151. ALDIZKARIA - 2008ko abenduaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

2004/2008 EBAZPENA, azaroaren 5ekoa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ingurumen baimen integratua ematen duena Berriobeitiko udal mugapean zoru teknikoa, trenkada desmuntagarriak eta sabai faltsuak fabrikatzeko eta zurgintzako instalazio baterako. Jardueraren titularra Dynamobel, S.A. da.

2006ko abenduaren 29an, Dynamobel, S.A.k Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan Ingurumen baimen integratua eskatu zuen, Berriobeitin duen industria instalaziorako.

Egina dagoen instalazio hori Kutsaduraren Aurkako Aurreneurri eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen I. eranskineko 2.6 epigrafean dago jasota, "Prozedura elektrolitiko edo kimikoaren bidez, metalen eta material plastikoen gainazalen tratamendurako instalazioak, tratamendurako erabiltzen diren kubeta edo linea osoen bolumena 30 m³-tik gorakoa denean" izenekoan. Horren ondorioz, Ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe dago.

Era berean, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 2B eranskineko 2.6 epigrafean dago jasota, " Prozedura elektrolitiko edo kimikoaren bidez, metalen eta material plastikoen gainazalen tratamendurako instalazioak, tratamendurako erabiltzen diren kubeta edo linea osoen bolumena 30 m³-tik gorakoa denean" izenekoan. Horren ondorioz, Ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe dago.

Industria establezimendua ez dago ekainaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan. Istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen dekretu horrek, gai arriskugarriak tarteko diren kasuetarako.

Baimen horren barnean dago isurketak Juslapeña ibaira botatzeko baimena, Uren Legearen Testu Bategina onesten duen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren hamargarren xedapen gehigarriarekin bat; horri begira, isurketak egitearen gaineko onargarritasunari buruzko txostenaren edukia erantsi da. Txostena Ebroko Ur Konfederazioak eman zuen.

Egin den tramitazio administratiboaren laburpena ebazpen honen IV. eranskinean dago.

V. eranskinean sustatzaileak Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuaren 2008ko martxoaren 10eko baimen proposamenari aurkeztutako alegazioen erantzuna ageri da.

Ingurumenaren arloko eskumenak Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiari, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendariari eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariari eskuordetzen dizkien urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen baimen integratua ematea Berriobeitiko udal mugapean zoru teknikoa, trenkada desmuntagarriak eta sabai faltsuak fabrikatzeko eta zurgintzako instalazio baterako. Jardueraren titularra Dynamobel, S.A. da.

2. Jarduera Ingurumen baimen integratua eskatzeko oinarrizko proiektuan eta 1150/06 (AAI) espediente administratiboko agiri osagarrietan aipatzen diren baldintzei jarraituz garatzea, betiere ebazpen honen II. eta III. eranskinetan aipatzen diren neurriak betez.

3. Ingurumen baimenak zortzi urteko indarraldia du. Indarraldia amaitu baino hamar hilabete lehenago, gutxienez, titularrak berriztapena eskatu beharko du, erregelamendu bidez ezarriko den administrazio prozedurari jarraikiz.

4. Ingurumen arloko baimen honek bost urteko indarraldia du, eta iraupen bereko epeetarako berritutzat joko da, baldin eta isurketek aldian-aldian indarra duten ingurumen kalitatearen arauak betetzen badituzte. Indarraldi honetan zehar legeriak isurketa baimenetarako epe handiagoa ezarriko balu, ez luke eragozpen teknikorik izanen hasierako epea arauak ezartzen duen gehienezko eperaino zabaltzeko. Nolanahi ere, legeek ezarritako kasuetan, Ebroko Ur Konfederazioak organo autonomikoari eskatzen ahalko dio Ingurumen baimen integratua aldatzeko prozedurari ekiteko (uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 26. artikulua eta uztailaren 2ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 104. artikulua). Halaber, hondakin urak isurtzeko ezarririko baldintzak behin eta berriro ez betetzea, isuketarako baimena kentzeko arrazoia izanen da, Ur Jabari Publikoari buruzko Erregelamenduaren 263. eta 264. artikuluetan ezarritako prozedurarekin bat.

5. Jarduera edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari jakinarazi beharko dio. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduan xedatutakoarekin bat.

6. Hondakin arriskugarrien sortzaileen erregistroan duen inskripzioa bere horretan uzten da, P/37/NA/2004 zenbakia hain zuzen. Hondakin arriskugarriak sortzen dituen jarduera A244 da, Hondakin Toxiko eta Arriskugarriei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamenduaren I. eranskineko 6. taularen arabera. Erregelamendu hori uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen. Sortzen ahal dituen hondakin arriskugarriak Ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean ageri dira. Hondakin arriskugarrien sorreran egiten ahal diren aldaketak jakinarazi beharko dira, erregistratzeko eta, bidezkoa bada, aipatu III. eranskin horretan sartzeko.

7. Hondakin arriskugarriak ahalik eta gehien gutxitzeko titularrak aurkeztu duen azterlana onestea, ekainaren 20ko 952/1997 Errege Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian xedatutakoarekin bat.

8. 2008ko abenduaren 31 baino lehen, titularrak irekitzeko baimena eskatu beharko du, martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 40. artikuluan eta ebazpen honen II. eranskinean ezartzen diren baldintzetan xedatutakoarekin bat. Aipatutako erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

9. Departamentuak araudi sektorial aplikagarriaren ondorioz baimenaren xede den jarduera edo instalaziorako emandako baimenak eta gainerako administrazio egintzak indarrik gabe uztea, betiere ebazpen honetan haiei buruz espresuki egindako adierazpenik badago. Zehazki, zoru teknikoak fabrikatzeko jarduerarako Ingurumen baimen integratua Ingurumeneko zuzendari nagusiaren urtarrilaren 27ko 185/2005 Ebazpenak eman zuen.

10. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

11. Ebazpen honek ez dio administrazio bideari bukaera ematen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazioek ebazpenaren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko Salari zuzendua, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epe horiek ebazpen honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

12. Ebazpen hau jakinaraztea Dynamobel, S.A. enpresari, Berriobeitiko Udalari, Ebroko Ur Konfederazioari, Nafarroako Larrialdietako Agentziari eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko azaroaren 5ean.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan, Iruñeko Armada etorbideko 2ko behean (8. solairua, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuko web atarian, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren sailean, "Ingurumen baimenak" kontsulten atalean.

Iragarkiaren kodea: F0817460