151. ALDIZKARIA - 2008ko abenduaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

3317/2008 EBAZPENA, abenduaren 4koa, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak emana. Honen bidez Hezkuntza Administrazioaren Zerbitzuko Ikuskatzaileen eta Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoetako funtzionarioen lekualdatze lehiaketarako deia egin da.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, seigarren xedapen gehigarriko lehenengo idatz-zatian, xedatzen du, besteak beste, irakasle funtzionario publikoen estatutupeko araubidearen oinarria dela lanpostuak esparru nazionaleko lekualdatze lehiaketa bidez betetzea.

3. idatz-zatian ezartzen da hezkuntzako administrazioek aldian-aldian estatu osorako lekualdatze lehiaketen deialdiak egin behar dituztela, haien menpeko ikastetxeek finkatzen dituzten lanpostu hutsak bete ahal izateko. Horrez gainera, beren kudeaketa esparruko funtzionarioei beste hezkuntza administrazio batzuetako lanpostuetara jo ahal izateko aukerabidea bermatu behar diete eta beren esparruko lehiaketan betetzen diren lanpostuen esleipena egin beharra dute. Lehiaketa hauetan irakasle funtzionario publiko guztiek parte har dezakete, zein hezkuntza administraziotakoak diren edo nondik sartu ziren kontuan hartu gabe, betiere kasuan kasuko plantillaren edo lanpostuen zerrendaren arabera deialdi bakoitzean ezartzen diren betebehar orokorrak eta berariazkoak betetzen baldin badituzte.

Hezkuntzari buruzko Lege Organikoaren hirugarren xedapen gehigarriak ezartzen du ezen, irakasle kidegoetako funtzionarioen lekualdatze lehiaketen bidezko mugikortasunean eragina duten aurreikuspenak garatzen ez diren bitartean, mugikortasuna lege organiko hark indarra hartzean indarra duen araudiari lotuko zaiola. Halaber, hamaikagarren xedapen iragankorrak ezartzen du legearen arabera geroko erregelamenduzko xedapenen bidez arautuko diren gaietan, xedapen horiek eman bitarte, legeak indarra hartzean aplikatzen ziren arauak aplikatuko direla, legean xedatutakoaren kontrakoak ez badira behintzat.

Horrenbestez, indarrean jarraituko du irakasleen kidegoetako lanpostuak betetzeko estatu osorako lekualdatze lehiaketak arautzen dituen urriaren 2ko 2112/1998 Errege Dekretuak, zeinaren 1. artikuluak ezartzen baitu estatu osorako lekualdatze lehiaketak bi urtean behin egin behar direla. Estatu osorako azkeneko lehiaketak 2006-2007 ikasturtean egin zirenez, bidezkoa da 2008-2009 ikasturte honetan beste deialdi bat egitea, departamentu honek ezartzen duenaren arabera hezkuntza plangintzan aurreikusitako lanpostu hutsak bete ahal izateko.

Hori guztia kontuan harturik, arau horiek betetzeko asmoz, eta abenduaren 1eko 3473/2008 ECI Aginduan ezarritakoari jarraikiz, horren bidez estatu osorako 2008-2009 ikasturtean lekualdatze lehiaketetan aplikagarri diren prozedura arauak ezarri baitziren eta Hezkuntza Departamentuko Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiak irailaren 19an emandako 155/2007 Ebazpenaren bidez esleitu zaizkidan eskudantziak erabiliz, bidezkoa da Hezkuntza Administrazioaren Zerbitzuko Ikuskatzaileen eta Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoetako funtzionarioen lekualdatze lehiaketarako deialdia onestea Nafarroako Foru Komunitatean, ondoko oinarri hauen arabera:

OINARRIAK

Lehena.-Lekualdatze lehiaketarako deia egin da, deialdi honetan ezartzen diren zehaztapenei jarraikiz, kidego hauetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko:

-Hezkuntza Administrazioaren Zerbitzuko Ikuskatzaileak.

-Hezkuntzako Ikuskatzaileak.

Bigarrena.-Deialdiko lanpostuak eta haien argitalpena.

Deialdiko lanpostu hutsak ebazpen bidez onetsiko dira, eta horien berri Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean emanen da.

Ondorio horietarako, Hezkuntza Departamentuak aurreikusten dituen lanpostuak sartuko dira eta lehiaketa ebaztetik sortzen direnak, , bai eta Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak eta hezkuntzako eskumen osoak dituzten gainerako hezkuntza administrazioetako Hezkuntza Departamentuek deitutako lehiaketen ondorioz Hezkuntza Departamentuaren kudeaketa esparruan sortzen diren lanpostuak ere. Horiek guztiak, baldin eta beren funtzionamendua hezkuntzako plangintza orokorrean aurreikusita badago.

Hirugarrena.-Euskarazko lanpostuak.

Deialdi honetan parte hartzen dutenek euskarazko lanpostuak eskatzen ahalko dituzte, betiere EGA titulua edo horren baliokidea badaukate.

Laugarrena.-Borondatezko parte-hartzea.

