21. ALDIZKARIA - 2008ko otsailaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

17/2008 FORU AGINDUA, urtarrilaren 21ekoa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, Gazteak elkartasunean sentsibilizatzeko "Joan, parte hartu eta konta iezaguzu" sentsibilizaio programa egiteko dirulaguntzetarako deialdia egiten duena.

Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak Nafarroako Gazteriaren Institutuarekin batera, 1995. urtetik, "Joan, parte hartu eta konta iezaguzu" izeneko programa garatzen du. Programa honen helburua da Nafarroako gazteen artean elkartasunaren balioaz sentsibilizatzea eta gazteek nazioarteko lankidetza programetan boluntario lanetan edo garapenerako laguntza ikastaro teoriko praktikoetan parte hartzea lekuan bertan, gobernuz kanpoko erakundeek sustatu eta buruturiko programetan.

Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legeak nazioarteko lankidetzaren arauak, helburuak eta bitartekoak finkatzen ditu, besteak beste. Izan ere, 13. artikuluak, beste ekintza eremu batzuen artean, Nafarroako gizarte guztia hezi eta sentsibilizatzeko programa eta proiektuak aipatzen ditu, garatzen ari diren herrialdeen errealitatea ulertu eta elkartasuna sustatzeko. Halaber, 26. artikuluan eta hurrengoetan boluntarioak garapenerako lankidetzako langiletzat jotzen dira eta honelaxe definitzen ditu: altruismoz eta elkartasunez denei interesatzen zaizkien jarduerak askatasunez egiteko konpromisoa hartzen duten pertsona fisikoak, berezko nortasun juridikoa daukaten irabazi asmorik gabeko erakundeetan dihardutenak eta garapenerako lankidetzako kasuan kasuko programak kudeatzen edo burutzean parte hartzen dutenak. Halaber, garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek boluntarioekin dituzten eginbeharrak zehazten dira. Bestalde, foru lege horren 14. artikuluak xedatzen du funts publikoak erabiliko direla besteak beste garapenerako lankidetzarako ekintzak sustatzeko.

Dirulaguntzei buruzko ekainaren 9ko 11/2005 Foru Legeak dirulaguntza publiko guztiak arautzen ditu eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, eta dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko bidea.

Horrenbestez, beharrezkoa da Gazteak elkartasunean sentsibilizatzeko "Joan, parte hartu eta konta iezaguzu" sentsibilizaio programa egiteko dirulaguntzei buruzko arauak ezartzea eta urtean urteko deialdi baten bidez argitaratzea, dirulaguntza horietan publizitate, gardentasun, konkurrentzia, objektibotasun, berdintasun, bereizkeriarik eza eta kontrol printzipioak bermatzeko, baita Administrazio emaileak finkaturiko helburuak lortzeko eragimena eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko eraginkortasuna ere.

Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Lehena.-2008. urtean gazteak elkartasunean sentsibilizatzeko "Joan, parte hartu eta konta iezaguzu" izeneko sentsibilizazio programarako dirulaguntzetako deialdiko arauak onestea. Foru agindu honen eranskinean ageri dira.

Bigarrena.-75.000 euroko gastua baimentzea "Garapenerako nazioarteko lankidetza" izeneko 900000-91200-4819-143102 kontusailetik edo Nafarroako 2008ko aurrekontu orokorretan xede horrekin sortuko den kontusailetik ordaintzeko. Gastu hori ordaintzeko betiere 2008ko ekitaldiko betebeharrak ordaintzeko gastuen aurrekontuan horretarako diru aski izan beharko da.

Hirugarrena.-Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko urtarrilaren 21ean.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

ERANSKINA

Dirulaguntzetako arauak Gazteak elkartasunean sentsibilizatzeko "Joan, parte hartu eta konta iezaguzu" izeneko sentsibilizaio programarako

Lehenengoa.-Xedea eta helburua.

Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak, bertako Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiaren bidez, "Joan, parte hartu eta konta iezaguzu" izeneko programarako postuak hautatzeko dirulaguntzetarako dei egin du. Programa honen helburua da Nafarroako gazteen artean elkartasunaren balioa eta sentsibilizazioa sustatzea.

