144. ALDIZKARIA - 2008ko azaroaren 26a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

BARAÑAIN

Deialdia, Barañaingo Udaltzaingoko kabo izateko lanpostu bat mailaz igotzeko lehiaketa bidez betetzeko

Barañaingo Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak, 2008ko urriaren 27an, erabaki zuen ondoko deialdi hau onestea. Hona hemen oinarriak:

ARAUAK

1. oinarria.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da kabo izateko lanpostu bat mailaz igotzeko lehiaketa bidez betetzea, Barañaingo Udaltzaingoko barne sustapen txandan. Lanpostua plantilla organikoan zenbaki honekin ageri da: 4.9.

Lanpostua barne igoera txandan betetzen ez bada betegabe deklaratuko da.

1.2. Deialdi honen ondorioz izendatzen den izangaiak Barañaingo Udaleko funtzionario publiko izaten segituko du, eta Udaltzaingoko kaboaren enplegura goitituko da. Orobat, Gizarte Segurantzako araubide orokorrean kidetuko da eta hartan sarrera emanen zaio, araubide horren babespean.

1.3. Kabo enplegurako izangaiak, oinarrizko prestakuntza ikastarora sartzen bada, kontuko dio gizarte aurreikuspenerako duen araubideari eta bere jatorrizko lanpostuko lansariak jasoko ditu, horiek praktiketako funtzionarioari dagozkionak baino handiagoak direnean.

1.4. Izendatzen den izangaiak martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legean eta hori garatzen duten arauetan ezarritako eginkizunak, eskubideak eta betebeharrak izanen ditu, eta Foru Lege horretan ezartzen diren mailetako C mailaren barnean geldituko da sailkaturik.

1.5. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da.

1.6. Izangai izendatuak Barañainen bizi behar du, eta horretarako udal mugape horretan ezarriko du egoitza.

2. oinarria.-Izangaien betebeharrak.

2.1. Mailaz igotzeko lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Gutxienez ere hiru urteko antzinatasuna izatea Barañaingo Udaltzaingoaren zerbitzuan.

b) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea, barne igoera honetara aurkeztu baino lehenagoko lanpostuan.

2.2. Arestiko baldintzak eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dira.

3. oinarria.-Deialdian parte hartzeko eskabideak non eta noiz aurkeztu behar diren.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Barañaingo Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Udaletxe plaza, zb.g., 31010 Barañain) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozein baliatuz, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian eginen da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.

Eskabideak deialdi honen I. eranskinean dagoen ereduari lotu behar zaizkio eta, haietan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela. Barañaingo Udalaren bulegoetan eskuratuko da eskabidearen eredua; bertzenaz, Interneten, www.baranain.es helbidean.

Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

Eskaeran atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi ere.

3.2. Eskabidearekin batera dokumentazio hau aurkeztuko dute:

a) Nortasun agiri nazionalararen aurreko eta atzeko aldeen fotokopia egiaztatua.

b) Barañaingo Udaltzaingoaren zerbitzuko udaltzain izendatu izana frogatzen duen egiaztagiria; era berean frogatuko dira lanpostu horretako antzinatasuna eta egoera administratiboa.

c) Deialdiaren II. eranskineko baremoaren arabera alegatzen diren merezimenduen egiaztagiriak.

4. oinarria.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea buruturik, Tokiko Gobernu Batzarrak erabakia hartuko du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko du.

Ezarritako epearen barrenean eskabiderik aurkezten ez bada, Tokiko Gobernu Batzarrak lehiaketa bete gabe deklaratzen duen ebazpena emanen du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik bada, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea burututakoan eta horiek ebatzi ondoan, Tokiko Gobernu Batzarrak ebazpena emanen du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

Aurreko idatz-zatietan aipatzen diren behin-behineko eta behin betiko zerrendetan, zenbaki profesionalaren bidez baizik ez dira izangaiak identifikatuko.

5. oinarria.-Mailaz igotzeko lehiaketa nola eginen.

5.1. Mailaz igotzeko lehiaketak hiru urrats izanen ditu, lehenbizi lehiaketaldia, gero proba praktikoaren urratsa eta hondarrean prestakuntza ikastaroa, oinarri hauetan adierazten den bezala.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da mailaz igotzeko lehiaketa osatzen duten probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren. Gainerako proben hurrenez hurreneko iragarkiak Herriko Etxeko iragarki oholean emanen dira argitara, 48 ordu lehenago.

