143. ALDIZKARIA - 2008ko azaroaren 24a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

400/2008 FORU AGINDUA, azaroaren 4koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, 2009. urtean garapenerako lankidetza proiektuak egiteko diru-laguntzetarako deialdia egiten duena.

Nafarroako erakunde publikoek, Foru Komunitatearen gizarte kontzientziaz jabeturik, funtsak ematen dituzte, garapenerako laguntza ofizial gisa, herrialde eta herri pobretuen giza garapen iraunkorrerako elkartasunezko ekarpena egiteko, milurte honetako garapenerako helburuak lortzeko asmoz.

Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legeak nazioarteko lankidetzaren oinarriak, helburuak eta bitartekoak finkatzen ditu, besteak beste. Bereziki, 14. artikuluak xedatzen du besteak beste funts publikoak erabiliko direla garapenerako lankidetzarako ekintzak sustatzeko.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak diru-laguntza publiko guztiak arautzen ditu eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, eta diru-laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko bidea.

Horrenbestez, beharrezkoa da garapenerako lankidetza sustatzeko urteko proiektuetarako diru-laguntzei buruzko arauak ezarri eta urtean urteko deialdi baten bidez argitaratzea, diru-laguntza horietan publizitatearen, gardentasunaren, konkurrentziaren, objektibotasunaren, berdintasunaren, bereizkeriarik ezaren eta kontrolaren printzipioak bermatzeko, baita Administrazio emaileak finkatutako helburuak lortzeko efikazia eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko eraginkortasuna ere.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Lehena.-2009. urtean garapenerako lankidetza proiektuak egiteko diru-laguntzetarako deialdiko arauak onestea. Foru agindu honen eranskinean ageri dira.

Bigarrena.-7.800.000 euroko gastua baimentzea, 2009ko gastuen aurrekontuko "Garapenerako Nazioarteko Lankidetza" izeneko 900001 91200 4819 143102 kontu-sailaren kargura, horretarako baldintza izanik bertan dirua izatea.

Hirugarrena.-Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Laugarrena.-Foru agindu hau igortzea Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Zerbitzuari, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Koordinazio eta Kudeaketa Administratiboaren Ataleko Administrazio Aferetarako Bulegoari eta Kontabilitate Zentroari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko azaroaren 4an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

ERANSKINA

2009. urtean garapenerako lankidetza proiektuak egiteko dirulaguntzetarako deialdiaren arauak

Lehenengoa.-Xedea eta helburua.

1. Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak diru-laguntzetarako dei egin du 2009rako, Nafarroako garapenerako gobernuz kanpoko erakundeekin batera zenbait proiektu finantzatzeko, horrela garatzen ari diren herrialdeetako herritarren oinarrizko beharrei zuzenean erantzun ahal izateko. Nafarroako entitateek proposatzen dituzten programa horiek herrialde horietako bazkideekin batera burutuko dira eta haien helburua pobreziaren kontra borrokatzea eta bertako herritarren bizimodua eta barrutiko garapenerako gaitasuna hobetzea izanen da.

2. Garapen bideko edo trantsizioko herrialde edo lurraldetzat hartuko dira ELGA-Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen menpeko Garapenerako Laguntza Batzordearen (GLP) onuradunen egungo zerrendan daudenak.

Bigarrena.-Aurrekontua.

Deialdi honetarako zenbatekoa 7.800.000 eurokoa da, Nafarroako 2009ko aurrekontu orokorreko "Garapenerako nazioarteko lankidetza" izeneko kontu-sailaren kargura, baldintza izanik bertan dirua izatea.

Hirugarrena.-Garapenerako gobernuz kanpoko erakundeen betekizunak.

Deialdi honen xede diren diru-laguntzen onuradunak izaten ahalko dira Garapenerako Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 20. artikuluan aipatutako baldintzak eta beste baldintza hauek ere betetzen dituzten garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak (GGKE):

a) Pertsona juridiko pribatuak eta legez eratuak izatea.

b) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean, Garapenerako Lankidetzarako Agentzia Espainiarraren Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Erregistroan inskribatuak izatea.

c) Irabazi-asmorik ez edukitzea.

d) Estatutuetan erakundearen xede gisa agertzea garapenerako lankidetzaren inguruko jarduerak eta herrien arteko elkartasuna bultzatzekoak egitea.

e) Entitatearen helbidea edo haren ordezkaritza iraunkorraren helbidea Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean izatea.

f) Helburu sozialak bete ahal izateko egitura egokia izatea eta proposaturiko helburuak lortzeko behar den esperientzia eta gaitasun operatiboa badutela frogatzea.

