155. ALDIZKARIA - 2008ko abenduaren 22a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

BERRIOZAR

Berriozarko udalerriko aisialdiko biltoki iraunkor zein aldi baterakoak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Berriozarko Udalak, 2008ko irailaren 24an egin osoko bilkuran, hasiera batean onestea erabaki zuen Berriozarko udalerriko aisialdiko lokalen -aisiaguneak- instalazioa arautzen duen ordenantza (2008ko 125. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratua, urriaren 13an).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betikoz onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Berriozarren, 2008ko azaroaren 21ean.-Alkatea, Xabier Lasa Gorráiz.

BERRIOZARKO UDALERRIKO AISIALDIKO BILTOKI IRAUNKOR ZEIN ALDI BATERAKOAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Atarikoa

Berriozarko Udalaren mugapean gero eta eskaera handiagoa da etxabeak aisialdiko biltoki gisa erabiltzeko, Berriozarko udalerriko hirugarren sektoreko merkatuak eta Udalak berak aisialdirako duten eskaintzaren osagarri edo alternatiba moduan.

Erabilera horiek ez dira herriko jaietarako bakarrik, urte osorako baizik.

Udalak bere egiten du, toki administrazio gisa, gizartearen, batez ere gazteen, gero eta eskaera handiagoa. Aldi berean, herritarren eta erabiltzaileen beraien atsedenaldia eta segurtasuna bermatu behar ditu.

Ukitutako bizilagunen eskubideekin batera jardueren garapen egoki eta arduratsua arautzearren prestatu da ordenantza hau.

Aipatu jarduerak, oro har, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean eta hura garatzen duen Erregelamenduan (93/2006 F.D.an jasoa) daude araututa, eta jarduera sailkatu gisa definituta (4Df eranskina eta 5. eranskineko 3. oharra).

Bestetik, abenduaren 10eko 26/2001 Foru Legeak, ikuskizun publikoak eta josteta jarduerak arauten dituen martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legea aldatzen baitu, zioen azalpenean jasotzen du izaera sozialeko josteta jardueretan erabiltzen diren sarrera murriztuko lokal eta instalazioek sortzen duten arazoari aurre egin beharra, batez ere besteen segurtasuna, osasungarritasuna eta eragozpenak jokoan daudenean (...).

Orobat, 1.2 artikuluaren idazketa berriaren azalpen zatian, honako hau dio:

"Aplikaziotik kanpo geldituko dira jende guztiarentzat irekita ez dauden eta eremu pribatu-pribatura edo familiarrera mugatutakoak diren jarduerak, baita Konstituzioak onartutako eskubide oinarrizkoez baliatuz egiten direnak ere. Nolanahi den, dibertsio edo jostetarako jarduera horiek egiten diren lokalek behar bezalako baldintza teknikoak bete behar dituzte hirugarrenei enbarazurik ez egiteko eta pertsonen zein ondasunen segurtasuna bermatzeko, batez ere hauei dagozkienak: egituren sendotasuna, instalazioen funtzionamendua, suteen kontrako prebentzio eta babes neurriak eta osasungarritasun eta higienea. Horietarako, bada, Udalaren baimena beharko dute lokal horiek".

Bestelako aisialdi baterako leku bat bermatzearren sortu da ordenantza hau, batez ere gazteek eskatzen baitute; neurri zuzentzaileak hartuta, erabiltzaileek eta auzoek eragozpen eta arriskurik izan ez dezaten; maizterren eta auzoen eskubide eta betebeharrak bateragarriak izan daitezen, alde bakoitzaren erantzukizunak zehaztuta; eta interes pribatuak interes publikoarekin uztartuko dituen konponbide egokia bilatzearren.

Haren edukiaren bidez, honelako erabileretarako jardueren gaineko legeriaren determinazioak osatu eta pertsonalizatzen dira, behar diren neurri zuzentzailak zehaztu eta eskatzen baitira; orobat, eskatzeko prozeduraren inguruko xedapenak eta erantsi beharreko dokumentazioa ezartzen dira, baita haiek huts eginez gero hartuko diren neurriak ere.

Horretarako, errentari edo maizterrek haien bi ordezkari izendatuko dituzte, Udalak eta beste erakunde batzuek egin ditzaketen jakinarazpenak har ditzaten. Taldea adingabeez osatua bada, haien gurasoak izanen dira ordezkari, haietako bat gutxienez ere.

