I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak
1927/2008 EBAZPENA, azaroaren 11koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, 2009. urtean Nafarroako Foru Komunitateko herrietako kontsultategiak eta kontsultategi osagarriak eraiki eta/edo berritzeko diru-laguntzetarako deialdia onesten duena.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren diru-laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak arautzen du.
Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak, 34. artikuluan, 2.b) puntuan, ezartzen du herrietako kontsultategiak eraiki eta moldatzeko eskumena Udal edo Kontzejuena izanen dela, Foru Administrazioaren jarraibide eta planen barrenean. Halaber, foru lege horren 76.1 artikuluak osasun arloko eskumen horien finantzaketa finkatzen du, adierazten baitu Nafarroako Gobernuak urtero prestatu beharreko gastu aurrekontuen proiektuan Foru Administrazioari dagozkion osasun arloko programa eta jarduerak burutzeko behar diren kontu-sailak agertuko direla.
Kontsultategi horien ezaugarriak eta balizko kokaguneak "Oinarrizko Osasun Laguntzaren Egituren Erregelamenduak", maiatzaren 30eko 148/1986 Foru Dekretuaren bidez onetsitakoak, zehazten ditu, 4. artikuluan.
Aipatutako arautegiaz baliatuz, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak herrietako kontsultategiak eta kontsultategi osagarriak eraiki, berritu eta handitzeko diru-laguntzak ematen ditu, ekitaldi bakoitzeko Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legean aurreikusitakoarekin bat, eta horretarako zenbait diru kopuru pagatzen ditu, zerbitzua hartzen duten bizilagunen eta kontsultategiaren ezaugarri eta eremuaren arabera zehazten diren eredu batzuetan oinarriturik.
Beraz, bidezkoa da Nafarroako Foru Komunitateko herrietako kontsultategiak eta kontsultategi osagarriak eraiki eta/edo berritzeko 2009. urteari dagozkion diru-laguntzak emateko deialdia onestea. Kontuan harturik diruz lagundutako jardueraren izaera, eta halaber, lanak diru-laguntza emateari buruzko ebazpenaren ondoko hiru hilabeteko epean hasi behar direla, deialdia aurrekontu ekitaldiaren aurretik egin behar da. Esanikoak berarekin dakar, batetik, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30. artikuluari jarraikiz, xede horrekin sortu nahi diren kredituak aipatu beharra, zehaztu gabe bada ere, eta bestetik, kreditua egotea diru-laguntza emateko baldintza gisa jarri beharra ere bai. Deialdi honetarako ekitaldirako aurrekontu proiektuan ageri den hasierako gastua, bi milioi hirurehun mila eurokoa da. Hala ere, diru zenbateko hori 2009. urteko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako behin betiko kredituaren bidez aldatzen ahalko da.
Administrazio eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuko buruak egin duen deialdiaren proposamena ikusirik; Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako zuzendariaren, Administrazio eta Antolaketa zuzendariaren eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Osasun Departamentuan duen Kontu-hartzailetzaren adostasun txostena izanik, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 7. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Nafarroako Foru Komunitateko herrietako kontsultategiak eta kontsultategi osagarriak 2009. urtean eraiki eta/edo berritzeko diru-laguntzak emateko deialdia baimentzea.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak, ebazpen honen eranskinean azaltzen direnak, onestea.
3. Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzen finantzaketa "Oinarrizko Osasun Laguntzako zentroak eraikitzeko eta berritzeko transferentziak" izeneko 547000-52300-7609-312800 kontu-sailaren eta 2009. urterako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan aurreikusitakoaren kargura eginen da, eta deialdi honen xede diren diru-laguntzak emanen dira baldin eta ekitaldi horretan egokia eta aski den kreditua badago. Deialdi honetarako ekitaldirako aurrekontu proiektuan ageri den hasierako gastua bi milioi hirurehun mila eurokoa da, eta 2009rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan helburu horretarako ezartzen den behin betiko kredituaren bidez aldatzen ahalko da zenbatekoa.
4. Deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea.
5. Deialdi honen eta beronen oinarri eta egintzen kontra toki entitateek, espedientean interesatuak baitaude, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, xedapena argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen ekainaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.
6. Ebazpen hau igortzea Toki Araubidearen Foru Batzordeari, Ogasunak Osasun Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatuari, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Administrazio eta Antolaketa zuzendariari, Oinarrizko Osasun Laguntzako zuzendariari, Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendaritzako Administrazio eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuko buruari, Zerbitzu Orokorren Atalari, Oinarrizko Osasun Laguntzako Kontabilitate Zentroari eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2008ko azaroaren 11n.-Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, José Carlos Garde Celigueta.
ERANSKINA
Deialdiaren oinarriak
1. Xedea.
Oinarri hauen xedea da 2009rako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren diru-laguntzen araubidea ezartzea, herrietako kontsultategiak eta kontsultategi osagarriak eraiki eta egokitzeko obretarako, aurre-aurreko ekitaldiko deialdi mota bereko eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik 2009ko abenduaren 31ra bitarte hasiak, hasten edo egiten diren eraikinetan. Aurreko aldietan eginiko obrak ere sartzen ahal dira eta kasuan kasuko deialdian kontzesioa baietsirik daukatenak ere bai.