Laguntza hauen helburua da garapenerako arazoez sentsibilizatzen laguntzea, nazioarteko lankidetza programetan edo proiektuetan boluntario lanetan parte hartuz edo garapenerako laguntza ikastaro teoriko praktikoetan arituz garapen bidean dauden herrialdeetan praktikak eginez. Eta garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek sustatu eta buruturiko programetan, nafar gazteei garatzen ari diren herrialdeetako bizilagun behartsuekin esperientzia bat izateko aukera eskainiz.

Garapen bideko herrialdetzat hartuko dira ELGA-Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen menpeko Garapenerako Laguntza Batzordearen (GLP) onuradunen egungo zerrendan daudenak.

Horretarako, GGKE interesdunek eskatzen ahalko dute bidezkotzat jotzen dituzten postuak finantza dakizkiela, betiere ere deialdi honetako bi modalitateetako arauekin bat:

A modalitatea: "Garapenerako lankidetza proiektuetan edo programetan parte hartzea": 3 eta 12 hilabete bitarteko egonaldietarako.

B modalitatea: "Garapenerako laguntza ikastaro teoriko praktikoak" praktikaren bidez gazteak Proiektu baten zikloa kudeatzen trebatzea helburu dutenak. Iraupena ez da 20 egunetik beherakoa ez eta 30 egunetik gorakoa izanen.

Bigarrena.-Aurrekontuko dirua.

1.-Guztira, 75.000 euro bideratuko dira helburu horietara "Garapenerako nazioarteko lankidetza" izeneko 900000-91200-4819-143102 kontusailetik edo Nafarroako 2008ko aurrekontu orokorretan xede horrekin sortuko den kontusailetik ordaintzeko. Gastu hori ordaintzeko betiere 2008ko ekitaldiko betebeharrak ordaintzeko gastuen aurrekontuan horretarako diru aski izan beharko da eta honela banatuko da: 65.500 euro A modalitatean eta 9.500 euro B modalitatean.

2.-Laguntza hauek bateraezinak dira helburu berberekin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo bere erakunde autonomoetako beste edozein organok ematen dituen beste batzuekin.

Hirugarrena.-Garapenerako gobernuz kanpoko erakundeen betekizunak.

Deialdi honen xede diren dirulaguntzak hartu ahal izateko Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeek beharkizun hauek bete beharko dituzte:

a) Pertsona juridiko pribatuak eta legez osatuak izatea.

b) Garapenerako Lankidetzarako Espainiako Agentziako Garapenerako Gobernuz kanpoko Erakundeen Erregistroan izena emanda egotea.

c) Egoitza edo bulego iraunkorra Nafarroako Foru Komunitatean izatea. Aurreko beharkizunak aipatzen duen erregistroko inskripzioaren bidez frogatu beharko da hori.

d) Gutxienez azken 5 urteetako batean garapenerako lankidetzaren arloan Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzak jaso izana.

e) Tokian tokiko bazkide edo kontraparte bat edukitzea. Horixe arduratuko da boluntarioen egonaldiaz, mantenuaz eta antzeko gastuez. Bazkideak pertsona juridikoa izan beharko du, herri onuraduneko legediaren arabera.

f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan aipatzen diren gorabeheretariko batean dauden entitateak ezin izanen dira deialdi honen xede diren laguntzen onuradun izan.

Laugarrena.-Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.

GGKEek 30 egun naturaleko epea izanen dute eskaerak aurkezteko, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, edo Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusian (González Tablas kalea zk.g., 31002, Iruña) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritako tokietan. Eskaera posta bulegoen bidez bidaltzen bada, gutun-azala zabalik aurkeztu beharko da, posta-funtzionarioak, ziurtatu baino lehen, eguna eta zigilua jar diezazkion eskaerari.

Bosgarrena.-Aurkeztu beharreko agiriak.