Lehiaketa honetan borondatez parte hartzen ahalko dute, hala nahi izanez gero:

1. Hezkuntza Departamentuaren mendeko funtzionarioak.

1.1. Deialdi honetan eskatzen diren lanpostuetan parte hartzen ahalko dute, hala nahi izanez gero, bosgarren oinarrian zehazten den moduan Hezkuntza Departamentuari eskabidea zuzenduta, lehenengo oinarrian aipatzen diren kidegoetako funtzionarioek honako egoeraren batean baldin badaude:

A.-Jardunean dauden funtzionarioak, baldin eta behin betiko destinoa Hezkuntza Departamentuaren mendeko Hezkuntzako Ikuskapen lanpostuetan badute, eta ikasturte honen amaieran behin betiko azken destinoaren jabetza hartu zutenetik gutxienez bi urte igaro badira.

B.-Zerbitzu berezietan dauden funtzionarioak, baldin eta egoera hori Hezkuntza Departamentuaren mendeko Hezkuntza Ikuskapeneko lanpostu batetik abiatuta badute; betiere, abuztuaren 2ko 30/1984 Legearen hamabosgarren xedapen gehigarriarekin bat, ikasturte honen bukaeran gutxienez bi urte igaro badira, behin betiko azken destinoaren jabetza hartu zutenetik.

C.-Egun Hezkuntza Departamentuaren mendeko Hezkuntza Ikuskapeneko lanpostu batean deklaratutako borondatezko eszedentzian dauden funtzionarioak, baldin eta ikasturte honen amaieran jarduneko zerbitzura itzultzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen badituzte.

Borondatezko eszendentzian egon ondoren funtzionarioek lanera itzultzea erabakitzen badute, deialdi honetan esleituko zaien destinora joan beharko dute 2009ko irailaren 1ean.

Jardunean hasten ez badira, funtzionario izateari utziko diote, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren Testu Bategina onetsi zen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 26. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

D-Egun Hezkuntza Departamentuaren mendeko Hezkuntza Ikuskapeneko lanpostu batean deklaratutako eginkizun-gabetze egoeran dauden funtzionarioak, betiere ikasturte honen amaieran eginkizun-gabetzeko zehapenaren iraunaldia bukatu bazaie.

1.1. atal honetan aurrez ikusitako ondorioetarako, 2009ko abuztuaren 31 hartuko da ikasturte amaierako data gisa.

1.2. Oinarri honetako 1.1 atalean aipatzen diren parte-hartzaileek beren eskaeran sartzen ahalko dituzte, halaber, gainerako hezkuntza administrazioek egindako deialdietako lanpostuak, haietan ezarritakoaren arabera.

2. Beste hezkuntza administrazio batzuetako funtzionarioak.

Beste Hezkuntza Administrazio batzuen menpeko funtzionarioek, betiere deialdiko betebeharrak eta baldintzak betetzen badituzte, deialdiko lanpostuak eskatzen ahalko dituzte. Funtzionario horiek, zein hezkuntza administraziotatik esku hartzen duten, haren kudeaketa esparruan lortua beharko dute izan lehenbiziko behin betiko destinoa.

Lehiatzaileek, beren destinoko lanpostua zein hezkuntza administraziori dagokion, hark egiten duen deialdian zehaztutako organoari zuzenduko diote eskabidea.

Bosgarrena.-Nahitaezko parte-hartzea.

1. Hezkuntza Departamentuaren mendeko funtzionarioak.

1.1. Deialdi honetan iragarritako lanpostuak lortzeko parte hartu beharrean daude, betiere seigarren oinarrian ezarrita dagoen bezala Hezkuntza Departamentuari eskabidea zuzenduz, lehen oinarrian aipatu kidegoetako funtzionarioak, organikoki eta funtzionalki Hezkuntza Departamentuaren menpeko izan eta ondorengo egoeretako batean daudenak:

A.-Eszedentzian edo eginkizun gabetuta egon ondoren, deialdi hau argitaratu baino lehen jarduneko zerbitzura itzuli eta horren ondorioz Hezkuntza Departamentuaren kudeaketa esparruan behin-behinekoz ari diren funtzionarioak.

Lehiaketa honetan parte hartzen ez badute, edo behar hainbat lanpostu huts eskatzen ez badituzte, libreki emanen zaie behin betiko destinoa Foru Komunitatean bete ditzaketen lanpostuetan.

B.-Nahitaezko eszedentzian edo eginkizun gabetuta eta destinoa galduta egon ondoren, zehapena betetakoan behin-behinekoz itzultzea lortu ez duten funtzionarioak, egun Hezkuntza Departamentuaren menpe dagoen ikastetxe batean egoera horretan deklaratu direnak.

Aitzineko lerroaldean sartutako funtzionarioak deialdi honetara aurkezten ez badira, edo aurkezturik ere, Hezkuntza Departamentuaren menpeko aski ikastetxetarako eskaria egiten ez badute, behin betiko destinorik eskuratzen ez dutenean, borondatezko eszedentziaren egoeran geratuko dira, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 26.1 artikuluko c) atalean aurrez ikusitakoari jarraikiz.

