150. ALDIZKARIA - 2008ko abenduaren 10a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.4. Ebazpenak

3184/2008 EBAZPENA, azaroaren 24koa, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoan sartzeko deialdiko praktikaldia arautzen duena. Deialdi hori Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak onetsi zuen, otsailaren 18ko 345/2008 Ebazpenaren bidez.

Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak, otsailaren 18ko 345/2008 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Hezkuntza Ikuskatzaileen Kidegoan sartzeko deialdia onetsi zuen, 2008ko 40. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, martxoaren 28an, argitaratu zena.

Deialdiaren zazpigarren oinarriak xedatzen duenez, praktikaldia da hautapen prozesuko faseetariko bat. Fase horretan bermatuko da izangaiek Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoari dagozkion eginkizunak betetzeko beharrezkoa den prestakuntza dutela.

Halaber, deialdiaren hamaikagarren oinarriak xedatzen duenez, praktikaldiaren xedea izanen da hautatutako izangaiak Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoari dagozkion eginkizunak betetzeko prestatuta daudela egiaztatzea.

Praktikaldiaren barrenean Ikuskapeneko lan profesionalaz gainera prestakuntza jarduerak sartuko dira.

Praktikaldiak hiruhileko bat baino gehiago iraunen du eta ikasturte bat gehienez.

Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoko edo Hezkuntza Administrazioaren Zerbitzuko Ikuskatzaileen iraungitzekoa den Kidegoko ikuskatzaile bat izanen da praktikaldiaren tutorea, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak praktikaldia arautzeko emanen duen ebazpenean xedatutakoari jarraikiz.

Kalifikazio Batzordeak eginen du azken ebaluazioa, praktikaldia arautzen duen ebazpenak ezartzen dituen irizpideen arabera, eta "gai" edo "ez gai" kalifikazioa emanen du.

Horrenbestez, bidezkoa da praktikaldiaren garapena arautu eta praktika horiek baloratuko dituen batzordearen osaera zehaztea.

Horiek horrela, Hezkuntza Departamentuko Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiak irailaren 19an emandako 155/2007 Ebazpenaren bidez esleitu zaizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoan sartzeko deialdiko praktikaldiaren xedea hautaturiko izangaiek Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoari dagozkion eginkizunak burutzeko duten prestakuntza egiaztatzea izanen da, ebazpen honetan ezartzen den prozedurari jarraituz. Deialdi hori Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak onetsi zuen, otsailaren 18ko 345/2008 Ebazpenaren bidez.

1. Ebazpen honetan aipatzen den praktikaldirako Kalifikazio Batzorde bakarrak kide hauek izanen ditu:

-Lehendakaria: Juan Ramón Elorz Domezain jauna, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko zuzendaria.

-Kide idazkaria: José Angel Larumbe Aragón jauna, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari atxikiriko ikuskatzailea.

-Kidea: Francisco Arteaga Ruiz jauna, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari atxikiriko ikuskatzailea.

2. Kalifikazio Batzordeak ikuskatzaile tutoreak izendatu eta prozesua bukatzean izangaiak ebaluatuko ditu.

1. Tutoreak Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari atxikiriko behin betiko ikuskatzaileen artetik izendatuko dira.

2. Ikuskatzaile tutorearen eginkizuna praktikaldiko funtzionarioei aholkuak eta argibideak ematea izanen da, ekainaren 30eko 80/2008 Foru Dekretuak Hezkuntzako Ikuskapenari esleitu zizkion eginkizunetan. Foru dekretu horren bidez, Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Ikuskapenaren antolaketa eta funtzionamendua arautu zen.

3. Praktikaldia bukatzean, ikuskatzaile tutoreak txosten bat luzatuko du, non bere iritzia adieraziko baitu ebazpen honen 2. atalean aipatzen den Kalifikazio Batzordeak zehaztuko dituen kontuen gainean eta interesgarri deritzen bestelako datuekin batera, eta Kalifikazio Batzordera igorriko du.

Halaber, praktikaldiko ikuskatzailea atxikirik egon deneko eskualdeko koordinatzaileek txosten bat igorri beharko dute Kalifikazio Batzordera, praktikaldiko izangaia baloratuko duena.

4. 1. Deialdiaren hamaikagarren oinarriaren 1. puntuarekin bat, praktikaldiko Hezkuntzako ikuskatzaileek burutu behar dituzten prestakuntza jarduerek gutxienez ere 35 ordu iraunen dute. Jarduera horiek egin beharko dira "gai" kalifikazioa lortzeko.

