Iragarkia
150. ALDIZKARIA - 2008ko abenduaren 10a
I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak
1841/2008 EBAZPENA, urriaren 23koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Errektoreak emana, Unibertsitate honetako teknikari izateko lanpostu huts bat betetzeko hautaprobetarako deia egiten duena.
Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege organikoaren 73. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, hautaproba horiek egiteko ondoko hauek xedatzen dutenari lotu behar zaio: funtzio publikoaren gainean indarra duen legedia, Unibertsitateei buruzko Lege Organikoa eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetan biltzen diren arau berariazkoak, bai eta deialdi honek ezartzen dituen arauak ere.
Ikusirik Langileen Kudeaketa Ataleko Buruaren txostena, Giza Baliabideen Zerbitzuko Zuzendariak ontzat emana, zeinean baieztatzen baita ezen, Unibertsitatearen Gizarte Kontseiluak onetsi duen Lanpostuen Zerrendaren arabera, badagoela A taldeko lanpostu huts bat, aurrekontuan kontu-saila badaukana eta Unibertsitateak onetsi duen Lan Eskaintza Publikoan ezartzen denaren arabera bete beharrekoa dena.
Kontu-hartzailearen txostena izanda.
Unibertsitateko kudeatzaileak proposaturik.
Lege indardunek eman dizkidaten eskurantzak erabiliz,
EBATZI DUT:
Lehena.-Unibertsitate honetako Kudeaketako Eskala Teknikoko Informazioko Teknikariaren lanpostu huts bat betetzeko hautaprobetarako dei egitea.
Bigarrena.-Deialdia arautuko duten oinarriak, Ebazpen honekin batera doazenak, onestea.
Hirugarrena.-Sortzen den gastua honako kontusail hauei egotziko zaie: AZLren Oinarrizko Lansariak, AZLren Lansari Osagarriak eta 2008 ekitaldiko gastuen aurrekontuko I. kapituluko Gizarte Segurantza kontusaila.
Laugarrena.-Ebazpen hau eta deialdiaren oinarriak, "Estatuko Aldizkari Ofizialean" eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara daitezen agintzea.
Bosgarrena.-Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitateei buruzko Lege Organikoaren 6.4 artikuluak xedatzen duenari jarraikiz, eta, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke errektorearen aurrean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, hilabeteko epean lehenengo kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita.
Iruñean, 2008ko urriaren 23an.-Errektorea, Julio Lafuente López.
OINARRIAK
1.-Arau Orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da Unibertsitate honetako Administrazio Kudeaketako Eskala Teknikoan, karrerako funtzionario izateko lanpostu huts bat, teknikariarena eta 436 zenbakiduna, oposizio-lehiaketaren bidez betetzea.
1.2. Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 672001 Lege organikoaren 73. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, hautaproba horiek egiteko ondoko hauek xedatzen dutenari lotu behar zaio: funtzio publikoaren gainean indarra duen legedia, Unibertsitateei buruzko Lege Organikoan eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetan biltzen diren arau berariazkoak, eta deialdi honek ezartzen dituen arauak.
1.3. Hautaprobak gainditzen dituen izangaiari lanpostua esleituko zaio, oposizio-lehiaketan lortutako puntuazioaren arabera.
1.4. Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 lege organikoaren 75.2 artikuluak aurreikusten duenari jarraikiz, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta "Estatuko Aldizkari Ofizialean" argitaratuko da. Azken argitalpen hori izango da erreferentzia, eskaerak aurkezteko epeak kalkulatzerakoan. Deialdi honetatik eratorritako gainerako administrazio ebazpenak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean baizik ez dira argitaratuko.
2.-Izangaien baldintzak.
2.1. Hautaprobak egiteko onartuak izateko, hautagaiek eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, ondokoak bete beharko dituzte:
a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa edo, Europar Batasunak ezarri eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estatu betekoa, Europar Batasuna eratu zeneko itunean zehaztu zen bezala, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzko apirilaren 12ko 7/2007 Legearen 57. artikuluak xedatzen duenari jarraikiz.
Era berean, parte hartu ahal dute langile horien ahaideek (aurrekoek edo ondorengoek), abenduaren 23ko 17/1993 Legeak ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Lege hori abenduaren 29ko 55/1999 Legeak eta maiatzaren 19ko 800/1995 Errege Dekretuak aldatu zuten.
b) Hamasei urte beteak izatea, eta erretiro-adina betea ez izatea.
c) Lizentziadun, ingeniari, edo arkitekto titulua edukitzea edo baliokidea dena (halakorik bada) edo, bestela, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, titulua erdiesteko moduan egotea.
Atzerrian erdietsitako titulazioak badira, aipatutako egunean izangaiak eskuan izan beharko du homologazioaren egiaztagiria.
d) Eginkizun publikoak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoak edukitzea.
e) Diziplinako espediente baten ondorioz edozein administrazio publikotako zerbitzutik baztertua ez izatea, eta eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea epai irmoaren bidez.
Espainiako nazionalitatea ez dutenek frogatu egin beharko dute funtzio publikoan sartzea galarazten dien diziplinako zehapenik edo zigor kondenarik ez dutela.
2.2. Aurreko arauetan ezarritako baldintzak eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dira, eta karrerako funtzionarioaren jabetza hartu arte beteko dira.
2.3. Eskaera aurkezten denean formazko adierazpen berariazkoa besterik ez da eskatuko. Bertan adieraziko da deialdi honen 2.1a) eta 2.1e) azpiataletan ezartzen diren baldintzak betetzen direla. Horiek geroago egiaztatuko dira, oposizio-lehiaketa gaindituz gero.
3.-Eskaerak.
3.1. Hautaproba hauetan parte hartu nahi dutenek IV. Eranskinean argitara emandako eskabidean asmo hori jakinaraziko dute. Eskaerarekin batera hauek aurkeztuko dituzte:
a) Izangaiaren Nortasun Agiri Nazionalaren edo haren nazionalitatea eta nortasuna ziurtatzeko agiri baliokidearen fotokopia.
b) Azterketa egiteko eskubideak ordaindu dituztela erakusten duen bankuaren jatorrizko agiria, 3.5. oinarrian ezarritakoari jarraikiz.
3.2. Elbarri diren eta ezgaitasun maila ehuneko 33 edo gehiago duten izangaiek egoera hori baieztatu beharko dute, erakunde eskudunek emandako agiriaren bidez, eta, halaber, beren elbarritasunaren eta haren mailaren berri emango dute eskaeraren 6. eta 7. ataletan. Hautaprobak egin ahal izateko egokitzapenen bat beharrezkoa den kasuetan, zer egokitzapen-klase behar duten aipatu beharko dute, berariaz, eskaeraren 8. atalean. Atal hau betetzen ez bada, ulertuko da oposizio-aldiko ariketak egiteko ez dutela inolako egokitzapenik behar.
