21. ALDIZKARIA - 2008ko otsailaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

16/2008 FORU AGINDUA, urtarrilaren 21ekoa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, Nafarroako Gizarte Gaietako Ikuskapen Plana onesten duena 2008. urterako.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Lege berriak oinarrizko helburutzat ezartzen du Nafarroako Foru Komunitateko biztanleen gizarte ongizatea lortzea, gizarte zerbitzuak erabiltzeko herritar guztiek duten eskubidea bermatuz. Foru lege horren beste helburu bat gizarte zerbitzuen sistema egokia eratzea da, zerbitzu ezin hobeak ematea ahalbidetuko duena, pertsonen autonomia, duintasuna eta bizi kalitatea bermatzeko.

Abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen aplikazio eremua, alde batetik, 3., 6., 7. eta 8. artikuluetan dago mugatuta, horietan ezartzen baita nor diren gizarte zerbitzuen hartzaileak eta zein eskubide eta betebehar dituzten.

Beste alde batetik, gizarte zerbitzuen sistema publikoa ere foru legearen aplikazio eremuaren barnean dago. Foru legearen 9. artikuluak dioenez, Nafarroako administrazio publikoek ematen dituzten prestazio tekniko eta ekonomikoek, plan, programa eta talde tekniko guztiek osatzen dute sistema hori. Esparru juridiko horretan, 69. artikuluak dioenez, Nafarroako Foru Komunitatean gizarte zerbitzuen sistemakoak diren gizarte zerbitzuak eman ahal izateko, beharrezkoa izanen da, zerbitzuok 75. artikuluan aurreikusitako erregistroan inskribaturik egoteaz gain, 76. artikuluan aurreikusitako administrazio baimenak lortu eta haiei eustea. Baimen horien xedea baldintza jakin batzuk eta kalitatearen gutxieneko estandarrak beteko direla bermatzea da.

Azkenik, 83. artikuluak dioenez, foru lege horren aplikazio esparruan dauden entitate publiko eta pribatuek betetako jarduketa guztiak egonen dira gizarte zerbitzuen eskumena duen departamentuaren ikuskapenaren eta kontrolaren mende.

Irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuak, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duenak, Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiari eskumenak ematen dizkio programak, zentroak eta zerbitzuak kontrolatu eta ikuskatzeko, familiaren, adingabeen babesaren eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako politikaren arloetan. Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuak ikuskapen planak prestatuko ditu gizarte zerbitzuen sistemako zerbitzuetarako, eta ikuskapen lana kontrolatu eta koordinatuko du. Azkenik, Ikuskapen Atalak, gizarte gaien, familiaren, adin txikikoen babesaren eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasun politiken esparruan, goian aipatutako foru dekretuan ezarritako eskurantzak izanen ditu; bereziki, hurrengo hauek:

a) Gizarte zerbitzuen sistemako zerbitzuek eta horien hartzaileek Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legean xedatutakoa betetzen ote duten kontrolatu eta ikuskatzea, departamentuko gainerako unitate organikoekin elkarlanean.

b) Gizarte zerbitzuen sistemako zerbitzuen baimen administratiboak kudeatu eta tramitatzea.

c) Gizarte Zerbitzuen Erregistroa kudeatzea.

Bestalde, Nafarroako Arartekoak, zaharren eskubideei buruzko txosten berezian, zaharren egoitzetako erabiltzaileen eskubideak errespetatzen ote diren begiratzeko gomendatu dio Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari, gerta litezkeen eskubide-urratzeei aurrea hartzeko.

Gizarte zerbitzuak ikuskatzeko eskumena, aurrean esandako guztiaren arabera, ez da bakarrik hartu behar zentro eta zerbitzuek baliabideen eta eginkizunen arloan indarreko araudia nola betetzen duten kontrolatzeko eskumen gisa, gizarte zerbitzuen hartzaileen eskubideen zaintza eta errespetua ere kontrolatu behar baitira. Gainera, pertsonek beren beharretarako laguntza egokia, hots, laguntza osoa, integratua eta banakakoa jaso dezaten ere zaindu behar da.

Eta premisa horiek izanen dira Ikuskapen Plan honen jarduketa ildo nagusien oinarriak.