Kasu guztietan, errentariek identifikazioaren inprimakia (III. eranskina) bete beharko dute taldeko kide guztien edo lokaleko erabiltzaile guztien izena, deiturak, helbidea, N.A.N. eta telefonoa adierazita, baita nor diren taldeko ordezkariak ere, aurrez aipatu datuak emanda.

Betiere, taldeko kideren bat adingabea bada, aitaren, amaren edo tutorearen baimena erantsiko da, haren erantzukizuna bere gain hartzen duela.

Taldeak, kideren batek edo ordezkarietako batek jarduera uzten badu, behartuta dago Udalari idatzita jakinaraztera 15 eguneko epean.

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Aztertutako dokumentazioak eta testu arauemaile honen gaineko prozeduren argitan, Udalak printzipio hauek ezartzen ditu, Udalak arlo honetan duen borondatearen laburpen gisa:

-Biltokien erabilera bizilagunen eskubideekin bateragarri egitea.

-Aisia alternatiborako eskatzen diren lekuek segurtasun eta higiene baldintza gutxienekoak betetzen dituztela bermatzea, erabiltzaileei beraiei eta herritarrei oro har eragozpenik eta arriskurik ekar ez diezaieten.

2. artikulua. Aplikazio esparrua.

Erabilera murriztuko aisialdiko biltoki guztiei aplikatuko zaie ordenantza hau (ikuskizun publikoen eta josteta jardueren gaineko legeria aplikatzen ez zaienei), iraunkorrak zein aldi baterakoak izan, Berriozarko Udalaren mugapean daudenei edo irekitzen ahal direnei.

3. artikulua. Definizioak.

Artikulu honetan artikuluaren xedeko jarduerak zehaztu, deskribatu eta bereizi nahi dira.

3.1. Biltoki iraunkorra: sarbide mugatuko lokalak dira. Ez dira publikoari irekita egoten. Hirigintzako araudiak halakoak ezartzeko baimena ematen duen eraikinetan egoten dira. Berariaz adierazten ez bada, antzeko erabilerarekin parekatzen dira. Jendea bertan biltzen da helburu kulturalak, didaktikoak, asialdikoak eta antzekoak gauzatzeko. Ezin dira beheko solairutik gora kokatu, ezta lokaletarako behegainetan ere

I. eranskinean deskribatu dira gutxienez eskatzen zaien ekipamendua.

3.2. Aldi baterako biltokia: sarbide mugatuko lokalak dira. Ez dira publikoari irekita egoten. Egitura egokia duten eraikinetako beheko solairuetan egoten dira. Jendea bertan biltzen da aisialdi, jolas eta antzekoetarako, herriko festetan. Ordenantza honetan xedatutako moduan, herriko festetan eta haien aurreko eta ondoko zazpi egunetan baino ezin dira erabili.

I. eranskinean deskribatu dira gutxienez eskatzen zaien ekipamendua.

TITULU BAKARRA

LEHENBIZIKO KAPITULUA

Prozedura

4. artikulua. Lizentzia tramitatzea.

Oro har, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1982 Legean ezarritako xedapenei jarraituz arautuko da eta, bereziki, ordenantza honetako determinazioen arabera.

4.1. Prozedura ofizioz abiatuko da, edo interesdunek eskatuta. Horretarako, tramite hauek eginen dira:

4.1.1. Interesdunen eskaera: lokalaren errentari edo maizterrek nahiz jabeek eskabidea aurkeztuko dute, III. eranskineko ereduari jarraituz.

Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Identifikazioko inprimakia, datu hauek gutxienez zehaztuko dituena:

-Lokalaren helbidea.

-Lokala non den, hango komunitateko buruaren eta administratzailearen izena eta helbidea.

-Taldearen izena (aukeran).

-Kide guztien izenak, haien helbide, telefono eta N.A.N.ekin; orobat, taldeko bi kideren izendapen onartua ere taldearen ordezkari izateko, Udalak igor ditzakeen jakinarazpenak har ditzaten. Taldea adingabeez osatua bada, haien gurasoetako bat ere izendatuko da, gutxienez; betiere, eskatzaileak edo kideetako bat adingabea bada, aitaren, amaren edo hura ordezkatzen duen adin nagusiko norbaiten baimena erantsiko da, adingabearen erantzukizuna bere eginaz.

b) Eskatzaileek lokalaren titulartasuna edo hura erabiltzeko legezkotasuna egiaztatu beharko dute. Horretarako, errentamenduaren kontratuaren edo erabilera lagapenaren kopia, edo jabetza eskritura aurkeztuko dute.

c) Lokala babesten duen suteen aurkako eta erantzukizun zibileko aseguru-poliza badela egiaztatzea.

d) Proiektu teknikoa, 93/2006 FDren (ingurumenaren babeserako neurriak garatzen dituen erregelamendua) 72 eta 66. artikuluko determinazioen araberakoa.

e) Ordenantza honen I. eranskinean aipatzen diren ekipamenduei dagozkienak betetzen direla egiaztatzea.

