155. ALDIZKARIA - 2008ko abenduaren 22a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ITZAGAONDOA

Ezkondu gabeko bikote egonkorren Itzagaondoko Udalaren erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Itzagaondoko Udalak, 2008ko irailaren 11n egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Ezkondu gabeko bikote egonkorren Itzagaondoko Udalaren erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantza.

Onesteko erabakia 2008ko 124. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, urriaren 10ean, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betikoz onetsi da, Udalak 2008ko azaroaren 18an hala erabakita, eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/2007 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

ORDENANTZA, EZKONDU GABEKO BIKOTE EGONKORREN ITZAGAONDOKO UDAL ERREGISTROAREN ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua. Ezkondu gabeko bikote egonkorren Itzagaondoko Udaleko erregistroak administrazio izaera du eta bertan ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzeak, baita haien iraungitzea ere, inskribatzen ahal dira ordenantza honetan ezartzen den eran eta baldintzetan.

2. artikulua. 1. Hau da ezkontzaz kanpoko elkartzea: elkartze libre eta publikoa, bi pertsona adindunek edo adingabe burujabek osatzen dutena, zein den ere haien sexu orientazioa, ezkonduen gisako maitasun harremana izanik, zuzenean edo albotik bigarren maila arteko odolkidetasun edo adopzio bitarteko ahaidetasun loturarik izan gabe, baldin eta bietako inor ez badago bertze bati ezkontza bidez edo bikote egonkorra osatuz loturik.

2. Ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzen duten bikote guztiek eskatzen ahalko dute erregistroan inskribatzea, artikulu honetako 1. atalean ezarritakoari jarraituz

Gutxienez, elkartutako kide batek egon beharko du Itzagaondoko udalerrian erroldatua, bertan bizi ohi delako.

Halaber, bi kideek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, ez daudela ezkonduak ezta inskribatuak ere ezkondu gabeko bikoteen bertze erregistro batean.

3. artikulua. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa egiteko, bi lagunek batera agertu beharko dute Udaleko idazkariaren aitzinerat, haien artean ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzen dutela deklaratzeko. Ez da inskripziorik eginen bietako batek ez baditu betetzen ezkontzaz kanpoko elkartzea osatzeko baldintzak, 2.1 artikuluan agertzen direnak.

Bikoteko batek akats edo anomalia psikikorik badu, orduan ere ez da inskripziorik eginen. Halakoetan, medikuaren irizpena beharko du, ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzeko gaitasuna aitortzen diona.

Era berean, inskripzioa ukatuko da bikoteko bat ezkondua baldin bada edo ezkontzeko gaitasun gabea deklaratua bada.

4. artikulua. Lehenbiziko idazpena egitean, bikoteko kideek nahi dituzten argitasun guztiak agertarazten ahalko dituzte beren elkartzeari buruz. Hitzez hitz idazten ahalko dira elkartutako kideen giza eta ondare harremanak arautzen dituzten hitzarmenak.

Aurreko lerroaldean aipatutako edukiak geroago ere inskribatzen ahalko dira, bikoteko bi kideak agertuta.

Nolanahi ere, elkartzea burutu edo iraungitzeko oharpenak egiteko, aski izanen da kide bakar batek hala eskatzea.

5. artikulua. Erregistroa Udalaren Idazkaritza orokorrean egonen da.

6. artikulua. Aitzineko artikuluetan aipatzen diren inskripzioak erregistratzeko, Liburu Orokorra erabiliko da. Liburua orri mugigarri, zenbatu eta zigilatuez osatua egonen da, eta irekitzeko eta ixteko eginbideak paratuko dira hasieran eta bukaeran.

7. artikulua. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa izanen da bere oinarrizko inskripzioa, eta haren bazterrean jarriko dira geroago Liburu Orokorrean elkartze horri buruz egiten diren gainerako idazpen guztiak.

8. artikulua. Erregistroan Liburu Lagungarri bat ere izanen da, inskribatuen deituren arabera ordenaturik, eta bertan adieraziko da Liburu Orokorreko zein orrialdetan dauden inskribaturiko bikoteekin zerikusia duten idazpenak.