Horiek egiteko, praktikaldiko Hezkuntzako ikuskatzaileek "2008-2009 ikasturterako Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko prestakuntza instituzionalerako plana" delakoan eskaintzen den edozein modalitate eta ikastaro hautatzen ahalko dute. Betiere, ikuskatzaile guztiek frogatu beharko dute plan horretan aipatzen diren nahitaezko ikastaroak gainditu dituztela.

Praktikaldiko ikuskatzaileek Kalifikazio Batzordearen aurrean frogatu beharko dute praktikaldia bukatzean lehen aipatu diren jarduerak egin dituztela, Hezkuntza Departamentuak edo prestakuntza ikastaroak antolatu dituen entitateak luzaturiko ziurtagiri baten bidez.

2. Praktikaldiko Hezkuntzako ikuskatzaileek memoria bat aurkeztu beharko dute Kalifikazio Batzordean, eginiko jarduketak eta horiek egiten ari zirela esleituriko txosten eta/edo ikerlanak dauzkana. Praktikaldia bukatzean izangaiek Kalifikazio Batzordean aurkeztuko dute memoria hori.

5. 1. Ikuskatzaile tutoreak eta praktikaldiko ikuskatzailea atxikirik egon deneko eskualdeko koordinatzaileek luzaturiko txostenetatik eta izangaiaren bukaerako txostenetik abiaturik ebaluatuko ditu Kalifikazio Batzordeak izangaiak. Ikuskatzaile tutorearen eta eskualdeko koordinatzaileen txostenak Kalifikazio Batzordeak zehaztuko dituen ereduei lotuko zaizkie eta "egokia" eta "ez egokia" adieraziko dute. Kalifikazio Batzordeak izangaia atxikirik egon deneko eskualdeko koordinatzaileari txosten osagarri bat eskatzen ahalko dio egokitzat jotzen dituen kontuei buruz. Kalifikazio Batzordearen iritzia "gai" edo "ez gai" izan daiteke.

2. Kalifikazio Batzordeak Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariari praktikaldiko funtzionarioen zerrenda eta lortu dituzten kalifikazioak igorriko dizkio.

3. Praktikaldian "ez gai" kalifikazioa izaten dutenek fase hau berriro egin ahal izanen dute, baina beste behin bakarrik.

Praktikaldia bigarrenez gainditzen ez dutenek Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoko karrerako funtzionario izendatzeko eskubide guztiak galduko dituzte. Giza Baliabideen Zerbitzuak ebazpen arrazoitu baten bidez adieraziko du eskubide galtze hori.

6. Kalifikazio Batzordea 2009ko urtarrilaren 31 baino lehen osatu beharko da. Batzordea ezin izanen da osatu bertan kide guztiak ez badaude, ezinbesteko kasuetan izan ezik. Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak erabaki beharko du ezinbesteko kasu horien gainean.

Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak Batzordeko kideak ordezteko baimena ematen ahalko du, kide horiek batzordea uzteko arrazoiak dituztenean.

Batzordeak kalifikazioak ("gai" eta "ez gai") ageri direneko behin betiko akta ezin izanen du idatzi bertan gutxienez ere lehendakaria eta idazkaria ez badaude. Betiere, Batzordea osatu eta gero, ezinbesteko edo ustekabeko gorabeherengatik, kideren batek edo lehendakariak berak joaterik ez badute, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariari jakinarazi beharko diote, horren gainean erabaki dezan.

7. Praktikaldia 2009ko urtarrilaren 8an hasi eta 2009ko maiatzaren 15ean bukatuko da.

Batzordeak 2009ko ekainaren 30a arte idazten ahalko du bukaerako akta. Kalifikazio Batzordeak beharrezko baderitzo, txosten osagarri bat ematen ahalko du beren egitekoen bilakaerei buruz.

8. Praktikaldiko ikuskatzaileren bat aldi baterako ezintasunean, amatasun bajan edo praktikaldia egitea galarazten dion beste salbuespenezko egoeraren batean baldin badago, praktikaldiaren bukaera data atzeratzea eska diezaioke Kalifikazio Batzordeari, behar den ebaluazioa egin ahal izateko.

Kalifikazio Batzordeak praktikaldia luzatzeko baimena emanen du, baldin eta izangaiak 2009ko ekainaren 30a baino lehen praktikaldia egiteko ebazpen honetan eskatzen den aldia egiterik badu.

9. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

10. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko da, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari zuzendua, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

11. Ebazpen hau Idazkaritza Tekniko Nagusira, Giza Baliabideen Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura eta Kalifikazio Batzordearen kideei igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko azaroaren 24an.-Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria, Begoña Unzué Vela.

Iragarkiaren kodea: F0818168