17. ALDIZKARIA - 2008ko otsailaren 6a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru Legeak eta Legegintzako Foru Dekretuak

2/2008 LEGEGINTZAKO FORU DEKRETUA, urtarrilaren 22koa, Tributu Harmonizazioari buruzkoa, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legea aldatzen duena.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Foru Komunitateak, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren esparruan tributuak ezartzeko duen ahalmena erabiliz, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitataren arteko Hitzarmen Ekonomikoko 32. artikuluarekin bat, Estatuan unean-unean indarra duten oinarrizko printzipio, funtsezko eta formazko arau berak aplikatu behar ditu. Horregatik, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legeari dagozkion aginduak Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko arautegiak araubide arrunteko lurraldean izan duen aldaketara egokitu behar ditu.

Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak 54. artikuluko 1. idatz-zatian xedatzen du, Hitzarmen Ekonomikoarekin bat, lurralde arrunteko tributu araubidearen aldaketa batek behartzen badu Foru Komunitatean Estatuan unean-unean indarra duten arau berdin-berdinak, hots, funtsaz eta formaz berdinak, aplikatzera, Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Parlamentuak haren esku utzirik, tributu arloko foru legeak aldatzeko behar diren foru legeen mailako arauak ematen ahalko dituela. Legegintzarako ahalmen hori Estatuko tributuen aldaketak argitaratzen direnean uzten ahal da Nafarroako Gobernuaren esku.

2008rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 26ko 51/2007 Legeak Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 37/1992 Legea aldatu du, bi helburu dituela. Lehenik, itsas zabalean nabigatzen duten ontzien hein bateko eta erabateko pleitamendu-eragiketak salbuestearren, nazioarteko itsasketa ukitzen dutenak. Bigarrenik, 44. artikuluko 2. idatz-zatia indargabetzearren, alegia, inportazioei eta inportazioekin parekaturiko eragiketei kenkarirako eskubidea sortzeko orotariko arauak aplikatuko zaizkie, eskubide hori kenkariaren xede diren kuoten sorrarazpena egitean sortuko baita.

Hori guztia dela-eta, lehen aipatutako legegintzarako eskuordetza erabiliz, beharrezkoa da tributu harmonizazioari buruzko legegintzako foru dekretu baten bidez Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legea aldatzeko behar diren arauak ematea, abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeko 54. artikuluko 1. idatz-zatiarekin bat.

Tributu harmonizazioari buruzko legegintzako foru dekretu honek atzerako eragina izanen du, haren ondorioak harmonizatu beharreko lurralde arrunteko araubideko arauen ondorioekin bat etor daitezen, alegia, 2008ko urtarrilaren 1etik aurrera.

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2008ko urtarrilaren 22ko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.-Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legea aldatzea.

Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen agindu hauek aldatu dira eta ondoren azaldu bezala gelditu dira:

Bat. 19. artikuluko 1. idatz-zatiko lehen lerroaldea:

"1. Ontziak aurkeztu, eraiki, eraldatu, konpondu, mantendu, hein batean edo erabat pleitaratu eta alokatzeko eragiketak, ondoren aipatzen direnak:"

Bi. 19. artikuluko 1. idatz-zatiko Bigarren puntuko b) letrako lehen lerroaldea:

"b) Ontzia aurkeztu, eraiki, eraldatu, Europar Batasunaren barrenean eskuratu, inportatu, osorik edo hein batean pleitatu edo alokatzen denean edo aurreko 2. idatz-zatiko helburuekiko desafektazioa gertatzen denean, aipatu eragiketa horiek gauzatzen direneko urte naturala, non eta urte natural horretako lehenbiziko seihilekoaren ondotik egiten ez diren, zeren eta horrela bada, kontuan hartu behar den denboraldian urte natural hori eta hurrengoa sartuko baitira."

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Agindu bat indargabetzea.

Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legeko 44. artikuluko 2. idatz-zatia indargabetzen da.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Indarra hartzea.

Tributu harmonizazioari buruzko Legegintzako Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2008ko urtarrilaren1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2008ko urtarrilaren 22an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Alvaro Miranda Simavilla.

Iragarkiaren kodea: F0801214