3.3. Euskararen ezagutzari buruzko borondatezko proba, lehiaketa-aldikoa, egin nahi duten izangaiek eskabidearen 24A atalean adieraziko dute esaldi honekin: "Euskarazko proba borondatezkoa. Lehiaketa aldia". Hautaprobetara onartua izateko eskabidean jasota ez badago, ez da onartuko eskaerarik borondatezko proba hori egiteko. Hautaproba hori seigarren oinarrian ezarritakoari jarraikiz egingo da.
3.4. Eskaerak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrean (Administrazio eta Kudeaketa Eraikina, beheko solairua, Arrosadiko Campusa, 31006 Iruñea) aurkeztuko dira, edo Administrazio Publikoen Eraentza Juridiko eta Guztientzako Administrazio Prozedurari buruzko Legeak aurreikusten duen moduan, hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdi hau "Estatuko Aldizkari Ofizialean" argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektore jaunari zuzenduko zaizkio.
Eskaera posta bulego batean aurkezten duenak posta zerbitzuen erregelamenduaren 205.3 artikuluak ezartzen duen prozedura bete beharko du: eskaera gutunazal irekian aurkeztuko da, enplegatuak zigilua jar diezaion, eta argi agertuko dira bulegoaren izena eta data. Horrela egiten ez bada, ulertuko da aurkeztu dela Unibertsitate honetako erregistro orokorrean duen sarrera-datan.
3.5. Azterketa eskubideak 25 eurokoak izango dira, eta Nafarroako Rural Kutxako 3008 0001 18 0700190523 zenbakiko kontu korrontean sartuko dira, honako hau adierazirik: "Hautaprobak-Teknikoa 436 zk".
Azterketako eskubideak ordaintzeak ez du inoiz ere ordeztuko eskabidea epearen barnean, modu egokian eta aurreko atalean aipatutako organoaren aurrean aurkeztearen tramitea.
Azterketa eskubideak ordaindu izana egiaztatzen ez duten izangaiak hautaprobetatik baztertuko dira.
3.6. Izangaiek aurkeztutako agiriak berreskuratu ahal izango dituzte, berariaz eskatzen badute, izendapena egiten duen ebazpena "Estatuko Aldizkari Ofizialean" argitaratzen den egunetik aurrera. Ezarritako egunetik urtebetera dokumentazioa jaso gabe dutenek jasotzeko asmorik ez dutela ulertuko da, eta, hortaz, horretarako eskubidea galduko dute.
4.-Izangaiak onartzea.
4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Errektoreak ebazpena emango du, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko dena. Horretan onartu eta baztertuen zerrenda onetsitzat emango da, bigarren kasuan baztertzearen zergatia azalduko delarik.
4.2. Onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik, hamar egun balioduneko epea irekiko da, alegazioak aurkeztu edo baztertzea ekarri duten akatsak zuzendu ahal izateko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1882 Legearen 71. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz.
Edonola ere, akatsak saihestearren eta zuzenketa tenorez eta moduz egitea ahalbidetzeko, izangaiek zalantzarik utzi gabe ziurtatuko dute ez bakarrik baztertuen zerrendan ez daudela, baizik eta, era berean, haien izenak zuzen jasotzen direla onartuen zerrendan.
Ezarritako epean hutsuneen alegazioak aurkeztu ez, edo atzemandako akatsak zuzentzen ez dituzten izangaiak, proba hauetan parte hartzeko behin betiko bazterturik geratuko dira.
4.3. Erreklamazioak eta alegazioak aurkezteko epea bukatu eta akatsak zuzendu ondoren beste ebazpen bat emango da, bertan adierazita onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda eta lehen ariketa egiteko eguna, tokia eta ordua. Ebazpen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.
4.4. Baztertzeko arrazoia izango da, oinarri hauetako beste atal batzuetan adierazitakoez gain, ondokoa:
Eskaera sinatu gabe egotea.
Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia ez aurkeztea.
4.5. Merezimenduen ariketatik baztertua izateko arrazoia izango da eskaeran dagokion atala ez azaltzea eta, hizkuntza ariketari dagokionez, aukeratutato hizkuntza ez zehaztea.
4.6. Bidezkoa izango da azterketa-eskubideak itzultzea, bakar-bakarrik deialdia egin duen administrazioari egotzi ahal zaion baztertzeko arrazoiaren kasua denean.
5.-Epaimahaia.
5.1. Hautaprobak kalifikatuko dituen Epaimahaia deialdi honetako II. Eranskinean datorrena da.
5.2. Epaimahaiko kideek ezin izango dute jardun, eta halaxe jakinaraziko diote errektoreari, Eraentza Juridikoari eta Guztientzako Administrazio Prozedurari buruzko Legeko 28. artikuluak ezartzen dituen gorabeherak gertatzen direnean, edo eta deialdi hau argitaratu eta lehenagoko bost urteetan hautaprobetarako izangaiak prestatzeko lanak egin badituzte.
Halaber, izangaiek Epaimahaiko kideak errefusatu ahalko dituzte, oinarri hauetan aipatzen diren inguruabarrak gertatzen direnean.
5.3. Oposizio aldiko hautaprobak hasi baino lehen, deialdia egiten duten agintariek aginduko dute "Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean" ebazpen bat argitaratzea, zeinak izendatuko baititu aurreko oinarrian aipatzen diren arrazoietakoren batengatik epaimahaiko kide izaera galdu duten kideen ordezkoak.
5.4. Epaimahaiburuak aldez aurretik deituta, eratuko da Epaimahaia, bertan egongo delarik, gutxienez, kideen gehiengo absolutua, titularrak edo ordezkoak. Epaimahaiburuak eskatzen ahalko die epaimahaiko kideei berariazko aitorpena, zeinean aitortuko baitute ez daudela Administrazio Publikoen Eraentza Juridikoari eta Guztientzako Administrazio Prozedurari buruzko Legeko 28. artikuluak ezartzen dituen gorabeheretan sartuta. Bilera horretan Epaimahaiak hautaprobak behar bezala egin ahal izateko beharrezkoak diren erabaki guztiak ere hartuko ditu.
5.5. Deialdi honetako hautaprobak egin bitartean arautegi hau interpretatzeak eta aplikatzeak sorraraz ditzaketen zalantzak Epaimahaiak garbituko ditu, eta hautaprobak aurrera egin ahala arautegian aurreikusten ez diren eta sor litezkeen auziak ebazteko neurriak hartuko.