Dirulaguntza eskatu nahi duten GGKEek Nafarroako Gobernuko eskabide orokorra aurkeztu beharko dute, honako agiri hauekin batera (agiri horiek jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak izan beharko dute):

a) Eredu ofizialeko eskabidea. Eskabide bat eskatzen den postu bakoitzerako.

b) Nazioarteko Lankidetzarako Agentzia Espainiarraren GGKEen Erregistroan egin den inskripzioaren ziurtagiria, eta bereziki adierazirik Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean ordezkaritza ireki dela.

c) Hirugarren arauko f) atalaren arabera onuradun izateko gorabeheretan ez dagoela dioen erantzukizuneko aitorpena.

d) Boluntario gazteei ostatua eta mantenua emateko konpromisoa tokian tokiko bazkideak bere gain hartzen duela adierazi eta jarduerak hauen eta ingurunearen arabera segurtasunez eta higienez egiteko bermea ematen duen agiria.

e) Tokian tokiko bazkidearen legezko osaeraren frogak, proiektuaren onura hartzen duen herrialdeko berezko legeen araberakoak.

f) Eskaturiko dirulaguntzaren zenbatekoa guztira 12.000 eurotik gorakoa bada, hamabigarren arauan xedaturikoaren arabera prestaturiko gastuen aurrekontua. GKEk hornitzaileei eskaturiko gutxienez ere hiru eskaintzaren artetik eskaintzarik hoberena izanen da.

Seigarrena.-Instrukzioa.

Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiak tramitatuko ditu eskaerak. Garapenerako Nazioarteko Lankidetza Zerbitzua izendatuko da organo instruktore. Horrexek egiaztatuko du dirulaguntzak hartzeko betebeharrak betetzen direla, eta eskaerak ofizioz baloratuko ditu, arau hauen arabera.

Zazpigarrena.-Eskaerak baloratzea eta dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztea.

A modalitaterako:

1.-GKEek aurkezturiko postuak irizpide hauek erabiliz baloratuko dira:

a) Barne koherentzia: helburuak, jarduerak eta gazteek eginen dituzten eginkizunak elkarrekin bat etortzea (35 puntu bitarte).

b) GKE eskatzaileak sentsibilizazio eta garapenerako hezkuntza proiektuetan duen esperientzia (20 puntu bitarte).

c) Gazteek parte hartuko duten proiektuaren eta garatuko dituzten jardueren argitasuna eta xehetasun maila (25 puntu bitarte).

d) Tokian tokiko bazkideak boluntarioekin aritzeko duen esperientzia (20 puntu bitarte).

B modalitaterako:

a) Barne koherentzia (25 puntu bitarte): helburuak, jarduerak eta aurreikusten den programazioa elkarrekin bat etortzea.

b) GKE eskatzaileak sentsibilizazio eta garapenerako hezkuntza proiektuetan duen esperientzia (15 puntu bitarte).

c) GKE eskatzaileak garapenerako laguntzarako prestakuntza proiektuetan duen esperientzia (15 puntu bitarte).

d) Prestakuntza proiektuaren kalitatea: kurtsoaren edukiak, metodologia, hizlarien curricula, teoria eta praktikaren arteko lotura... (25 puntu bitarte).

e) Garapenerako laguntza proiektuak kudeatzen dituzten entitateetan, erakundeetan eta taldeetan praktikak egiten murgiltzea. (20 puntu bitarte).

Lanpostua finantzatu ahal dadin, bi modalitateetan, gutxienez ere 50 puntu lortu beharko ditu.

3.-Hautatzen den postu bakoitzerako dirulaguntzaren zenbatekoa eskatzen denarekin bat etorriko da A modalitatearen kasuan eta, B modalitatearen kasuan, gehienez ere 1.900 euro izanen dira postu bakoitzerako.

4.-Eskabide guztien baturak bigarren arauan aipatzen den aurrekontuaren muga gainditzen badu, bi modalitateetan, lorturiko puntuen arabera lehenetsiko dira.

Zortzigarrena.-Ebazpena emateko epea.

1.-Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiari dagokio aurkezten diren eskaeren gainean ebaztea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuari jarraikiz emandako ahalmenez baliatuz.

2.-Deialdiaren gaineko ebazpenean GKE onuradunen zerrenda, finantzatuko diren postuak eta hauen ezaugarriak eta dirulaguntzaren zenbatekoa agertuko dira.