g) Proiektu beraren fase baterako lehenago diru-laguntzarik hartuz gero, diru-laguntza haiek hartzeko ezarritako eginbeharrak bete dituztela frogatu beharko dute.

h) Proiektua egin behar den herrialdean tokian tokiko bazkide edo erakunde bat izatea, proiektua aurrera eramanen duena. Bazkideak pertsona juridikoa izan beharko du, herri onuraduneko legediaren arabera.

i) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. idatz-zatian aipatutako egoeraren batean dauden entitateak ezin izanen dira deialdiaren xede diren laguntzen onuradun izan.

j) Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak garapenerako lankidetzan edo garapenerako hezkuntzan aritzeko ematen dituen diru-laguntzak jaso izana azken 5 urte hauetan.

Aurreko lerroaldean ezarritakoari begira, GGKEek frogatu beharreko antzinatasuna errespetatuko da elkarte edo fundazio gisa duten formula juridikoan aldaketa bat izan badute, baldin eta horren berri ematen bada entitate juridiko berriaren estatutuetan; edo GGKEen batasun bateko kide izan badira eta horrek lehenago Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren diru-laguntzarik jaso badu garapenerako lankidetzaren arloan.

Laugarrena.-Garapenerako Lankidetza proiektuek bete beharrekoak.

Diru-laguntzen onuradun izan ahal izateko, GGKEek aurkezten dituzten proiektuek honako beharkizun hauek bete beharko dituzte:

a) Deialdi honetako 1. oinarriko xede eta helburuei eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 2. eta 3. artikuluei lotzea.

b) Finantzaketaren %20, gutxienez, erakundeen funtsetatik aterako da, beste administrazio publikoetatik -Nafarroako Gobernuaren beste departamentuak eta erakunde autonomoak espresuki kenduta- edo beste entitate batzuetatik.

c) Emandako diru-laguntzen zenbatekoak ez du sekula gaindituko, beste erakunde edo entitate pribatu zein publikoen laguntzekin batuta, egin beharreko proiektuaren kostua.

d) Eskatzen den dirua 25.000 eurotik 120.000 eurora bitartekoa izanen da. Diru-laguntza 180.000 euro artekoa ere izan daiteke, baldin eta diru-laguntza eman dela jakinarazi ondoren banku-abal bat aurkezten bada berme gisa.

e) Proiektuak 2009. urtean gauzatu beharko dira.

Bosgarrena.-Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.

1. GGKEek 30 egun naturaleko epea izanen dute eskaerak aurkezteko, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

2. Eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, edo Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusian (González Tablas kalea zk.g., 31002, Iruña) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritako tokietan, eta, azken kasu horretan, Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Zerbitzuari egun berean jakinaraziko zaio, faxez (848 423818), eskabidea igorri dela. Dena dela, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta 10 egun natural iraganik dokumentazioa jaso gabe, ez da inola ere onartuko. Eskabideak posta bulegoen bidez aurkezten badira, gutun-azala zabalik aurkeztu beharko da, postako funtzionarioak, ziurtatu baino lehen, eguna eta zigilua jar ditzan.

3. Entitate eskatzaile bakoitzak urtean garapenerako lankidetza proiektuak egiteko gehienez 3 kofinantzaketa eskaera aurkeztu ahalko ditu.

Seigarrena.-Aurkeztu beharreko agiriak.

Deialdian parte hartu nahi duten GGKEek Nafarroako Gobernuaren eskabide orokorraren bidez eskatuko dute parte-hartzea eta, eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute (agiri motak bereizteko egindako 3 multzoetatik bakoitzari dagokion karpetan edo gutun-azalean):

a) Diru-laguntza eskatzen duen GGKEaren gaineko dokumentazioa, jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatuak (dagoeneko Foru Komunitatearen eskuetan ez badago edo dokumentazioaren edukia aldatu bada):

a.1) Garapenerako Lankidetzarako Agentzia Espainiarraren GGKEen Erregistroan egin den inskripzioaren frogagiria, eta bereziki adierazirik Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean ordezkaritza ireki dela; aipamen horren ordez beste erregistro administratibo batek emandako ziurtagiri osagarria aurkezten ahal da, ordezkaritza hori badela egiaztatzen duena. Ziurtagiri horrek edo horiek gehienez urtebeteko antzinatasuna izan beharko du edo dute, deialdi hau argitara ematen den egunetik kontatua.

a.2) Identifikazio Fiskaleko Txartela.

a.3) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, aurreko diru-laguntzak sartzeko bankuko kontua aldatu bada.

a.4) Nafarroako ordezkaritzaren 2007ko kontuak.

a.5) Hirugarren oinarriko i) atalaren arabera onuradun izateko egoeretan ez dagoela dioen erantzukizuneko aitorpena.