4.1.2. Udalak eskatuta hastea: Udalak dagokionari eskatuko dio lizentziaren espedientea hasteko, lokalen bat behar den lizentzia gabe ari dela atzemanez gero, dagozkiokeen zehapen espedienteak ukatu gabe.

4.1.3. Interesdunei jakinaraztea.

Udalaren lizentzia behar duten jardueretarako, ingurumena babesteko neurrien legerian zehaztutako prozeduren arabera arautuko dira espedientearen tramitazioa eta interesdunekiko jakinarazpena.

4.2. Txosten teknikoa.

Udaleko teknikariaren ustez, higiezinaren kontserbazio egoera aztertuta, lokalak segurtasun akatsak baditu (eta 80 urtetik gorako eraikin guztietan), lokalaren eta, zein den kasua, eraikinaren egituraren gaineko segurtasuna eta sendotasuna frogatzen duen ziurtagiria, teknikari eskudun batek egina, eskatuko zaio eskatzaileari jarduearen proiektuarekin edo titulartasuna aldatzeko ziurtagiriarekin batean.

Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, Udaleko zerbitzu tekniko eskudunek aztertu eta behar diren txostenak eginen dituzte, zein den jarduera sailkatua tramitatzeko prozedura, legerian arautua:

a) Aldekoa, aisialdiko lokala baimentzeko modukoa bada eta ordenantza honetako zein indarra duen gainerako araudi aplikagarriko determinazioak betetzen baditu.

b) Kontrakoa, establezimendua baimentzeko modukoa ez bada edo, hala izanik, eskatzen diren determinazioak betetzen ez baditu.

4.3. Alegazioa eta/edo handitzea.

Espedientea Alkatetzara igorriko da, dagokion ebazpena ematearren.

Kontrako txostena denean, Alkatetzak ebazpena emanen du. Hartan, lizentzia eskaeran atzemandako akatsak konpontzeko modukoak badira, arrazoizkotzat jotzen den epea emanen da inguruabarrak handitu edo zuzentzeko. Bestela, lizentzia ukatzen dela jakinarazten duen ebazpena emanen da.

4.4. Baimena.

Adostasun txostena izanez gero, tramitazioa eta jendaurreko epea bukatuta, jarduteko lizentzia ematen duen ebazpena eginen du alkateak, baita obrak egokitzekoa ere, horren beharra bada. Bada, Udaleko zerbitzu teknikoek eskaera eta dokumentazio teknikoa azterturik eta behar diren eskakizunen ondoren, Udalak, eskatutako lizentzia ematen duenean, udal planeamenduan ezarritako hirigintza erabilerari egokitzeko eta erantsitako dokumentazioko neurri zuzentzaileen planteamendua egokia ote den erabakiko du. Neurri osagarriak ere ezartzen ahal ditu jarduerak behar bezala egin daitezen.

Ebazpenean, onesten badu, erabileraren mugak ezarriko dira, ondoko artikuluan xedatutakoaren arabera.

Obrak eginik eta behar diren instalazioak ezarrita direla, jardun ahal izateko, lokala irekitzeko lizentzia eskuratu beharko da Udaletik. Aldez aurretik, eskatu egin beharko da eta jarduteko lizentziaren ebazpenean adierazitako dokumentazioa aurkeztu. Gainera, Udaleko teknikariek ikuskatzeko bisita eginen dute.

Urtero edo arlo honetako arauak betetzen ez direla uste denean, Administrazioak, abisatu ondoren, ikuskatzeko bisitak egiten ahal ditu instalazioak titularrek aurkeztu dokumentazio teknikoari eta emandako lizentziaren baldintzei egokitzen ote zaizkien egiaztatzeko.

5. artikulua. Biltokien funtzionamendua.

Lokal horiek aisialdirako erabiltzeko baimenak muga batzuk izaten ahal ditu, erregelamendu honen xedapenen eta araudiaren arabera aplikagarri direnak. Zehazki, honako hauek:

5.1. Ezin da lastaira, kartoi eta plastikorik (edalontziak kenduta) erabili edo pilatu, ezta sutea sortu edo zabaltzeko arriskua dakarkeen beste ezein material ere.