5.2. Lehiaketaldia.

5.2.1. Lehiaketaldian baloratuko dira izangaiek alegatu eta behar bezala frogaturiko merezimenduak eta gehienez ere 80,25 puntu emanen dira.

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 35 puntu bitarte.

b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta bertze merezimendu batzuk: 25 puntu bitarte.

c) Hizkuntzak: euskara, frantsesa, ingelesa eta alemana: 20,25 puntu bitarte.

Aurreko ataletan alegatu eta egiaztaturiko merezimenduak epaimahaiak kalifikatu eta puntuatuko ditu, deialdiko II. eranskineko baremoaren arabera. Izangaiek beren merezimenduak azaldu behar dituzte lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkezten duten unean, eta frogatu ere une horretan frogatu behar dituzte, agirien bidez. Epaimahaiak ez du inolaz ere kontuan hartuko alegatu ez den eta agiri bidez egiaztatu ez den merezimendurik, eta ez du adierazitako puntuazioa baino altuagorik emanen merezimenduen atal bakoitzean.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiatzaileek alegatutako merezimenduen gainean.

5.3. Proba praktikoaren urratsa.

5.3.1. Proba praktikoaren aldian honako hauek sartuko dira:

a) Proba praktikoak.

b) Proba psikoteknikoak.

Proba guztiak deialdi bakarrean eginen dira. Bazterturik geldituko dira haietako edozeinetara agertzen ez diren izangaiak.

5.3.2. Proba praktikoek 150 puntu izanen dituzte gehienez, eta haietan ariketa bat edo gehiago egin beharko dira kabo lanaren edukiaz eta egitekoez. Proba guztiek gehieneko puntuazio bera izanen dute. Baztergarriak izanen dira, eta kanpoan geldituko dira proba bakoitzean puntuen erdiak baino gehiago ateratzen ez dituztenak.

5.3.3. Izangaiak lanpostuaren eskakizunei noraino egokitzen zaizkien zehaztea dute helburu proba psikoteknikoek. Proba hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Zerbitzuak eginen du eta gehienez ere 70 puntu lortzen ahal dira.

Proba psikoteknikoak hasi aitzin, Prestakuntza eta Psikologia Zerbitzuak, Tokiko Gobernu Batzarrarekin kontsulta egin ondotik, lanpostuan behar diren ezaugarrien gaineko proposamena igorriko dio Batzarrari berari. Tokiko Gobernu Batzarrak eskakizun horiek onetsi eta epaimahaiari jakinaraziko dio.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Zerbitzuak, probak egin ondoren, txosten psikotekniko bat emanen du lehiatzaile bakoitzari buruz. Hartan, norbera deialdiaren xedeko lanpostuaren izaera eta ezaugarriei nola egokitzen zaien baloratuko da. Zerbitzu horrek txosten psikoteknikoan izangai bakoitzari ematen dion puntuazioa loteslea izanen da epaimahaiarentzat.

Bazterturik geldituko dira gutienez ere 35 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.

5.4. Igoerarako trebakuntza ikastaroa.

Proba psikoteknikoak burututa, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Barañaingo Udalaren iragarki oholean eta azken probaren tokian, probak gainditu dituzten izangaien behin-behineko zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera, eta espresuki adieraziko prestakuntza ikastaroa egiteko onartu den izangaia.

Ikastaroa Nafarroako Segurtasun Eskolak emanen du, eta Eskolak berak erabakitzen duena iraunen du. Bertzalde, gainditu egin beharko da eta 200 puntuko balorazioa izanen du.

Epaimahaiak gaikuntza ikastaroa egiteko onartutakoen behin-behineko zerrendarekin batera adieraziko du ikastaroa zein toki, egun eta ordutan hasiko den.

Gaikuntza ikastaroa egin bitartean izangaiak zerbitzu berezien egoeran deklaratuko dituzte, Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamenduaren 23. artikuluan eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 24.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, eta, beraz, Udalak behar den ebazpena emanen du egoera hori deklaratzeko.

Ikastaroa burututakoan, langilea jarduneko egoerara itzuliko da berehala, zerbitzu berezien egoeran deklaratu zenean zuen lanpostura.

Zerbitzu berezietan deklaratzeak ez du aldaketarik sortuko izangaiaren gizarte aurreikuspeneko sisteman, jatorrizko lanpostuan zuenarekin segituko baitu. Orobat eskuratuko ditu Barañaingo Udaltzaingoaren zerbitzuko udaltzain gisa aitorturik zituen hasierako soldata eta osagarriak.