Bi proiektu edo gehiagotarako diru-laguntza eskatuz gero, eskatzen duen GGKEari buruzko agiri guztiak eskabide batean bakarrik aurkeztuko dira, espresuki adierazita zeinetan dauden atxikirik.

b) Tokian tokiko bazkidearen edo erakundearen gaineko dokumentazioa:

b.1) Estatutuak.

b.2) Legezko osaeraren frogak, proiektuaren onura hartzen duen herrialdeko berezko legeen araberakoak.

b.3) Legezko helbidea osorik.

b.4) Legezko ordezkariaren kredentzialak.

c) Proiektuari buruzko dokumentazioa:

c.1) Proiektuaren memoria, inprimaki ofizialean eta euskarri informatikoan.

c.2) Proiektua eginen den tokia zehazki erakusten duten mapak (estatua, eskualde edo departamentua, probintzia eta udalerria).

c.3) Agiri grafiko, tekniko eta ekonomikoak (proforma fakturak, aurrekontu profesionalak, lurren peritazioa eta abar), eta proiektuaren ezaugarriez ongi jabetzeko eskaini nahi diren bestelako agiriak.

c.4) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileek proiektuko zikloaren edozein fasetan zuzenean edo zeharka parte hartuz gero, langile horien izen-deituren zerrenda, denboraldia eta proiektuan egin beharreko eginkizunak aurkeztu beharko dira; horrekin batera, pertsona horietako bakoitzaren erantzukizuneko aitorpena, beren lana proiektuaren esparruko zereginekin bateraezina ez dela dioena.

Zazpigarrena.-Instrukzioa.

a) Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiak tramitatuko ditu eskaerak. Garapenerako Nazioarteko Lankidetza Zerbitzua izendatuko da organo instruktore. Horrexek egiaztatuko du diru-laguntzak hartzeko baldintzak betetzen direla, eta eskaerak ofizioz baloratuko ditu, arau hauen arabera.

b) Eskaeraren agiriak azterturik, eta akatsik egonez gero, 10 egun naturaleko epea irekiko da, akats horiek zuzentzeko. Entitate eskatzaileak horrelakorik eginen ez balu, eskaera ezetsitzat joko litzateke.

Zortzigarrena.-Eskaeren balorazioa eta diru-laguntzaren zenbatekoa nola finkatuko den.

1. Eskaerak 0 puntutik 1.000 puntura bitarte baloratuko dira, irizpide objektibo hauek eta horien ponderazioa kontuan hartuz:

a) Gaitasun instituzionala (%20): entitate eskatzailearen eta kasuan kasuko herrialdeko bazkide edo erakundearen gaitasun finantzarioa, estrategikoa eta operatiboa, haien oinarri soziala eta haien arteko harremanak baloratuko dira. Hona hemen baremoa:

a.1) Entitate eskatzailea: oinarri soziala (15 puntu bitarte), gaitasun finantzarioa (25 puntu), gaitasun estrategikoa (25 puntu bitarte), gaitasun operatiboa (25 puntu bitarte).

a.2) Herrialdeko bazkidea: proiektuaren sektorean edo eskualdean lanean izaniko esperientzia (25 puntu bitarte), gaitasun finantzarioa (20 puntu bitarte), gaitasun estrategikoa (25 puntu bitarte), entitate eskatzailearekiko harremanak (10 puntu bitarte), herritar onuradunekiko harremanak (20 puntu bitarte) eta arloari edo lurraldeari dagokionez sare zabalagoetako kide izatea (10 puntu bitarte).

b) Ekintzaren kalitate teknikoa (%45): programa azaltzeko osagai teknikoak baloratuko dira, xede diren sektoreak kontuan hartu gabe. Hona hemen baremoa:

b.1) Ekintzaren barne koherentzia: eskariaren jatorria (50 puntu bitarte), helburu orokorraren, berariazko helburuaren eta emaitzen arteko koherentzia (40 puntu bitarte), jardueren eta emaitzen arteko harremana (70 puntu bitarte), adierazleen egokitasuna (40 puntu bitarte).

b.2) Aurrekontua: gastuaren koherentzia edo eraginkortasuna (60 puntu bitarte), gastuaren beharra (60 puntu bitarte).

b.3) Bideragarritasuna: politikoa (20 puntu bitarte), instituzionala (30 puntu bitarte), teknikoa (40 puntu bitarte), eta soziala (40 puntu bitarte).

