142. ALDIZKARIA - 2008ko azaroaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

83/2008 ERABAKIA, irailaren 25ekoa, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak emana, kontseilu honetako kazetaritzako goi mailako tituluduna, A mailakoa, izateko hautapen probetarako deialdia egiten duena.

Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak emandako 83/2008 Erabakiaren bidez, Nafarroako Ikus-entzunezkoen zerbitzuko kazetaritzako goi mailako tituluduna, A mailakoa, izateko lanpostua oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia onetsi da.

Uztailaren 5eko 18/2001 Foru Legeak Nafarroako ikus-entzunezkoen jarduera arautu eta Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseilua sortu zuen. Haren 32. artikuluan ezartzen da Kontseiluko langileen lanpostuak merezimendu eta gaitasunaren printzipioei jarraikiz beteko direla eta Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileei aplikatzen zaien legeriaren menpe egonen direla. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren Estatutu Organiko eta Funtzionamenduzkoaren 50. artikuluan ere hala adierazten da. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren Estatutu Organiko eta Funtzionamenduzkoaren 15.2.d) artikuluan ezartzen denaren arabera, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren Osoko Bilkuraren eskumena da langileak hautatzeko oinarriak onestea.

Horrenbestez, irailaren 25ean egindako bilkuran, Zerbitzu Juridikoek eta Kontu-hartzailetza Zerbitzuak egindako txostenak ikusirik, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak honakoa erabaki zuen:

ERABAKIA:

1.-Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko kazetaritzako goi mailako tituluduna, A mailakoa, izateko lanpostu huts bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia onestea.

2.-Deialdi honen oinarriak onestea. Erabakiari erantsirik daude.

3.-Erabakia eta deialdiaren oinarriak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko agintzea.

Iruñean, 2008ko irailaren 25ean.-Kontseiluburua, Ramón Bultó Llevat.

DEIALDIKO OINARRIAK

1.-Deialdiaren xedea eta aplikatzekoak diren xedapenak.

1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko plantilla organikoan ageri den kazetaritzako goi mailako tituluduna, A mailakoa, izateko lanpostu hutsa oposizio-lehiaketa bidez betetzea.

1.2. Lanpostuak A mailako lansariak izanen ditu, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan xedatutakoak eta kasuan kasuko plantilla organikoan lanpostu horretarako ezarritakoak.

1.3. Halaber, deialdiaren bidez hautaprobak gainditu bai, baina lanposturik lortzen ez duten izangaiekin aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda bat osatuko da, deialdi honen 9. oinarrian xedatutakoarekin bat.

1.4. Hautaprobak lotuko zaizkie abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginean gaiari buruz xedatutakoari, estatutua garatu eta burutzeko asmoz emandako Langileen Sarrerari buruzko Erregelamenduari, Nafarroako ikus-entzunezkoen jarduera arautu eta Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseilua sortzen duen uztailaren 5eko 18/2001 Foru Legeari, aplikatzekoak diren gainerako arauei eta deialdi honen oinarriei.

2.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta agiriak aurkezteko epea (deialdiaren 7.2 atalean adierazia) bukatzen den unetik eta lanpostuaren jabetza hartu arte, baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1.1. Izangai guztiek bete beharreko baldintzak:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.

Orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak baina haien kontura bizi direnak.

b) Adinez nagusi izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko adinetik gorakoa ez izatea.

c) Kazetaritza, Ikus-entzunezko Komunikazio, Publizitate eta Harreman Publikoetako lizentziadun titulua edo baliokidea edukitzea, edo eskaerak aurkezteko azken egunerako titulu hori eskuratzeko moduan egotea. Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

d) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

3.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko bulegoetan (Arrieta kalea, 8, 7. solairua, 31002 Iruña) aurkeztu beharko dira, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan adierazi diren bideetakoren bat erabiliz, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean.

Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian eginen da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.

Eskabideak deialdi honen eranskinean dagoen ereduari lotu behar zaizkio eta, haietan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela. Eskabide eredua Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko bulegoetan eskuratu ahal izanen da. Interneten bidez ere lortzen ahal da, www.consejoaudiovisualdenavarra.es helbidean.

