155. ALDIZKARIA - 2008ko abenduaren 22a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

BERRIOGOITI

Ordenantza, Mendiko pista eta bideen erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena

Berriogoitiko Udalak, 2008ko irailaren 25ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Berriogoitiko mendiko pista eta bideen erabilera arautzen duen ordenantza. Iragarkia 2008ko 128. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eman zen argitara, urriaren 20an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betikoz onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Berriogoitin, 2008ko azaroaren 26an.-Kontzejuko burua, Francisco Esquíroz Subiza.

BERRIOGOITIKO MUGAPEKO MENDIKO PISTA ETA BIDEEN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Berriogoitiko Kontzejuaren eskumeneko landabide publikoen sarea Berriogoitiko bizilagun guztien ondarearen atala da. Garrantzi handi-handia du, udal mugapeko mendi eta oihanetako aberastasuna zaintzeko eta hartan sarbide izateko. Nahitaezkoa da, herritarren arteko komunikaziorako eta bisitari nahiz iragaileei bide emateko. Ongi zaindurik egoteak herritar guztiei egiten die on.

Berriogoitiko hermendian pista eta bide publikoak gero eta gehiago erabiltzen direnez, haien erabilera arautu beharra dago, hiru xede lortu beharrez:

-Kontzejuko natur ondarearen balioak begiratzea.

-Erabiltzaile guztiek eta bereziki bizilagunek modu orekatuan erabiltzea.

-Erabiltzeko moduan izatea.

Horrenbertzez, Berriogoitiko Kontzejuak ordenantza hau onetsi du:

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honek xedea du Berriogoitiko Kontzejuaren mugapeko bide publikoen arloan arauketa ezartzea.

2. artikulua. Mendiko bideen kategoriak.

Erabilera nagusia zein duten, Berriogoitiko mendiko bide publikoak kategoria hauetan sailkatzen dira:

1. 2 metro zabal edo gehiago duten bideak.

a) Auzoetako bideak, gehienbat herritar talde batek batera erabiltzen ditu, beren etxeetara edo beren nekazaritzako, abeltzaintzako eta/edo oihangintzako ustiapenetara joateko.

b) Bordetako sarbideak, gehienetan aitzineko horien adar izaten direnak, herritar batek edo guti batzuek bordetan eta haien inguruko ustiategietan sartzeko erabiltzen dutenak.

c) Pista nagusiak, normalean hermendiaren gainean mugarrien lerrotik kanpora egoten direnak, eta erabiltzen direnak mendi alde handietara ailegatzeko nahiz inguruko herriekin komunikatzeko. Gauza bat baino gehiagotarako erabiltzen dira: oihangintza, abeltzaintza, turismoa, ehiza.

d) Bigarren mailako pistak, hermendian izaten dira eta sare nagusiaren osagarri dira, eta mendi, oihan berri, belai eta bertze zenbait tokitara ailegatzeko aukera ematen dute.

e) Egurra ateratzeko adarrak eta bideak, sareko egitura meheena osatzen dute; gehienetan helburu bakarra dute, gehienetan zura ateratzea edo norbanakoen lurzatietan sartzea. Anitzetan noizean behin baizik ez dira erabiltzen, eta denbora luzez ez dira ibilgailuak sartzekoak.

2. 2 metro zabal baino gutiagoko bide meharrak.

a) Bideak, orgabide zaharrak eta bidexkak, erabilera eta eginkizun bat baino gehiago dutenak, lasterbideak eta turismorako bidexkak barne.

3. artikulua. Kontserbazioa.

Berriogoitiko Kontzejuak zainduko du 2.1.a), b), c) eta d) ataletan zehazten diren mendiko bide publikoak beti egon daitezen erabiltzeko maneran. Horretaz gain, behar diren neurriak hartuko ditu gal ez daitezen interesgarritzat jotzen diren bertzelako bideak (bertzeen adar direnak, bidexkak).

4. artikulua. Ibilgailu motordunetan ibiltzeko debeku orokorra.

Debeku da pistetatik kanpora mendian barna ibilgailu motordunetan ibiltzea, baita bi metro zabal baino estuago diren pistetan barna ere, non ez diren nekazaritzarekin, abeltzaintzarekin, oihangintzarekin edo behar bezala baimendutako bestelako jarduerekin zerikusia duten ibilgailuak. Debeku da, baita ere, ibilgailua aparkatzea pistetatik eta behar bezala seinalatutako tokietatik kanpora.

5. artikulua. Auzoetako bideetan eta bordetako sarbideetan ibiltzeko baimen orokorra.

Sailkapeneko lehenbiziko bi pistetan (auzoetako pistak eta bordetako sarbideak), baimentzen da motozikletak eta 3,5 tonatik beheitiko pisua duten ibilgailu motordunak ibiltzea.

Hala ere, 3,5 tonatik goitiko pisua duten ibilgailuak ere ibiltzen ahalko dira, Kontzejuak baimena ematen badu, behar bezala seinalatutako lekuetan izan ezik.

6. artikulua. Baimena, motozikleta eta ardatz bakoitzeko 3,5 tonatik beheitiko pisua duten ibilgailu motordunendako, pista jakin batzuetan barna ibiltzeko.

Motozikletek eta 3,5 tonatik beheitiko pisua duten ibilgailu motordunek libre izanen dute zenbait pistatan barna ibiltzea; Kontzejuak onetsiko du garrantzitsuenen zerrenda.