c) I. Plan Zuzentzaileko ildo estrategikoekiko egokitasuna (%35): programaren eta plan zuzentzaileko zeharkako ildoen, ildo sektorialen eta lehentasun geografikoko ildoen arteko egokitasuna baloratuko da.

c.1) Zeharkako ildoekiko egokitasuna. Egiaztatuko da proiektuak haietariko bakoitzaren adinako osagarriak dituela: pobrezia errotik erauztea (40 puntu bitarte), sexuen arteko berdintasuna bultzatzea (40 puntu bitarte), ingurumenaren iraunkortasuna bermatzea (40 puntu bitarte), giza eskubideak babestea, demokratizazioa eta kultura nortasuna errespetatzea (40 puntu bitarte) eta gizartea antolatzeko gaitasuna sortzea (40 puntu bitarte).

c.2) Ildo sektorialekiko egokitasuna. Haien egokitasuna eta kalitatea baloratuko dira plan zuzentzaileko sektoreari eta azpisektoreari dagokienez (100 puntu bitarte). Batzuen osagaiak edukiz gero, elkarrengandik bereizirik baloratuko dira eta puntuen batez besteko aritmetikoa eginen da.

c.3) Lehentasun geografikoekiko egokitasuna. Plan zuzentzailean aipatzen diren lehentasunezko herrialdeen hiru elkarteen helburu estrategikoekiko egokitasuna baloratuko da (20 puntu bitarte), eta herrialde bakoitzaren barruan, berariazko eskualdea (30 puntu bitarte).

2. Diru-laguntzaren eskaera aintzakotzat har dadin, proiektuak guztira 500 puntu beharko ditu batera. Horietariko 80 puntu, gutxienez, plan zuzentzaileko zeharkako ildoekiko egokitasun irizpideei egokituko zaizkie. Gainera, ezin izanen dituzte 10 puntu baino gutxiago izan proiektuaren eta zeharkako ildo bakoitzaren arteko egokitasuna baloratzeko irizpide bakoitzean.

3. Diru-laguntzaren zenbatekoa lortzen den puntuazioaren eta helburu horretarako bideratzen den aurrekontuaren araberakoa izanen da. Aurrekontuetako dirua gainditzen baldin bada, diru-laguntza kalkulatzeko, irizpide hauei men eginen zaie:

a) Diru-laguntza kalkulatzeko tarte proportzionalak finkatuko dira, eskatutako laguntzatik abiatuta, lortutako puntuazioaren arabera: 500,00 eta 624,99 punturen artean, eskatutakoaren %70, 625,00 eta 749,99 punturen artean, eskatutakoaren %85; 750,00 puntu edo gehiago, eskatutakoa.

Ehunekoen tarteak ezartzearen ondorio diren kopuruak, zenbatekoaren osokoen zatira borobilduz ezarriko dira, zenbaki hamartarrik gabe.

b) Aurreko irizpidea aplikatu ondoren ere, eskabideen zenbatekoak aurrekontuetan horretarako dagoen dirua gainditzen badu, lehentasun hurrenkera bat ezarriko da, balorazioan lorturiko puntuazioaren araberakoa, eta diru-laguntzak muga horretaraino banatuko dira.

Bederatzigarrena.-Alegazioen tramitea.

1. Organo instruktoreak proposamen-txostena eman aurretik, interesdunei entzuteko tramitea egin daiteke, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 84. artikuluari jarraikiz.

2. Proposatutako diru-laguntzaren zenbatekoa aurkeztutako eskaeran ageri dena baino txikiagoa baldin bada, organo instruktoreak eskaera berregiteko eskatzen ahalko du, xedea eta ezaugarriak errespetaturik, konpromisoak eta baldintzak emanen zaion diru-laguntzari egokitzeko. Aldaketaren aurrekontua ez da txikiagoa izanen proposaturiko diru-laguntzaren zenbatekoaren eta hasiera batean baldintza antzekoetan aurreikusiriko kofinantzaketaren batura baino.

Hamargarrena.-Ebazteko epea.

1. Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiari dagokio aurkezten diren eskaeren gainean ebaztea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuari jarraikiz emandako ahalmenez baliatuz.

2. Deialdiaren gaineko ebazpenean diru-laguntzak hartzen dituzten eskatzaileak, diru-laguntzen helburua, zenbatekoa, pagatzeko modua eta justifikatzeko modua eta epea agertuko dira, eta beste eskaeren ezestea ere bai, Diru-laguntzei buruzko arazoaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 21. artikuluan xedatu bezala.