C.-Epai bat bete edo errekurtso bat ebaztearen ondorioz, edo behin betikoz zuten lanpostua berariaz kendu zaielako, behin betiko destinoa galdu duten funtzionarioak.

Parte hartzera beharturik izan eta lehiaketan parte hartzen ez dutenei, Administrazioak ofizioz emanen die destinoa, lanpostu horietan aritzeko eskatzen diren beharkizunak betetzen badituzte. Lehiaketan parte hartu eta destinorik lortzen ez dutenei behin-behineko destinoa emanen zaie.

Deialdi honen ondorioetarako, kendutako lanpostutzat hartuko dira ebazpen formal eta banan-banan egindakoaren bidez berariaz kendu diren haiek.

2. Beste hezkuntza administrazio batzuetako funtzionarioak.

Beste hezkuntza administrazio batzuetako funtzionarioak ez daude behartuta deialdi honetan parte hartzera, baina borondatez lehiatu ahalko dira deialdi honetako laugarren oinarrian xedatutakoari jarraituz.

Seigarrena.-Parte hartzeko modua.

Organo dei egile bat baino gehiagoren lanpostuak eskatzen direnean ere, lehiatzaileek eskabide bakarra aurkeztu beharko dute, Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan (Santo Domingo aldapa zk.g., Iruña) interesdunen eskura egonen den eredu ofizialaren araberakoa, eta ereduari erantsiko zaizkion jarraibideen arabera beteta. Eskabidea Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuari zuzenduko zaio.

Parte hartzeko eskabideari ondoko agiriak erantsi beharko zaizkio:

A.-Ebazpen honen I. eranskin gisa ageri den baremoko merezimenduak baloratzeko frogagiriak.

B.-Aurkezten diren agiri guztietan izena, abizenak eta kidegoa aipatuko dira. Frogagirien kasuan, jatorrizkoen ordez fotokopiak aurkeztuz gero, ezinbestean konpultsatuta egon beharko dute.

C.-Giza Baliabideen Zerbitzuak ofizioz erantsiko ditu baremoko 1.1. atalari dagozkion merezimenduak, parte-hartzaile bakoitzaren espediente pertsonalean diren agirien arabera.

Zazpigarrena.-Eskabideak, bai eta aurreko oinarrian aipatutako agiriak ere, Hezkuntza Departamentuko Erregistro Bulegoan aurkeztuko dira, edo bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38. artikuluak zehazten dituen bulegoetako edozeinetan. Eskaera posta bulego batean aurkezten dutenek, gutun-azal irekian egin beharko dute, posta funtzionarioak, gutuna ziurtatu baino lehen, zigilua eta data jar diezazkion eskabideari.

Zortzigarrena.-Eskaerak eta agiriak aurkezteko epea 2008ko abenduaren 15etik 2009ko urtarrilaren 2ra bitartekoa izanen da, bi egun horiek barne.

Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, ez da inongo eskaerarik edo aldaketarik onartuko. Eskaera aurkeztu ondoren, eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen soilik egin dakioke uko lehiaketan parte hartzeari. Hamalaugarren oinarrian adierazten den behin-behineko esleipenaren kontrako erreklamazio epean ere aurkezten ahalko dira ukoak. Uko horrek parte hartzeko eskabidean adierazitako eskaera guztiak ukituko ditu.

Bederatzigarrena.-Eskabideetako sinatzaileek espresuki adieraziko dute, haietan, deialdiko baldintza guztiak betetzen dituztela. Eskaerak lehentasunezko hurrenkeran jarri beharko dituzte kodeaz baliatuz. Kodeok deialdi honetako II. eranskinean ageri da, edo, hala denean, beste hezkuntza administrazio batzuetan lekualdatze lehiaketak egiteko deialdietako eranskinetan.

Deialdi honetako parte-hartzaileek eskabidearekin batera banatuko diren oharrei jarraikiz bete beharko dute orria.

Euskarazko lanpostua eskatzen baldin badute, horri dagokion laukitxoan adierazi beharko dute, parte hartzeko eskabidearekin batera emanen diren jarraibideetan adierazten den bezala.

Osatu gabe dauden , existitzen ez diren edo eskatzaileak eskatzen ahal dituen lanpostuekin bat ez datozen kodeak dakartzaten eskaerak bertan behera utziko dira. Eskaera hauek guztiak arestiko egoerak direla eta bertan behera uzten badira, lehiatzailea destino esleipenetik baztertua izanen da, destinoa ofizioz esleitzeko deialdian aurreikusitako kasuak galarazi gabe.

Hamargarrena.-Lehiaketak ebazpen honetako I. eranskineko merezimenduen baremoari jarraikiz ebatziko dira.

Hamaikagarrena.-Balorazio batzordea.

Hezkuntza Departamentuak batzorde bat izendatuko du, lehiatzaileek alegatutako merezimenduak, baremoko 1.3 eta 2. ataletakoak, ebaluatzearren. Batzordeak kide hauek izanen ditu:

-Burua: Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko zuzendaria, edo bere ordezko ikuskatzailea.

