21. ALDIZKARIA - 2008ko otsailaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

17/2008 FORU AGINDUA, otsailaren 12koa, Osasun kontseilariak emana, gutxieneko zerbitzu funtsezkoen funtzionamendua bermatzen duena, Nafarroako Sindicato de Enfermería SATSE sindikatuak 2008ko otsailaren 14 eta 15erako deitutako lanuztea dela eta.

Nafarroako Sindicato de Enfermería SATSE sindikatuak, dagokion idazkiaren bidez, lanuzterako deia egin du 2008ko otsailaren 14 eta 15erako, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko erizaintzako langile diplomadunei eragiten diena.

Konstituzioaren 28.2 artikuluan onartzen den lanuztea egiteko eskubidearekin batera, gizartearen oinarrizko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeak jarri behar dira, aipatu eskubidearen erabilera inola ere galarazi gabe, halaxe ulertu baitute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak bai konstituzionalak berak ere.

Lanuzterako deia dela eta, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko erizaintzako langile diplomadunen zerbitzuak ezin dira erabat gelditu, botere publikoek bermatu beharreko funtsezko zerbitzuak baitira, eta, beraz, beharrezkoa da horiek betetzea. Izan ere, Espainiako Konstituzioaren 43. artikuluan aipatzen den osasuna babesteko eskubidearen barrenean sartzen dira, pertsonen oinarrizko eskubideak direlako, hau da, erien bizitzeko eta integritate fisikorako eskubideak.

Horrez gain, funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren erabakitzeko eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzeko eskumena berea du gobernuko agintaritzak, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Erregearen Lege Dekretuko 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobeagotzeko Lege Organikoaren 53. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Azaldutakoaren arabera, foru agindu honen helburua da, 2008ko otsailaren 14 eta 15erako deitutako greba dela kausa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko erizaintzako langile diplomadunek bete beharreko gutxieneko zerbitzu funtsezkoak arautzea. Zerbitzu horiek ezartzean aintzat hartu da, batik bat, ezinbestekoak direla herritarren osasun beharrei era egokian erantzuteko. Horregatik guztiagatik, zerbitzu horiek funtsezkotzat hartzen dira eta, hortaz, beharrezkoa da deitutako grebak dirauen bitartean zerbitzu horiek betetzea.

Horrenbestez, kontuan hartuta Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan xedatutakoa, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluko 2. lerroaldea, eta Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobeagotzeko Lege Organikoaren 49.2 artikulua, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko erizaintzako langile diplomadunen lanuzte-batzordeak egindako proposamenarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

Lehena.-Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko erizaintzako langile diplomadunen 2008ko otsailaren 14ko 00:00etatik otsailaren 15eko gabeko 12:00ra bitarte eginen duten greban gutxieneko ondoko zerbitzu funtsezko hauek errespetatuko dira:

I.-Ospitalak:

Ospitale guztiendako lan araubidea jaiegunetarako oro har ezarritakoa izanen da.

Gainera, ospitalearen jarduera garatzeko ezinbestekoak diren zerbitzuetan jendea hartzen dela bermatuko da, honelaxe:

A) Ospitaleratzea: gaitasun logistikoaren %100 ziurtatuko da.

B) Araututako jarduera duten zerbitzuen laguntza bermatuko da:

-Hemodialisia.

-Eguneko Ospitalean tratamendu onkologikoak.

-Eguneko Ospitalean tratamendu hematologikoak.

-Minaren Unitatean tratamendu jarraitua duten eriendako laguntza.

-Erradioterapiako tratamenduak, simulaziokoak eta plangintzakoak.

-Errehabilitazioa. Lehentasunezko eta ospitaleetako eriendako arreta bermatuko da.

-Irubide Eguneko Ospitala eta Haur eta Gazteen Ospitala.

C) Operazio kirurgiko larriak normalean horietarako erabiltzen diren baliabideekin ziurtatzeaz gain, larrialdietako, ZIU, KZBU, UCC, Kritikoen Unitatea eta aintzat har litezkeen beste unitate batzuen jarduera ere ziurtatuko dira.

D) 20. asteko ekografia eta amniozentesia ziurtatuko dira.

E) Lehentasunezko arreta, ospitaleko eriendako arreta eta arreta arrunta ziurtatuko dira, kasua bada, gaitasun logistikoaren %60an:

-Ebakuntzak

-Proba osagarriak

-Zerbitzu zentralak

-Kontsultak

-ELZ (Emakumeari Laguntzeko Zentroa)

F) Ospitaleko Farmaziako Zerbitzuak: ospitalean dauden eta tratamendu onkologikoak eta etengabeak dituzten eriei arreta ziurtatuko zaie.

G) Nafarroako Odol Transfusiorako Zentroa: Nafarroako Foru Komunitateko Ospitaletako odol-hornidurarako aferesi prozesuetan dauden plaketen eta odol ateratzeak ziurtatuko dira, gaitasun logistikoaren %60an.

II.-Oinarrizko osasun laguntza.

Oinarrizko osasun laguntzako zentroetan eta kontsultategietan hedaduraren %100 ziurtatuko da, laguntza jarraituko ordutegian. Kontsulta arrunteko ordutegian premia larriko eta lehentasunezko arreta ziurtatuko dira, bai zentroan bai etxeetan.

Bigarrena.-Aurreko artikuluan aipatutako funtsezko zerbitzuak zentroetako zuzendaritzek horretarako izendatutako langileek bete behar dituzte. Legez kanpokotzat hartuko da funtsezko zerbitzuak ez betetzea edo aldatzea, eta arau-hausleak horren erantzule izanen dira.

Hirugarrena.-Aurreko artikuluetan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko lanuztea arautzen duen legeriak langileendako onartzen dituen eskubideei.

Laugarrena.-Foru agindu honen berri ematea lanuzte-batzordeari.

Bosgarrena.-Foru agindu hau igortzea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Seigarrena.-Ondorioak jakinarazten denetik bertatik izanen baditu ere, foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean emanen da argitara.

Zazpigarrena.-Foru agindu honek ez du administrazio bidea agortzen, eta haren aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2008ko otsailaren 12an.-Osasun kontseilaria, María Kutz Peironcely.

Iragarkiaren kodea: F0802316