Ebazpenean beste eskabideak ezesteko arrazoiak ere agertuko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluaren baldintzetan.

3.-Eskaerak ukatutzat joko dira eskaerak aurkezteko epea bukatu eta handik sei hilabetera ebazpen espresurik eman ez bada.

Bederatzigarrena.-Jakinarazpena.

Deialdiaren gaineko ebazpena banan-banan eta Nafarroako Atarian argitaratuz jakinaraziko zaie eskabidea egin duten GGKEei.

Hamargarrena.-Dirulaguntza eta horren aurrerakinak.

1. Nafarroako Gazteriaren Institutuak postuak boluntario gazteen artean banaturik, onarturiko dirulaguntzaren %75 aurreratuko da.

2. Dirulaguntzaren gainerako zatia onarturiko dirulaguntza osorik justifikatu ondoren pagatuko da, organo emailearen nahiaren arabera.

Hamaikagarrena.-Dirulaguntzaren justifikazioa.

1. Boluntario gazteak Nafarroara itzuli ondoren, GGKE onuradunak hiru hilabeteko epean justifikazio-kontu formako azken txosten bat aurkeztuko du, honako hauek bilduko dituena:

a) Kontuan ageri diren datu guztiak egiazkoak direla dioen erantzukizunpeko aitorpena, entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatua.

b) Gazte boluntarioak aritu direneko jarduerei buruzko txosten teknikoa eta orotariko balorazioa, eredu ofizialaren araberakoa.

c) Proiektuko dirusarreren eta gastuen balantzea.

d) Dirulaguntzaren xede diren gastuen zerrenda.

e) Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzari aplikaturiko gastuen jatorrizko fakturak.

f) Beste edozein dokumentazio grafiko edo idatzi, borondatez eman nahi dena, diruz lagundutako programaren exekuzioaren edo martxa onaren berri emateko.

Hamabigarrena.-Dirulaguntzaren xede izan daitezkeen gastuak.

1.-Gastu hauek izan daitezke dirulaguntzaren xede.

1.1. Zuzeneko gastuak:

a) Boluntarioak Nafarroatik proiektuaren destinora eraman eta ekartzea.

b) Herrialdean egoteko baimenak berritzeko nahitaez pagatu beharreko joan-etorrien gastuak.

c) Txerto eta bisatuen gastuak, atzerrian daudeino betiere gaixotasun eta istripu arriskuak estaltzen dituen laguntza aseguruarenak, aberriratze gastuak eta hirugarrenei sufriarazi edo eraginiko kalteengatiko erantzukizun zibila.

d) Adierazitako gastuekin loturiko ezustekoak, gehienez ere eskaturiko dirulaguntzaren %3 eta behar bezala justifikatu ondoren.

1.2. Zeharkako gastuak:

a) Proiektuaren zeharkako kostuengatik dirulaguntzari %10eko edo hortik beherako zenbatekoa gehitzen ahalko zaio. Zeharkako gastuak GGKE eskatzaileak Nafarroan dituen gastu administratiboak dira, alegia: langileen gastuak, lokalenak, bulegoko materialenak eta bestelako ohiko gastuak.

1.3. Boluntario gazteen ostatu eta mantenu gastuak ez dira dirulaguntzaren xede, ezta prestakuntza ikastaroekin loturiko bestelako gastuak ere (matrikula, material didaktikoak, etab.).

Gastuak frogatzeko ordainagiriak erabiliko dira, salbu eta frogatzeko zaila den gasturik baldin bada. Hala gertatuz gero, GGKEaren legezko ordezkariak gastu horien gaineko ziurtagiria egin beharko du.

Ziurtagirian zenbatekoa, gastu motaren erreferentzia, dirulaguntzaren xede den proiektuarekiko lotura eta orotariko arauen arabera ezin justifikatu izateko zergatikoak agertuko dira. Gainera, gastua egin delako gastuaren egiaztagiriak aurkeztuko dira: fakturak, kontabilitatearen egoera-orriak edo bestelako agiriak. Ziurtagiri horren bitartez justifikatuko den diru kopuruak ez du zeharkako gastuen %30 edo dirulaguntzaren %3 gaindituko.