2. Onuradunak.
Diru-laguntza hauek Nafarroako Toki Entitateek eskatu ahal izanen dituzte, oinarrizko osasun laguntzako egituren erregelamendua onetsi zuen maiatzaren 30eko 148/1986 Foru Dekretuaren 4. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
3. Diru-laguntzaren zenbatekoa.
Deialdi honen babesean emanen diren diru-laguntzen zenbateko osoak ez du gaindituko Nafarroako 2009. urteko Aurrekontu Orokorrek "Oinarrizko osasun laguntzako zentroak eraiki eta berritzeko transferentziak" izeneko gastu kontu-sailerako emandako gehieneko kopurua. Deialdi honen xede diren diru-laguntzak emateko egokia eta aski den kreditua izan beharko da ekitaldi horretan.
Diru-laguntzaren banakako zenbatekoa eraikitze edo moldatze lanen zenbatekoaren ehuneko ehuna izanen da, diru-laguntza jaso dezaketen gehieneko eremu erabilgarrien arabera, ondotik ematen den bezala. Eremu horiek osasun laguntza hartzen duten bizilagunak kontuan hartuz ezarri dira, kontsultategi mota bakoitzerako:
I. eredua.-Bizilagunak: 350 baino gutxiago. Eremu eraikia: 54 m² (45 m² erabilgarri).
II. eredua.-Bizilagunak: 350-1.000 bitarte. Eremu eraikia: 89 m² (74 m² erabilgarri).
IIa eredua.-Bizilagunak: 350-1.000 bitarte. Eremu eraikia: 107 m² (89 m² erabilgarri).
III. eredua.-Bizilagunak: 1.000-2.000 bitarte. Eremu eraikia: 137 m² (114 m² erabilgarri).
IIIa eredua.-Bizilagunak: 1.000-2.000 bitarte. Eremu eraikia: 169 m² (141 m² erabilgarri).
IV. eredua.-Bizilagunak: 2.000-3.000 bitarte. Eremu eraikia: 263 m² (218 m² erabilgarri).
V. eredua.-Bizilagunak: 3000 baino gehiago. Eremu eraikia: 432 m² (360 m² erabilgarri).
Eremu eraikiaren metro koadroko gehieneko laguntza ezarri da: 1.455 euro obra berria baldin bada eta 830 euro moldatze edo berritze lanak baldin badira.
Zenbateko horretan obrak egiteko behar diren gastu guztiak sartzen dira (obra proiektua, obra zuzendaritza, zergak, lizentzia, kontsultegia lekuz aldatzea eta abar).
Diru-laguntzaren xedea izan daitekeen gehieneko zenbatekoa hura emateko unean zehaztuko da, aurkeztutako proiektuaren edo aurrekontuaren arabera.
Diruz lagundutako proiektuaren aldaketek diru-laguntza jaso ahal izanen dute aurretik espresuki ematen bazaie onespena, zortzigarren oinarrian adierazi bezala, une bakoitzean aurrekontuetan dagoen diruaren arabera.
4. Eskabideen aurkezpena.
Toki entitateek parte hartzeko proposamenak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Erregistroan aurkeztuko dituzte (Irunlarrea kalea, 39, 31008 Iruña), edo Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorreko edozein bulegotan (ekainaren 24ko 137/2002 Foru Dekretua, 95. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, abuztuaren 7koa) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan ezarritako erregistro eta bulegoetan. Horretarako, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari eskabidea zuzenduko zaio, deialdi honen oinarriak onesten dituen ebazpena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita 40 egun naturaleko epean. Eskabideei honako dokumentazio hau erantsi beharko zaie (jatorrizkoa edo notarioak edo administrazioak konpultsatutako kopia):
1. Dokumentazio teknikoa. Agiri hauetariko edozein, proiektuaren kostuak, segurtasun azterlana, obra zuzendaritza eta segurtasunaren koordinazioa barne, halakorik bada:
-Lokalak eraiki edo egokitzeko aurreproiektua, behar den bezala baloratua.
-Memoria tekniko baloratua.
-Enpresa eraikitzailearen aurrekontua.
2. Herrietako kontsultategia edo kontsultategi osagarria eraiki edo moldatzeko beharra azaltzen duen txostena.
3. Deialdi honen xede den kontsultategia osasun jardueretarako soilik erabiliko dela dioen adierazpena.
Diru-laguntzaren eskabidea osoki beterik ez badago edo eskabidea baloratzeko alegatutako garrantzizko alderdiak aski frogaturik ez badaude, atzemandako akatsa zuzentzeko eskatuko zaio toki entitateari. Horretarako hamar egun naturaleko epea emanen da jakinarazpena egin eta biharamunetik hasita, ohartaraziz zuzentzen ez badu eskabideari uko egin diola ulertuko dela eta hura artxibatu eginen dela.
Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi honetako oinarriak onartzea.
Aurkeztutako datuak osorik egiazkoak ez izateak edo eskatzaileak horiek faltsutzeak zehapena jaso dezake, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiz.