Ikuskapen Plan honetan lehen aldiz sartu diren programak oinarrizko bost jarduketa lerrotan bildu dira. Horien artean berrikuntza gisa nabarmendu behar da iturri anitzeko finantzaketa kontrolatzeko programa; horren helburu nagusia da baliabide publiko asko entitate bakarrari esleitzearen eraginkortasunari eta eragimenari dagozkion hainbat alderdi egiaztatzea. Egoitzetako gizarte zerbitzuen hartzaileen eskubideen errespetua bermatzea helburu duen lerroa ere azpimarratzekoa da.

Nabarmendu beharrekoa da, halaber, itunen baldintza tekniko eta ekonomikoak betearaztea xede duen oinarrizko jarduketa lerroa, ez berria delako, baina bai ikuspegi berria hartu duelako, langileriaren zenbait alderdiri eta programen egiaztapenari dagokienez.

Oinarrizko hirugarren lerroa, berriz, Gizarte Zerbitzuei buruzko 15/2006 Foru Legearen eskakizunen ondorioz sortua da. Lege horrek, alde batetik, Nafarroako Gobernuari agintzen dio kalitate planak onets ditzala Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuetarako, kalitate prozesuen garapena eta aplikazioa bermatuko dituen oinarrizko tresna gisa; eta bestetik, gizarte zerbitzuetako ekimen pribatuko entitateei kalitate baldintzak ezartzen dizkie administrazio baimena lortu ahal izateko (eta gizarte zerbitzuen sistemako partaide izateko), eta kalitate maila jakina eskatzen die homologazioa lortu ahal izateko (eta gizarte zerbitzuen sistema publikoko partaide izateko).

Azkenik, ezinbestez aipatu behar da Departamentuak ematen dituen dirulaguntza eta prestazio ekonomikoen gaineko kontrola, eta bereziki, haiek ematerakoan ezarri zen xedea eta eskatu ziren baldintzak uneoro betetzen direla egiaztatzeko kontrola.

Oinarrizko jarduketa lerroez gain, Administrazioarengana jotzeko modurik eraginkorrena ezartzea helburu duten lehen jarduketak ere jaso dira, erabiltzaileek beren kexak, iradokizunak, eskaerak eta salaketak aurkeztu ahal ditzaten eta horien ebazpena lor dezaten.

Bihar-etzi gizarte zerbitzuen erabiltzailearen telefonoa/posta elektronikoa sortzeari begira, plan honetan lehenbiziko urratsak egin dira arlo honetan herritarren eskarien zentralizazioa eta ebazpen eraginkorra lortzeko.

Azkenik, garrantzitsua da aipatzea plan honek ahalegin handia eskatuko diela ikuskapen talde teknikoko kideei. Erronka eta lan egiteko modu berriei aurre egin beharko diete, eta horretarako baliabide berriak eman zaizkio, ikuskapen lanaren beharretarako prestakuntza plan egokia diseinatzeaz gain.

Plan hau egiteko kontsulta egin zaie Departamentuko eta ukitutako erakunde autonomoetako zerbitzu eta zuzendariordetza guztiei, eta kontuan hartu dira haiek egindako proposamen guztiak.

Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eman dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Gizarte Gaietako Ikuskapen Plana onestea 2008. urterako. Foru agindu honen eranskinean dago.

2. Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiari baimena ematea behar diren neurriak har ditzan Ikuskapen Plan horretan ezarritako programak gauzatzeko eta bertan ezarritako helburuak betetzeko.

3. Ikuskapen Plana Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, 2008ko urtarrilaren 21ean.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

ERANSKINA

Nafarroako Gizarte Zerbitzuen Ikuskapen Plana 2008. urterako

Lehenbizikoa.-Organo arduraduna.

Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuko Ikuskapen Atala da Plana betearazteko ardura duen administrazio organoa, irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuak Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuarentzat onetsitako egitura organikoaren arabera. Plana indarra duen arau esparruari jarraituz garatuko da.

Bigarrena.-Helburuak.

1. Gizarte zerbitzuen hartzaileek beren beharretarako laguntza egokia jaso dezaten arduratzea.

2. Indarra duen legeriak gizarte zerbitzuen hartzaileei onartzen dizkien eskubideak, batez ere egoitzetako erabiltzaileen eskubide berariazkoak, errespetatzen ote diren begiratzea.

3. Zentro eta zerbitzuen baliabide eta eginkizunei buruzko baldintzak indarra duen araudiari egokitzea. Horrela, kalitateko laguntza emateko gai diren gizarte zerbitzuen sarea sendotuko da.

4. Gizarte zerbitzuak emateko erabiltzen diren funts publikoak, zuzenean edo hirugarrenen bidez, behar bezala kudeatu eta erabiltzen direla egiaztatzea.