Epaimahaiaren jardunak, uneoro, Eraentza Juridikoari eta Guztientzako Administrazio Prozedurari buruzko Legeak ezartzen duenaren arabera gauzatuko da.
5.6. Epaimahaiak erabaki lezake bere lanetan laguntzaile adituak sartzea, egoki jotzen dituen probetan edo proben aldeetan, laguntzaile hauen eginbeharra beren berezitasun teknikoen alorrera mugatuko delarik. Laguntzaile hauen izendapena Unibertsitateko errektoreari jakinarazi beharko zaio.
5.7. Epaimahai kalifikatzaileak neurri egokiak hartuko ditu hau beharrezkoa den kasuetan, elbarritasun edo ezintasunak dituzten izangaiek gainontzeko izangaien baldintza berberak eduki ditzaten probak egiteko orduan, 3.2 oinarrian ezarritakoari jarraikiz.
5.8. Epaimahaiburuak egoki jotzen dituen neurriak hartuko ditu oposizio aldian idatziz egingo diren eta irakurri behar ez diren ariketen erantzunak zuzen daitezela izangaiak nortzuk diren jakin gabe.
5.9. Jakinarazpenak emateko eta bestelako gorabeheretarako, Epaimahaiaren egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazio eta Kudeaketa Eraikina izango da.
5.10. Proba horietan jardun behar duen epaimahaiak, indarra duen legediak kasu horietarako ezartzen duen kategoria izango du.
5.11. Epaimahaiak ezin izango du deklaratu inolaz ere deialdi honetako lanpostu betegabeen kopuruak baino hautagai kopuru handiagoak gainditu dituela hautaprobak.
5.12. Hautaketa prozesua bukatu ondoren, Epaimahaiak zerrenda bat egingo du; bertan hautaprobaren bat gainditu eta lanposturik atera ez duten izangaiak zerrendatuko dira, proba bakoitzean erdietsitako puntuazioekin, hori kontuan hartu ahal izateko, prozedura indardunaren barnean, zerrendako izangaiak aldi baterako kontratatzeari begira, betiere Nafarroako Unibertsitate Publikoaren langileen beharren arabera. Zerrenda hori Giza Baliabideen Zerbitzura igorriko da.
6.-Hautatze prozesua
6.1. Izangaiak hautatzeko prozesuak honako aldi hauek edukiko ditu:
A) Oposizio aldia:
Lehenengo ariketa: nahitaezkoa eta baztertzailea.
Aukera anitzeko galderak deituriko motako test bat izango da, erantzun zuzen bakarreko galderak dituena, deialdi honetako I. Eranskinean ezarririko gai-zerrendan, bai berariazko atalean bai orokorrean, datozen gaien gainean.
Proba hau egiteko denbora, gehienez ere, ordu batekoa izango da.
Huts egindako erantzunak modu negatiboan balioetsi ahalko dira, probak hasi baino lehenago epaimahaiak erabakiko duen proportzioan.
Ariketa honen balioespena 0tik 15 puntura bitartekoa izango da, eta gainditzeko 7,5 puntu lortu beharko dira, gutxienez ere.
Bigarren ariketa: nahitaezkoa eta baztertzailea.
Hiru kasu praktiko ebatzi beharko dira. Epaimahaiak proposatuko ditu eta lotura izango dute deialdiaren I. Eranskinean datorren gai-zerrendaren atal berariazkoarekin.
Proba praktikoaren ezaugarriak deialdiaren xedeko lanpostuaren eginkizunei egokituko zaizkie. Ariketa hau ebazteko epaimahaiak baimendu ahalko du beharrezkoa den materiala erabiltzea. Halaber, baliabide informatikoak erabili ahalko dira (erabiltzailearen mailakoak), epaimahaiak egokitzat jotzen badu. Horrela bada, PC bat erabiliko da, Windows XP sistema operatiboa, Microsoft Office 2003 programa eta Internet Explorer nabigatzailea dituena.
Ariketa honen iraupena, gutxienez ere, lau ordukoa izango da, eta gehienez ere, sei ordukoa, epaimahaiaren irizpidearen arabera.
Ariketaren balioespena 0tik 20 puntura bitartekoa izango da, eta gainditzeko 10 puntu lortu beharko dira, gutxienez ere, eta, halaber, kasu praktikoetako edozeinetan 0 puntu ez beharko da izan.
Hirugarren ariketa: nahitaezkoa eta baztertzailea.
Idatziz azaldu beharko dira bi gai, epaimahaiak zozketaz aterako dituenak deialdiaren I. Eranskinean dagoen gai-zerrendaren atal berariazkotik.
Ariketa honen iraupena, gutxienez ere, lau ordukoa izango da, eta gehienez ere, sei ordukoa, epaimahaiaren irizpidearen arabera.
Proba bukatu ondoren, ariketa bakoitza gutunazal batean sartuko da. Epaimahaiak zainduko du eta dei egingo die oposiziogileei, azaldutako gaiak irakurri eta defendatzeko. Deialdi bakarra izango da. Epaimahaiak denbora nahikoarekin iragarriko du irakurketa hori zer egun, ordu eta tokitan egin behar den.
Ariketa horren balioespena, guztira, 0tik 20 puntura bitartekoa izango da. Gai bakoitzak 0 eta 10 punturen artean balioko du, beharrezkoa delarik, proba hau gainditzeko, gutxienez 4 puntu izatea gai bakoitzean, betiere, izangaiak probaren balioespen osoan, 10eko gutxienezko puntuazioa erdiesten badu.
Laugarren ariketa: nahitaezkoa eta baztertzailea.
Itzulpen idatzia egin beharko da, ingelesetik gaztelaniara, eta alderantziz. Itzulpenak izaera teknikoa izango du, deialdiko ianpostuaren eginkizunekin loturik.
Proba hau egiteko denbora, gehienez ere, bi ordukoa izango da.
Ariketa hiztegirik gabe egin behar da.
Zati horri 0tik 15 puntura bitarteko balioespena emango zaio, eta gutxienez ere 7,5 puntu ateratzen ez dituzten oposiziogileak baztertu egingo dituzte.
B) Lehiaketa aldia:
Curriculumaren merezimenduak aurkeztea.-Oposizio aldiko nahitaezko ariketak bukatu ondoren, gainditu dituzten oposiziogileek 10 egun balioduneko epea izango dute, aldi hori gainditu dutenen zerrenda argitaratu eta biharamunetik, alegatu dituzten curriculumaren merezimenduak egiaztatzen dituzten agiriak aurkezteko.
