17. ALDIZKARIA - 2008ko otsailaren 6a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

6/2008 FORU AGINDUA, urtarrilaren 24koa, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak emana, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoko bulegoen egitura organikoa aldatzen duena.

Irailaren 3ko 119/2007 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoaren estatutuak onetsi eta bertako egitura organiko berria ezarri zen lehengoa eguneratu eta egokitzeko, erakundearen sorrerako helburuak hobeki betetze aldera.

Nafarroako Zerga Ogasunak konpromiso hau hartu du: informazioa tratatzen eta aztertzen eta zergei eta erakunde autonomoaren lanei buruz txostenak prestatzen aurrera egitea, gardentasuna eta barne eta kanpoko komunikazioa handitzeko eta zuzendaritzaren erabakiak hartzen laguntzeko. Unitate horren sorrera eta hari esleitu zaizkion eginkizunak lan lerro horretan kokatu dira.

Abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedaturikoaren arabera, eta Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoaren Estatutuak onesten dituen irailaren 3ko 119/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Zuzendaritzarako Informazioaren Unitate Administratiboa sortzea, Finantza eta Tributu Analisien Atalari atxikia. Eginkizun hauek izanen ditu:

-Erabakiak hartzeko informazioa tratatu eta aztertzea.

-Erakunde autonomoaren txostenak prestatu eta idaztea, zergei buruz eta erakunde autonomoaren lanei buruz.

-Simulazioak prestatu, landu eta aztertzea arautegirako eta kudeaketarako neurriak proposatu eta ebaluatzeko.

-Zuzendaritzak esleitzen dizkion proiektu estrategikoetan parte hartzea.

-Dirusarrera eta gastu fiskalei buruzko aurreikuspenak eta estatistikak prestatzen lagundu eta horietan parte hartzea.

-Zuzendaritzarendako informazio sistemak sustatu eta ezartzea.

-Zuzendari kudeatzaileak esleitzen dizkion gainerako eginkizunak.

2. artikulua. Nafarroako Zerga Ogasuneko Tributu arloko Zehapen Prozedurarako Unitate Administratiboa kentzea.

Unitate administratibo horretako langileak Zehapen eta Errekerimenduen Atalari atxikiko zaizkio.

3. artikulua. Informazioa Eskuratzeko Bideak Kudeatu eta Kontrolatzeko Bulegoaren atxikipena eta eginkizunak aldatzea, Segurtasun eta Berrikuntza Atalari atxiki eta eginkizun hauek izanen baititu:

-Nafarroako Zerga Ogasunaren tributu arloko informazioa eskuratzeko baimenak kudeatzea, aplikazio informatikoen bidez.

-Informazioa ongi erabiltzen dela begiratzea, baimenaren helburuekin bat, arduradun organikoei eginiko informazio-eskuratzeekiko adostasun agiria eskatuz.

-Eginiko informazio-eskuratzeei buruz auditatzea, informazioa kontsultatzeko oinarri izan diren espediente administratiboak egiaztatuz.

-Isilpekotasuna eta zergei buruzko informaziorako informazio-eskuratze justifikatua bermatzen dituzten neurriak hartzea.

-Informazioaren sartu-ateratze guztiak inbentariatu eta kudeatzea, edozein baliabidetan (paperean, euskarri magnetikoan, telematikoan eta abarretan).

-Indarra duten xedapenek edo Ataleko buruak edo Zerbitzuko zuzendariak haren esku uzten dituzten gainerako eginkizunak.

AZKEN XEDAPENA

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2008ko urtarrilaren 24an.-Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Alvaro Miranda Simavilla.

Iragarkiaren kodea: F0801225