3. Eskaerak ukatutzat joko dira, aurkezteko epea bete eta handik sei hilabetera ebazpen espresurik eman ez bada.

Hamaikagarrena.-Jakinarazpena.

Deialdiaren gaineko ebazpena banan-banan eta Nafarroako Atarian argitaratuz jakinaraziko zaie interesdunei.

Hamabigarrena.-Diru-laguntzaren aurrerakinak.

1. Onartzen den diru-laguntza 60.000 eurokoa edo hortik beherakoa bada, laguntza emateko ebazpenean diru-laguntza aurretik ordaintzea aginduko da, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak berariazko baimena emanez gero.

2. Onartutako diru-laguntza 60.000 eurotik gorakoa bada, diru-laguntzaren aurrerakinak egiten ahalko dira, banku-abal bat edo antolamendu juridikoan onartzen den beste berme bat aurkeztuz gero, betiere Ekonomia eta Ogasun Departamentuak horretarako berariazko baimena ematen badu. Berme horrek aurreratu beharreko zenbatekoaren adinakoa behar du izan.

Organo emaileak aukera izanen du 60.000 euroko edo hortik goitiko aurrerakinen bidez pagatzeko. Horrela, diru-laguntzen onuradunek ez dute behin ere 60.000 eurotik goitiko aurrerakinik izanen bermerik gabe. Bigarren eta hurrengo aurrerakinak ez dira ordainduko harik eta aurreko ordainaldian bestelako ekarpenekin egindako gastu guztien %70 justifikatu arte. Horretarako, proiektuaren exekuzio partzialaren gaineko txosten teknikoa eta ekonomikoa aurkeztuko da.

3. 4. d) oinarrian aurreikusitako kasuetan, 120.000 euro baino gehiago eskatu denean, diru-laguntzaren zenbatekoa aurreratuko da baldin eta banku-abala edo antolamendu juridikoan aurreikusitako beste bermeren bat aurkezten bada.

Hamahirugarrena.-Diru-laguntzen justifikazioa.

1. 2010eko martxoaren 31 baino lehen, onuradunek azken txosten tekniko eta ekonomikoa aurkeztuko dute proiektuaren betetze mailaz, inprimaki ofizialean eta euskarri informatikoan. Garapenerako Nazioarteko Lankidetza Zerbitzuan eskuratzen ahalko da, edo Nafarroako ataritik jaitsi (www.cooperacion.navarra.es). Diru-laguntzak ematen dituen administrazioak betetzeko epea handiagoa izateko baimena emanez gero, kasuan kasuko baimenean xedatutakoak aginduko du.

2. Urte bakoitzeko txostenek eta azken txostenak kontu justifikatiboaren itxura izanen dute. Osagai hauek bilduko dituzte:

a) Kontuan ageri diren datu guztiak egiazkoak direla dioen erantzukizuneko aitorpena, entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatua.

b) Jatorrizko agiria edo fotokopia konpultsatua, tokian tokiko bazkideari funtsak igorri zaizkiola frogatzeko, bai eta igortzea bankuko transferentzia bidez egiten bada aplikatutako truke tasak frogatzeko ere; bestelako kasuetan erantzukizuneko aitorpena, diru-laguntzaren onuraduna den GGKEaren legezko ordezkariak sinatua.

c) Erantzukizuneko aitorpena, tokian tokiko bazkidearen legezko ordezkariak sinatua, diru-laguntza herrialde onuradunean jaso dela ziurtatzen duena.

d) Proiektuaren gauzatzeari buruzko txosten teknikoa, eredu ofizialaren araberakoa.

e) Proiektuko diru-sarreren eta gastuen balantzea.

f) Gastu guztien zerrendak, jardueren, gastu motaren eta finantzaketa iturriaren arabera sailkatuak. Gastu bakoitzean honako kontu hauek agertuko dira: zerrendako agiri zenbakia, frogagiri zenbakia, eman zeneko eguna, igorlearen izena eta helbidea, eta haren identifikazio fiskalerako zenbakia edo antzekoa, kontzeptua, frogagiriaren testua (luzea izanez gero, laburtzen ahalko dena), pagatzeko modua, pagatu deneko diru mota eta zenbatekoa eurotan.

g) Beste edozein dokumentazio grafiko edo idatzi, borondatez eman nahi dena, diruz lagundutako proiektuaren gauzatzearen edo martxa onaren berri emateko.

3. Aurkezten diren gastu guztien frogagiriak entitate onuradunaren egoitzan edo bulegoan gorderik egonen dira, kasuan kasuko kontrol organoak egiaztatu ahal ditzan. Organo horrek laginen bidez aztertzen ahalko ditu.