2.-Dirulaguntzen xede diren gastuak ekipo ondasunak erosteko edo aholkularitza edo laguntzako enpresek zerbitzuak emateko erabiltzen direnean, 12.000 eurotik gorakoak izanez gero eta Europar Batasunaren barruan kontratatuz gero, txosten gehigarri bat aurkeztuko da hornitzaileak hautatzeko prozedurari eta irizpideei buruzkoa, gutxienez haietako hiruri eskatutako aurrekontuekin batera.

Hamahirugarrena.-Eginbeharrak.

Programa honetarako dirulaguntza jasotzen duten GGKEek beharkizun hauek izanen dituzte:

1.-Boluntarioei dagokienez:

a) Sustatzen dituzten programetan diharduten boluntario gazteekin harturiko konpromisoak errespetatzea.

b) Ostatua eta mantenua ematea eta jarduerak hauen eta ingurunearen arabera segurtasunez eta higienez eginen direla bermatzea.

c) Eginen duten jarduera burutzeko argibideak, prestakuntza eta orotariko eta berariazko orientazioa ematea.

d) Laguntza asegurua egitea, hamabigarren arauko 1.1.c) letran xedatu bezala.

e) Boluntarioen lanari buruzko martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legeak, Boluntarioen lanari buruzko martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legea aldatzen duen uztailaren 5eko 9/2006 Foru Legeak eta Garapenerako laguntzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legeak horri buruz xedatzen duena betetzea.

2.-Organo emaileari dagokionez:

a) Programa dirulaguntza ematean ezarritako baldintzetan gauzatzea.

b) Dirulaguntza emateko kontuan harturiko gorabehera, betebehar eta baldintzen edozein aldaketa egin aurretik, organo emaileari baimen administratiboa eskatzea.

c) Tokian tokiko bazkideari dirulaguntzaren iturriaren berri ematea.

d) Organo emailearen aurrean betebeharrak eta baldintzak bete direla, dirulaguntzaren xede den jarduera egin dela eta dirulaguntza hartzeko helburua lortu dela justifikatzea, deialdi honetako hamabigarren arauan aipatzen diren agirien bidez.

e) Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egin orduko, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zergen gainekoak eguneratuak edukitzea.

f) Nafarroako Gobernuari laguntza ematea programaren garapenaren berri ematen, Nafarroako herritarrak garapenerako lankidetzaren arloan sentsibilizatzearren.

g) Programaren publizitatea eta hedatze guztietan dirulaguntza norena den adieraztea. Hedakuntza lana idatzia edo grafikoa baldin bada, Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabiliko da, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen maiatzaren 3ko 189/2004 Foru Dekretuak xedatzen duen moduan dirulaguntzaren onuradunen logotipoarekin batean, tamaina berean eta berdin ikusteko moduan.

h) Organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.

i) Jasotako diruaren erabilpenari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

j) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan eta deialdi honetako hamalaugarren arauan aipatzen diren kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

Hamalaugarrena.-Ez-betetzeak.

1.-Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. eta 37. artikuluetan aipatzen diren kasuetan, dirulaguntzen onuradun diren entitateek harturiko dirua itzuli beharko dute bertan ezartzen diren baldintzetan.

2.-Dirulaguntza emateko kontuan harturiko gorabehera, betebehar eta baldintzen edozein aldaketa aurreko arauan aipatzen den baimen administratiboa eduki gabe eginez gero, ez-betetzetzat hartuko da eta dirua itzuli beharko da.

3.-Ez-betetzeak mailakatzeko honako hauek hartuko dira kontuan:

-Programaren betetze-maila, arlo teknikoari eta aurrekontuei dagokienez.

-Aldez aurretik baimen administratiboa eduki gabe egindako aldaketen zenbatekoa eta nolakoa.

4.-Aurreko atalean ezarritakoa ezertan galarazi gabe, lege-hausteei eta zehapenei dagokien guztian azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. eta hurrengo artikuluek eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen VII. kapituluak xedatzen dutena hartuko da aintzat.

Hamabosgarrena.-Errekurtsoak.

Deialdi honen arauen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, baita deialdia aplikatzeko egintzen kontra ere, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F0801182