Kontzejuak berak aldatzen ahalko du zerrenda hori, kontuan hartuz momentu bakoitzeko goiti-beheitiak, pisten egoera edo berak ikusten duen bertze arrazoiren bat.

Kontzejuak beretako gordeko du nahi duen bidea ibilgailuen ibiliari hesteko aukera, inguruabarrek horretara behartzen badute.

7. artikulua. Gainerako pistetan ibiltzeko debekua.

Berriogoitiko gainerako pistetan debeku da ibilgailu motordunak baimenik gabe ibiltzea, non ez diren nekazaritzarekin, abeltzaintzarekin, oihangintzarekin edo behar bezala baimendutako bertzelako jarduerekin (hala nola bordetara joateko etab.) zerikusia duten ibilgailuak.

8. artikulua. Baimena emateko eskumena.

Kontzejuburuak emanen du Berriogoitiko pistetan barna ibiltzeko baimena. Baimena eskatzen ahalko dute Berriogoitiko bizilagunek, baldin eta ibilgailuren bat badute udalerrian erregistraturik, bai eta bertze pertsonek ere, baldin eta beren ibilgailuekin ibiltzeko beharra justifikatzen badute.

Baimenak izaten ahal dira bide orotarako eta urtebeterako edo denbora tarte baterako eta toki jakin batzuetan ibiltzeko.

9. artikulua. 3,5 Tm baino gehiagoko ibilgailuendako baimena.

3,5 tonatik goitiko ibilgailu guztiek baimena beharko dute Berriogoitiko mendiko bide publiko guztietan barna zirkulatzeko.

Kontzejuburuak emanen du baimen hori. Ez dira kasu horretan sartzen nekazaritzako eta abeltzaintzako jarduera arruntetarako ibilgailuak.

10. artikulua. Zura emateko aprobetxamendu pribatuetako garraioa.

Mendi pribatuetako zur aprobetxamenduen kasuan, jabea beharturik dago sari bat ordaintzera ateratzen den zur tona bakoitzeko, pistetako mantentze lanen truke. Sari hori dagokion ordenantza fiskalean finkatuko da, baina horrekin ez dira kitatuko zura ateratzean eragiten diren kalteak.

11. artikulua. Zerbitzu publikoak.

Erakunde eta ente publikoen ibilgailuek ez dute baimenik behar, beren egitekoetan ari direnean.

12. artikulua. Ibiltzeko gehieneko abiadura.

Berriogoitiko mendiko pista guztietan abiadura handiena 20 kilometro orduko izanen da.

13. artikulua. Pisten egoerari eta inguruabarrei dagokien abiadura.

Istripurako arriskuak apaltzeko, eta oinezko, txirrindulari eta animaliei trabarik ez egiteko, gidariek beren abiadura egokitu beharko dute, maldetan eta toki arriskutsuetan behar adina mantsotuz, baita aziendak hurbil dabiltzanean eta oinezkoak agertzean ere, edo denbora idorra denean, pistetan hautsa pilatzen baita. Izan ere, abiadura handian ibiltzeak bideak hondatzen ditu, desagertzen baita zirkulazioa hobetu beharrez botatzen zaien harea geruza.

14. artikulua. Jarduera debekatuak.

Espresuki debekaturik gelditzen dira lehiaketak eta lasterketak, bai eta paseoan dabiltzanentzat, txirrindularientzat, etxeko animalientzat eta basa-faunarentzat arriskugarri gerta daitezkeen gidatzeko manera muturreko guztiak. Salbuespen gisara, Kontzejuak baimena ematen ahalko du taldean antolatzen diren ibilgailu motordunen lehiaketa ofizialak eta jarduera turistikoak egiteko.

Hauek ere debeku dira arras:

1. Lurra lantzean, traktorearekin bidera ateratzea itzulbira eghiteko.

2. Harriak eta nekazaritzako hondakinak botatzea bide, areka eta erretenetara.

3. Areketara lurra bota eta betetzea, haietatik hurbil nekazaritzako lanak egitean.

4. Nekazaritzako hondakinak bideetan, areketan edo erretenetan erretzea.

5. Lanabesak edo bertze edozein makineria garraiatzea, bideetako zolaren kaltetan bada.

15. artikulua. Finken erabiltzaile eta titularren erantzukizuna.

Erabiltzaileek beren gain izanen dute ordenantza honetan aipatzen diren arauak ez betetzeagatik pistetan egiten dituzten gehiegizko kalteen erantzukizuna.

Finken titularrek izanen dute arekak garbitzeko ardura, bideak hobeki zaintzen lagundu dezaten.

16. artikulua. Pisten inbentarioa.

Kontzejuak pista guztien eta dagozkien kategorien inbentarioa eta planoa eginen ditu.

17. artikulua. Finken itxiturak.

Finken itxituretan zortasun eremu bat izanen da, hiru metrokoa bidearen kanpo ertzetik neurtuta.

Arbolak bideetatik hurbil landatzen direnean, bidetik lau metrora eginen dira, adarrek areketatik harata egin ez dezaten.

18. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honetan ezarritakoa urratzea arau-haustetzat joko da.

19. artikulua. Zehapenak.

Ordenantza hau hausten duenak 200,00 euroko zehapena izanen du, deusetan galarazi gabe egindako kalteengatik ordaindu beharreko kalte-ordainak; hori guztia Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legeko 52. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Nork bere borondatez ordaintzen ez badu, premiamendu bidez eginen da isunen dirubilketa.

Iragarkiaren kodea: L0818220