Egiaztagiriak fakturak izanen dira, eta halakorik ezean, banku-laburpenak, hartu-agiriak, kaxako erregistroak, gastuen oharrak edo bestelako agiriak. Egiaztagiri horiek, betiere, zerrendan aipatzen diren datuak adierazi beharko dituzte eta ordainketa egin izana frogatu beharko dute.

Gastuak Espainian gertatuz gero, frogagiriak jatorrizko agiriak izanen dira; gainerakoan, fotokopiak, tokian tokiko bazkideak edo kontraparteak behar bezala kreditatuak.

Frogagiriak gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez edo frantsesez ez badaude, gaztelaniara itzuli beharko dira.

4. Tokiko ekarpen gisa onartutako balioztatzeen kasuan, hamalaugarren arauko 4. puntuan xedatutakoari jarraituko zaio.

5. Diru-laguntzaren entitate onuradunaren tokian tokiko bazkidea nazioarteko erakunde bat baldin bada, proiektuko gastuen egiaztagiriak nazioarteko erakundeek ezartzen duten araudiarekin bat egindako kanpo auditoria bat aurkeztuz ordeztuko dira.

Hamalaugarrena.-Diruz laguntzen ahal diren gastuak.

1. Diru-laguntzen xede izan daitezkeen gastuak kontu-sail hauetakoak izan daitezke:

a) Zuzeneko gastuak:

a.1) Lurrak eta higiezinak erosi edo alokatzea.

a.2) Ondasun higiezinak eraiki edo berritzea, laneskua, obraren zuzendaritza, obretako lizentzia eta eraikuntzako tasa eta materialak barne.

a.3) Ekipo materialak eta hornidurak, ibilgetuaren osagaiak erostea barne, lurrak eta eraikinak izan ezik, diru-laguntzaren xede den jarduerari atxikiak, hala nola, makinak, altzariak, ekipo informatikoak, garraiobideak eta bestelako ekipamendua, eta ekipoak igortzeko gastuak.

a.4) a.4.-Langileen gastuak, honako hauek barne: lansariak, gizarte aseguruak, ekintzari atxikiriko langileen entitatearen kontu, eta beste edozein aseguru, langileen izenean izenpetua.

Bi kategoria bereiziko dira:

a.4.1) Herrialdeko langileak. Diru-laguntzaren xede den ekintza burutzen den eta haien lanean ari diren herrialdeko lan arloko legeen mende daudenak, haien eginkizunei dagokien lan araubidearekin bat. Haien eginkizunak zuzenean ekintzari lotuak egonen dira.

a.4.2) Langile erbesteratuak. Entitate onuradunekoak, Espainiako legeen mende daudenak eta ekintza burutzen deneko herrialdean lanean ari direnak. Haien eginkizunak zuzenean ekintzari lotuak egonen dira. Kontratu bidezko harremana izanen da eta Kooperantearen Estatutua errespetatu behar da.

a.5) Bidaiak, ostatu-hartzea eta dietak. Langileen eta programaren onuradun diren herritarren joan-etorrien gastuak dira, ekintza burutzeko behar direnak, hala nola: erregaiak, aseguruak, ekintza zehaztean berariaz identifikaturik eta haiei loturik dauden ibilgailuen mantentzea, bidaien gastuak, dietak eta, hala bada, ostatua hartzea.

a.6) Txandakako funtsak. Maileguetarako eta sortzen ahal diren kudeaketa eta administrazio gastuetarako zenbatekoa hartzen du bere baitan, hala nola finantza gastuak eta funtsarekin zuzeneko zerikusia duen guztia, proiektua gauzatzeko epearen baitan. Funtsaren araudia aurkeztearen bidezko formulazioan aurreikusi beharko da, maileguen zenbatekoa, onuradun kopurua, interes tasa, gabealdia eta itzulketarako epea jasoko dituena. Ezin izanen du finantzaturiko zuzeneko gastuen %10 gainditu.

a.7) Jarduna. Ekintzaren eremuko ohiko gastuak (argindarra, ura, komunikazioak, mantentze-lanak eta segurtasuna, besteak beste), eskatutako diru-laguntzaren zenbateko osoaren %2 bitarte gehienez.

b) Zeharkako gastuak.

Proiektuaren zeharkako kostuengatik %10eko edo hortik beherako zenbatekoa aplikatzen ahalko zaio diru-laguntzari. Zeharkako kostuak dira GGKEk Nafarroan dituen gastu administratiboak (langileen gastuak, egoitzakoak, bulegoko materialak eta bestelako ohiko gastuak, baita bakarrik eta zuzenean proiektuaren identifikazioaren, -kasu horretan, 2008ko azken lauhilekoan eginiko gastuak aplikatzen ahalko dira- formulazioaren, jarraipenaren eta ebaluazioaren ondoriozkoak direnak).