Lehiaketa aldia.-Baremoa.
Lehiaketa aldian bakarrik sartuko dira oposizio aldia gainditu duten izangaiak. Izangaiek aurkeztutako merezimenduak balioesteko ondotik doan baremoa erabiliko da. Izangaiek merezimendu horiek izan beharko dituzte deialdi hau argitaratzen den egunean. Geroago lortutakoak ez dira kontuan hartuko.
Lehiaketa aldiko atal bakoitzari dagozkion merezimenduak batu, eta erdietsitako puntuazioa inoiz ere ez da izango 30 puntu baino gehiagokoa.
Merezimendu guztiak agiri bidez alegatu eta frogatuko dira. Merezimenduak egiaztateko, izangaiek emandako zerbitzuen egiaztagiriaren jatorrizkoa edo fotokopia egiaztatua aurkeztu beharko dute, zerbitzua non eman duten, erakunde horretako langileen unitateak egina, eta baita titulazioen eta egindako ikastaroen egiaztagirien jatorrizkoa edo haien fotokopia egiaztatua ere.
B.1.-Merezimendu profesionalak: honako merezimendu hauek balioetsiko dira, eta atal honetako gehienezko puntuazioa 16,5 puntukoa izango da:
a) Eskaerak aurkezteko epea bukatzean unibertsitate publikoetan zerbitzu ematen egindako hilabete bakoitzeko, deialdiko lanpostuari dagozkion eginkizun antzekoetan, 0,35 puntu. Gehienez ere, bost urte hartuko dira kontuan.
b) Eskaerak aurkezteko epea bukatzean unibertsitate publikoa ez den edozein administrazio, erakunde edo erakunde publikotan zerbitzu ematen egindako hilabete bakoitzeko, deialdiko lanpostuari dagozkion eginkizun antzekoetan, 0,15 puntu. Gehienez ere, bost urte hartuko dira kontuan.
B.2.-Euskara eta beste hainbat hizkuntzari buruzko ezagutza: honako merezimendu hauek balioetsiko dira, eta atal honetako gehienezko puntuazioa 9 puntukoa izango da:
2.1. Euskara:
a) Euskara Gaitasun Agiria (EGA) edo titulazio ofizial baliokidea edukitzeagatik, 6,75 puntu.
b) Euskarazko oinarrizko zikloko ziurtagiri ofiziala edo titulazio ofizial baliokidea edukitzeagatik, 4,5 puntu. Bateraezina izango da balioespen hau eta aurreko atalak aipatzen duen merezimenduarena.
c) a) eta b) atalek aipatzen dituzten titulazioak egiaztatzeko moduan ez dauden izangaiek, nahi izanez gero, daukaten euskara maila balioesteko proba egin ahal izango dute. Proba hori borondatezkoa eta merezimenduzkoa izango da eta 0tik 2,7ra bitarteko puntuazioa izango du. Proba hori Seigarren Oinarriko Bigarren atalean ezarritakoari lotuko zaio.
2.2. Beste hizkuntza batzuk:
a) Europar Batasuneko edozein hizkuntza ofizialen Gaitasun Agiria, Hizkuntza Eskola Ofizialek ematen dutena, edukitzeagatik edo, bestela, titulazio baliokidea, 4,95 puntu hizkuntza bakoitzagatik.
b) Europar Batasuneko edozein hizkuntza ofizialen Oinarrizko Zikloaren Ziurtagiri Ofiziala, Hizkuntza Eskola Ofizialek ematen dutena, edukitzeagatik edo, bestela, titulazio baliokidea, 3,15 puntu hizkuntza bakoitzagatik.
B.3.-Beste merezimendu batzuk: gehienez ere 4,5 puntu emango zaie.
3.1. Bestelako titulazioak edukitzeagatik, betiere, izangaiek ez badituzte alegatu 2.1.c) oinarrian eskatutakoa betetzeko, gehienez ere, puntu 2,5 emango zaie:
a) Diplomadun, ingeniari tekniko edo arkitekto tekniko titulu bat edo batzuk, edo baliokideak edukitzeagatik, gehienez ere puntu 1.
b) Lizentziadun, ingeniari edo arkitekto titulu bat edo batzuk edukitzeagatik, gehienez ere 1,5 puntu.
3.2. Erakunde eta instituzio publikoek antolatutako ikastaroak egin dituztenean, izangaiei 0,1 puntu emango zaizkie 10 prestakuntza ordu-tarte bakoitzeko, eta balioetsiko zaien gehienezko puntuazioa puntu batekoa izango da egindako ikastaro bakoitzeko; atal honetako gehienezko puntuazioa ez da 2 puntu baino gehiagokoa izango. Deialdiaren xedea den lanpostuaren funtzioekin loturiko gaiekin zerikusirik duten ikastaroak balioetsiko dira bakarrik.
6.2. Deialdiaren lehiaketa aldiko 2.1.c) atalean aipatzen den Euskararen ezagupen maila neurtzeko proba saio bakar batean egingo da oposizio aldia bukatu eta gero. Proba egiteko eguna eta ordua ezarriko dituen deialdia Unibertsitateko Administrazio eta Kudeaketa eraikineko iragarki-oholean jarriko da, eta hala eskatzen dutenei beren izenean bidalitako gutunaren bidez jakinaraziko zaie. Proba osoa euskaraz egingo da, eta atal hauek izango ditu:
a) Proba idatzia, gramatika edukiak eta adierazpen idatzia balioetsiko dituena.
b) Ahozko proba, ulermena eta mintzamena neurtuko dituena.
7.-Ariketak egiteko modua.
7.1. Oposizio aldiko lehen ariketa 2009ko maiatzetik aurrera egingo da. Egiteko eguna eta tokia 4.1 oinarrian aipatzen den ebazpenak zehaztuko ditu.
7.2. Ariketa bakoitzean izangaiek nortasuna egiaztatu beharko dute, bakar-bakarrik NANa, pasaportea edo gidatzeko baimena erakutsita, eta horrekin batera probetan onartua izateko eskabidea, interesdunari dagokiona.
Baldintza hori betetzen ez duen izangaia probetatik baztertuta geratuko da.
Agiri horien kopiak edo fotokopiak ez dira inola ere baliodunak izango.
7.3. Izangaiak oposizio aldiko ariketak egiteko deituko dituzte, deialdi bakarrean, eta agertzen ez direnak baztertuta geldituko dira, ezinbesteko kasuetan salbu, betiere Epaimahaiaren aurrean justifikatu eta honek justifikazioa onartu eta gero.