-Lau batzordekide, Hezkuntza Administrazioaren zerbitzuko Ikuskatzaileen Kidegoko edo Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoko karrerako funtzionarioak, jardunean daudenak, zozketa baten bidez aukeratuko direnak.

Batzordeak hautatzen duen funtzionarioa arituko da idazkari lanetan.

Batzordeko kideak Administrazio Prozedurari buruzko Legean ezartzen diren abstentzio eta errefusatze kasuen menean egonen dira.

Hamabigarrena.-Batzordeek lehiatzaileei emandako puntuazioen aktak Departamentuan jaso ondoren, destinoak behin-behinekoz esleituko dira, parte-hartzaileek egindako eskaerei, baremoaren arabera lortutako puntuazioei eta deialdi honetan xedatutakoari jarraituz.

Guztirako puntuazioetan berdinketarik gertatuz gero, horiek ebazteko ikusiko da nork duen puntuaziorik altuena baremoko ataletako bakoitzean, kontuan harturik bertan zein ordenatan ageri diren. Horrekin ez bada berdinketa hausten, ikusiko da nork duen puntuaziorik altuena azpiataletako bakoitzean, berriz ere baremoan zein ordenatan ageri diren kontuan harturik. Kasu biotan, atal bakoitzean aintzat hartzen den puntuazioa ez da izanen baremoan horrexentzat ezarritako gehieneko puntuazioa baino altuagoa, eta, azpiatalen kasuan, horiek hartzen dituen atalaren gehieneko puntuazioa baino altuagoa. Irizpide hauek aplikatzen direnean, azpiatal batean edo batzuetan haien atalari emandako gehienezko puntuazioa lortzen bada, gainerako azpiatalen puntuazioak ez dira kontuan hartuko.

Beharrezkoa baldin bada, kidegoan sartzeko hautapen prozeduraren deialdia zein urtetan izan zen eta hartan lorturiko puntuazioa izanen dira berdinketa hausteko irizpideak.

Hamairugarrena.-Aurreko oinarriak aipatzen duen destinoen behin-behineko esleipena jendaurrean jarriko da Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan.

Lehiatzaileek erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte behin-behineko ebazpenaren kontra, ebazpen hori jendaurrean jarri eta bost eguneko epean, parte hartzeko eskabidea zein organotan aurkeztu zuten, haren bitartez.

Halaber, lehiaketan parte hartzeari uko egin ahalko diote osoki, epe horretan berean. Erreklamazio edo uko egite horiek zazpigarren oinarrian aipatzen diren prozedurei jarraikiz egin beharko dira.

Ondorio hauetarako aditzera ematen da behin-behineko ebazpenean destinoa lortu ez izateak ez duela esan nahi behin betiko ebazpenean destinoa lortu ezin denik.

Hamalaugarrena.-Erreklamazio eta uko egiteak ebatzirik, lekualdatze lehiaketa honen behin betiko ebazpena onesten duen ebazpena emanen da. Ebazpen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da. Esleitutako lanpostuei ezin izanen zaie uko egin; beraz, parte-hartzaileek lortutako lanpostuetan hasi beharko dute.

Nahiz eta organo dei egile desberdinetako lanpostuetarako lehiatu, destino bakar bat lortzen ahalko da.

Hamabosgarrena.-Ebazpen honen babesean egin deialdiaren bidez, behin betiko destinoa, jatorrizko lanpostuko kudeaketa esparruan ez beste batean lortzen duten funtzionarioek destinoa lortu zuten esparruari dagozkion lansari arauen araberako lansariak jasoko dituzte

Hamaseigarrena.-Eszedentzian egon eta lehiaketaren ondorioz jarduneko zerbitzura itzultzen diren funtzionarioek, Estatuko Administrazioaren, Toki Administrazioaren edota Administrazio Autonomikoen inongo kidego edo eskalatatik zigor-espediente bidez bereizia ez izanaren eta eginkizun publikoak burutzeko ezgaitua ez izatearen zinpeko aitorpena edo hitz ematea aurkeztu beharko dute Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuan.

Jardunean hasten ez badira, funtzionario izateari utziko diote, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren Testu Bategina onetsi zen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 26. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Hamazazpigarrena.-Deialdi honetan ezarritakoari jarraituz lortzen diren lanpostu berrien jabetza hartzea 2009ko irailaren 1ean izanen da, eta data horretatik aurrera hasiko dira ondorio administratibo eta ekonomikoak.

Hemezortzigarrena.-Ebazpen honen eta ebazpena aplikatzeko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

Lekualdatze lehiaketan ematen diren behin betiko ebazpenen kontrako errekurtsoak, alde batera utzita hezkuntzako zein administrazioren bitartez parte hartu den, errekurtsoaren xede den lanpostuari dagokion hezkuntza administraziora igorri beharko dira eta hark ebatziko ditu.