Hirugarrena.-Prozedura.

Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak, 2008. urtean, Plan honetan jasotako ikuskapen jarduketak eginen ditu, eta aurkezten diren salaketa, kexa eta erreklamazioei erantzuteko behar direnak ere bai.

Jarduketa bereziak ere egin ahal izanen dira, bi zuzendaritza nagusietako edozeinek bere ekimenez, goragokoen aginduz edo beste organo baten eskaera arrazoituari erantzunez hala eskatzen badu.

Laugarrena.-Ikuskapen lanetan aplikagarriak izanen dira gizarte gaiei eta familiari buruzko arau guztiak. Bereziki, honako arau hauek erabiliko dira maizenik ikuskapen lanetan:

1. Abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legea, gizarte zerbitzuei buruzkoa.

2. Maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretua. Aurreko foru legearen xedapen indargabetzaile bakarrean ezarritakoari jarraituz aplikatuko da.

3. Abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legea, haurrentzako eta nerabeentzako sustapenari, laguntzari eta babesari buruzkoa.

4. Ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legea, kontratu publikoei buruzkoa.

5. Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea, dirulaguntzei buruzkoa.

6. Laguntza bakoitzari buruzko arau berariazkoak eta itun bakoitzeko kontratu-arauak.

Bosgarrena.-Lehentasunak.

Gizarte zerbitzuen Ikuskatzailetzak, hala behar duten oinarrizko jarduketa lerroetan, maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretuan aurreikusita dauden arlo hauen lehentasun ordenaren arabera eginen ditu jarduketak:

1. Hirugarren adina.

2. Ezgaitasunak.

3. Haur eta gazteak.

4. Gizarteratzea.

5. Familia eta gizartea.

Seigarrena.-Oinarrizko jarduketa lerroak.

Oinarrizko jarduketa lerroen bidez helburu hauek lortu nahi dira:

I.-Gizarte zerbitzuen hartzaileei, batez ere egoitzetan daudenei, beren eskubideak errespetatuko zaizkiela bermatzea.

II.-Zentro eta zerbitzuak gainbegiratu eta kontrolatzea.

III.-Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen kalitate mailak ebaluatzea.

IV.-Itunetako baldintza tekniko eta ekonomikoak betetzen direla egiaztatzea.

V.-Dirulaguntzak eta prestazio ekonomikoak kontrolatzea.

Zazpigarrena.-Metodologia.

Ikuskatzailetzak, legez dituen eskumenak erabiliz, oinarrizko jarraibide hauei loturik jardun behar du:

1. Ikuskatzaileak zentro eta zerbitzuetako instalazio eta lokal guztietara sartu ahal izanen dira. Era berean, ikuskapenaren xedea betetzeko eta ikuskatzeko ahalmenak behar bezala erabiltzeko beharrezkoak edo jakingarriak diren agiri, datu eta argibide guztiak eskuratu behar zaizkie. Ikuskatzaileen lana oztopatzea arau-hauste larritzat sailkatuta dago Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 86. artikuluko n) letran.

2. Bisitak bidezkoa denean soilik iragarriko dira aldez aurretik, eta ikuskatzaile akreditatuaren identifikazioarekin hasiko dira.

3. Ikuskapen bisitak, haien arrazoia edozein izanda ere, lanegunetan nahiz jaiegunetan egin ahal izanen dira, egunez edo gauez.

4. Ikuskatzaileek beren lanean datu pertsonalen babesari buruzko arau aplikagarriak bete behar dituzte.

5. Ikuskatzaileek, oinarrizko IV. eta V. lerroetan dihardutenean, kontuan hartuko dituzte laguntzak kudeatzen dituen unitateak adierazitako hartzaileak eta irizpideak. Gainera, aurretiko txostena eskatuko da, eta bertan espedienteko oinarrizko datuak jasoko dira.

6. Ikuskapen lana egiteko etxeetan sartu beharra badago, jabeen baimenaz eginen da, eta halakorik ezean epaileari eskatuko zaio baimena.

7. Departamentuko organo eta erakundeek Ikuskatzailetzari lagundu behar diote ahalik arinen eta eraginkortasunez, hala eskatzen zaien guztietan.

8. Plana bete aurretik, oinarrizko lerro bakoitzeko ikuskapen protokoloak onetsiko dira.

Zortzigarrena.-Gizarte zerbitzuen ikuskapenaren oinarrizko jarduketa lerroak 2008. urtean.