Zerbitzu berezien egoera bukatzen denean, aurreko atalean aipatutako lansarien sistema izateari utziko zaio, eta ez du eskubiderik ekarriko, ez eskubide pasiborik sortuko, ezta deialdiko lanpostuaren ondoriozko inolako eskubiderik ere.

Gaikuntza ikastaroa egin bitartean, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Segurtasun Eskolari atxikiko zaio izangaia.

Baztertu eginen dira ikastaroa osatzen duten arloetakoren bat gainditzen ez duten izangaiak.

6. oinarria.-Epaimahaiaren osaera, eraketa eta jarduketa.

6.1. Epaimahaia honako hauek osatuko dute:

-Epaimahaiburua: José Antonio Mendive Rodríguez, Barañaingo alkatea.

-Ordezkoa: Oscar Goñi Pérez, Barañaingo alkateordea.

-Mahaikidea: Emilio Jiménez Román, Barañaingo Udaltzaingoko burua.

-Ordezkoa: José Cruz Ortíz Martínez, Lizarrako Udaltzaingoko burua.

-Mahaikidea: Pablo Salvatierra Beorlegui, Zizurko Udaltzaingoko burua.

-Ordezkoa: Fermín Sola Ibañez, Tafallako Udaltzaingoko burua.

-Mahaikidea: Barañaingo Langileen ordezkari bat, Langileen Batzordeak berak proposatua.

-Ordezkoa: Barañaingo Langileen ordezkari bat, Langileen Batzordeak berak proposatua.

-Mahaikide idazkaria: Miguel Angel Laurenz Itoiz, Barañaingo Udaleko aholkulari juridikoa.

-Ordezkoa: Beatriz Aceña Laparra, Barañaingo Udaleko idazkaria.

6.2. Epaimahaia probak hasi baino lehenago eratuko da, lehendakariak deituta.

6.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

Epaimahaiak modu baliozkoan eratzeko, bertan mahaiburuak eta idazkariak egon behar dute edo, hala ez bada, haien ordezkoek.

6.4. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari horren berri emanen diote, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean baldin badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

6.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu dei honetako oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruko arazo guztiak.

Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

7. oinarria.-Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

7.1. Prestakuntza ikastaroa burututakoan, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak epaimahaiari igorriko dizkio ikastaroko puntuazioak, bai eta arlo bakoitzerako eta haren azken kalifikaziorako proposamena ere. Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa ateratzeko batuko dira lehiaketaldian, proba praktikoan eta trebakuntza ikastaroan lortzen den puntuazioa. Epaimahaiak izendapen proposamena eginen du gainditu duten izangaien alde.

8. oinarria.-Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Tokiko Gobernu Batzarrak Barañaingo Udaltzaingoko funtzionario eta kabo izendatuko ditu aitzineko idatz-zatian aipatu proposamenean sartutako izangaiak, eta izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

8.2. Izendapena jakinarazten denetik hamar eguneko epean hartu beharko du karguaren jabetza izangai izendatuak. Hala egiten ez badu, eskubide guztiak galduko ditu, ezinbertzekoak salbu.

9. oinarria.-Errekurtsoak.

Deialdi honen, bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkeztea aukeratzen ahal da:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

Barañainen, 2008ko urriaren 29an.-Alkate udalburua, José Antonio Mendive Rodríguez.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ..................... adinez nagusi, NAN/nortasun agiria: ....., jaioteguna (urtea/hila/eguna): ............, jaioterria (udalerria, probintzia): ............., nazionalitatea: ..............., egungo helbidea (karrika, zenbakia, eskailera, etxebizitza): ............, posta kodea: .................. herria: .........................., telefonoa: ............ lantokiko telefonoa ..............

Honako hau azaltzen dut:

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

Eskatzen dut:

Barañaingo Udaleko Udaltzaingoko kabo izateko lanpostu bat lehiaketa bidez betetzeko deialdian parte hartzeko onar nazatela eskatzen dudala (deialdia ...... zenbakiko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, ......(e)an).

Datuen babesa. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko Lege Organikoan ezarritakoa betetzeko, aditzera ematen zaizu inprimaki honetan ematen diren datu pertsonalak hautapen prozeduran Udalak dituen eskumenak erabiltzeko baizik ez direla erabiliko eta Barañaingo Udalaren datu basea osatzen duten fitxategiei batuko zaizkiela. Fitxategietan sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta horien aurka jotzeko eskubideak erabiltzen ahalko dituzu, Erregistro Orokorrera joz.