Iruñean, 2008ko abenduaren 4an.-Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria, Begoña Unzué Vela.

I. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa

Hezkuntza Administrazioaren zerbitzuko ikuskatzaileen kidegoak eta Hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoa

I.-Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren seigarren xedapen gehigarriko 3. atalean espresuki aipatutako merezimenduak.

1.1. Antzinatasuna. (Ikus lehen xedapen osagarria).

1.1.1. Hezkuntza Administrazioaren zerbitzuko ikuskatzaileen kidegoan edo Hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoan karrerako funtzionario gisa jardunean emandako zerbitzuak, urte bakoitzeko.

Balorazioa: 2 puntu.

Urte zatiak baloratu behar direnean, 0,16 puntu emanen da hilabeteko.

Egiaztagiriak: titulu administratiboaren fotokopia konpultsatua, lehiaketarako abiaburu den kidegoan karrerako funtzionario izendatuz geroztik izandako karguez jabetzeko nahiz uzteko eginbideekin batera, edo, bidezko denean, ikuskaritzan emandako zerbitzuekin, 30/1984 Legearen hamabosgarren xedapen gehigarriari jarraikiz.

Hezkuntza Administrazioaren zerbitzuko ikuskatzaileen kidegoko eta Hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoko antzinatasuna zehazteari begira, kontuan hartuko dira, hurrenez hurren, ikuskatzaileen kidegoetan karrerako funtzionario gisa emandako zerbitzuak eta irakasle hasi zirenetik ikuskapen lanetan emandakoak, Funtzio Publikoaren Erreformarako Neurriei buruzko abuztuaren 2ko 30/1984 Legearen hamabosgarren xedapen gehigarriarekin bat.

1.1.2. Hezkuntzari buruzko Lege organikoak (LOE) aipatzen dituen irakasleen beste kidego nahiz eskaletan karrerako funtzionario gisa jardunean emandako zerbitzuak, urte bakoitzeko.

Balorazioa: puntu 1.

Urte zatiak baloratu behar direnean, 0,083 puntu emanen da hilabeteko.

Egiaztagiriak: titulu administratiboaren fotokopia konpultsatua, dagoen kidegoko karrerako funtzionario izendatu zutenetik karguaz jabetzeko nahiz uzteko izan dituen eginbideekin batera, edo, bidezko denean, ikuskaritzan emandako zerbitzuena, 30/1984 Legearen hamabosgarren xedapen gehigarriari jarraikiz.

1.1.3. Probintziako plantilla berean edo hezkuntza ikuskaritzako eskualde unitateetan, behin betiko destinoaren jabe eta funtzionario izanik etenik gabe aritutako denbora, urte bakoitzeko.

Lehenbiziko urtea eta bigarrena: 2 puntu urteko.

Hirugarren urtea: 3 puntu.

Laugarren urtea eta bosgarrena: 4 puntu urteko.

Seigarren urtea eta hurrengoak: 5 puntu.

Epai nahiz errekurtsoa betetzearen ondorioz behin-betiko destinoa galtzen denean, edo nahitaezko eszedentziatik etortzeagatik, edo lanpostua behin betikoz espresuki kentzen denean, lehiatu beharra duten funtzionarioei, atal hau dela-eta, galdu zuten lanpostuari zegokion puntuazioa emanen zaie. Eta horrelakorik izanez gero, ondotik behin-behineko destinoetan emandako zerbitzuak erantsiko dira.

Aurretik aipatutako irizpideak diziplina-zehapen baten ondorioz bizilekua aldatu beharra dakarren destinotik parte hartzen duten funtzionarioei ere aplikatuko zaizkie.

Egiaztagiriak: titulu administratiboaren fotokopia konpultsatua karguaz jabetzeko eginbideekin batera, edo, behar izanez gero, Langileen Erregistroan izena emana izatearen agiriena.

1.1.4. Destinoaren zain dauden karrerako funtzionarioak eta beren borondatez lehen aldiz parte hartzen dutenak, baldin eta eskaeran, 1.1.3 ataleko puntuazioa aukeratu beharrean, azpiatal honetakoa hautatzen badute.

Balorazioa: zerbitzuko urte bakoitzeko, puntu 1.

Egiaztagiriak: titulu administratiboaren fotokopia konpultsatua, karrerako funtzionario izendatu zutenetik karguaz jabetzeko nahiz uzteko izan dituen eginbideekin batera, edo, behar izanez gero, Langileen Erregistroan izena emana izatearen agiriena.

1.2. Merezimendu akademikoak (gehienez ere 10 puntu).

Baloratzerakoan, Estatu Espainolean balio ofiziala duten tituluak bakarrik izanen dira kontuan.

1.2.1. Doktoretzak eta aparteko sariak:

-Abiapuntuko kidegoan edo hezkuntzako ikuskapen lanpostuetan sartzeko alegatutako titulazioan doktore titulua lortzea.

Balorazioa: 5 puntu.