I.-Egoitzetako gizarte zerbitzuen hartzaileen eskubideen errespetua bermatzeko oinarrizko jarduketa lerroa.

-Helburua. Ikuskapen lanaren bidez egiaztatu egin behar da gizarte zerbitzuen hartzaileen eskubide jakin batzuk errespetatzen direla: Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 6. eta 8. artikuluetan arautzen direnak, Autonomia pertsonalaren sustapenari eta mendekotasuna duten pertsonentzako laguntzari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legearen ildoari jarraituz.

Ikuskapen Plan honen indarraldian, bereziki, erabiltzaileen eskubideak errespetatzen direla egiaztatuko da zahar etxeetan, ezgaitasunen bat duten pertsonentzako eta babesik gabe dauden adingabeentzako egoitzetan eta gizarteratzeko egoitzetan.

Eskubideak errespetatzen direla egiaztatzeko, zerbitzu horiei egiten zaizkien bisitetan, bisitaren arrazoia edozein dela ere, erabiltzaileen eskubide hauek aztertuko dira nagusiki:

1. Bereizkeriarik ez jasatea eta zentroko langileen eta erabiltzaileen aldetik tratu duina hartzea.

2. Beren eskubideei buruzko informazioa eta beren egoeraren balorazioa jasotzea, eta eraginen dien edozein esku-hartzeren aurretik informazioa jasotzea, berariazko baimena eman ahal izateko.

3. Banakako laguntza hartzea, bakoitzaren beharren araberakoa.

4. Intimitaterako eta pribatutasunerako eskubidea.

5. Kexa eta iradokizunen sistema erabili ahal izatea.

6. Zentroetan parte hartu ahal izatea.

Zerbitzuen hartzaileen eskubideak errespetatzen direla egiaztatzeko, ikuskapen bisita arruntetan, bide hauetako edozein erabili ahal izanen da:

-Ikuskatzaileek begiratzea.

-Zentroko arduradunek informazioa ematea.

-Buruz buruko elkarrizketak egitea nahi duten erabiltzaileekin, familiakoak edo zentroko arduradunak aurrean egon gabe.

Elkarrizketa horien xedea gizarte zerbitzuen erabiltzaileei onartutako eskubideak bermatzen direla egiaztatzea izanen da.

Elkarrizketak egiteko eredu homogeneoa prestatuko da ikuskatzaile guztientzat.

Eskubideak egiaztatzeko bidea zuzeneko behaketa denean, ikuskatzaile guztientzat aldez aurretik finkatutako irizpide homogeneoak hartuko dira kontuan.

Jarduera honen epeen planifikazioa bat etorriko da oinarrizko II. lerroko II. programan aurreikusitako ikuskapen arrunten planifikazioarekin. 3.1.

II.-Zentro eta zerbitzuak gainbegiratu eta kontrolatzeko oinarrizko jarduketa lerroa.

II. programa. 1. Lanean ari diren zentro eta zerbitzu guztiei behin betiko baimena ematea.

-Helburua. Behar diren baimenak izan gabe lanean ari diren zentro eta zerbitzu guztien egoera administratiboa erregularizatzea.

II. programa. 2. Baimen berriak eman eta Gizarte Zerbitzuetako Entitate, Zerbitzu eta Zentroen Erregistroko inskripzio berriak egitea.

-Helburua. Behar diren ikuskapen lanak egitea baimenak emateko prozeduretan (funtzionamendu baimenak, titulartasuna aldatzekoak, instalazioetan aldaketa garrantzitsuak egitekoak, eginkizunak eta helburuak aldatzekoak edo jarduerari uztekoak) eta Gizarte Zerbitzuetako Entitate, Zerbitzu eta Zentroen Erregistroan inskripzioak egin, kendu edo aldatzeko prozeduretan.

II. programa. 3. Zentro eta zerbitzuek baliabideei eta eginkizunei buruzko baldintzak nola betetzen dituzten uneoro kontrolatzea.

-Helburuak.

II.3.1. Seihileko bakoitzean, gutxienez bisita bat egitea hirugarren adinekoen, ezgaitasunen, gizarteratzearen eta haur eta gazteen arloetako egoitza eta eguneko zentro guztiei.

Guztira 136 zentro ikuskatu behar dira seihileko bakoitzean, 272 urtean.

II.3.2. Urtean bisita bat egitea, gutxienez, gainerako zentro eta zerbitzuen erdiei.

Ikuskatu beharreko zentroak 187 dira.

