144. ALDIZKARIA - 2008ko azaroaren 26a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2008ko azaroaren 10ean hartua, Ebroko Ur Konfederazioari Estellerriko eremu ureztagarrirako ur erreserba eskatzen diona. Jarduketa hori "Estellerriko eremu ureztagarri berria" 2012 Nafarroako Planaren barruan burutzekoa da. Ebroko Ur Mugaketarako Plan Hidrologikoan sar dadila ere eskatu du.

Nafarroako Foru Komunitateko Ureztaketa Planean sartutako ureztaketetako jarduketa eta obrei buruzko martxoaren 16ko 7/1999 Foru Legearen 2. artikuluak hauxe ezartzen du, hitzez hitz: "Nafarroako Gobernuak ahalmena du foru lege honen eranskinean eta Ureztaketa Planean agertzen diren jarduketa, obra, esparru eta diru-zenbatekoetan aldaketa justifikatuak egiteko, Nekazaritzako azpiegituren erreformari buruzko abenduaren 9ko 18/1994 Foru Legeari jarraikiz, kasuan-kasuan gertatzen diren inguruabarren arabera".

2. artikulua betetzeko asmoz, Nafarroako Gobernuak urriaren 27ko 105/2008 Foru Dekretua onetsi zuen, "Estellerriko eremu ureztagarri berria" Nafarroako Foru Komunitateko Ureztaketa Planeko jarduketen zerrendan sartzea erabaki zuena.

Foru dekretu horretan adierazten denez, Estellerriko eremu ureztagarriaren kasua; izan ere, horixe eskatu dute gizarte eragileek jendaurrean eta Parlamentuan egindako zenbait adierazpenetan. Hala jasotzen da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak dituen txostenetan.

Eremu horren gaineko azterlan orokorrak eta berariazkoak egin ditu Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak. Hauek dira azkenekoen artean aipagarrienak:

1. "Ureztaketa arloko jarduketa plana Lizarrako merindadean" (Nafarroako Ureztalurrak, S.A., 2001).

2. "Estellerriko eremu ureztagarriak ureztaketa lur bihurtzeko aukera tekniko, legezko eta ekonomikoei buruzko azterlana. Bideragarritasun azterlana" (Nafarroako Ureztalurrak, S.A., 2005). Bideragarritasun azterlan horren emaitza positiboa izan zen, burutu beharreko obren ezaugarri teknikoei dagokienez.

3. "Estellerrian eremu ureztagarri bat sortzeko laguntza teknikoa" (Nafarroako Ureztalurrak, S.A., 2007). Laguntza tekniko horren emaitza positiboa izan zen, herri lanak emateko sistema ("itzalpeko ordainsaria") aurreikusitako azpiegituren finantzaketa publiko-pribaturako erabiltzeko aukerei dagokienez, eskema tradizionalari gehituz eguzki energiako eta energia eolikoko sistemen bidezko energia elektrikoaren ekoizpena. Energia horiek, betiere, nekazaritza ustiapenentzako ustiaketa kostuak errentagarritasun maila egokien barruan mantentzen lagundu behar dute.

4. "Estellerriko eremu ureztagarria eraikitzeko aurreproiektua" (Nafarroako Ureztalurrak, S.A., 2008).

Aurreproiektuko eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak prestaturiko "Alloko Riomayor urtegitik erreserbatu beharreko eskariaren justifikazioa" txosteneko datuen arabera, 7.000 bat hektarea ureztaketa lur bihurtzen ahal dira, Riomayor errekan 32 32 Hm³-ko urtegi bat eraikiz, Alloko udal mugapean. Riomayor Ega ibaiaren eskuineko bazterreko adar bat da. 7.000 hektareak Lizarrako merindadeko zenbait udalerrirenak dira. Oianxurko hegoaldeko hegalean daude, baina behin betiko muga ez da jakinen harik eta Ingurumen eraginaren adierazpena izan eta Nafarroako Gobernuak udalez gaindiko proiektu sektoriala onesten duen arte.

"Estellerriko eremu ureztagarri berria" izeneko jarduketa "2012 Nafarroako Plana" delakoan sartu da, nekazaritzako industriari eta ureztaketei buruzko epigrafean. 85 milioi euro egiten du. Nafarroako Gobernuak 2008ko apirilaren 21ean onetsi zuen eta, azkenik, Nafarroako Parlamentuak 2008ko maiatzaren 23an.

Bestaldetik, Plangintza Hidrologikoari buruzko Erregelamenduan xedaturikoarekin bat, 2009an mugaketa berrietarako plan hidrologiko berriak prestatu behar dira, esparru-zuzentarauaren funtsezko helburuekin bat datozenak, alegia, egoera ekologiko egokia lortzearekin eta ur jabari publikoaren babes egokiarekin. Erregelamendua 2007ko uztailaren 6ko Errege Dekretuaren bidez onetsi zen eta hori Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2000ko urriaren 23an onetsi 2000/60/EE Esparru Zuzentarauak ezarririko epeen ondoriozkoa zen.

Ikusirik Nafarroarendako Estellerriko eremu ureztagarria abian jartzea interesgarria dela eta, garatuko bada, plan hidrologikoan sartzea beharrezkoa dela, bidezkoa da Ebroko Ur Konfederazioari plan hidrologikoak prestateko gaur egungo prozeduraren barruan jarduketa horretarako ura erreserba dezala batetik eta gaur egun prestatzen ari den Ebroko Ur Mugaketarako Plan Hidrologikoan sar dezala, bestetik.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Ebroko Ur Konfederazioari eskatzea Riomayor urtegiko 32 hm³-ko ur bolumena Nafarroako Foru Komunitatearendako erreserbatu eta, aitortu ondoren, Uren Erregistroan inskriba dezala. Urtegi hori izen bereko errekan dago, Alloko mugapean.

Erreserbatzen den ur bolumena ureztaketarako izanen da (32 Hm³ urtean), Estelerrian eremu ureztagarri bat sortzeko.

2. Erreserba hori Ebroko Ur Mugaketarako Plan Hidrologikoan sar dadila eskatzea.

3. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari eskatzea erreserba burutzeko behar diren jarduketak burutu ditzala.

4. Erabaki hau Ebroko Ur Konfederazioko Lehendakaritzara, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentura igortzea.

5. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko azaroaren 10ean.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0817204