II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK
OTSAGABIA
Arau subsidiarioetako aldaketa, txapitulak egin ahal izateko. Behin betiko onespena
Otsagabiko Udalak, 2008ko urriaren 16an egindako bilkuran, erabaki zuen behin betiko onestea Otsagabiko Planeamenduko Arau Subsidiarioetako aldaketa puntual eta xehakatu bat, Udalak berak sustatua, txapitula edo mantsardak egin daitezen onartzeko, José Joaquín Equiza Itoiz eta Antonio Alegría Ezquerra arkitektoek egindako dokumentazio teknikoaren arabera.
Horregatik guztiagatik, hirigintzako araudia argitara ematen da, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 81. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
ANTOLAMENDU XEHAKATUKO DETERMINAZIOEN ALDAKETA. OTSAGABIKO ARAU SUBSIDIARIOAK
Memoria deskribatzaile eta justifikatzailea
Aldaketaren aurrekariak, helburua eta justifikazioa.
Otsagabiko udalerriko hirigintza antolatzeko gaur egun indarra duten Planeamenduko Arau Subsidiarioak 1993ko maiatzaren 28an onetsi zituen Nafarroako Hirigintza eta Ingurumen Batzordeak (NHIB) eta 1993ko azaroaren 26an argitaratu ziren Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean.
Arau horietako Ordenantzek debekatu egiten dituzte estalkiaren planotik gorako eraikuntza-elementuak, tximiniak izan ezik.
Herritar batzuek txapitula, mantsarda eta txoritoki erako leihoak egin ahal izateko eskaerak aurkeztu dituzte, estalkipekoen argiztapena eta estetika hobetzeko. Aurkeztutako eskaeretako batzuetan sustatzaileek diote inguruko herri gehienetan horrelako eraikuntzak onartzen direla.
Herriko arkitekturaren berezitasun nagusietako bat eraikinen bolumen trinkoa da, bi edo lau isurialdeko estalkiekin, malda handiko estalki-plano garbiak dituzten teilatuekin.
Indarra duen hirigintzako araudiak ezaugarri horiek babesten ditu, material eta bolumenei dagokienez, tipologien eranskinean eta eraikuntzen arteko elkarguneei buruzko atalean.
Inguru honetako eraikuntzak aztertzen badira, mantsardak han-hemenka baino ez dira aurkitzen eta herriko gune adierazgarrienetan urriak dira.
Zenbait kasutan, ordea, zentzuzkoa dirudi eraikuntza-elementu hori erabiltzea sabaien biziegokitasuna hobetzeko, hala erabili izan baita tradizioan. Zehazki, Arau Subsidiarioetako araudian garaiera mugatua duten eraikuntza jakin batzuen baldintzak hobetzeko balio dezake.
Behin Udalari jakinarazi zitzaion bi alderdi horiek, alegia, eraikuntzen biziegokitasuna hobetzea eta herriko arkitektura ez desitxuratzea, bateratuko zituen araudia egitea lan konplexua zela, eta aipatutako aukera gure iritziz salbuespen gisa onartu behar zela, biziegokitasun arrazoiengatik bakar-bakarrik, eta debekatu egin behar zela eraikuntza berrietarako, horietan errazagoa baita argiztapena eta aireztapena antolatzea.
Hala ere Otsagabiko Udalak gai horren gaineko araudia egiteko eta eraikuntza berriak ere barnean sartzeko eskatu digu, herriaren irudia zaintzeko irizpide batzuekin batera, eta horixe da dokumentu honen xedea.
Horretarako, herrian dauden mantsardak aztertu eta haien ezaugarri komunak proposamen honetan jaso dira. Esan behar da eraikuntza katalogatu batzuek ere badituztela mantsardak. Hala, herriko katalogoa azterturik, mantsardak aurkitu dira eraikuntza hauetan:
-Interes bereziko eraikinak:
."Bornatz" etxea, 141. lurzatia.
.San Joan Ebanjelaria eliza, 98. lurzatia.
-Ingurumen intereseko eraikinak:
.9 zenbakiko eraikina, 61. lurzatia.
Gainera, proposatutako araudian muga batzuk ezarri dira estalkietarako (erabili beharreko teila mota, teilatu-hegalak eta abar zehatz deskribatuz), eta zenbait muga ezarri dira teilatu-hodietarako, zorrotenetarako eta "Velux" gisako teilatu-leihoetarako. Indarra duen araudia eguneratu da, oraingo egoerara eta herriaren oraingo beharretara egokitzeko.
Hirigintzako figura egokia Arau Subsidiarioetako aldaketa puntuala da, lurraldearen egitura orokor eta organikoari eraginen ez dioten aldaketa txikiak egin behar baitira.
ARAUDIA ETA ORDENANTZAK
Indarra duten ordenantzetan eta araudian aldaketa hauek eginen dira:
Eraikuntzari buruzko ordenantza orokorra
8. artikulua ("Garaieratik gorako eraikuntzak") osatu eginen da testu hau gehituz:
Estalki-planoetatik gora mantsardak eraikitzea ere onartuko da hiri lurzoruko I. eremu homogeneoan lehendik dauden edo egitekoak diren eraikuntzetan, muga hauek gainditu gabe:
-Lau isurkiko teilatua, beheko solairua eta goiko bi solairu dituzten eraikuntzetan (tipologia: 1; solairuak: B+2) ez dira onartuko.
-Interes bereziko eraikin katalogatuetan ez dira onartuko.