5.2. Egunaz zein gauaz ezin izanen da gainditu zarata maila jakin bat, aplikatzekoa den araudian ezarritakoa. Zarata maila horri dagokion arauaren laburpen bat emanen da ebazpenarekin batera. Alegia, indarra duten 135/1989 F.D.aren eta 1367/20078 E.D.aren artikuluak (Estatuko oinarrizko legeria) eta jarduerek sortutako zarata mailak betetzeko behar diren neurri zuzentzaileak, E.D.ko ebaluazio parametroen arabera.

5.3. Halako erabilerak beheko solairuetan bakarrik baimenduko dira, eta sekula ez eraikin kolektiboetako etxebizitzetan edo behegain independenteetan. Lokal osoak hartu beharko dituzte, eremu publikora zuzenean ematen duten sarbide independenteak dituztela. Ez da onartuko beste lokal edo jarduera batzuetatik sartzea, ezta atari barrenetik edo etxebizitzetatik ere.

5.4. Ezin da altzaririk atera kalera.

5.5. Musika ekipoa piztuta dagoen aldiro, ate-leihoek itxita egon beharko dute.

5.6. Adingabeei edari alkoholdunak eta tabakoa kontsumitzeko debekua beteko da, adingabeei edari alkoholdunen kontsumoa galarazi eta mugatzeari buruzko martxoren 16ko 10/1991 Foru Legeari eta otsailaren 14ko 6/2003 Foru Legearen arabera.

5.7. Eskola-adinean dauden gazteei debekatzen zaie biltokiak erabiltzea eskola-ordutegiaren barrenean, jolas-orduak barne direla.

5.8. Eremu publikoa garbitu beharko da, baldin eta zerbaitetarako erabili denean zikindu bada.

5.9. Lokalean ezin izanen da merkataritzako inolako jarduerarik edo salmentarik egin.

5.10. Ez du sukalderik izanen.

5.11. Gehienez baimendutako edukiera bete beharko da, Etxegintzaren Kode Teknikoaren 2. zatian SI dokumentuaren 3. zatian ezarritakoaren arabera. Proiektuan definituko da, eta ebazpen bakoitzean zehaztuko. Elkarte gastronomikoei baimendutako edukiera hartuto da erreferentzia gisa.

5.12. Lokalak baldintza egokietan egon beharko du, kontserbazio eta garbitasun aldetik.

5.13. Lokalak, gutxienez ere, ur korrontea eta energia elektrikoaren hornidura izan beharko ditu kontratu independentean.

5.14. Beste edozein, ordenantza honetako edo sektore honetan aplikatzekoa den araudiko xedapenen ondoriozkoa.

6. artikulua. Araubide berezia aldi baterako biltokientzat.

Jarduera hau tarteka-marteka egiten denez, eta aurreko artikuluetan -lehen instalaziorako- xedatutako tramitazioaren aplikazioa galarazi gabe, datorren urteko festen aurretik eta, betiere, hamabost egun baino lehenago, ikuskatzera etortzeko eskatu beharko zaio Udalari. Horrela ikusiko da jatorrizko lizentzian eskatzen diren neurri zuzentzaileak hartu ote diren, eta beste edozein ezartzen ahalko da araudi aplikagarrietako eskakizun berrien arabera. Ikuskatze bisitaren txostena positiboa bada, berritzeko lizentzia emanen da.

7. artikulua. Beste baimen batzuk.

Ordenantza honetako baimenak ez du zerikusirik sektoreko araudiaren arabera eskatzen ahal den beste edozein baimenekin.

II. KAPITULUA

Zehatzeko prozedura

Ingurumenean esku hartzeko neurri buruzko 93/2006 F.D.an eta 4/2005 F.L.an ezarritako kapitulu orokorren osagarria da kapitulu hau.

8. artikulua. Arau-hausteak.

8.1. Zati orokorra.

Ordenantza honetan xedatutakoa betetzen ez duten egintzak arau-haustetzat joko dira. Ordenantza honetako zehapenak zehazteko, kontuan hartuko dira honako printzipio hauek:

a) Diru bidezko zehapena ezarriko da kontuan izanda zehatuarentzat egindako arau-haustea ez izatea onuragarriagoa hautsitako araua betetzea baino.

b) Halaber, behar den oreka gordeko da arau-haustea sortu duen egitatearen larritasunaren eta ezartzen den zehapenaren artean. Honako irizpide hauek hartuko dira bereziki aintzat zehapena mailakatzeko:

b. 1) Egiteko asmorik izan den edo behin baino gehiagotan egin den.