3.2. Eskabideari, behar bezala bete ondoren, agiri hauek erantsiko zaizkio:

Bat.-Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren herritartasuna eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

Bi.-Deialdian eskatu den tituluaren kopia edo hura lortzeko eskubideen ordainagiriarena. Atzerrian erdietsitako titulazioak izanez gero, homologazioaren egiaztagiriaren kopia.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.4. Eskaeran atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi ere.

4.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea burututakoan, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko buruak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar eguneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea burututakoan eta horiek ebatzi ondoan, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko buruak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

5.-Epaimahaia.

5.1. Hautapen prozesuko epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Mahaiburua: Ramón Bultó Llevat jauna, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko burua.

Ordezkoa: Balbino Bados Artiz jauna, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko buruordea.

Mahaikidea: Ignacio Sánchez de la Yncera jauna, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle titularra, Soziologiakoa.

Ordezkoa: Marta Rodríguez Fouz andrea, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle, Komunikazioaren Soziologia eta Iritzi Publikokoa.

Mahaikidea: Juan José Balerdi Usabiaga jauna, Nafarroako Gobernuko Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuko Komunikabideen Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezkoa: María Antonia Uriz Ayestarán andrea, Nafarroako Gobernuko Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuko Komunikabideen Zerbitzuko Sustapen Ataleko burua.

Mahaikidea: Pedro Lozano Bartolozzi jauna, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko kidea.

Ordezkoa: Ana Azurmendi Adarraga andrea, Nafarroako Unibertsitateko Komunikazio Fakultateko irakasle titularra, Informazioaren Zuzenbidekoa.

Mahaikide idazkaria: Toya Bernad Calza andrea, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko kidea.

Ordezkoa: José María Domench García jauna, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko kidea.

Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe. Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.3. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari horren berri emanen diote, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean baldin badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren gainean sortzen diren arazo guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake, probetan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta epaimahaiari horietan bakarrik emanen diote laguntza.

6.-Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, arau hauetan zehazten den gisara.

6.2. Oposizioa 2009ko maiatzean hasiko da. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean finkatuko da oposizioaldia zein toki, egun eta ordutan hasiko den. Beharrezkoa bada, behar den garaian, epaimahaiak hurrenez hurren eta arauzko eran iragarriko ditu gainerako proba edo ariketak.

6.3. Lehiaketaldia eta balorazioa.

6.3.1. Epaimahaiak lehiatzaileek alegatutako eta egiaztatutako merezimenduak baloratuko ditu, deialdiaren II. eranskineko baremoari jarraikiz.

6.3.2. Oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea egiterakoan egiaztatu beharko dira aurkeztutako merezimendu guztiak, agirien bidez. Agiriok jatorrizkoak edo notarioak edo administrazioak konpultsatutako kopiak izan beharko dute. Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den eguna arte egindakoak baizik ez dira kontuan hartuko. Geroago egindako merezimenduak ez dira aintzat hartuko.

6.3.3. Baremoaren aplikazioak eskatzen duen informazio guztia jaso beharko dute agiriek. Justifikatu gabeko merezimenduak ez dira baloratuko. Lehiakideek alegatutako merezimenduen gaineko azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahal ditu epaimahaiak noiznahi.

6.3.4. Lehiaketaldian ez da izangairik baztertuko. Fase honetan gehienez 30 puntu biltzen ahalko dira.

6.3.5. Lehiaketaldia bukatzen denean epaimahaiak Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko iragarki oholean jarriko du ikusgai izangai bakoitzaren merezimenduen behin-behineko balorazioaren zerrenda. Izangaiek bost egun baliodun izanen dituzte bidezkotzat jotzen dituzten zuzenketak aurkezteko, argitaratzen direnetik aurrera. Epe hori bukaturik, epaimahaiak lehiaketaldiko behin betiko balorazioa daukan zerrenda argitaratuko du.

6.3.6. Lehiaketaldiko puntuazioa oposizioaldikoari gehituko zaio, eta emaitza oposizio-lehiaketako puntuazio osoa izanen da.

