155. ALDIZKARIA - 2008ko abenduaren 22a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

BERBINTZANA

Berbintzanako Udalaren herrilurretako aprobetxamenduaren barne araubidea, Nafarroako Ubideko IV-1 sektoreari dagokiona

Berbintzanako Udalak, azaroaren 20an egindako osoko bilkura arruntean, legezko erabateko gehiengoaz onetsi zuen behin betikoz Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriko IV-1 sektoreko (Berbintzana) herrilurren aprobetxamendurako barne araubidearen Erregelamendua.

Uztailaren 2ko 6/90 Foru Legearen 325. artikuluan aurreikusitakoari jarraituz, argitara ematen da.

1. artikulua. Aplikazio eremua.

Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak onetsitako proiektuan ezarritako jarduketa eremuaren barreneko lurrei aplikatuko zaie araudi hau.

Helburua da uraren kontsumoa kontrolatzeko neurriak ematea eta gehiegikerien zehapenak arautzea; instalazioak gaizki erabiltzeagatik etor daitekeen erantzukizunetik libratzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua; ureztalurrean aldatu diren eta aldatuko diren laborantzei buruzko informazioa emateko konpromisoa izatea; esleituriko loteetan, ureztalurraren gutxieneko azalerari 15 urtean eutsi beharra ezartzea, eta lote horiek esleitzeko lehentasun irizpideak finkatzea; hori guztia Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearekin bat.

2. artikulua. Ur kontsumoak finkatzea.

Ureztalurrean sistemaren funtzionamendurik egokiena, eskura den uraren aprobetxamendurik hoberena eta haren eskuragarritasun zuzena lortzearren, Alkatetzak, dagokion lan batzordeak proposaturik, ureztatze kanpaina bakoitzean komenigarrien iruditzen zaizkion arauak emanen ditu, alderdi hauen gainean:

-Ureztatzeko arauak ezartzea.

-Matxuren berri ematea.

-Obra, sistema eta instalazioetako mantentze lanak.

Orobat, ureztatze kanpaina bakoitzean, Alkatetzak erreferentziako ur kontsumoak ezarriko ditu ureztalurreko laborantza mota bakoitzarentzat, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Kontseilaritzak Riegos de Navarra, S.A.ren bitartez ematen dituen jarraibide teknikoekin bat.

Erreferentziako kontsumo horien arabera, Alkatetzak, dagokion lan batzordeak proposaturik, ureztatze kanpaina bakoitzean, nekazari bakoitzari adieraziko dio, aldatu dituen edo aldatuko dituen laborantza motekin bat, lurzati bakoitzean zenbat metro kubiko dagozkion kanpaina horretarako.

3. artikulua. Ur kontsumoak. Fakturazioa eta zehapenak.

Alkatetzak, dagokion lan batzordeak proposaturik, benetako kontsumoei dagozkien ordainagiriak fakturatuko dizkie ureztatzaileei, multzoka tarifatuz.

Fakturazioari dagokionez, kontsumoko metro kubiko bakoitzaren prezioak osatzen du 1. multzoa edo ureztatzaile bakoitzak ordaindu behar duen oinarri finkoa, Alkatetzak kalkulatua, dagokion lan batzordeak proposaturik. Prezio horretan fakturatuko dira ureztatzaileen kontsumoak, haientzat finkatutako metro kubikoen adinakoak edo gutxiago badira, edo %10 gehiago, gehienez ere.

Berriz, ureztatzailearen kontsumoa II. multzoan sartuko da baldin harentzat ezarritakoa %10etik %20ra bitarte gainditzen badu, eta zehatu eginen da; kopuru horri I. multzoko metro kubikoarentzat ezarritako prezioa %300 igota, hain zuzen.

Azkenik, ureztatzailearen kontsumoa III. multzoan sartuko da baldin harentzat ezarritakoa %20tik gora gainditzen badu. Oraingoan, kopuru hori I. multzoko metro kubikoarentzat ezarritako prezioa %500 igota zehatuko da.

Alkatetzak, lan batzordeak proposaturik, kanpaina bakoitzean ezarriko du I. multzoko metro kubikoaren prezioa.

4. artikulua. Erantzukizunak.

Zein ureztatzailek instalazioak gaizki erabili eta kalteak sortzen dituen, hark izanen du erantzukina, hala nola alderdi baterako eta ohiko laboreetarako ezarritako ur kopurua baino gehiago erabiltzean sortzen dena.

Kaltearen arrazoia ezin denean argitu eta ezin zaienean halako ureztatzaile bati edo gehiagori leporatu, Udalak bere gain hartuko du erantzukizuna, eta ezin izanen dio inola ere egotzi Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari.

5. artikulua. Ureztatzaileen betebeharrak.

Ureztatze kanpaina bakoitzean, ureztatzaileek eskualdean sartutako laboreen edo sartu gogo direnen gaineko datu aipagarrienak emanen dizkiete Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari edo haren enpresa publikoei, horiek hala eskatuta. Bestela, Udalak izanen du informazio hori eman beharra.

6. artikulua. Laborantzako loteen neurria eta lehentasun hurrenkera.

Ureztatzeko deklaraziotik aitzina, eta gutxienez hamabost urtean, loteek oinarrizko ureztatze azalera izanen dute edo gehiago. Oinarrizko azalera hori eraikuntza proiektuan zehaztuko da, Nafarroako Gobernuak eremu horretan jarduteko dekretuan finkatzen duena oinarritzat hartuta.

Modernizazio edo eraldaketatik ateratzen diren loteak esleitzeko, lehentasun hurrenkera hau izanen da:

A. Lehen-lehenik, familienak diren nekazaritzako lehentasuneko ustiategiak, nekazari gazte batek zuzentzen baditu edo bertan aritzen bada.

B. Bigarrenik, nekazaritzako lehentasuneko ustiategiak, nagusiki nekazariak direnek osatuak.

C. Hirugarrenik, Udalak berak zuzenean ustiatzea. Soberako loterik egonez gero, enkante publikoaren bidez esleitzen ahal dira; hori guztia aipatu Foru Legearen 40.5.b) artikuluan xedatuarekin bat.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena

Ordenantza hauek edo barne erregelamendu honek ez diete ez Udalari ez ureztatzaileei legez eskuratua ez duten bestelako eskubiderik ematen, ezta kentzen ere haien arabera dagozkienak.

Berbintzanan, 2008ko azaroaren 24an.-Alkatea, Pascual García Bueno.

Iragarkiaren kodea: L0818196