Egiaztagiriak: kidegoan edo hezkuntzako ikuskapen lanpostuetan sartzeko erabilitako tituluaren fotokopia konpultsatua, edo eskubideak ordaindu izana frogatzen duten ziurtagiriena, 1988ko uztailaren 8ko Aginduan (13ko "Estatuko Aldizkari Ofiziala") ezarri bezala.

-Abiapuntuko kidegoan edo hezkuntzako ikuskapen lanpostuetan sartzeko alegatutako titulazioko doktoretzan aparteko saria lortzea.

Balorazioa: puntu 1.

Egiaztagiriak: horren egiaztagiria.

-Abiapuntuko kidegoan edo hezkuntzako ikuskapen lanpostuetan sartzeko alegatutako titulazioko aparteko saria lortzea.

Balorazioa: 0,50 puntu.

Egiaztagiriak: horren egiaztagiria.

-Beste lizentziatura batzuetako doktore tituluagatik:

Balorazioa: 3 puntu.

Egiaztagiriak: horren egiaztagiria.

-Beste doktoretza batean jasotako aparteko sariagatik:

Balorazioa: 0,50 puntu.

Egiaztagiriak: horren egiaztagiria.

-Beste lizentziatura batzuetan jasotako aparteko sariagatik:

Balorazioa: 0,25 puntu.

Egiaztagiriak: horren egiaztagiria.

1.2.2. Unibertsitateko beste titulazio batzuk.

Unibertsitateko titulazio ofizialak, abiapuntuko kidegoan sartzeko baldintzak direla-eta alegatutakoak ez badira, honela baloratuko dira:

-Lizentziatura, Ingeniaritza, Arkitektura edo ondorio guztietarako legez baliokide diren tituluak:

Balorazioa: 3 puntu bakoitzeko.

-Diplomatura, ingeniaritza tekniko edo arkitektura teknikoko titulu bakoitzeko edo legez baliokide diren tituluak eta lizentziatura, arkitektura edo ingeniaritza bateko lehen zikloari dagozkion ikasketak:

Balorazioa: 3 puntu bakoitzeko.

Ez dira inola ere baloratuko sartzeko alegatu zen titulua eskuratzeko egindako ikasketenak, ez eta aurreko atalean barematutako tituluak ere.

Egiaztagiriak: kidegoan sartzeko erabilitako tituluaren fotokopia konpultsatua, eta merezimendu gisa aurkezten dituen guztiena, edo eskubideak ordaindu izana frogatzen duten ziurtagiriena, 1988ko uztailaren 8ko Aginduan (13ko "Estatuko Aldizkari Ofiziala") aurreikusi bezala. Lehen zikloko ikasketak badira, haiek gainditu izana frogatzen duen ziurtagiri akademikoa.

1.2.3. Araubide bereziko ikasketen titulazioak.

Hizkuntza Eskola Ofizialetako eta Musika edo Dantza Kontserbatorietako araubide bereziko ikasketen titulazioak honela baloratuko dira:

-Erdi mailako Musika eta Dantza: puntu 1.

-Hizkuntzen irakaskuntza:

.Oinarrizko zikloa edo erdiko mailaren ziurtagiria: puntu 1.

.Goi mailako zikloa edo maila aurreratuaren ziurtagiria: puntu 1.

Hizkuntza Eskola Ofizialeko Gaitasun Agiriak bi zikloak hartzen ditu bere baitan.

Balio bereko bi euskara titulu edo gehiago aurkezten baldin badira, horietako bakar bat hartuko da aintzat.

Egiaztagiriak: tituluaren fotokopia konpultsatua eta merezimendu gisa aurkeztutakoena edo, bestela, titulua lortzeko ikasketak egin izanaren ziurtagiriena.

1.3. Prestakuntza eta hobekuntza (gehienez ere 5 puntu).

1.3.1. Irakaskuntzarekin eta ikuskaritzarekin zerikusia duten ikastaro gaindituak izatea. Ikastaro horien antolatzaileak: Hezkuntza eta Zientzia Ministerioa, autonomia erkidegoetako hezkuntza administrazioak, aipatu administrazio horiek onartu edo homologatutako irabazi asmorik gabeko erakundeak eta unibertsitateak. Puntuazioa: 0,10 puntu ikastaroko hamar orduko, ikastaroak gainditu eta egiaztatzen badira. Xede horrekin, ikastaro guztietako orduen batuketa eginen da, eta ez da puntuaziorik emanen hamar ordutik beheitiko hondarrengatik.

Ikastaroak kredituetan emanak badira, kreditu bakoitzak 10 orduren balioa izanen du.

Balorazioa: gehienez 4 puntu.

Egiaztagiriak: ikastaroen ziurtagiria, iraupena agertuko duena, ordutan espresuki adierazia. Irabazi asmorik gabeko erakundeek antolaturikoen kasuan, ziurtagirian edo eranskinen batean egiaztatu beharko dute onarpena edo homologazioa, fede emateko prozeduraren bat erabiliz.

1.3.2. Hezkuntza programak zuzentzen edo egiten edo hobekuntza ikastaroak ematen parte hartzeagatik, betiere, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak eta Autonomia Erkidegoetako Hezkuntza Administrazioek eskainiak eta/edo baimenduak badira.