Izangaiei deitzeko, ordena alfabetikoari jarraituko zaio, Administrazio Publikorako Estatuko Idazkaritzak urtero egiten duen zozketaren ondoren ateratzen den letratik hasita.
Eskubidea galduko dute probak hasi eta gero agertzen direnek probak egiteko tokira, edo, arrazoi frogatua izanda ere agertzen ez direnek.
Epaimahaikideek eta haien laguntzaileek ez diete sartzen utziko ariketak egiten diren geletara aurreko baldintza horiek betetzen ez dituztenei, ez eta deitutako izangaiendako deialdia bukatu ondoren agertzen direnei ere.
Hala ere, ahozko probak, edo bestelakoak, banaka eta elkarren jarraian egitekoak, baldin badira, epaimahaiak kontuan hartu ahalko ditu alegatutako arrazoiak eta izangaia onartu, betiere probak bukatu ez badira eta onarpen horrek gainerako izangaiekiko berdintasun printzipioari kaltea egiten ez badio.
7.4. Hautaproben edozein unetan, Epaimahaiak jakiten badu izangaietakoren batek ez dituela deialdi honetan eskatzen diren betebeharreko guztiak, eta interesdunari entzun ondoren, Unibertsitateko errektoreari proposatu beharko dio izangai hori baztertzeko, eta esan beharko dio, halaber, zein zehazgabetasun edo faltsukeria jarri dituen izangaiak hautaprobetara onartua izateko eskaeran, horrek bere ondorioak sor ditzan.
8.-Gainditu dutenen zerrenda.
8.1. Ariketa bakoitza bukatu ondoren, Epaimahaiak gainditu duten izangaien behin behineko zerrenda argitaratuko du probak egin diren lekuan, Administrazio eta Kudeaketa Eraikineko iragarki oholean eta Unibertsitatearen web orrian, erdietsitako puntuazioaren hurrenkeran, nortasun agiriaren zenbakia jarrita, eta, hala behar denean, oposizio aldiko hurrengo ariketa non, zein egunetan eta zer ordutan izango den adieraziz, gutxienez 24 ordu lehenago.
Era berean, ariketa bakoitzerako erreklamazioak egiteko epea jarriko da eta epe hori bukatu ondoren, gainditu duten izangaien behin betiko zerrenda argitaratuko da.
8.2. Oposizio aldia bukaturik, epaimahaiak gainditu duten izangaien zerrenda aditzera emango du 8.1 oinarrian ezartzen diren tokietan, proba bakoitzean erdietsitako puntuen batuketa egin ondoren, bakoitzak erdietsi duen behin betiko puntuazioaren arabera sailkaturik, eta nortasun agiri nazionala adieraziz.
8.3. Lehiaketa aldia bukatu eta gero, Epaimahaiak jakinaraziko du publikoki, lehen esandako tokietan, merezimenduen balioespenaren emaitza, izangai bakoitzak lortu duen behin-behineko puntuazioa ere adieraziz.
Erreklamazioak egiteko epe bat ezarriko da eta, epea bukatu ondoren, merezimenduen behin betiko balioespena argitaratuko da.
8.4. Epaimahaiak izangaien behin betiko zerrenda argitaratuko du, lortu duten behin betiko postuaren arabera antolatuta, oposizio aldian eta lehiaketa aldian lortu dituzten puntuazioak batu eta gero. Epaimahaiak jendaurrean deklaratuko du hautaprobak gainditu dituztela, eta oposizio aldian eta lehiaketa aldian lortu dituzten puntuak batuz, punturik gehien lortu duten izangaiak karrerako funtzionario izendatzeko proposamena bidaliko dio Unibertsitateko Errektoreari, eta hauen kopurua ez da eskaintzen diren lanpostuen kopurua baino handiagoa izango, deialdi honetako 5.11 oinarriak ezartzen duenarekin bat etorriz.
Gertatzen diren berdinketak oposizio aldian puntuaziorik handiena lortu dutenen alde ebatziko dira. Berdinketak jarraitzen badu, kontuan hartuko dira laugarren, bigarren eta lehen ariketen puntuazioak, ordena horretan, eta berdinketak oraindik ere jarraitzen badu, izangai zaharrenaren alde ebatziko da.
8.5. Lanpostuaren hautaketa, hala behar denean, horretarako adierazten den tokian, egunean eta orduan bertaratuz egingo da. Adierazitako epearen barnean hautaketa egiten ez duten izangaiek, behar bezala justifikaturiko ezinbesteko kasuak alde batera utzita, oposizio-lehiaketako lanpostua betetzeko eskubide guztiak galduko dituzte. Kasu horretan, 9.2. oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.
9.-Agiriak aurkeztea eta funtzionarioak izendatzea.
9.1. Karrerako funtzionario izendatzeko proposamena 5.9 oinarrian aipatzen den lekuan edo lekuetan jarri, eta biharamunetik kontatzen hasita, hogei egun naturaleko epean, probak gainditu dituzten lehiatzaileek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Unibertsitateko Erregistro Orokorrean:
a) Deialdi honetan eskatzen diren titulu akademikoen fotokopia konpultsatua.
b) Aitorpena adierazteko diziplina espediente baten ondorioz lehiatzailea ez dagoela bereizita inongo administrazio edo kargu publikotik, eta ez dagoela zigor bidez desgaitua eginkizun publikoak betetzeko. Horrekin batera, espainiar nazionalitatea ez duten izangaiek aitorpena egingo dute, adierazteko ez dutela beren estatuan funtzio publikoan aritzea galarazten dien diziplina zehapenik edo zigor kondenarik.
c) Ziurtagiri medikoa, eskaintzen den lanpostuaren eginkizunetan aritzeko gaitasun psikikoa eta fisikoa edukitzea egiaztatzen duena. Horretarako, azterketak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Aurrezaintza Zerbitzuaren mediku zerbitzuek egingo dituzte.
d) Halaber, ehuneko 33ko edo gehiagoko ezgaitasun aitortua duten izangaiek arestian aipaturiko erakundeen edo Gizarte Gaietarako Ministerioetako erakunde eskudunen ziurtagiriarekin edo, hala behar denean, dagokion Autonomia Erkidegoarenarekin frogatu beharko dute egoera horretan daudela; ziurtagirian, gainera, esan behar du deialdiaren xede den lanpostuaren eginkizunak egiteko moduan daudela.
9.2. Unibertsitate honetan karrerako funtzionarioaren izaera edukita probetan parte hartu dutenek ez dituzte agiri bidez frogatu beharko lehenagoko izendapenen bidez egiaztatu dituzten baldintza orokorrak, baina bai gainerakoak.