6.4. Oposizioaldia.

6.4.1. Oposizioaldian ariketa hauek izanen dira:

Lehena: teorikoa. Gai zerrendako gaiei buruzko 80 galdera idatziz erantzutea. Galdera bakoitzarentzat erantzun batzuk emanen dira aukeran, baina bat bakarra izanen da egokia. Gaiak deialdiaren III. eranskinean jasota daude. Erantzun hutsak zehatu eginen dira. Ariketa egiteko, izangaiek gehienez ere 3 ordu izanen dituzte.

Bigarrena: teorikoa. Gehienez ere lau orduz eranskineko gai zerrendako bi zatietako gai bana idatziz erantzun beharko da, bi gai guztira, alegia. Horretarako, epaimahaiak zozketaz aterako ditu aipatutako zati bakoitzeko bi gai, eta izangaiek horietako bat, nahi dutena, aukeratu, eta garatu beharko dute.

Hirugarrena: praktikoa; oposizioko gai zerrendarekin eta erakunde publiko bateko komunikazio jarduerekin zerikusia duten zenbait kasu argitu beharko dira. Epaimahaiak ariketa hori egiteko gehieneko denbora ariketa egin aurretik finkatuko du.

Bigarren eta hirugarren ariketak jendaurreko ekitaldian irakurriko dizkiote izangaiek epaimahaiari.

6.4.2. Oposizioko ariketen balorazioa gehienez 70 puntukoa izan daiteke, honela banatuta:

Lehenengo ariketa: 20 puntu bitarte.

Bigarren ariketa: 20 puntu bitarte. Gai bakoitzean gehienez 10 puntuko balorazioa emanen da.

Hirugarren ariketa: 30 puntu bitarte.

Ariketak baztergarriak izanen dira. Kanporaturik geldituko dira ariketa horietako batean gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak. Halaber, bazterturik geldituko dira bigarren edo hirugarren ariketetako gai edo kasuetako edozeinetan 0 puntuko kalifikazioa jasotzen duten izangaiak.

6.4.3. Bigarren eta hirugarren ariketak plika sistemaren bidez eginen dira.

6.4.4. Ariketa bakoitzaren kalifikazioa amaituta, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko iragarki oholean, ariketa gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin eta, halaber, hurrengo proba edo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago.

6.4.5. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek aldean izan beharko dute Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiaren iritziz identifikaziorako balio duen beste agiriren bat. Azterketara agertzen ez direnak edo arestian aipatutako agirietako baten bidez beren nortasuna frogatzen ez dutenak oposiziotik baztertuko dira. Epaimahaiak esaten duen orduan eta lekuan ariketak irakurtzera agertzen ez diren hautagaiak ere baztertuak izanen dira.

6.4.6. Hautaprobak egiteko, ezgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

7.-Probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

7.1. Hautapen probak bukaturik, epaimahaiak Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko iragarki oholean paratuko du probak gainditu dituztenen zerrenda, izangaiek lortutako puntuazioaren araberakoa, lehiaketan eta oposizioan izangai bakoitzak lortutakoak baturik. Gero, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko buruari igorriko dio probak puntuaziorik altuenarekin gainditu dituen izangaia izendatzeko proposamena, arestian aipatu zerrendarekin eta espediente osoarekin batera. Proposamen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da. Zerrenda Interneten bidez ere kontsultatzen ahalko da, www.consejoaudiovisualdenavarra.es helbidean.

Berdinketarik gertatuz gero, oposizioaldiko lehen ariketan puntu gehien lortu dituztenen alde ebatziko da. Eta hala ere hainbana segitzen badute, bigarren eta hirugarren ariketetan lortutako puntuazioak hartuko dira kontuan, hurrenez hurren.

7.2. Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko 30 egun naturalen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiriok aurkeztu beharko ditu Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluan:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren bi fotokopia konpultsatu, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batenak.

b) Deialdiaren 2.1.1.c) arauan eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, lortzeko eskubideak pagatu direla frogatzen duen gordekinarena edo, hala bada, eskaerak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

c) Laneko Arriskuen Prebentziorako Atalak emandako txostena, interesdunak karguan aritzea eragotziko liokeen eritasun edo akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.

d) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izanaren zinpeko aitorpena.

e) Zin egin edo hitz ematea Nafarroako Foru Araubidea errespetatu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

7.3. Aipatu epearen barrenean, eta behar bezala justifikaturik dauden ezinbesteko kasuak salbu, arestiko agiriak aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, beren eskabidearen faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzunbeharra galarazi gabe.

