143. ALDIZKARIA - 2008ko azaroaren 24a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.3. Nahitaezko desjabetzeak

109/2008 FORU AGINDUA, azaroaren 12koa, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak emana, "Lizarra-Andosilla NA-122 errepidean Alloko saihesbidea eraikitzeko 1. proiektu aldatuan" adierazitako trazaduraren aldaketak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean egoteko aldia ebazten duena eta haien titularrei okupatu aitzineko aktak egiteko dei egiten diena.

Apirilaren 27ko 64/2007 Foru Aginduaren bidez, "Lizarra-Andosilla NA-122 errepidean Alloko saihesbidea eraikitzeko proiektua" jendaurrean egoteko aldia ebatzi eta proiektua behin betikoz onetsi zen.

Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak, abuztuaren 31ko 114/2007 Foru Aginduaren bidez, "Lizarra-Andosilla NA-122 errepidean Alloko saihesbidea" egiteko obrak ARIAN, Construcción y Gestión de Infraestructuras, S.A. enpresari esleitu zitzaizkion, 5.465.714,14 euroan. Obrak 2009ko martxoaren 31rako bukatu behar dira.

Zuinketa egiaztatzeko akta 2007ko urriaren 26an sinatu zen. 2007ko azaroaren 26an hasi ziren obrak.

Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak uztailaren 31n emandako 82/1008 Foru Aginduaren bidez, kontratuaren aldaketa onetsi zen, "Lizarra-Andosilla NA-122 errepidean Alloko saihesbidea eraikitzeko 1. proiektu aldatuan" adierazi bezala, baita proiektuaren aldaketak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda berria ere. 2008ko 103. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, abuztuaren 22koan, iragarkia argitaratuta, zerrenda hori jendaurrean egoteko aldia hasi zen.

Bide eta Eraikuntza Zerbitzuak aditzera eman du jendaurreko epea bukatu dela alegaziorik aurkeztu gabe.

Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, Nafarroako Gobernuak 2006ko abenduaren 11ko Erabakiaren bidez eginiko presako okupazioaren adierazpena ondoren egin beharreko aldaketei ere aplikatuko zaie.

Horrenbestez, Bide eta Eraikuntza Zerbitzuak jakinarazi eta proposatu duenarekin bat eta Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 24ko 47/2005 Foru Dekretuaren bidez emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. "Lizarra-Andosilla NA-122 errepidean Alloko saihesbidea eraikitzeko 1. proiektu aldatua" jendaurrean egoteko aldia ebaztea.

2. "Lizarra-Andosilla NA-122 errepidean Alloko saihesbidea eraikitzeko 1. proiektu aldatuak" ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda behin betiko onestea.

3. "Lizarra-Andosilla NA-122 errepidean Alloko saihesbidea eraikitzeko 1. proiektu aldatuak" ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei dei egitea 2008ko abenduaren 10ean Alloko udaletxean ager daitezen, ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu aitzineko aktak eta, beharko balitz, behin betiko okupaziokoak, egiteko.

4. Ekitaldi horretara norberak joan beharko du, edo bere izenean aritzeko behar bezala baimendutako pertsona batek; titularra dela frogatzen duten agiriak eraman beharko ditu (eskritura publikoa, jabetza erregistroko ziurtagiria, etab.); egoki baderitzo, perituak edo/eta notarioa eraman ditzake, baina, betiere, norberak ordaindu beharko die.

5. Ebazpen hau argitara ematea Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, Foru Komunitatean argitaratzen diren egunkarietatik hedadura handienekoa duen batean eta Alloko udaletxean. Halaber, ohartarazten da argitalpen hau Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 59.5 artikuluan xedatzen diren ondorioetarako ere egiten dela.

6. Foru agindu honek ez du administrazio bidea agortzen, eta haren aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Aurreko lerroaldean xedatutakoa deusetan ukatu gabe, foru agindu honek Administrazio Publikoendako administrazio bidea amaitzen du. Dena den, Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta, hala bada, argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

7. Foru agindua jakinaraztea Alloko Udalari, Bide eta Eraikuntza Zerbitzuari, Proiektu, Trenbide eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuko Desjabetze Atalari eta Arián, Construcción y Gestión de Infraestructuras, S.A. enpresari.

Iruñean, 2008ko azaroaren 12an.-Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilaria, Laura Alba Cuadrado.

Iragarkiaren kodea: F0817415