b. 2) Kalteak nolakoak diren.

b. 3) Berrerortzea, urtebetean eite bereko arau-hauste bat baino gehiago egin bada, ebazpen irmo batek hala deklaratuta.

c) Ordenantza honetan bildutako arau-hauste administratiboak zehatzeko, espedientea instruitu beharko da aldez aurretik, aplikazioko arauan ezarritako prozedurari jarraituz.

d) Erantzukizunaren inguruabar astungarritzat hartuko dira giza osasunean izan dezakeen eragina, kalte akustikoa, kaltearen atzeraezintasuna, lekuaren ezaugarriak, asmoa, berrerortzea eta kutsadura edo istripurako arriskua.

e) Auzoei behin eta berriz eragozpenak egiten zaizkiela egiaztatzen bada edo pertsonen segurtasuna arriskuan badago, sorburua lokalaren barrenean nahiz kanpoan egon (azken kasu honetan, jakina, arazoa lokalaren jarduerari lotuta dagoela frogaturik), Udalak, kautelazko neurri gisa, lokala zuzenean ixten ahalko du, gertaerak egiaztatuta eta aldez aurreko errekerimendurik gabe.

Arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke. Aurreko printzipioen arabera mailakatuko dira arau-hauste eta zehapenak hiru kategorietako bakoitzean.

Zaraten gaineko araudia betetzen ez denean, 4/2005 F.L.an bildutako araubidea eta zehapen prozedura aplikatuko dira, ekainaren 6ko 135/1989 Foru Dekretuan eta 1367/2007 E.D.an jasotako mailaketaren arabera.

Alkatea izanen da organo eskuduna zehapen espedienteak irekitzeko eta arau-hausteak zehatzeko, non ez duen jardueren gaineko legeriak beste eskumenik zehazten.

8.2. Arau-hauste arinak.

Arau-hauste arinak dira:

a) Dokumentazioa ez eguneratzea, ordenantza honetako 4.1.1. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

b) Edozein altzari mota kalera ateratzea.

c) Bestelako edozein, ordenantza honetan xedatutakoa ez betetzeaz gainera aurreko zenbakietan espresuki aipatzen ez badira.

8.3. Arau-hauste larriak.

Arau-hauste larriak dira:

a) Lokala baldintza egokietan ez edukitzea.

b) Lokala behar bezain garbi ez izatea, bai barrenetik bai kanpotik, eremu publikoaren gaineko ordenatzan (garbitasuna) zehaztutakoaren arabera.

c) Lokalean gauaz edo egunaz animaliak edukitzea inor haien arduradunik gabe.

d) Adingabeek ez betetzea alkohola kontsumitzeko debekua.

e) Ate-leihoak itxita ez izatea, musika 1. eranskinean baimendutakoa baino altuagoa izanez gero.

f) Gai sukoiak pilatzea.

g) Pertsonen ondasunentzat edo osasunarentzat arriskua dakarten elementuak edo sukaldea paratzea.

h) Ordenantza honetako 5. artikuluan ezarritako gutxieneko ekipamenduak aldatu, mugatu edo kentzea.

i) Lokalera sartzeko baimendutako jende-kopurua gainditzea.

j) Eremu publikoa behin eta berriz okupatzea, barreneko jarduera kanpoaldera zabalduta.

8.4. Arau-hauste oso larriak.

Arau-haute oso larritzat hartuko dira honako hauek:

a) Lizentziaren eskatzaileek alegatzen duten haietarako ez beste helburu baterako erabiltzea lokala, gazteei biltokia erabiltzeko baimena ematen dien ebazpenean jasota ez dagoen baterako.

b) Lokala ireki edo erabiltzea behar den baimena eskuratu baino lehen.

c) Gai sukoiak pilatzea, pertsonen ondasunentzat edo osasunarentzat arriskutsuak badira.

d) Lokala berralokatu, laga edo eskualdatzea.

e) Pertsonen ondasunentzat edo osasunarentzat arrisku oso larriak dakartzaten elementuak edo sukaldea instalatzea.

f) Ordenantza honetako 5. artikuluan aipatzen diren gutxieneko ekipamenduak aldatu, mugatu edo kentzea, ondorioz pertsonen ondasunentzat edo osasunarentzat arrisku oso larriak ekarrita.

g) Lokalera sartzeko baimendutako jende-kopurua gainditzea, ondorioz pertsonen ondasunentzat edo osasunarentzat arrisku oso larriak ekarrita.

h) Berriozarko Udalak baimendutako ikuskatzaileei, osasun arloko langileei edo udaltzainei sartzen ez uztea, ordenantza honetako 4.4 artikuluaren arabera.

i) Berriozarko Udalak ekipamenduei edo erabileraren mugei buruz egindako errekerimenduari kasurik ez egitea.