9.3. Ezinbesteko kasuak alde batera utzita, ezarri den epearen barnean agiriak aurkezten ez dituztenak, edo agiriak aztertzearen ondorioz, 2.1 oinarrian aipatzen diren betebeharretakoren bat betetzen ez dutenak, ezin izendatuko dituzte funtzionario, eta beren jardun guztiak deuseztu egingo dira, hasierako eskaeran faltsukeriatan ibiltzeagatik eduki lezaketen erantzukizuna galarazi gabe.
Lehengo atalean aurreikusten den kasuan, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak hutsunea beteko du 8.4. atalak aipatutako gaindituen zerrendan ondoren dagoenarekin, eta horrekin aurreko ataletan aipatu den moduan jokatuko da.
10.-Behin-behineko funtzionarioak izendatzea.
Agiriak aurkeztu eta horiek egiaztatzeko epea iragan ondoren, errektoreak ebazpena emango du, hautaprobak gainditu dituen pertsona karrerako funtzionario izendatzeko. Ebazpen hori NAOn argitaratuko da.
11.-Bildutako datuen gaineko informazioa.
11.1. Interesdunek emandako datuak fitxategi automatizatu batean gorde ahalko dira. Fitxategi hori langileen datu-basea edo lan-poltsaren datu-basea da, Norberaren Datuak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoari jarraikiz.
11.2. Fitxategia Kudeatzailetzaren ardurapean geldituko da (Arrosadiko Campusa, Soforak Eraikina).
11.3. Lortutako informazioa langileen kudeaketarako prozesatuko da, ez bestetarako.
11.4. Datu pertsonalak tratatzeko babes maila ezarrita dago ekainaren 11ko 994/1999 Errege Dekretuan, bertan ezartzen baitira datu pertsonalak dituzten fitxategi automatizatuen segurtasun neurriak. Behar diren neurriak hartuko dira, segurtasunaren aldetik, informazioaren konfidentzialtasuna eta osotasuna bermatzeko.
11.5. Interesdunek sarbidea izateko, zuzentzeko, deusezteko eta aurka egiteko eskubidea erabili ahalko dute, Datuak Babesteko Lege Organikoak ezartzen duena betetzeko. Eskabideak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Kudeatzaileari zuzenduko zaizkio (Arrosadiko Campusa, z.g., Soforak eraikina, 31006, Iruñea).
12.-Errekurtsoak.
12.1. Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta errektoreak harturiko izendapen erabakiaren aurka ondoko errekurtsoetako bat jarri ahalko da, legeria indardunarekin bat etorriz:
a) Aukerako berraztertze-errekurtsoa errektorearen aurrean, hilabete bateko epean, ekitaldia edo erabakia jakinarazten edo iragartzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenaren Administrazioarekiko Auzietako Salan bi hilabeteko epean, erabakia jakinarazten den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
12.2. Epaimahaiak deialdi honengatik erabakitzen dituen gainerako aplikazioen aurka gorako errekurtsoa jarri ahalko da, errektorearen aurrean, hilabete bateko epean ekitaldia edo erabakia jakinarazten edo argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita. Gorako errekurtso ebazlearen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahalko da Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenaren aurka.
I. ERANSKINA
GAI ZERRENDA
Zati Orokorra
1. gaia.-Europako Batasuna. Europako Erkidegoko zuzenbidearen iturriak: jatorrizko zuzenbidea eta zuzenbide eratorria. Jatorrizko itunak eta aldatzeko itunak. Europako Erkidegoko zuzenbidea: arauak, zuzentarauak eta bestelako egintzak.
2. gaia.-Europar Batasunaren Erakundeak: Kontseilua, Parlamentua, Batzordea, Justizia Epaitegia eta Kontuen Epaitegia. Europan sartzeak Espainiako Estatuaren antolamenduan eduki duen eragina.
3. gaia.-Espainiako Konstituzioa (I). Oinarrizko edukia eta printzipio nagusiak. Funtsezko eskubideak eta askatasun publikoak. Bermea. Koroa. Gorte Nagusiak.
4. gaia.-Espainiako Konstituzioa (II). Gobernua eta Administrazioa. Botere Judiziala eta Auzitegi Konstituzionala. Konstituzioa eraberritzea.
5. gaia.-Estatuaren lurralde-antolamendua: Estatuaren eta Autonomia Erkidegoen eskumenen banaketa. Autonomia Estatutuak.
6. gaia.-Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa. Egitura eta edukia. Nafarroako Foru Erakundeak: Parlamentua edo Nafarroako Gorteak eta Gobernua edo Foru Diputazioa. Gobernuko Lehendakaria. Nafarroaren printzipioak eta eskumenak.
7. gaia.-14/2004 Foru Legea, abenduaren 3koa, Nafarroako Gobernuari eta bere Lehendakariari buruzkoa. 15/2004 Foru Legea, abenduaren 3koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzkoa.
8. gaia.-Antolamendu juridiko-administratiboa. Iturriak eta hierarkia. Legea. Lege motak. Legearen erreserba. Lege indarra duten botere exekutiboaren xedapenak: Lege-dekretuak eta Dekretu Legegileak.
9. gaia.-Arautzeko ahalmena. Nork duen eta noiz/nola baliatzen duen. Mugak. Erregelamenduak egiteko prozedura. Erregelamenduak egiteko ahalmenaren gaineko kontrola.
10. gaia.-Administrazio egintza. Kontzeptua eta motak. Administrazio egintzaren elementuak. Administrazio egintzaren eraginkortasuna eta balioa Arrazoitzea eta jakinaraztea. Berrikuspena, deuseztapena eta ezeztapena.
11. gaia.-Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztientzako Administrazio Prozedurari buruzko Legea: Planteamendu orokorra eta oinarrizko zuzentarauak. Administrazio Publikoen jarduna arautzen duten arauak.
12. gaia.-Administrazio prozedura. Subjektuak. Denbora administrazio prozeduran: epe-mugak eta epeak. Epeak zenbatzea eta aldatzea. Prozeduraren aldiak. Prozeduraren bukaera. Administrazioaren isiltasuna.
13. gaia.-Hiritarren eskubideak, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztientzako Administrazio Prozedurari buruzko Legean. Prozedura garatzeko bermeak. Administrazio Publikoen erantzukizuna.
14. gaia.-Administrazio prozedurak administrazio errekurtsoaren bidean. Motak eta gaur egungo arauak. Gora jotzeko errekurtsoa, aukerako berraztertzeko errekurtsoa eta berrikusteko aparteko errekurtsoa.
