151. ALDIZKARIA - 2008ko abenduaren 12a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

HIRIBERRI DEIERRI

Ordenantza, Hiriberri Deierriko Kontzejuaren eskumeneko landabideen erabilera arautzen duena

Hiriberri Deierriko Kontzejuaren eskumeneko landabide publikoen sarea Deierriko herritar guztien ondarearen atala da. Garrantzi handi-handia du, udal mugapeko mendi eta landetako aberastasuna zaintzeko eta hartan sarbide izateko. Nahitaezkoa da nekazaritzako lanak egiteko. Ongi zaindurik egoteak herritar guztiei egiten die on.

Landabideak gero eta gehiago erabiltzen direnez, haien erabilera arautu beharra dago, xede hauek lortzearren:

-Hiriberri Deierriko Kontzejuaren natur ondarearen balioak zaintzea.

-Baliatzaile guztien erabilera orekatua bultzatzea.

-Erabiltzeko moduan edukitzea.

Horrenbestez, Hiriberri Deierriko Kontzejuak helburu horrekin onetsi du ordenantza hau:

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honek Hiriberri Deierriko Kontzejuaren mugapeko bide publikoen arloan arauketa ezartzea du xede.

2. artikulua. Hiriberri Deierriko Kontzejuaren menpeko bideetan, Trafikoari eta Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari buruzko Legearekin bat eginen da zirkulazioa.

3. artikulua. Guztiz debekatua dago:

1.-Lurra lantzean, traktorearekin bidera ateratzea buelta ematera.

2.-Harriak eta nekazaritzako hondakinak bidera, arekara eta erretenera botatzea.

3.-Bideko arekara lurra bota eta hura betetzea, lur-sailetan nekazaritzako lanak egitean.

4.-Nekazaritzako hondakinak areka, bide eta erretenetan erretzea.

5.-Administrazio baimenik gabe, lehiaketak edo lasterketak egitea, eta ausarkeriaz gidatzea.

6.-Lanabesak edo beste edozein makineria garraiatzea, bideetako zolaren kaltetan bada.

4. artikulua. Lur-sailen titularrek izanen dute arekak garbitzeko ardura, bideak hobeki zaintzen lagundu dezaten.

5. artikulua. Zuhaitzak bideetatik 4 metrotara landatuko dira, adarrak areketatik atera ez daitezen.

6. artikulua. Hiriberri Deierriko Kontzejuaren eskumeneko landabideetan ibiltzean, bideen egoerak eta haien ezaugarriek erakutsiko dute zer abiadura komeni den, eta abiadura apalduko da ibilgailu bereziekin, motel dabiltzan ibilgailuekin, azienda saldoekin edo oinezkoekin topo egitean; are gehiago denboraldi lehorretan, hautsa pilatzen baita; izan ere, abidura bizian joanez gero, bideak hondatu egiten dira, zirkulazioa hobetzeko botatzen den harea-geruza desagertzen delako.

Dena dela, 40 kilometro ordukoa da gehieneko abiadura.

7. artikulua. Partikularrek baimena eskatu beharko diote Hiriberriko Kontzejuari lur-sailetako pasabideak egiteko edo aldatzeko, eta gutxienez 40 zentimetroko diametroa duten hormigoizko hodiekin eginen dituzte, haien kontura egin ere. Hiriberriko Kontzejuak egokitzat jotzen duen fidantza eskatzen ahal du, lur-sailetako sarbideak behar den bezala egiten direla bermatzeko.

8. artikulua. Landabideetan ibiltzeko gehieneko pisua 20.000 kilo da.

Zehazturiko muga hori baino tona gehiagoko ibilgailuek Kontzejuko bideetan barrena ibili ahal izateko, baimena eskatu beharko zaio Kontzejuari aldez aurretik, tona kopurua eta bidea zenbat egunetan erabili nahi den zehaztuta. 30 euroko tasa ordainduko zaio Kontzejuari, bidearen zolari eta gainerako elementuei egiten ahal zaizkien kalteen ordain.

Tasaren zenbatekoa kalkulatzeko kontuan hartuko da baimendutako pisuaz goragoko tona horiek bideetan eragiten dituzten kalteak, eta kalte horien arabera igoko edo jaitsiko da tasa.

9. artikulua. Lur-sailen itxituretan zortasun eremu bat izanen da, hiru metrokoa bidearen kanpo ertzetik.

10. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzea, horra arau-haustea.

11. artikulua. Ordenantza hau hausten duenak 150,25 euroko zehapena izanen du, deusetan galarazi gabe egindako kalteengatik ordaindu beharreko kalte-ordainak; hori guztia Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 52. artikuluan ezarritakoarekin bat. Nork bere borondatez ordaindu ezean, premiamendu bidez bilduko dira isunak.

Hiriberri Deierrin, 2008ko azaroaren 14an.-Alkatea, María Teresa Rojas Aguilar.

Iragarkiaren kodea: L0817586