155. ALDIZKARIA - 2008ko abenduaren 22a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

545/2008 EBAZPENA, azaroaren 20koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena 66 kV-eko linea elektriko bat eraikitzeko, "S.T.R. Orkoien-C.S. Gazolatz" zirkuitu hirukoitza, Zizur Zendea, Orkoien eta Oltza Zendeako udal mugapeetan, Gazolazko jarduera ekonomikoen sektorea elektrizitatez hornitzeko. Sustatzailea Electra Valdizarbe, S.A. da.

2008ko uztailaren 16an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera.

66 kV-ko linea elektriko berriak, 5.910 m-koa, hiru zirkuitu trifasiko izanen ditu, horietako batek "Cordovilla-Orkoien 1" egungo linea ordeztuko du, eta beste biek Gazolazko jarduera ekonomikoen sektoreko ebakitze zentroa energiaz hornituko dute. Hiru tarte desberdin izanen ditu: hasierakoak 150 m izanen ditu, eta Orkoiengo S.T.R.tik 1. euskarriraino joanen da lur azpiko kanalizazio bidez. Bigarren tarteak 3.400 m izanen ditu eta airez joanen da Ardoi urbanizazioaren mugan den 19. euskarriraino. Bere ibilbidean "Cordovilla-Orkoien 1" egungo linearen pasabidea erabiliko du, aipatu linea guztiz kenduko baita. 19. euskarritik aurrera linea zirkuitu bikoitzekoa izanen da eta ibilbidearen azken 2.360 m-ak lur azpiko kanalizazio bidez eginen dira Gazolazko ebakitze zentroraino.

Lineak metalezko 19 dorretxo izanen ditu. Armatuak 8,60 m-ko hiru gurutzeta bikoitz izanen ditu, noizbait laugarren zirkuitu bat jartzea ahalbidetzeko. Egunog Etxauriko azpiestazioaren eta Arazuriko araztegiaren elikadura proiektatutako linearen 10. euskarriaren elkargune baten bidez eginen da. Bestalde, 1. eta 19. euskarriak aireko eta lurpeko linea igarotzeko erabiliko dira. Euskarri hauek SG3 motako ebakigailu polobakarren hiru sorta izanen dituzte linea elektrikoa ebaki eta maniobrak egiteko. Halaber, 1. eta 19. euskarriek polobakarreko bukaerako bederatzi botila eta beste hainbat polobakarreko tximistorratz autobalbula izanen dituzte, jatorri atmosferikoko gaintentsiotik babesteko.

Aireko linearen zati handiena lehorreko alorretan dago. Dena dela, aurreikusitako trazaduran ingurumen sentsibilitate handiagoko eremuak ukituko dira. Horrela, 6. eta 7. euskarrien artean aireko lineak Arga ibaia gurutzatuko du, eta 9. eta 13. euskarrien artean linea hegalaren erditik joanen da, intxaurrondoz eta larizio pinuz landatutako lurretatik. Azkenik, bi tarte sentikorren artean Arazuriko araztegia dago, bere kokapen eta ingurumen baldintzak direla eta, argindar harietan talkengatik hiltzeko arriskua duten hegazti espezie batzuk biltzen dituena. Kasu honetan proiektatutako linearen ezagurri teknikoak direla eta arriskua areagotzen da: 9 hariko sarea osatzen duten 3 zirkuitu trifasiko eta edozein aireko linea elektrikok dakarren arriskua areagotzen duten altuera handiko euskarriak.

Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko I) atalean sartuta dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Foru dekretu horrek Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Foru dekretu horren 36. artikuluan ezarririk dago Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeari buruz, eskaera aurkezten denetik lau hilabeteko epean.

Zizur Zendea, Orkoien eta Oltza Zendeako Udalen aldeko txostena ere espedientean dago.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Electra Valdizarbe, S.A.ri 66 kV-eko linea elektriko bat eraikitzeko, "S.T.R. Orkoien-C.S. Gazolatz" zirkuitu hirukoitza, Zizur Zendea, Orkoien eta Oltza Zendeako udal mugapeetan, Gazolazko jarduera ekonomikoen sektorea elektrizitatez hornitzeko. Sustatzailea Electra Valdizarbe, S.A.

2. Baimena baldintza hauek betetzearen menpe emanen da:

-Arga ibaia gurutzatzean sortzen den talka arriskua murrizteko 5. eta 8. euskarrien arteko kanpoko bi zirkuituak seinaleztatuko dira. Horretarako, hegaztiak babesteko gutxienez ere 30 cm-kobaliza preformatuak erabiliko dira. Bi zirkuituen hiru faseetan jarriko dira, txandaka, eta seinaleen artean kadentzia egonen da, 15 m-ko eroale berean. Horrela, ondoz ondoko bi balizen artean 5 m inguruko distantzia ikusten ahalko da. Ohitura ilunabartarreko hegaztien talka arriskua murrizteko jarritako balizak material lumineszentea beharko dute izan.

-Arazuriko araztegiaren eta zuhaitzez estalitako ondoko hegalaren arteko tartean talka arriskua murrizteko, 8. eta 14. euskarrien artekoa, kanpoko zirkuituetako baten hiru faseak seinaleztatu beharko dira. Horretarako, hegaztiak babesteko gutxienez ere 30 cm-ko baliza preformatuak erabiliko dira. Hiru faseetan jarriko dira, txandaka, eta seinaleen artean kadentzia egonen da, 15 m-ko eroale berean. Horrela, ondoz ondoko bi balizen artean 5 m inguruko distantzia ikusten ahalko da. Ohitura ilunabartarrko hegaztien talka arriskua murrizteko jarritako balizak material lumineszentea beharko dute izan.

-Linearen seinaleztatzea hari eroalea ezarri eta tenkatu eta berehala eginen da; hariak jarrita balizamendua gehienez ere 5 egunetan eginen da.

-Euskarriak herri bideen kanpoaldeko ertzetik 3 metro baino gehiagora jarri beharko dira, 35/2002 Foru Legearen 112.2 artikuluak ezarritakoari jarraikiz.

-Egin nahi diren jarduerek ukitu ditzaketen azpiegitura eta bide-zorrei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoei eskatu eta gero.

-Obra amaitzean, eremua sakonki garbituko da. Hondakin eta berrerabil ezin daitezkeen soberakin guztiak hondakindegi baimendu batera eramanen dira. Birziklatzen ahal diren soberakinak hondakinak tratatzeko zentro batera eramanen dira.

3. Obrei hasiera eman aurretik 5.000 euroko fidantza jarri beharko da, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek konpondu edo gutxituko direla bermatzeko, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Legearen 109. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Fidantza jarri izanaren frogagiria eduki beharko da, lanak iraun bitartean ikuskatzaileei aurkeztu ahal izateko.

4. Ebazpen honek ez dio administrazio bideari bukaera ematen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

5. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea Ingurumen ukipenetarako baimenaren ondorioetarako.

6. Ebazpen hau igortzea Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Basozaintzari, Zizur Zendea, Orkoien eta Oltza Zendeako Udalei eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko azaroaren 20an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0818018