5. Balorazio batzordea.
Batzorde batek baloratuko ditu aurkeztutako eskabideak. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako zuzendaria izanen da batzordeburua eta Oinarrizko Osasun Laguntzako Barrutietako zuzendariordeak (Nafarroako Iparraldekoa, Nafarroako Ekialdekoa, Lizarrakoa eta Tuterakoa) eta Oinarrizko Osasun Laguntzako Zerbitzu Orokorretako teknikari bat, berriz, batzordekideak.
Balorazio batzordeak arlo horretan adituak diren pertsona fisikoen edo entitate pribatuen aholkularitza eska dezake.
Batzorde horren proposamena lotzailea izanen da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 20.3 artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz.
6. Balorazio irizpideak.
Aurkeztutako eskabideak baloratzeko honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:
a) Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendaritzak kontsultategien arloan dituen lehentasunak, aurrekontuetan dagoen dirua eta eskabide kopurua.
b) Aurreproiektua, txosten tekniko baloratua eta/edo aurkeztutako aurrekontua eta kontsultategian osasun laguntzarako dauden benetako premiak bat datozen.
c) Kontsultategian laguntza emanen zaien bizilagunak.
d) Lokalen kokapena eta sarrera-irteeretarako erraztasuna.
e) Aurkeztutako aurrekontuaren eta egin beharreko obraren arteko egokitasuna. Ondorio hauetarako, balorazio irizpide gisa honako hau ezarri da: obra berriaren kasuan, eremu eraikiaren metro koadro bakoitzeko 1.455 euroko gehieneko modulua, eta egokitutako metro koadro bakoitzeko 830 eurokoa.
7. Ebazpena.
Balorazio batzordeak aurkeztutako eskabideak ebaluatu ondoren, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dio proposamen arrazoitua, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik hiru hilabeteko epean ebatz dezan. Epe hori espresuki ebazpenik eman gabe bukatzen bada, aurkezturiko eskabideak ezetsitzat jo beharko dira.
Deialdi honen xede diren diru-laguntzak ematea jakinarazirik, toki entitateak hamabost eguneko epean jakinarazi beharko du aipatutako diru-laguntza ematea espresuki onartzen duela.
8. Ordainketa eta justifikazioa.
Dagozkion fakturak, jatorrizkoak edo administrazioak konpultsatutako kopiak, aurkeztuta pagatuko da diru-laguntza, eta zenbatekoa izanen da faktura horietan agertzen den balio osoa, emandakoa gainditu gabe eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak baimendutako aldaketak, izan badira, gehituta.
Laguntza hauen xede diren eraikitze edo egokitze lanak deialdiaren 1. oinarrian aipaturiko epean hasi edo egin beharko dira, eta betiere laguntzak onartu eta hiru hilabete igaro baino lehen hasi beharko dira.
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendaritza arduratuko da diru-laguntzaren xede diren lanak aurkeztutako proiektu eta aurrekontuekin bat egin daitezen. Aldaketak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak baimendu beharko ditu, eskabideak baloratu behar dituen Batzordeak aldaketa horietarako adostasun txostena eman ondoren.
9. Onuradunen betebeharrak. Ordainketen itzulketa:
Deialdi honen xede diren diru-laguntzen onuradunek, toki entitateek, betebehar hauek izanen dituzte:
a) Deialdiaren xede diren eraikitze edo egokitze lanak egitea.
b) Lanen inguruan Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendaritzak eginen duen egiaztatze jarduketa oro onartzea.
c) Beste edozein administraziori xede berarekin eskatutako nahiz lortutako diru-laguntzen berri ematea organo emaileari.
Jasotako diru kopuruak, oso-osorik edo haien zati bat, itzuli beharko dira, baita diru-laguntza pagatu zenetik sortutako berandutza interesak ere, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean xedaturikoarekin bat finkatzen den zenbatekoan, kasu hauetakoren batean:
a) Beharrezkoa den justifikazioa ezarritako eran eta epeetan ez egitea.
b) Diru-laguntza lortzea horretarako baldintzak bete gabe, toki entitate onuradunari egotzi ahal zaizkion arrazoiak direla medio.
c) Kontsultategia osorik edo hein batean osasun laguntza publikoaz kanpoko jarduerak egiteko erabiltzea.
10. Finantzaketa aurrekontuetan.
Deialdi honi jarraikiz ematen diren diru-laguntzak Nafarroako 2009ko Aurrekontu Orokorretako "Oinarrizko osasun laguntzako zentroak eraiki eta berritzeko transferentziak" izeneko gastu kontu-sailetik finantzatuko dira, eta aipatutako kontu-sailaren zenbateko osoa izanen da gastuaren gehieneko muga.
11. Arau-hausteak eta zehapenak.
Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari lotuko zaio.
Zehapen prozedura Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoa izanen da.
12. Errekurtsoak.
Deialdi honen eta beronen oinarri eta egintzen kontra toki entitateek, interesdunak baitira, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, xedapena argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen ekainaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.
13. Araubide juridikoa.
Deialdian espresuki ezarririk ez dagoen horretan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak ezartzen duenari lotuko zaio.
Iragarkiaren kodea: F0817662