztu den moduan.

Suntsiarazpen kasuan, saldutako lurzatiaren jabaria, osagarri guztiekin, Nafarroako Foru Komunitatearen Ondarera itzuliko da, eta hark bere izenean inskribatzen ahalko du Jabetza Erregistroan, horretarako aski izanik suntsiarazte baldintza bete dela zuzenbidean onartutako edozein bide erabiliz frogatzea eta aipatu den ehuneko laurogeia interesdunei ordaintzea edo haien alde kontsignatzea bidezkoak diren kenkariak egiaztatu eta gero.

4. Erabilerei, jarduerei eta eraikuntzei buruzko ordenantzak, Vianako industrialdean indarra dutenak, onartu eta bete beharko dituzte eskuratzaileek.

5. Lurzatia eskuratzen dutenek, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, bertan agertzen diren alderdi guztiak onartzen dituztela idatziz jakinarazi beharko diote Ekonomia eta Ogasun Departamentuari. Hori egiten ez badute, lurzatiaren gaineko eskubide orori uko egiten diotela ulertuko da.

6. Marta Echavarren Zozaya andrea, Obra eta Azpiegitura Ataleko burua, eta M.ª Teresa Suescun Suescun andrea, Ondasun Higiezinen Bulegoko burua izendatzea, bietako edozeinek Nafarroako Foru Komunitatearen izenean eta haren ordezkari gisa ebazpen hau formalizatzeko beharrezkoak diren agiriak sina dezan.

7. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

8. Ebazpen hau jakinaraztea Enpresa Sustapenaren Zerbitzuko Ekipamenduak Sustatzeko Atalari eta Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko Kontabilitate Zentroari; Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Oinordekotza, Ondare Eskualdatze eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergen Atalari, Ondarea Kudeatzeko Atalari (Inbentario Orokorraren Bulegoa); bai eta Francisco Eugenio Miquélez Raro jaunari eta "Conduc-Vent, S.A." enpresari ere (bidezkoak diren ondorioetarako Vianako industrialdean dute helbidea). Aditzera ematen zaie ebazpenaren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezaketela, Ekonomia eta Ogasun kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluan eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko abenduaren 3ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

Iruñean, 2008ko urtarrilaren 25ean.-Aurrekontuen eta Ondarearen zuzendari nagusia, Concepción Aranguren Alvarez.

Iragarkiaren kodea: F0801538