Balorazioa: gehienez 1 puntu.

Egiaztagiriak:

Haiei buruzko frogagiriak, edo dagokion Zuzendaritza Nagusiaren edo Zuzendaritza Probintzialaren txostena.

II.-Beste merezimendu batzuk (gehienez ere 20 puntu).

2.1. Argitalpenak: 5 puntu bitarte.

Irakaskuntzarekin zuzeneko lotura duten argitalpen didaktiko edo zientifikoak.

Egiaztagiriak:

Liburuak badira argitalpenaren ale bat eta argitaletxearen ziurtagiria, non aleak zenbat izan diren eta haiek liburu-denda komertzialetan zabaldu direla adieraziko baita.

Unibertsitate, Erakunde edo Entitate Publikoek argitaratutako liburuen kasuan beharrezkoa izanen da liburuen banaketa jasotzen duen ziurtagiria aurkeztea.

Aldizkarien kasuan, ale kopurua, banaketa eta salmenta tokiak, edo aldizkaria zein elkarte zientifiko edo teknikoarena den, legez eratuta, jasotzen duen ziurtagiria.

Azaroaren 2ko 2984/1972 Dekretuak xedatutakoaren ondorioz ISBNa, edo dagokion kasuan ISSNa edo ISMNa, azaldu behar izan arren horrelakorik ez duten argitalpenak ez dira baloratuko, ez eta egileak editatu dituenak ere.

Argitalpenak bakarrik formatu elektronikoan izan badira, txosten ofizial bat aurkeztuko da, non erakunde emaileak ziurtatuko baitu argitalpena datu base bibliografikoan ageri dela. Agiri horretan datu basea, argitalpenaren izenburua, egileak, aldizkaria, liburukia, urtea eta hasierako eta bukaerako orrialdeak adieraziko dira.

Argitaletxe, elkarte edo erakunde emailea desagertu den kasuetan, zuzenbidean onartua den edozein frogabidez baliaturik justifikatu beharko da.

2.2. Egindako lanen balorazioa (ikus laugarren xedapen gehigarria) (gehienez ere 10 puntu).

2.2.1. Hurrengo lanpostuetan edo hezkuntza administrazioetako lanpostu baliokideetan emandako zerbitzu urte bakoitzeko: Hezkuntzako Ikuskatzailetzaren zuzendariorde nagusia, Estatuko Oinarrizko Hezkuntzako, Batxilergoko edo Irakaskuntza Ertaineko Ikuskatzailetza Orokorraren ikuskatzaileburua, Lanbide Heziketako koordinatzaile nagusia.

Balorazioa: 1,5 puntu.

Urte zatiak baloratu behar direnean, 0,125 puntu emanen da hilabeteko.

Egiaztagiriak: izendapenaren fotokopia konpultsatua, hezkuntza administrazio eskudunak luzatua, karguaz jabetzeko nahiz uzteko eginbideekin edo, bestela, ikasturte honetan karguan jarraitzen duela adierazten duen ziurtagiria.

2.2.2. Hurrengo lanpostuetan edo dei egin duten hezkuntza administrazioetako lanpostu baliokideetan emandako zerbitzu urte bakoitzeko: ikuskatzaile zentrala, Estatuko Oinarrizko Hezkuntzako, Batxilergoko edo Irakaskuntza Ertaineko Ikuskatzailetza Orokorraren ikuskatzaile nagusia, Lanbide Heziketako koordinatzaile zentrala, Ikuskatzailetza Zentralaren idazkaria edo administraria, Hezkuntzako Ikuskatzailetzaren Zuzendariordetza Nagusiko ikuskatzailea.

Balorazioa: puntu 1.

Urte zatiak baloratu behar direnean, 0,083 puntu emanen da hilabeteko.

Egiaztagiriak: izendapenaren fotokopia konpultsatua, hezkuntza administrazio eskudunak luzatua, karguaz jabetzeko nahiz uzteko eginbideekin edo, bestela, ikasturte honetan karguan jarraitzen duela adierazten duen ziurtagiria.

2.2.3. Hurrengo lanpostuetan edo dei egin duten hezkuntza administrazioetako lanpostu baliokideetan emandako zerbitzu urte bakoitzeko: Oinarrizko Hezkuntzako ikuskatzaileburu probintziala, Estatuko Batxilergoko edo Irakaskuntza Ertaineko Barrutiko ikuskatzaileburua, Lanbide Heziketako koordinatzaileburu probintziala, Hezkuntzako IkuskapenTeknikoaren Zerbitzuko burua, Dibisioko burua.

Balorazioa: 0,750 puntu.

Urte zatiak baloratu behar direnean, 0,062 puntu emanen da hilabeteko.

Egiaztagiriak: izendapenaren fotokopia konpultsatua, hezkuntza administrazio eskudunak luzatua, karguaz jabetzeko nahiz uzteko eginbideekin edo, bestela, ikasturte honetan karguan jarraitzen duela adierazten duen ziurtagiria.

