155. ALDIZKARIA - 2008ko abenduaren 22a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

2115/2008 EBAZPENA, azaroaren 17koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, Ingurumen baimen integratua ematen duena esne-behiak ustiatzeko jarduerarako, Larraungo udal mugapean. Titularra Echeverria eraldaketarako nekazaritza sozietatea da.

Instalazio hori Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legearen 2B eranskineko 9.1 f) epigrafean dago jasota, "Hegaztien edo behien edo zerrien hazkuntza intentsiborako instalazioak, 250 esne-behi baino gehiago dituztenak" izenekoan, eta beraz, ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe dago.

Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legean xedaturikoarekin bat tramitatu da espedientea, eta halaxe eman zaio adostasun txostena. Ingurumen baimen integratua emateko prozesuan sartu dira maiatzaren 8ko 6/2001 Legean aurreikusi diren ingurumen ebaluazioaren arloko jarduketak. Lege horren bidez ingurumen eraginaren ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua aldatu zen.

Egin den tramitazio administratiboaren laburpena ageri da foru agindu honen V. eranskinean. Ez da proiektuari buruzko alegaziorik aurkeztu jendaurrean egon den artean.

Ingurumenaren arloko eskumenak Ingurumenaren eta Uraren zuzendariari, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendariari eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariari eskuordetzen dizkien urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen baimen integratua ematea esne-behiak ustiatzeko jarduerarako, Larraungo udal mugapeko 2. poligonoko 172, 171-b eta 190. lurzatietan. Titularra Ganadería Echeverria eraldaketarako nekazaritza sozietatea da.

2. Lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena ematea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.

3. Jarduera Ingurumen baimen integratua eskatzeko oinarrizko proiektuan eta 700/06 (AAI) espediente administratiboko agiri osagarrietan aipatzen diren baldintzei jarraituz garatzea, betiere ebazpen honen II. eta III. eranskinetan aipatzen diren neurriak betez.

4. Ingurumen baimenak zortzi urteko indarraldia du. Indarraldia amaitu baino hamar hilabete lehenago, gutxienez, titularrak berriztapena eskatu beharko du, erregelamendu bidez ezarriko den administrazio prozedurari jarraikiz.

5. Jarduera edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik Ingurumenaren Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko dio. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeko 11. artikuluan xedaturikoarekin bat.

6. Instalazioa Nafarroako Hondakin Toxiko eta Arriskugarrien Sortzaile Txikien Erregistroan inskribatzea, urriaren 13ko 312/2007 Foru Dekretuan xedaturikoarekin bat. PP/1686/NA/2008 zenbakia izanen du. Hondakin arriskugarriak sortzen dituen jarduera A102 (3) da, zerri ustiategia, Hondakin toxiko eta arriskugarriei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamenduaren I. eranskineko 6. taularen arabera. Erregelamendu hori uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen. Sortzen ahal dituen hondakin arriskugarriak Ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean ageri dira.

7. Abeltzaintzako instalazio horretan simaurrak sortu eta kudeatzeko plana onetsi da, ebazpen honetan jasotako instalazioez gain Albiasukoak ere hartzen dituena (Larraun, 6. poligonoa, 116-b lurzatia).(IV. eranskina).

8. 2008ko urtarrilaren 1a baino lehen, titularrak irekitzeko baimena eskatu beharko du, martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 40. artikuluan eta ebazpen honen II. eranskinean ezartzen diren baldintzetan xedatutakoarekin bat. Aipatutako erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

9. Departamentuak araudi sektorial aplikagarriaren ondorioz baimenaren xede den jarduera edo instalaziorako emandako baimenak eta gainerako administrazio egintzak indarrik gabe uztea, betiere ebazpen honetan haiei buruz espresuki egindako adierazpenik badago.

10. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

11. Ebazpen honek ez dio administrazio bideari bukaera ematen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazioek ebazpenaren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko Salari zuzendua, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epe horiek ebazpen honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

12. Ebazpen hau jakinaraztea Echeverria eraldaketarako nekazaritza sozietateari, Larraungo Udalari, eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko azaroaren 17an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan, Iruñeko Armada etorbideko 2ko behean (8. solairua, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuko web atarian, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren sailean, "Ingurumen baimenak" kontsulten atalean.

Iragarkiaren kodea: F0818019