9. artikulua. Erregistroan inskribatutakoen intimitatea, norbanakoarena nahiz familiarena, babesteko ez zaio publizitaterik emanen idazpenen edukiari, salbu eta erregistroaren ardura duen funtzionarioak ematen dituen egiaztagiriak, bikoteko edozein kidek, epaileek edo auzitegiek hala eskatu ondotik.

10. artikulua. Doakoak izanen dira hala inskripzioak nola egiaztagiriak.

11. artikulua. Bikote egonkorren udal erregistroan inskribatzen diren ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartze guztiek ezkontza bidezko elkartzeen tratamendu bera izanen dute Itzagaondoko Udalean.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Ordenantza hau berrikusiko da, legeetan aldaketarik bada gai honen inguruan.

Izagaondoa, 11 de septiembre de 2008.

I. ERANSKINA

Itzagaondoko Herriko Etxeko idazkaritzan, halako egunean ..........., honako hauek agertu gara:

Izena: ........, jaioterria: ............, helbidea (erroldakoa): ............, adinez nagusia (edo adingabe burujabea, horren agiria aurkezten baitu) NAN zenbakia: ...............

Izena: ........, jaioterria: ............, helbidea (erroldakoa): ............, adinez nagusia (edo adingabe burujabea, horren agiria aurkezten baitu) NAN zenbakia: ...............

Eta adierazten dugu:

"Ezkondu gabeko bikote egonkorren" Udal honetako erregistroan inskriba gaitzatela nahi dugula, horri buruzko ordenantzaren arabera, eta horretarako,

Adierazten dugu:

Lehena.-Aipatu ordenantzan aurreikusitako bizikidetasuna dela eta, gu bion helbidea honako hau izanen dela: ................... (oroitarazi behar zaio ................ jaun/andreari T.A.O.L.aren 15. artikuluari jarraikiz, erroldatu beharra duela ohiko bizilekuko udalerrian).

Bigarrena.-Baimena ematen dugula Itzagaondoko Udal Erroldan datu hauek egiaztatzeko.

Hirugarrena.-Ez dugula nahi (nahi dugula) gure arteko giza nahiz ondare mailako harremanen gaineko hitzarmena erregistroan inskribatzea.

Zin eginez edo hitzemanez honako hau aitortzen dugu:

Laugarrena.-Ez gaudela gu biok ezkontzaren bidez lotuak, ez eta gutako inor bertze inorekin ere.

Borzgarrena.-Gure artean ez dagoela lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaidetasunik, ez eta alboko lerrotik bigarren maila bitarteko odolkidetasunezko ahaidetasunik ere.

Seigarrena.-Gutako inork ez duela akats edo anomalia psikikorik, ez eta elkartzeko inolako ezgaitasunik ere.

Zazpigarrena.-Gutako inor ez dagoela inskribatua ez Itzagaondoko erregistroan, ez maila eta xede bereko inongo herritako erregistroan ere.

Horiek horrela,

Ezkondu gabeko elkarte egonkorren Udalaren erregistroan inskriba gaitzatela eskatzen dugu.

Sinatua: .................... Sinatua: .......................

II. ERANSKINA

Itzagaondoko Herriko Etxean, halako egunean ................, honako hauek agertu gara:

Izena: ...............; N.A.N. zenbakia: ...................., eta Izena: ........................; N.A.N. zenbakia: .............................

Eta Ezkondu gabeko bikote egonkorren Udal Erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantzan zehaztutakoarekin bat, adierazten dugu gure arteko bikote egonkorra, Udal Erregistroan inskribaturik dagoena, bukatutzat edo iraungitzat jotzeko asmoa dugula.

Horregatik guztiagatik, eskatzen dugu bukatutzat edo iraungitzat jo dadila aipatutako elkartzearen inskripzioa.

Sinatua: .................... Sinatua: ....................

Iragarkiaren kodea: L0818268