2.2.4. Hurrengo lanpostuetan edo dei egin duten hezkuntza administrazioen menpeko lanpostu baliokideetan emandako urte bakoitzeko: Barrutiko ikuskatzaileburua, ikuskatzaileburu albokoa, sektoreko taldeen arteko koordinatzailea, Mugapeko koordinatzailea.

Balorazioa: 0,50 puntu.

Urte zatiak baloratu behar direnean, 0,041 puntu emanen da hilabeteko.

Egiaztagiriak: izendapenaren fotokopia konpultsatua, hezkuntza administrazio eskudunak luzatua, karguaz jabetzeko nahiz uzteko eginbideekin edo, bestela, ikasturte honetan karguan jarraitzen duela adierazten duen ziurtagiria.

2.2.5. Zein kidegotatik parte hartzen duen, hari esleitutako destinoko osagarriaren maila bereko edo goragoko lanpostuetan beste hezkuntza administrazio batzuetan egindako zerbitzu urte bakoitzeko. Eranskin honetako 2.2.1 ataletik 2.2.4ra bitarte aipatutakoez beste behar dute izan nahitaez.

Balorazioa: 0,750 puntu.

Urte zatiak baloratu behar direnean, 0,062 puntu emanen da hilabeteko.

Egiaztagiriak: izendapenaren fotokopia konpultsatua, hezkuntza administrazio eskudunak luzatua, karguaz jabetzeko nahiz uzteko eginbideekin edo, bestela, ikasturte honetan karguan jarraitzen duela adierazten duen ziurtagiria.

2.3. Hezkuntzako kidegoren batean katedraduna izatea.

Balorazioa: 3 puntu.

Egiaztagiriak: titulu administratiboaren fotokopia konpultsatua edo, hala denean, izendapena ateratzen den Aldizkari edo Egunkari Ofizialeko kredentzialarena.

2.4. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko kudeaketa eremuan dauden lanpostuetarako honela baloratuko da euskararen ezagutza:

Balorazioa: 2 puntu.

Egiaztagiriak: EGAren edo titulu homologatuen fotokopia konpultsatua.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenbizikoa.-Antzinatasunaren balorazioa.

1. Baremoko 1.1 ataleko ondorioetarako ikasturte hau ikasturte osotzat hartuko da. 1.1.2 ataleko zerbitzuak ez dira aintzat hartuko 1.1.1, 1.1.3 edo 1.1.4 ataletako zerbitzuekin batera egin diren urteetan.

2. 1.1.1, 1.1.2, 1.1.3 eta 1.1.4. atalen ondorioetarako, kontatu eginen dira zerbitzu berezien egoeran emandako zerbitzuak, halakotzat hartuak direnean abuztuaren 2ko 30/1984 Legearen 29.2 artikuluan, bai eta abuztuaren 2ko 30/1984 Legearen aurreko xedapenen arabera antzeko izaera duten egoerak ere. Era berean, ondorio horietarako baloratuko da eszendentzia berezian egindako denbora, 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 27. artikuluarekin bat.

Bigarrena.-Lehenbiziko aldiz eta beren borondatez parte hartzen duten karrerako funtzionarioak.

Lehenbiziko aldiz beren borondatez parte hartzen duten karrerako funtzionarioek baremo honetako 1.1.3 ataleko puntuazioa edo 1.1.4.koa hautatzen ahalko dute, eta hala adierazi parte hartzeko eskabidean.

Baldin eta 1.1.4 ataleko puntuazioa hautatzen badute, karrerako funtzionario gisa destinoaren zain emandako zerbitzu-urteez gainera, behin betiko destinoarekin zein ikastetxetatik hartzen duten parte, hartan emandakoak ere kontatuko zaizkie.

Parte hartzeko eskabidean bereizi duten aukera adierazten ez badute, baremo honetako 1.1.3 ataleko puntuazioa hautatu dutela ulertuko da.

Hirugarrena.-2.2.5 azpiataleko ondorioetarako, ez dira kontuan hartuko 2.2 ataleko beste edozein azpiataletako beste batzuekin batera egindakoak.

Laugarrena.-Egindako lanaren balorazioa.

Karrerako funtzionarioa izatea besterik ez da baloratuko.

Bosgarrena.-1.2.3 eta 2.4 ataletan aurreikusitako ondorioetarako:

1. Balio bereko bi euskara titulu edo gehiago aurkezten baldin badira, horietako bakar bat hartuko da aintzat. Titulu horietako bat Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako goi mailako zikloarena bada, 1.2.3 ataleko puntuazioa emanen da.

2. EGA titulua edo titulu baliokide bat aurkezten bada 1.2.3 atalean ez da punturik emanen Euskararen Oinarrizko zikloarengatik.

II. ERANSKINA

IKASTETXEAREN IZENA IKAST. KODEA HERRIA HERRIAREN KODEA

HEZKUNTZA DEPARTAMENTUA 31000013 IRUÑA 312010002

Iragarkiaren kodea: F0818098