II.3.3. Aurreko urteetan gomendioak eta errekerimenduak jaso dituzten zentro eta zerbitzuen jarraipena.

Lehentasunak: ikuskapenaren bidez, batez ere, maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretuan zentro eta zerbitzuen funtzionamendurako eskatzen diren baldintza orokorrak eta baliabide mota bakoitzerako baldintza bereziak betetzen direla egiaztatu behar da. Honako hauek arreta bereziz aztertuko dira:

a) Giza baliabideak eta langileriaren antolaketa

b) Programak

III.-Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen kalitate mailak ebaluatzeko oinarrizko lerroa.

Funtzionamendurako baimena emateko eta zerbitzuak homologatzeko eskatu behar diren gutxieneko kalitate estandarrak ezarri baino lehen zerbitzuen kalitate mailen lehenbiziko ebaluazioa egin behar da. Hori lehenbiziko urratsetako bat izanen da kalitatearen egungo egoeraren diagnostikoa egiteko Nafarroako Foru Komunitatean. Bide horretan, Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuak kalitate estandarrei buruzko galdesorta batzuk prestatuko ditu (laguntzaren kalitatea, protokoloak, enpleguaren kalitatea etab.) eta zerbitzuek bete egin beharko dituzte, Nafarroako Foru Komunitatean egun dagoen kalitate maila ebaluatu ahal izateko geroago.

Zerbitzuek galdesortetan emandako erantzunak egiaztatzeko lana Ikuskapen Atalari dagokio. Zerbitzuek galdesortak bete ondoren, Ikuskapen Atalak ikuskapen bisita eginen die erantzunak egiaztatzeko.

Bisita eginen da egoitza eta eguneko zentro guztietara (hirugarren adina, ezgaitasunak, gizarteratzea, haur eta gazteak, familia eta komunitatea), ezgaitasunen bat dutenentzako eta gizarteratzeko zentro okupazionaletara eta etxebizitza funtzionaletara.

Guztira 174 zerbitzuri eginen zaie bisita, urteko lehen hiruhilekoan egin ere.

IV.-Itunetako baldintza tekniko eta ekonomikoak betearazteko oinarrizko jarduketa lerroa.

IV. programa. 1. Kontratuei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legeak eta gainerako arau aplikagarriek eskatzen dituzten ikuskapen jarduketak, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak sistema publikoko gizarte zerbitzuak besteren bidez emateko egiten dituen itunetako kontratu eta pleguetan eskatzen direnak. Ebaluazio teknikoa eta itunaren aplikazio ekonomikoaren kontrola eginen dira, eta ituna noraino betetzen den kontrolatuko da.

-Helburua. Sei itun ikuskatuko dira, arloen hurrenkera hau kontuan hartuz:

-Hirugarren adina: 2 itun.

-Ezgaitasunak: 2 itun.

-Gizarteratzea: itun bat.

-Haurrak eta familiak: itun bat.

Arreta bereziz aztertuko dira alderdi hauek:

a) Langileak: ratioak, absentismoa, kualifikazioa eta antolaketa.

b) Programak: zerbitzurako egokiak diren eta egiaz gauzatzen diren.

c) Horretarako Nafarroako Mendekotasun Agentziaren laguntza jasoko da.

V.-Dirulaguntzak eta prestazio ekonomikoak kontrolatzeko oinarrizko lerroa.

Gizarte gaietan eskumena duen departamentutik gizarte zerbitzuetarako funts publikoak jasotzen dituzten entitate publiko edo pribatu eta pertsona fisikoei egiten zaizkie ikuskapen hauek, kontuan izanik, bereziki, Dirulaguntzei buruzko Foru Legean eta Kontratuei buruzko Foru Legean ezarritakoa.

V. programa. 1. Prestazio ekonomikoen kontrola.

-Helburua. Norbanako edo entitateei emandako laguntzak beren jatorrizko xederako erabiltzen direla eta, gainera, laguntza ematerakoan aintzat hartu ziren baldintzak izan bazirela eta iraun egiten dutela egiaztatzea.

Oinarrizko jarduketa lerro honetan, lehentasunezko prestazio ekonomikoak honakoak izanen dira:

V.1.1. Oinarrizko errenta: gehienbat, familia unitatearen edo bizikidetza unitatearen osaera eta dirusarrerak egiaztatuko dira.

Gutxienez 30 espediente ikuskatuko dira, hau da, iragan urtean laguntza hau jaso duten familia unitateen %1,6, gutxi gorabehera.