9. artikulua. Erantzuleak.

8. artikuluan arau-hauste gisa sailkaturik agertzen diren gertakariak egin dituzten pertsonak izanen dira arau-hausteen erantzuleak. Taldekoen ordezkari gisa agertzen direnei zuzenduko zaie espedientea, 4.1.1 artikuluan xedatutakoaren babesean. Horrek guztiak ez du ukatzen zehapena, ekonomikoa bada, taldeko kide gisa agertzen diren guztiei eskatzea modu solidarioan, baldin eta ez badute borondatezko epean ordaintzen.

8.3.a puntuari dagokion zehapena, kontserbazioari buruzkoa, isunaren zenbatekoa jabeari eskatzen ahal zaio, aldez aurretik tekniko eskudunek erabakitzen badute haiena dela arau hau ez betetzearen erantzukizuna.

10. artikulua. Zehapenak.

Arau-hausteen zenbateko ekonomikoak ordenantza onetsi zeneko uneari dagozkio, eta ekitaldi horri. Hurrengo aplikazioak egiteko, kontsumorako prezioen indizearen arabera eguneratu beharko da, EINek hilabetero Nafarroako Foru Komunitatearentzat argitaratzen duen web gunetik.

10.1. Mailaketa.

Arau-hauste arinak ohartarazpenez edo 100 euro arteko isunarekin zehatuko dira.

Arau-hauste larriei 101etik 250 euro bitarteko isuna ezarriko zaie eta baimena bertan behera geldituko da 180 egunez ixtera behartuta.

Arau-hauste oso larriei 250etik 1.000 euro bitarteko isuna ezarriko zaie eta lizentzia kenduko zaie; lokala behin betiko itxiko da zuten erabilerarako eta ez dute lizentzia berririk eskuratuko 3 hilabetetik 3 urte arteko epean.

10.2. Goragoko mailako zehapena.

Batere ukatu gabe 8. artikuluan aipatzen den berrerortzeari buruzko printzipioa, edozein mailatako arau-hausteak behin eta berriz eginez gero, goragoko mailako zehapena jarriko da, baldin eta kalifikazio bereko 5 arau-hauste baino gehiago egiten badira urtebetean edo 3, hilabeteko epean.

10.3. Zehapenen etenaldia.

Zehapena jartzen duen ebazpenean ezartzen ahalko da ezen egindako arau-hausteari dagokion zehapenaren ordez beste ordainbideren bat jartzen ahal dela, honako baldintza hauek betetzen badira:

a) Arau-haustearen aurreko urtean inolako arau-hausterik egin ez izana.

b) Arau-haustea oso larria ez izatea.

c) Gertaerak onartzea eta zehapen espedientearen etendura eskatzea.

d) 100 euroko fidantza jartzea. Urtebeteren buruan itzuliko da baldin ez bada berriz inolako arau-hausterik egiten.

Etenaldia 3 hilabetekoa izanen da, gutxienez ere, eta urtebetekoa, gehienez ere.

Dagokion organoak hartuko du bere borondatez neurri hori Berriozarko Udalean.

10.4. Zarata mugei buruzko arau-hausteak.

1367/2007 E.D.aren edo ordezko legeriaren arabera jarduera bakoitzerako ezarritako zarata mugen gaineko arau-hausteak ekainaren 6ko 135/1989 Foru Dekretuaren 24. artikuluan xedatutakoaren arabera zehatuko dira; izan ere, dekretu horren bidez ezarri ziren zarata eta dardarak sortzen dituzten jarduerek bete beharreko baldintza teknikoak. 90,15etik 120,20 euro bitarteko zehapena izanen da arau-hauste arinentzat, 180,30 eurokoa larrientzat eta 270,46 eurokoa oso larrientzat.

10.5. Ordezkoa zehapenak.

10.5.1. Zehapena jartzen duen ebazpenean ezartzen ahalko da ezen egindako arau-hausteari dagokion zehapenaren ordez beste ordainbideren bat jartzen ahal dela, honako baldintza hauek betetzen badira:

a) Arau-haustea ez izatea zarata mugei buruzkoa.

b) Arau-haustearen aurreko urtean inolako arau-hausterik egin ez izana.

c) Arau-haustea oso larria ez izatea.

d) Gertaerak onartzea eta zehapen espedientearen etendura eskatzea.

e) 60 euroko fidantza jartzea. Urtebeteren buruan itzuliko da baldin ordezko zehapena bete eta ez bada berriz inolako arau-hausterik egiten.