15. gaia.-Gizarte Segurantza. Araubide orokorra eta bereziak: aplikatzeko eremu subjektiboak. Afiliatzeko arauak. Altak eta bajak araubide orokorrean. Prozedura eta ondorioak. Ekintza babeslea.
16. gaia.-Funtzionarioen Gizarte Segurantza. Administrazio-mutualismoa: Funtzionario Publikoen Mutualitate Zibila (Muface): Ekintza babeslea. Kontzeptua eta prestazio-motak. Eskubide pasiboak.
17. gaia.-Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen estatutua. Egitura eta edukia.
18. gaia.-10/1998 Foru Legea, ekainaren 16koa, Nafarroako Administrazio Publikoen Kontratuei buruzkoa. Xedapen orokorrak. Administrazio kontratu ohikoenak: Administrazioarekin kontratuak egiteko baldintzak. Esleitu aurretiko jardunak.
19. gaia.-Aurrekontua: kontzeptua. Aurrekontu-prozesua: egitea, onestea, gauzatzea eta kontrolatzea. Aurrekontu-printzipioak. Aurrekontuaren sistemak eta egiturak: aipamena programen araberako aurrekontuak egiteari. Aurrekontuaren kontrola: kontrol-motak.
20. gaia.-8/1997 FORU LEGEA, ekainaren 9koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren organismo autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko erregimen orokorra arautzen duena.
21. gaia.-8/1988 Foru Legea, abenduaren 26koa, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzkoa. Nafarroako Aurrekontu Orokorrak. Edukia eta aurrekontu prozesua.
22. gaia.-Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Aurrekontua: egitura, edukia eta betetzeko arautegia.
23. gaia.-Unibertsitateetako irakasleak: irakaskidegoetako irakasleak: araubide juridikoa (sarbidea, administrazio egoerak, arduraldia eta lansariak). Irakaskidegoetako lanpostuak betetzea.
24. gaia.-Kontratupeko irakasleak: Motak eta araubide juridikoa.
25. gaia.-Administrazio eta Zerbitzuetako langileak. Funtzionarioak: hautapena eta araubide juridikoa. Langile kontratatuak: araubide juridikoa eta kontratazio motak.
BIGARREN ZATIA
Gai Espezifikoak
1. gaia.-Unibertsitatea zerbitzu publiko gisa. Unibertsitateei buruzko lege Organikoa. Unibertsitatearen autonomia eta bere mugak. Unibertsitate Publikoen araubide juridikoa.
2. gaia.-Unibertsitatearen bilakaera Europako testuinguruan. Espainiako unibertsitate eredua. Unibertsitate sistema Nafarroako Foru Komunitatean.
3. gaia.-Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuak.
4. gaia.-Gizartearen parte-hartzea unibertsitatean: unibertsitate zabalpena. Gizarte Kontseilua. Unibertsitatearen eta gizartearen arteko harremanak sustatu eta bideratzeko fundazioak. Unibertsitateak gaur egun dituen eginkizunak: erronka berriak. Gizartearen eskaerak. Ezagutzaren gizartea. Nafarroako Unibertsitate Publikoa Espainiako eta nazioarteko testuinguruan.
5. gaia.-Unibertsitateko kideak. Azken garaiko bilakaera: profila, gizarte jatorria, emakumearen integrazioa, arduraldi ez-osoko ikaslea, atzerriko ikaslea. Unibertsitatetik alde egitea.
6. gaia.-Boloniako prozesua. Europako Unibertsitate-eremuaren eraikiera. Itunen jatorria eta bilakaera.
7. gaia.-Ikasketen antolamendua Europako Unibertsitate Eremuan. ECTS kredituak. Tituluaren Europako gehigarria.
8. gaia.-Ikasketen antolamendua Europako Unibertsitate Eremuan. Ikasketen eta tituluen egitura. Gradua eta Graduondokoa.
9. gaia.-Ikasketen antolamendua Europako Unibertsitate Eremuan. Irakasteko metodologia eta ikasketa prozesua Europako Unibertsitate Eremuan.
10. gaia.-Unibertsitatean sartzea. araudia, prozedurak eta organo arduradunak. Kudeaketa eta tramitazioa. Onarpena aldatzeagatik.
11. gaia.-Atzerriko ikasleak: unibertsitateko ikasketetan sartzea Espainian. Tituluen homologazioa. Atzerriko ikasketen zati bat baliokidetzea.
12. gaia.-Irakaskuntza-eskaintza Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Titulu berekiak eta etengabeko prestakuntza unibertsitateetan. Arautegi erregulatzailea Nafarroako Unibertsitate Publikoan.
13. gaia.-Nafarroako Unibertsitate Publikoan Ikaskuntza Arautzen duten Arauak (I) Sarrera, matrikula, egokitzapenak eta baliokidetzak.
14. gaia.-Nafarroako Unibertsitate Publikoan Ikaskuntza Arautzen duten Arauak (II) Aukerako eta hautaketa libreko irakasgaiak, irakaskuntzaren plangintza eta ikaslearen ebaluazioa, konpentsazioaren bidezko ebaluazioa, ikasleen mugikortasuna, lankidetza-bekak.
15. gaia.-Ikasleen mugikortasuna. Mugikortasun eta trukerako programak. Mugikortasuna estatuan, mugikortasuna Europan, mugikortasunerako gainerako programak. EBko prestakuntzako praktikak. Unibertsitate sareak.
16. gaia.-Iraupen araudiak Espainiako unibertsitateetan. Iraupen Arauak Nafarroako Unibertsitate Publikoan.
17. gaia.-Ikasteko laguntzak Espainiako unibertsitate sisteman: beka laguntza eta maileguetarako modalitateak. Araudi erregulatzailea.
18. gaia.-Prezio publikoak unibertsitate ikasketetan. Eskola asegurua.
19. gaia.-Laneratzea eta unibertsitate hezkuntza: Unibertsitatearen eginkizuna. Tituludunen lan jarduera. Unibertsitateko ekimenak lanbidean txertatzeko.
20. gaia.-Zerbitzu publikoak eta unibertsitateak. kontzeptua, egitura, zerbitzuen eskaintza, zerbitzuak ematea.
21. gaia.-Zerbitzu publikoen marketina: unibertsitateko testuingurua. Planifikazioa, erakarpena eta zabalpena. Erabiltzaileek zerbitzuak ematean parte-hartzea.
22. gaia.-Zerbitzu publikoen ebaluazioa: metodoak, helburuak, ebaluatzeko elementuak. Erabiltzaileen datuak eskuratzeko tresnak.
