143. ALDIZKARIA - 2008ko azaroaren 24a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.3. BESTELAKO XEDAPENAK

2.3.5. Beste batzuk

IRUÑA

Iruña eta Artista Gazteak, 2008 XXIV. Lehiaketa Deialdi honek Nafarroako artista gazteak eta haien lanak ezagutarazi, sustatu eta zabaltzea du xede

OINARRIAK

Lehena.-Lehiaketa honen helburua Nafarroako artista gazteen sormena ezagutarazi, sustatu eta zabaltzea da; xede hori harturik, aurkeztutakoen artean hiru lanik hoberenak hautatu eta sarituko dira.

Bigarrena.-Lehen saria 3.700 euro da, bigarrena, 2.800 euro, eta hirugarrena, 1.600 euro. Sariok Iruñeko Udalaren Aurrekontu Orokorraren 50/45132/480000 kontusailaren kargura joanen dira. Aipatu zenbatekoari PFEZ arautzen duen araudian aurreikusitako atxikipena ezarriko zaio.

Hirugarrena.-Lehiaketan Nafarroan jaio edo bertan bizi diren artistek parte hartu ahalko dute, betiere 18 eta 30 urte bitarte badituzte. Ez zaizkie aplikagarri izanen Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10.2 artikuluak ezarritako debekuak.

Laugarrena.-Oinarri hauek NAOn emanen dira argitara, eta lanak aurkezteko mugaeguna 2008ko abenduaren 12a izanen da, epe hori luzaezina delarik.

Lanak ondoko helbidean aurkeztu beharko dira, behar bezala babesturik edota enbalaturik:

Iruñeko Ziudadela (Guardia-gorputzaren aretoa).

Armada etorbidea, zk. g. 31002-Iruña.

Tel.: 948 228237 - Faxa: 948 210696.

Posta elektronikoa: ciudadela@pamplona.es.

Hona lanak aurkezteko ordutegia: astelehenetik larunbatera, 10:30etik 13:30era.

Bosgarrena.-Lan bakoitzarekin batera, gutunazal bat aurkeztuko da, barruan honako agiri hauek sartuta:

-Artistaren curriculuma.

-NANen fotokopia.

-Egungo helbidea eta telefono zenbakia.

-Erroldatze-agiria, Nafarroan biziz gero.

-Lanaren edo lanen fitxa teknikoa: Izenburua, neurriak, teknika, urtea eta balorazio ekonomikoa. Halakorik behar izatera, muntatzeko jarraibideak.

Seigarrena.-Artistek, gehienez ere, bina obra aurkezten ahalko dituzte, gai eta teknika librekoak.

Lanek, eskultura, margo, argazki, ikus-entzunezko, objektu edo instalazio izanik ere, ez dute inoiz 200 cm baino gehiago hartuko, horien edozein alde neurtuta. Horretaz gain, eskulturek eta instalazioek ezin izanen dute 100 kilo baino gehiago pisatu, eta argazkiak markoztaturik aurkeztu behar dira, edo erakusteko moldatuta.

Lan batek muntatzeko jarraibide zehatzak behar baditu, horiek izena emateko gutunazalean atxiki behar dira.

Ikus-entzunezko lanak DVD formatuan aurkeztu behar dira, halako moduz non ez baita inongo arazorik izanen horiek ikusteko; bestela, bazter geldituko dira hautaketa egin baino lehen.

Zazpigarrena.-Obrak igorri eta itzultzeak ekarritako gastuak lehiakideek beraiek hartuko dituzte haien bizkar, eta antolatzaileek ez dituzte haien gain hartuko lehiaketan parte hartzen duten lanek igorri eta itzultzean jasan ditzaketen galera edo kalteak.

Behin lehiaketa ebatzi, edo, halakorik bada, hautatutako lanen erakusketa amaitu eta hogeita hamar egun baliodun iragan eta gero, lanen egileek haien obrak jasotzen ez badituzte, haiei uko egiten dietela ulertuko da eta Udalak nahi duenerako erabili ahal izanen ditu, erreklamaziorik aurkezteko edo kalte-ordainik jasotzeko inongo eskubiderik aitortu gabe.

Zortzigarrena.-Hona epaimahaia osatuko dutenak:

Epaimahaiburua: Kultura Alorreko Zinegotzi Delegatua edo hark izendatutako pertsona.

Epaimahaikideak: Kultura Alorreko zuzendaria, arte plastikoen esparruko bi profesional eta Kultura Alorreko teknikari bat.

Bederatzigarrena.-Epaimahaiak sariak eman gabe uzteko erabakia hartzen ahalko du, eta haren epaia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta ohiko komunikabideen bitartez emanen da aditzera.

Hamargarrena.-Sariak ordainduta Iruñeko Udalak hiru lan irabazleak eskuratuko ditu, halako eran non egile saridunek Iruñeko Udalari emanen baitizkiote, beretako bakarrik eta mundu mailan, lan saridunen jabego intelektualari dagozkion eskubide ekonomiko guztiak. Horren kariaz, Iruñeko Udalak ustiapen modalitate guztien gainean jarduten ahalko du, eta, besteak beste, lan saridunak erreproduzitu, banatu, jendaurrean paratu, eraldatu eta beste zenbait egin ahalko ditu. Horrek barne hartzen ditu edozein euskarritan edo formatutan erreproduzitzeko eskubideak, bai eta, bereziki, liburu-formatuan eta euskarri digitalean edo zenbakizkoan argitaratzeko edota banatzeko eta jendaurrean paratzekoak ere, lan horiek mundu osoan komertzializatzeari begira. Aurrekoak berariaz hartzen ditu barne lanak on-line igorri eta transmititzea, eta horiek eskura paratzea, internet tankerako sare digital elkarreragileen bidez.

Lehiakideek beren gaien hartzen dute, erabat hartu ere, aurkeztutako lanen gainean hirugarrenen eskubiderik ez izatearen eta irudi-eskubideak direla-eta erreklamaziorik ez izatearen erantzukizuna.

Hamaikagarrena.-Epaimahaiak hautatuko dituen lanak erakusgai izanen dira 2008ko abendutik aitzina, Ziudadelako Mistoen Eraikinean. Iruñeko Udalak erakusketa bat antolatuko du, hurrengo urtean, eta bertan hiru artista irabazleen lanak ikusi ahal izanen dira.

Hamabigarrena.-Lehiaketa honetan parte hartzeak berekin dakar oinarri hauek guztiak onartzea, bai eta apelaezin izanen diren Epaimahaiaren erabakiei men egitea ere.

Sariak emateko ebazpenak amaiera emanen dio administrazio-bideari, eta interesdunei jakinarazio zaie, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58 eta 59. artikuluek agindutakoarekin bat.

Aurrekoak gorabehera, oinarrion eta horiek betetzeko Administrazioak hartu beharreko edozein ebazpenen kontra, ondoko errekurtsoak paratzen ahalko dira, aukeran:

-Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio-egintza gauzatu duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi, edo, hala bada, argitaratu eta biharamunetik aitzina.

-Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta hortik aitzina.

-Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Epe hori errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuko da.

Iruñean, 2008ko azaroan 11n.-Kultura Zinegotzia, Paz Prieto Sáenz de Tejada.

Iragarkiaren kodea: L0817378