Gastuak frogatzeko, hamahirugarren arauan ezarritakoari jarraikiko zaio, frogatzeko zail diren gastuak izan ezik. Hala gertatuz gero, GGKE onuradunaren legezko ordezkariak gastu horien gaineko ziurtagiria egin beharko du. Frogagirian zenbatekoa, gastu motaren erreferentzia, diru-laguntzaren xede den proiektuarekiko lotura eta orotariko arauen arabera ezin justifikatu izateko zergatikoak agertuko dira. Gainera, gastuaren frogagiriak aurkeztuko dira: fakturak, kontabilitatearen egoera-orri auditatuak edo gastua egiazki burutu dela frogatzen duten bestelako agiriak. Ziurtagiri horren bitartez justifikatuko den diru kopuruak ez du zeharkako gastuen %30 edo diru-laguntzaren %3 gaindituko.

Gainera, zeharkako kostuen kontu-sailaren barruan %10 (edo diru-laguntza osoaren %1) sartzen ahalko da proiektua Nafarroan zabaltzeko jardueretarako, garapenerako lankidetzaren arloan jendarteko iritzia sentsibilizatzearren.

2. Gastu finantzarioak, notarioenak eta erregistrokoak eta bankuaren bermearenak diru-laguntzaren xede izaten ahalko dira, jarduerari zuzenean lotuak badaude eta hura prestatu edo burutzeko ezinbestekoak badira.

3. Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzaren etekin finantzarioak diru-laguntzaren zenbatekoari gehituko zaizkio eta diru-laguntzaren xede den jarduerari ere aplikatuko zaizkio.

4. Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzatik kanpoko ekarpen gisa onartuko dira onuradunen lurren, lokalen, ekipamenduen, materialen eta laneskuaren gaineko balioztatzeak, baldin eta aurrekontuan ageri diren jarduerei zuzenean lotuta badaude. Egiaztatu egin behar dira beste alderdiaren, proiektuaren onuradunen edo ondasunak eta/edo zerbitzuak ematen dituen entitatearen ziurtagiriarekin. Ziurtagiri horretan edo horri erantsita, ekarpena deskribatu eta horren zenbatekoa zehaztuko da, unitate kopurua, lan orduak, unitateko prezioa (hala badagokio) eta balioztatze osoa adieraziz. Balioztatzeak tokiko merkatuko prezioen araberakoak izanen dira eta, ekipamendu edo ondasunen kasuan, antzinatasuna hartu beharko da kontuan. Nolanahi ere, gainerako ekarpenak bezala kontrolatu beharko dira.

5. Diru-laguntzen xede diren gastuak ekipamendu ondasunak erosteko edo aholkularitza edo laguntzako enpresek zerbitzuak emateko erabiltzen direnean, 12.000 eurotik goitikoak izanez gero eta Europar Batasunaren barruan kontratatuz gero, txosten gehigarri bat aurkeztuko da, hornitzaileak hautatzeko prozedurari eta irizpideei buruzkoa, gutxienez haietako hiruri eskatutako aurrekontuekin batera.

6. Diru-laguntzaren xede diren gastuak, obrak burutzeko badira eta 30.000 eurotik gorakoak badira, GGKE onuradunak, herrialdeko bazkidearen bidez, gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu, salbu eta diru-laguntzaren xede diren gastuen edo herrialdearen ezaugarriengatik merkatuan behar adina entitate ez daudenean edo, egonik ere, baldintza egokietan egiten ez badituzte. Betiere, txosten gehigarri bat aurkeztuko da kontratistak hautatzeko prozeduraz eta irizpideez.

Hamabosgarrena.-Azpikontratazioa.

Entitate onuradunak edo hango bazkideak ekintzaren zati baten gauzatzea hirugarrenekin azpikontratatzen ahalko du, diruz lagundutako aurrekontuaren %15ari dagokiona, gehienez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Hamaseigarrena.-Betebeharrak.

