17. ALDIZKARIA - 2008ko otsailaren 6a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.1. Lurraldearen antolamendua eta hirigintza

ERABAKIA, 2008ko urtarrilaren 22koa, Nafarroako Gobernuak hartua, "Arazuri-Orkoien industrialdea" izeneko UPSko 70. artikulua aldatzeko espedientea onesten duena. Espedientea Volkswagen Navarra, S.A. enpresak sustatu du.

2007ko urriaren 22an eginiko bilkuran, Nafarroako Gobernuak erabaki zuen "Arazuri-Orkoien industrialdea" izeneko UPSko 70. artikulua aldatzeko espedientearen tramitazioa hastea. Espedientea Volkswagen Navarra, S.A. enpresak sustatu du.

"Arazuri-Orkoien industrialdea" izeneko UPSko 70. artikulu horrek 1. eremua-C aldea antolatzeko araudia jasotzen du. Eremu hori auto fabrikaren iparraldeko sarreraren ondoan dago, "Hornitzaileen parkea" deitutako industrialde berritik joanda.

Artikulu horretan aldaketa hau proposatzen da: "ekipamendu erabilera esleitu dakiola aipatutako eremuari, etorkizunean haurtzaindegia eraiki dadin "Volkswagen Navarra, S.A.ko" langileentzat, eta, behar denean, industrialdeko beste enpresa batzuetako langileentzat".

Horrela, Administrazioko hainbat eremutatik planteatutako ekimenekin bat egin nahi du "Volkswagen Navarra, S.A.k". Gero eta zailagoa da bateragarri egitea lana eta bizitza pertsonal osoa eta gustukoa; hortaz, "Volkswagen Navarra, S.A.k" neurriak hartu nahi ditu bateragarri egiteko laneko bizitza eta familiako erantzukizunak.

Erabaki hori 2007ko 139. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eman zen argitara, azaroaren 7an, eta espedientea jendaurrean egon den epean ez da alegaziorik aurkeztu.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak 2007ko abenduaren 27an emandako txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. "Arazuri-Orkoien industrialdea" izeneko UPSko 70. artikulua aldatzeko espedientea, Volkswagen Navarra, S.A. enpresak sustatua, onestea.

2. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

3. Erabaki hau Orkoiengo eta Oltza Zendeako Udalei, Arazuriko Kontzejuari eta Volkswagen Navarra, S.A. enpresari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta adieraztea, halaber, erabakiak bide administratiboa agortzen duela eta bere kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, erabakia argitaratu edo, kasua bada, jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

Nolanahi ere, Administrazio Publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko diote Nafarroako Gobernuari, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2008ko urtarrilaren 22an.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0801216