Zehapenen ordezko ordainbideak ondoko taula honetan zehazten dira:

-Ordeztu nahi dena: 101etik 250 eurora bitarteko isuna. Ordezkoa: herriaren aldeko lanak: 25 eurorengatik egun bat egin beharko da lanean.

-Ordeztu nahi dena: baimenaren etenaldia, lokala 7tik 180 egunera bitarte itxita. Ordezkoa: 50 euroko isuna etenaldiko egun bakoitzeko.

-Ordeztu nahi dena: 100 euro bitarteko isuna. Ordezkoa: herriaren aldeko lanak: 25 eurorengatik egun bat egin beharko da lanean.

10.5.2. Herriaren aldeko lanak, ordenantza honetan ezarritakoaren arabera zehapen batzuen ordez egiten ahal direnak, salaketa zerrendan agertuko dira, espedientatuek alegazioetan aukera ditzaten. Zehapenaren ebazpenean, organo eskudunak zehatz-mehatz adieraziko du ordezko zehapen gisara eta herriaren alde zer lan mota egin behar den eta zenbat denboran. Era berean, zehaztuko du zer organo edo nor arduratuko den ordezko zehapena osorik eta modu egokian bete dela ziurtatzeaz. Txosten hau proposamen modura igorriko zaio organo eskudunari, hark zehapena bete dela aitortzen duen ebazpena eman dezan.

10.6. Beherapena berehalako ordainketagatik.

Abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuaren 8. artikuluan xedatutakoari jarraituz, prozedura hasitakoan, inputatutako pertsonak onartzen badu gertaeren erantzule dela eta dagokion zehapena ordaintzen badu, prozedura besterik gabe amaitu eginen da. Zehapena %30 beheratuko da.

11. artikulua. Jardueraz aldatzea.

Delako jarduerarako ezarritako mugetako bat iragaten baldin bada, eta hori dela-eta beste jarduera multzo batean katalogatzen ahal bada, dagokion araubide teknikoa aplikatuko da. Halakoetan beste lizentzia bat eskatu beharko da, egiten den jarduerarekin bat datorren lizentzia, hain zuzen ere. Lizentzia hori eskatu eta ebatzi arte, eta zein den kasua, funtzionatzeko baimena eman edo irekitzeko lizentzia eskuratu arte ez da jarduera bakar bat eginen lokalean.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Arau hauetan ezarritako determinazioak ordenantza honek indar hartzen duenetik aurrera instalatzen diren biltoki iraunkor zein aldi baterakoei ez ezik, lehendik zeudenei ere aplikatuko zaizkie, eta, beraz, indar hartzen duenetik kontatzen hasi eta bi hilabeteko epean, beren egoera arautu beharko dute hemen aipatzen diren determinazioen arabera. Salbu dira aldi baterako biltokiak, ordenantza honen berariazko ataletan xedatutako epean eskatu beharko baitute lizentzia.

Eragozpenak behin eta berriro sortzen dituztela egiaztatuz gero, ez da baimenik emanen lokal horiek erabiltzeko, ixteko agindua emanen da eta interesdunek itxi beharko dituzte. Ez bada agindua betetzen, Udaltzaingoak behartuta itxiko ditu, eta bertan behera geldituko dira hornidura zerbitzuak, Udalak eskatuta.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean osorik argitaratu eta hamabost egun iraganda hartuko du indarra.

1. ERANSKINA

Gutxieneko ekipamendua aisialdiko zentro iraunkorrentzat

Baimena tramitatzeko, 4.1.1.e) puntuan xedatutakoaren arabera, ondotik zehazten diren zerbitzuak badituela frogatzen duen dokumentazioa erantsi beharko zaio eskaerari. Frogabidea lokalak dituen elementuei buruzkoa izanen da, edo ebazpenak adierazitako epean ezarri gogo direnei buruzkoa:

a) Edateko ur korrontearen zerbitzua.

b) Komun itxia, kanpotik zuzenean aireberritzen dena, komun-zuloz eta konketaz hornitua.

c) Aireberritze naturala edo behartua lokal eta gela guztietan, CTE DB HS araudiaren arabera.

d) Suteen aurkako neurriei dagokienez, 1996ko NBE-CPI arauari jarraituz, honako hauek izanen dira, gutxienez ere:

-Erabilera anitzeko 21A-113A su-itzalgailuak, 1,2 k-ko gai itzaltzaile zabaltzen dutenak azalera erabilgarriko 10 m²-ko bakoitzeko.