Proiektu jakin baterako diru-laguntza jasotzen duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Proiektua diru-laguntza emateko baldintzetan xedatu bezala betetzea, 2009ko urtarrilaren 1etik 2009ko abenduaren 31ra bitarte. Epe hori betetzeko eragozpen larriak sortzen dituen egoeraren bat izanez gero, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 49. artikuluan ezarritako moduan jokatuko da.

b) Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren baimena eskatu eta lortzea diru-laguntzaren xede den ekintzan aldaketak egin ahal izateko, ekintza hori burutzen ari den bitartean entitate onuradunaren herrialdean edo egoitzan ekintza garatzea eragotzi edo zailtzen duten gorabeherak gertatzen direnean; funtsezko aldaketak helburuak, emaitzak, xede-populazioa, kokagunea eta herrialdeko bazkidea ukitzen dituztenak izanen dira bakarrik, bai eta kontu-sailen arteko aldaketak, orotara emandako diru-laguntzaren %20 baino gehiago egiten dutenak edo 20.000 eurotik gorakoak. Ekintza betetzen ari dela gertatzen diren gainerako gorabehera eta aldaketak azkeneko txostenean jakinaraziko dira, arrazoiturik.

c) Nafarroako Gobernuaren kontu erosten diren material, ekipo eta hornidura guztiak proiektua egiten deneko herrialdean egitea, bertako produktuekin. Betebehar hori betetzerik ez bada, idazki baten bidez, arrazoiak azaldurik, Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiaren baimena eskatu beharko da.

d) Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza esleitu ondoren, helburu bererako edozein erakunde publiko edo pribaturi eskatu eta horrek emandako diru-laguntzen zenbatekoa jakinaraztea.

e) Bestetik herrialdeko bazkide edo erakundeari diru-laguntzaren iturriaren berri zehatza ematea.

f) Organo emailearen aurrean betebeharrak eta baldintzak bete direla, diru-laguntzaren xede den jarduera egin dela eta diru-laguntza hartzeko helburua lortu dela justifikatzea, deialdiko hamahirugarren oinarrian aipatzen den azkeneko txostenaren bidez.

g) Diru-laguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egin orduko, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zergen gainekoak eguneratuak edukitzea.

h) Nafarroako Gobernuari laguntza ematea proiektuaren garapenaren berri ematen, Nafarroako herritarrak garapenerako lankidetzaren arloan sentsibilizatzearren.

i) Proiektuaren publizitate eta hedatze guztietan diru-laguntza norena den adieraztea. Hedakuntza lana idatzia edo grafikoa baldin bada, Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabiliko da, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen maiatzaren 3ko 189/2004 Foru Dekretuak xedatzen duen moduan. Diru-laguntzaren onuradunen logotipoaren tamaina berean eta berdin ikusteko moduan agertu beharko du.

j) Organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea. Bereziki, hamahirugarren arauko 3. idatz-zatian aipatzen diren gastuen frogagiriak organo emailearen esku uztea, eskatuz gero. Horrela egin ezik, ulertuko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 42. artikuluko 1.1.f) idatz-zatia hautsi dela.

k) Jasotako diruaren erabilpenari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

l) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 35. artikuluan eta deialdi honetako hamazazpigarren oinarrian aipatzen diren kasuetan, hartutako funtsak itzultzea, berandutzagatik dagozkion legezko interesak barne.

m) Ondasun inbentariagarriak erosi, eraiki, zaharberritu eta hobetuz gero, onuradunek ondasun horiek diru-laguntzaren xede den helbururako erabili beharko dituzte, gutxienez ere zazpi urtez erregistro publikoetan inskribatzen ahal diren ondasunak badira, eta bi urtez bestelakoak badira.

Hamazazpigarrena.-Ez-betetzeak.

1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. eta 37. artikuluetan aipatzen diren kasuetan eta bertan ezartzen diren baldintzetan, diru-laguntzen onuradunek hartutako dirua itzuli beharko dute.

2. Diru-laguntza emateko aintzat harturiko inguruabar, betebehar eta baldintzak aurreko oinarrian aipatzen den baimen administratiboa izan gabe aldatuz gero, ez-betetzat joko da.

3. Ez-betetzeak mailakatzeko honako hauek hartuko dira kontuan:

-Proiektuaren arlo teknikoari eta aurrekontuei buruzko betetze maila.

-Aldez aurretik baimen administratiboa eduki gabe egindako aldaketen zenbatekoa eta nolakoa.

-Frogatutako arrazoirik gabe egindako aldaketa ez-funtsezkoen kopurua eta munta.

4. Aurreko atalean ezartzen dena ezertan galarazi gabe, arau-hauste eta zehapenei dagokien guztian, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluak eta hurrengoek eta Garapenaren aldeko lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen VII. kapituluak xedatzen dutena hartuko da aintzat.

Hemezortzigarrena.-Errekurtsoak.

Deialdiaren oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, baita deialdia aplikatzeko egintzen kontra ere, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F0817209