23. gaia.-Kalitate sistemak administrazio publikoetan ezartzea. Kalitatearen kudeaketa unibertsitateetan. Ebaluazioa eta akreditazioa Unibertsitateetan. Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionala.
24. gaia.-Informazioaren eta ezagutzaren gizartea. Ezaugarri bereziak. Unibertsitatearen papera ezagutzaren gizartean.
25. gaia.-Herritarren eskubidea Espainiako arlo publikoaren gaineko informazioa izateko eta hartara iristea. Informazio politikak: lege esparrua.
26. gaia.-Herritarrei informazioa eta arreta emateko sistemak administrazio publikoetan. Leihatila bakarra, 010 telefonoak, administrazioaren web eta atariak. Web guneen kudeaketa.
27. gaia.-Informazioa unibertsitatean: informazio iturriak eta dokumentazioa. Ezaugarriak, tipologia, formatoak eta banaketako kanalak.
28. gaia.-Gazteei zuzendutako zerbitzuen jatorria eta gaurko egoera. Informazio estrategiak eta politikak. Gazteendako informazio zentroak. Informazio sareak.
29. gaia.-Unibertsitateko informazio zerbitzuak Espainian: Informatzeko eta orientatzeko zerbitzuak Espainiako unibertsitateetan (SIOU): jatorria, gaurko egoera eta tipologia.
30. gaia.-Informatzeko eta orientatzeko zerbitzuak Europan. SCUIO, student affaire, Fedora, Euroguidance. Unibertsitateko informazio iturriak eta dokumentazioa Europan EURYDICE. Unibertsitateko informazio eta dokumentazioa Europan.
31. gaia.-Informazioa eta komunikazioa unibertsitateko eremuan. Helburua eta estrategiak. Edukiak, hartzaileak, kanalak.
32. gaia.-Teknologia berrien eragina unibertsitatean: interneten eta intraneten bidezko informazioa. Campus birtuala.
33. gaia.-Komunikazio korporatiboa. Erakundeen arteko komunikazioa, komunikazio politikak eta nortasuna. Erakundeen zabalpen kanpainak eta programak.
34. gaia.-Ikasleak hartzeko eta sustatzeko programak. Balizko publikoak. Ekintza bereziak.
35. gaia.-Informazio sistema integratuak. Knowledge Management.
36. gaia.-Datuen truke elektronikoa. Bilatzaileen eta direktorioen funtzionamendua interneten. Metadatuak.
37. gaia.-Dokumentazio hizkuntzak eta indizazioa. Informazio digitala biltegiratzeko unitateak.
38. gaia.-Informazioaren eta ezagutzaren gizartea. Edizioa paperean: teknikak, tipografia eta irakurgarritasuna. Edizio elektronikoa: teknikak eta baliabideak.
39. gaia.-Dokumentu-katea: sarrera, tratamendua eta analisia. Informazioa hedatu eta berreskuratzea.
40. gaia.-Unibertsitateko ikaslearen proiektu pertsonal profesionala. Unibertsitateko orientaziorako epeak, eragileak eta ekintzak.
41. gaia.-Orientazioaren kontzeptua. printzipioak, helburuak eta xedeak. Aurrekari historikoak eta motak.
42. gaia.-Sartzeko orientazioa: informatzeko eta orientatzeko kanpainak, aretoak eta azokak, unibertsitatearen sustapena eta marketina. Ateak zabaltzeko egunak.
43. gaia.-Irakaskuntza-orientazioa unibertsitatea: tutoretza. Tutoretza Europako Unibertsitate Eremuan.
44. gaia.-Orientazio profesionala laneratzeari begira, orientazio psikologikoa, psikopedagogikoa, eta osasun eta gizarte arlokoa unibertsitatean.
45. gaia.-Norberaren Datuak Babesteko 15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa.(LOPD). Printzipioak. Pertsonen eskubideak.
46. gaia.-Administrazio elektronikoa. 11/2007 Legea, ekainaren 22koa, herritarrak zerbitzu publikoetara bide elektronikoz sartzeari buruzkoa. Justifikazioa, eremua eta printzipio orokorrak. 11/2007 Foru Legea, apirilaren 4koa, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioan administrazio elektronikoa ezartzekoa. 37/2007, azaroaren 16koa, sektore publikoaren informazioa berriz erabiltzeari buruzkoa.
47. gaia.-Unibertsitateko ikerketa. Unibertsitateko irakasleen ikerketa-lana. Ikerketa proiektuak Ikerketa Emaitzak Bestetaratzeko Bulegoa (OTRI).
48. gaia.-Arazoak definitu eta aztertzea. Erabakiak hartzeko prozesua. Gatazkak erakundeetan. Aldaketa antolamenduetan. Aldeketaren aurkako joera.
49. gaia.-Giza-baliabideen kudeaketa eta antolamendua. Giza-faktorea antolamenduan. taldeen portaera eta komunikazioa. Talde lana. Motibazioa.
II. ERANSKINA
Hautaprobetarako epaimahaia
Epaimahai titularra:
-Mahaiburua: Ana Ollo Hualde, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Komunikazio zerbitzuko zuzendaria.
-Mahaikideak: Joaquim Llanso Sanjuan, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Artxibo Nagusiko Burua.
Ordezkari bat Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazio eta zerbitzuetako langileena, Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.
Isabel Luengo Gascón, Zaragozako Unibertsitateko irakaskuntza Gaitarako kudeatzaileordea.
-Idazkaria: izendatu beharrekoa.
Ordezko epaimahaia:
-Mahaiburua: Guillermo Sánchez Martínez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Liburutegiko zuzendaria.
-Mahaikideak: Iranzu García Iriarte, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Kultura Jardueren ataleko burua.
Ordezkari bat Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazio eta zerbitzuetako langileena, Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.
Jaime Villarés Martínez, Zaragozako Unibertsitateko Barne Kontroleko Unitateko burua.
-Idazkaria: izendatu beharrekoa.
III. ERANSKINA
...............................jaunak/andreak ......................, (e)n bizi denak eta ............... N.A.N. duenak, zin edo agindu egiten dut, Nafarroako Unibertsitate Publikoko karrerako funtzionario izendatua izateari begira, inongo Administrazio Publikotako zerbitzutik ez naizela bereizia izan, eta ez nagoela desgaitua funtzio publikoetan aritzeko.
Iruñean, 200 ... (e)ko ..................aren ............................(e)an.
Sinatua
IV. ERANSKINA
Iragarkiaren kodea: F0818116
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