-Suari aurre egiten dion CTE-DB SI araberako materiala horma, sabai eta zoletan.

-CO2.ko su-itzalgailua, hargune elektrikoaren taulan, 1996ko NBE-CPI arauan ezarritakoaren arabera.

-Ebakuazioko araudiak betetzea, CTE DB SIko determinazioen arabera.

e) Larrialdiko argiak eta ebakuazio bideak nahiz sua itzaltzeko gailuak xafla luminiszenteen bidez markatzea CTE DB SI-ko determinazioen arabera.

f) Instalazioak telebista edo musika ekipoa baldin badu, etxebizitza kaltetuenean izan daitekeen hots mailarik altuena 30 dBA izanen da eta 25 dBA 23:00etatik aitzinera; betiere, zaratei buruzko araudian ezarritakoaren arabera bai Nafarroan bai estatuan. Udaleko agintariak, lokalarentzat egokia irudituz gero, potentzia akustikoaren mugagailu bat ezarteko eskatzen ahal du.

g) Zaratei buruzko 135/1989 Foru Dekretuaren eta 1367/2007 E.D.aren gainerako determinazioak betetzea: etxebizita, patio eta eremu publikoetan.

h) Erantzukizun zibileko aseguru poliza sinatzea.

i) Lokalak ezin du sukalderik izan, ezta janariak prestatzeko bestelako tresnarik ere.

j) Josteta makinak dirurik ordaindu behar ez denetakoak izanen dira, eta saririk ematen ez dutenetakoak.

k) Gehieneko okupazioa (edukiera), udal zerbitzuek gainbegiratuko dutena, aplikatzekoa den araudiaren araberakoa.

II. ERANSKINA

Gutxieneko ekipamendua aldi baterako biltokientzat

a) Larrialdiko argiak eta ebakuazio bideak nahiz sua itzaltzeko gailuak xafla luminiszenteen bidez markatzea CTE DB SI-ko determinazioen arabera.

b) Instalazioak telebista edo musika ekipoa baldin badu, etxebizitza kaltetuenean izan daitekeen hots mailarik altuena 30 dBA izanen da eta 25 dBA 23:00etatik aitzinera; betiere, zaratei buruzko araudian ezarritakoaren arabera bai Nafarroan bai estatuan. Udaleko agintariak, lokalarentzat egokia irudituz gero, potentzia akustikoaren mugagailu bat ezarteko eskatzen ahal du.

c) Zaratei buruzko 135/1989 Foru Dekretuaren eta 1367/2007 E.D.aren gainerako determinazioak betetzea: etxebizita, patio eta eremu publikoetan.

d) Erantzukizun zibileko aseguru poliza sinatzea.

e) Lokalak ezin du sukalderik izan, ezta janariak prestatzeko bestelako tresnarik ere.

f) Josteta makinak dirurik ordaindu behar ez denetakoak izanen dira, eta saririk ematen ez dutenetakoak.

g) Gehieneko okupazioa (edukiera), udal zerbitzuek gainbegiratuko dutena, aplikatzekoa den araudiaren araberakoa.

III. ERANSKINA

Eskabidea

Errentaria:

Izen-deiturak: ............................, helbidea: ......................, N.A.N: ........................., telefonoa: ..........., errentariaren helbidea; kalea, zenb.: ...................

Lokalaren erabiltzaileak:

-Ordezkariak eta eledunak:

Izen-deiturak: .........................., helbidea: ........................................., N.A.N: ......................, telefonoa: ..........

-Gainerako erabiltzaileak:

Izen-deiturak: .........................., helbidea: ........................................., N.A.N: ......................, telefonoa: ..........

Aurkeztu beharreko gainerako dokumentazioa:

.N.A.N.aren fotokopia (erabiltzaileena eta lokalaren jabearena).

.Errentamentu kontratuaren, erabilera lagapenaren edo jabetzako eskrituraren kopia.

.Lokala babesten duen suteen aurkako eta erantzukizun zibileko aseguru-poliza badela egiaztatzea.

.Lokalean eginen den jardueraren deskripzioa.

.Ekipamenduaren frogabidea, aisialdiko biltoki iraunkor zein aldi baterakoak arautzen dituen ordenantzaren I. eranskinean adierazitakoa.

Berriozarren, 2008...(e)ko ..........aren .......(e)an.

Alkate udalburua

Iragarkiaren kodea: L0818039