-"B+1" edo "B+1+Atikoa" solairuak dituzten eraikuntzetan onartuko dira bakar-bakarrik, betiere "B+2" solairuak dituen 1. tipologiara moldatzerik ez duten eraikuntzak badira, hirigintzako araudi indardunean ezarritako mugengatik edo aparteko inguruabarrengatik, eta sabaiak argiztatzeko bide bakarra estalkietako "Velux" gisako leihoak badira (leihoak eraikuntzaren piñoietan egitea eragozten duten inguruabar bereziak direla-eta).
-Eraikuntzak oinplanoan 80 m²-ko azalera eraikia izan behar du gutxienez ere.
-Oro har, eraikuntza bakoitzeko mantsarda bat onartuko da. Eraikuntza batean bi mantsarda egin ahalko dira salbuespenez, kasu hauetan:
.Eraikuntzak oinplanoan 200 m²-ko azalera eraikia izan behar du gutxienez ere.
.Biziegokitasuna dela-eta beharrezkoak direnean.
.Lizentzia eman aurretik xehetasun azterlana tramitatuko da. Bertan eraikuntzaren bolumetria eta hiri ingurunearekiko egokitzapena aztertuko dira.
-Ez dira onartuko 5 metrotik gorako zabalera duten kale edo plazetara ematen duten fatxadetan, eta fatxadarekin koordinaturik kokatuko dira. Ez dira onartuko irudi garrantzitsua duten fatxadetan, nahiz eta atzeko fatxadak izan.
-Eraikuntza osoko teila mota berarekin estaliko dira, arotz lanak zurezkoak izanen dituzte, eta ez dute teilatu-hegala etenen.
-Kanpoko paramentuetako akaberaren materiala eta kolorea fatxadetan bezalakoak izanen dira, salbu eta fatxadak bistako harria duenean; horrelakoetan mantsarden kanpoko paramentuak mortero jarraitu eta leunez zarpiatu eta kolore zuri tradizionalez pintatuko dira. Estalkiaren koloreari egokitutako tratamendua ere onartuko da paramentu horietarako. Salbuespenez mantsardak erabili ahal izanen dira igogailuen etxoletarako edo eraikuntzen arteko elkargune konplexuetarako. Kasuan kasuko soluzioa bilatuko da eta, ahal dela, artikulu hauetan ezarritakoa beteko da.
-Zurezko teilatu-hegalak izanen dituzte, 0,3 eta 0,5 metro bitartekoak.
-Mantsarda guztiek hiru isurkiko estalkia izanen dute, %70 eta %100 bitarteko maldarekin. Hona hemen xehetasunak:
.Kanpoko zabalera, alboetako hormak barne, gehienez 2 metro.
.Kokaera estalkian zentratua.
.Gutxienez 2 metroko distantzia fatxada-izkinetaraino.
.Estalkiko faldoiak gutxienez 1 metroko luzera izanen du haien azpitik eta gainetik.
.Gehieneko garaiera 1,8 metro, mantsardaren behealdetik teilatu-hegaleraino.
.Mantsardaren behealdea sabaiko zoru bukatuaren kotatik 1,8 metro gorago egonen da gehienez.
.Bolumenak zehazteko xehetasun azterlana tramitatzen denean, neurri horiek doitu ahal izanen dira kasu jakinetan, aparteko inguruabarrak direla-eta.
Hirigintzako arauak
Hirigintzako Arauak osatu eginen dira 3.2.1 artikuluan (hiri lurzoruko arau partikularrak I. eremu homogeneoan), "Eraikuntzari buruzko baldintzak" atalean (estalkien deskribapena), paragrafo hauek gehituz:
-Mantsardak ere onartuko dira, Eraikuntzari buruzko Ordenantza Orokorraren 8. artikuluan berariaz ezarritako arauak betetzen badituzte.
-Zeramikazko teila laua, berreskuratutako teila zaharra edo antzekoa erabiliko da, Udalak onartutako modeloetakoa, eta teilatu-hegalak zurezkoak izanen dira.
-Estalkiek teilatu-hodiak, zorrotenak eta elurretarako gailuak izanen dituzte.
-Estalkietako "Velux" gisako leihoen kopurua eta azalera irizpide hauen arabera mugatuko dira:
.Gehienez ere horrelako leiho bat izanen da bainugela, sukalde edo logela bakoitzeko, eta bi egongela bakoitzeko.
.Biziegokitasunari buruzko araudi indarduna betetzeko gutxieneko neurriak izanen dituzte eta ez handiagoak, salbuespenezko kasuetan izan ezik.
.Eraikuntzako gainerako baoekin koordinaturik kokatuko dira, eta maila bakarrean egituraturik.
Ordenantza partikularra. Eraikin katalogatuak
29. artikulua (irizpide orokorrak, estalkiei buruzko atala) osatu eginen da, testu hau gehituz:
Ingurumen intereseko eraikinetan mantsardak onartuko dira, Eraikuntzari buruzko Ordenantza Orokorraren 8. artikuluan berariaz ezarritako arauak betetzen badituzte.
DOKUMENTAZIOA
Araudiaren alderdietako batzuk soilik aldatuko dira, aldaketa honetan jasotakoak, hain zuzen ere.
Adierazitakoa salbu, egungo planeamenduko determinazio guztiek indarrean diraute.
Aditzera ematen da, orok jakin dezan.
Otsagabian, 2008ko azaroaren 7an.-Alkate udalburua, Juan Manuel Tohane Contín.
Iragarkiaren kodea: L0817091