7.4. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko buruak puntuazioen zerrendan, 7.1.atalean aipatzen den horretan, hurrengoa den izangaiarekin beteko du lanpostua, eta honekin aurreko ataletan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

7.5. Deialdi honen xede diren lanpostuetarako izendatzeko baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak besteren bat eskatu nahi izanez gero, proposatzen den izangaiari eskatu beharko dio, eta horrek 7.2 arauan ezarritako moduan aurkeztu beharko du.

8.-Izendapena, lanpostuaren esleipena eta jabetza hartzea.

8.1. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko buruak, ebazpen baten bitartez, aurreko arauetan ezarritakoa betetzen duen izangaia Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko funtzionario izendatuko du, kazetaritzako goi mailako tituludunaren lanposturako, eta dagokion lanpostu hutsa esleituko dio.

8.2. Izendapenak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nomina eta plantillako funtzionario bilakatuko dute izendatua, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko funtzionarioentzat indarra duten xedapenetan ezarrita dauden eskubide eta betebehar guztiak dituela. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatu eta kidetuko da, araubide horretan aurreikusitakoaren babesean.

8.3. Izendatzen diren izangaiek destinoko herrian bizi beharra dute eta, horretarako, udalerri horretan finkatuko dute bizilekua.

8.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek, aplikatzekoa den araudian ezarritakoarekin bat.

8.5. Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da, eta izangai izendatuak hilabeteko epean jabetu beharko du bere lanpostuaz, izendapenaren jakinarazpenetik kontatzen hasita.

Epe horretan eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez badute, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko dituzte. Hala bada, 7.4 atalean ezarritakoari jarraikiko zaio.

9.-Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrenda.

9.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan, lanpostuak aldi baterako betetzeko kudeaketa arauak onetsi zituen Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariaren azaroaren 14ko 146/2005 Foru Aginduan eta arau honexetan ezarritako prozedurari jarraikiz, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat sortuko da Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluan sortzen diren beharrei aldi baterako erantzuteko.

Zerrenda hori sartzeko hautapen prozedura gainditu bai baina bertan lanposturik lortu ez dutenekin osatuko da; aldi baterako zerrendako ordena izangaiek sartzeko hautapen prozeduran lortutako puntuazioaren araberakoa izanen da, handienetik txikienera.

Zerrenda hori Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak emandako azaroaren 14ko 146/2005 Foru Aginduan ezarritako arauekin bat kudeatuko da.

Kontratatuak Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartu eta bertan kidetuko dira; beraz, haien kontu izanen dira dagokien kuota eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena, bidezko diren kopuruetan.

10.-Errekurtsoak.

Deialdiaren eta oinarri hauen eta Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak deialdirako emandako egintzen aurka honako errekurtso hauetakoren bat jar daiteke:

a) Aukerako berraztertze-errekurtsoa, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren aurrean, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitara eman eta biharamunetik kontatzen hasita hilabeteko epean.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, administrazioarekiko auzien jurisdikzioari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Deialdi hau aurrera eramateko epaimahaiak edo Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko buruak hartzen dituen gainerako egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko Osoko Bilkurari zuzendua, egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat eta urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

I. ERANSKINA

Eskabidea

II. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa

1. Deialdi honetako maila/talde eta titulazioko lanpostuetan, edozein administrazio publikotan egindako zerbitzuak, 18 puntu gehienez ere.

Atal honetan gehienez ere 6 puntuko balorazioa emanen zaio urte osoari. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.

Administrazio Publikoan hartutako esperientzia frogatzeko, langileriaren arloko organo eskudunak zerbitzuei buruz emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da.

2. Kazetaritzarekin, ikus-entzunezko komunikazioarekin edo publizitatearekin eta harreman publikoekin zerikusia duten lanpostuetan izandako lanbide esperientzia, horien eduki teknikoa eta espezializazioa eskainitako lanpostuarenak bezalakoak edo antzekoak direnean, 6 puntu gehienez ere.