V.1.2. Etxean pertsonak zaintzeko diru-laguntza.

V.1.3. Zerbitzuari lotutako diru-laguntza.

Bi kasuetan ere, ikuskapenen bidez egiaztatu nahi da laguntzak mendeko pertsona modu egokian zaintzeko erabiltzen direla.

Gutxienez 30 espediente ikuskatuko dira, hau da, iragan urtean tramitatu diren eskabideen %1, gutxi gorabehera.

Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiak, aurreko hiru kasuetan, gizarte zerbitzu oinarrizkoen titularrak diren entitateekin lankidetza hitzarmenak egitea sustatuko du, entitate horiek ikuskatzaileei lagun diezaieten, batez ere espedienteetako datu sozial garrantzitsuenak emanez.

V. programa. 2. Iturri anitzeko finantzaketaren kontrola.

-Helburua. Hauxe egiaztatu nahi da: iturri anitzeko finantzaketa publikoa duten entitateek, batez ere irabazi-asmorik gabeko ekimen pribatuko entitateek, iturri anitzeko funts publikoak, kontratu eta dirulaguntzen bidezkoak izan nahiz beste edozein motatakoak izan, finantzatu nahi diren zerbitzu eta proiektuetarako erabiltzen dituztela, eta finantzaketa horren bidez entitateok kaudimena lortzen dutela, hau da, iturri anitzetatik jasotako funtsek badutela eraginkortasuna eta eragimena.

Ikuskapen lan horretan ondoko irizpideak erabiliko dira:

a) Kontuan hartuko dira zenbatekoa eta finantzabide guztiak.

b) Ikuskapen lana arlo hauetan eginen da, lehentasunaren araberako hurrenkeran:

b.1) Gizarteratzea.

b.2) Ezgaitasunak.

b.3) Haur eta gazteak.

b.4) Hirugarren adina.

Helburu hau betetzeko, Ikuskatzailetzak kanpoko laguntza tekniko espezializatua eskatu ahal izanen du, kanpoko auditoretzak egin ahal izateko edo egiaztatu ahal izateko jasotako funtsak benetan erabiltzen direla beraiekin finantzaturiko proiektuetarako.

Programa hau konplexua eta berria denez, 2008. urtean gutxienez hiru entitate ikuskatuko dira, goian esandako arloetakoak. Esparru honetako ikuskapen lana amaitu eta ebaluatu ondoren, etorkizuneko ikuskapen planetan erabili beharreko gidalerroak eta metodologia ezarriko dira modu arautuan.

Bederatzigarrena.-Gizarte zerbitzuen erabiltzaileen kexa, iradokizun eta salaketak zentralizatzea.

Ematen den gizarte laguntza ez dela egokia uste duten erabiltzaileei erantzun azkarra, osoa eta eskuragarria eman ahal izateko, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuan gaiari buruz jasotzen diren kexa, iradokizun eta salaketa guztiak Ikuskapen Atalean zentralizatzen ari dira.

Honako arau hauen bidez tramitatu behar diren herritarren eskariei bakarrik dagokie zentralizazio horren esparrua:

a) Abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legea eta maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretua (arau-hausteak eta zehapenak).

b) Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentua titularra duten zentro eta zerbitzuen funtzionamenduari buruzko kexa eta iradokizunak badira: abenduaren 29ko 21/2005 Foru Legea, Politika publikoak eta zerbitzu publikoen kalitatea ebaluatzeari buruzkoa, eta irailaren 4ko 61/2006 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako zerbitzu publikoen erabiltzaileek aurkezten dituzten kexa eta iradokizunak kudeatzeaz arduratzen diren unitateak zehazten dituena.

Kudeaketaren zentralizazioa lortzearren, 2008an Jarduteko Barne Protokoloa prestatuko da, organo eskudunak, harrera/igorpen tramiteak eta epeak zehazteko. Horrela herritarren eskariak ahalik arinen eta eraginkortasun handienaz ebaztea lortuko da.

Hori 2008. urtean bertan ezarriko da, urte amaieran balorazioa egin ahal izateko administrazio eskudunak ebatzitako kexa, iradokizun eta salaketen kopuruari buruz.

Erabiltzaileen gainerako eskariak, goian adierazitako arauen bidez ebatzi ezin direnak, ebazteko eskumena duten organo, erakunde, departamentu edo administrazioei bidaliko zaizkie.

Iragarkiaren kodea: F0801183