Barañainen, 2008ko............aren .....(e)an.

(Sinadura)

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

A) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: gehienez ere, 35 puntu.

1. Nafarroako Polizia Kidego batean egiazki eta lanpostu finkoan egindako zerbitzu urte bakoitzeko: 1,50 puntu agente lanpostuan.

2. Nafarroako polizia kidego batean, bitarteko gisa eta deialdiko enpleguan egindako urte bakoitzeko: 1,65 puntu.

3. Administrazio publiko baten bertzelako segurtasun indar eta kidegoetan, lanpostu finkoan, egindako zerbitzuak: 1,50 puntu udaltzain lanpostuan.

4. Edozein administrazio publikotan, lanpostu finkoan, polizia kidego batekoak ez diren lanpostuetan egindako zerbitzuak: 0,25 puntu urte bakoitzeko.

Oharrak:

1. Zerbitzu urteak osoak ez badira, zerbitzuak zenbat iraun duen, horren arabera banatuko zaie puntuazioa izangaiei.

2. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

3. Deialdia argitaratu ondoan egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

4. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu, egoera horietan sartu aitzin zuen lanpostuan egindako zerbitzuak bezala kontatuko dira.

B) Prestakuntza, irakasle eta ikerketa lana eta bertze merezimendu batzuk: gehienez ere, 25 puntu.

1. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolaturiko prestakuntza ekintzetan parte hartzea: 0,10 puntu, kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu), eta gehienez ere 10 puntu.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko ikastaroetan, irakastorduen zatikiak hainbanatuko dira.

2. Eskola orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Ikastaro bakoitzeko gehienez ere eman daitekeen balorazioa puntu bat da.

5. Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki, sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Itunen barruan antolatuak sartuko dira.

2. Biltzar edo jardunaldietan txostenak edo komunikazioak aurkeztea, beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea: 3 puntu, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoa, kontuan hartuz lana edo jarduera bakar batek edo taldean egina den eta biltzarra edo argitalpena zein mailatakoa den, tokikoa, eskualdekoa, naziokoa edo nazioartekoa.

3. Sektore publikoan prestakuntza saioak antolatu edo halakoetan irakasle jardutea: gehienez ere 2 puntu, epaimahaiak haien iraupenaren arabera baloratu beharrekoak.

4. Titulazio eta espezialitate akademikoak, deialdian eskatu ez direnak: gehienez ere, 4 puntu.

5. Doktore edo lizentziatu gradua, deialdian eskatutako titulazioari buruz: gehienez ere, 2 puntu.

6. Bertze merezimendu batzuk, epaimahaiak kontuan hartu beharrekoak: bertzeak bertze, hizkuntzak, sektore pribatuan egindako lanak, bekak edo prestakuntza egonaldiak, kontsulta egiteko, aholku emateko, parte hartzeko edo ordezkaritzako organoetan parte hartzea: gehienez ere, 4 puntu.

Oharrak b) atal osorako:

Idatz-zati honetan aipatutako merezimenduak deialdiko lanpostuarekin zerikusia izanez gero soilik baloratuko dira. Kabo lanpostua eskuratzeko prestakuntza ikastaroak ez dira inondik ere baloratuko.

C) Hizkuntzak jakitea: gehienez ere, 20,25 puntu.

1. Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteagatik, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak baitira, 5na puntu gehienez ere.

2. Euskaraz jakitea, gehienez ere 5,25 puntu.

3. Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako Gaitasun Agiria edo ofizialki baliokidetzat jotzen den titulua edukitzeagatik aurreko atalean hizkuntza bakoitzerako adierazten den gehieneko puntuazioa eskuratuko da.

Titulurik eduki ezik, Hizkuntza Eskola Ofizialean gainditutako maila bakoitzagatik gehieneko puntuazioaren bosten bat emanen da. Euskararen kasuan, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzeko 1/12 emanen da.

Hizkuntza horietatik bakoitzak zer dakien baloratzeko, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak espresuki antolatutako azterketak egiten ahal ditu; bost zailtasun maila izanen dira, eta hizkuntza bakoitzari gehienez ere ematen ahal zaion balorazioaren bostena emanen zaio maila bakoitzari.

Iragarkiaren kodea: L0816568