Atal honetan gehienez ere 2 puntuko balorazioa emanen zaio urte osoari. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

Sektore pribatuan hartutako esperientzia frogatzeko, lan kontratuaren kopia konpultsatua aurkeztuko da, edo lan harremana eta betetako eginkizunak frogatzen dituen dokumentazioa (enpresako ziurtagiria eta beste), eta Gizarte Segurantzaren lan-bizitzaren txostena.

3. Hizkuntzak jakitea.

Honako 3. atal honi dagokion puntuazioa gehienez ere 6 puntukoa izanen da.

Frantsesa, ingelesa, alemana edo euskara jakiteagatik, hizkuntza horietako bakoitzeko 2 puntu gehienez.

Ondorio horietarako, Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako gaitasun agiria edo ofizialki baliokidea den titulua edukiz gero, aurreko ataletan adierazten den gehieneko puntuazioa emanen da.

Titulurik eduki ezik, Hizkuntza Eskola Ofizialean gainditutako maila bakoitzarengatik gehieneko puntuazioaren bosten bat emanen da eta, euskararen kasuan, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzeko 1/12 emanen da.

Lau hizkuntza horietako bakoitzean izangaiak zer dakien baloratzeko, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak espresuki antolatutako azterketak egiten ahal ditu; bost zailtasun maila izanen dira, eta hizkuntza bakoitzari gehienez ere ematen ahal zaion gehieneko balorazioaren bosten bat emanen zaio maila bakoitzari.

III. ERANSKINA

Gai zerrenda

Lehenengo zatia: Espainiari, Europar Batasunari eta nazioarteko politikari buruzko gai orokorrak. Erakundeak eta arau esparrua.

1. gaia: Nafarroako Historia. Aurrehistoria. Erromanizazioa. Erresumaren sorrera eta historia. Gaztelako Erresuman sartzea. XIX. mendeko gertakari politikoak.

2. gaia: Nafarroa XX. mendean. Mendearen lehen herenaldiko jarduera politikoa eta gizartearen egoera. Bigarren errepublika. Estatutuaren inguruko planteamenduak. Espainiako gerra zibila (1936-1939). Nafarroa frankismoan. Foru Komunitatearen azken urteotako historia: trantsizio politikoa Nafarroan; Nafarroako gertakizun publikoak 1991z geroztik; Espainiako, autonomia erkidegoko eta udal eta kontzejuetako hauteskundeetako emaitzak.

3. gaia: Nafarroako geografia. Populazioa eta dentsitatea. Lurraldearen banaketa geografikoa. Klima. Lurraren erabilera.

4. gaia: Foru araubidea. Foruaren kontzeptuaren adiera historikoak. Ituna, Nafarroako Foruen oinarri. Historian izan diren foru-itunen azterketa.

5. gaia: Foru Hobetzea: Negoziazio prozesua. Legearen egitura eta ezaugarriak. Nafarroaren ahalmen eta eskumenak. Estatuarekin eta autonomia erkidegoekin dituen harremanak.

6. gaia: Nafarroako Parlamentua. Eginkizunak. Osaera. Erregelamendua eta barne gobernua. Funtzionamendua. Legegintzarako herritarrek eta udalek sustaturiko ekimenak.

7. gaia: Foru Komunitatearen legezko xedapenak. Foru legeak: haiek onetsi eta aldarrikatzeko ekimena eta tramitea. Legegintzako foru dekretuak. Foru dekretuak. Foru aginduak.

8. gaia: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legea (I). Printzipio orokorrak. Herritarren eskubideak. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren antolaketa. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren menpeko erakunde publikoak eta beste entitate batzuk.

9. gaia: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legea (II). Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren jarduna. Zehatzeko ahalmena. Ondare-erantzukizuna. Foru Komunitateko Administrazioak beste administrazio publiko batzuekin dituen harremanak.

10. gaia: Nafarroako egitura ekonomikoa. Ezaugarriak. Indize ekonomikoak. Inportazioa eta esportazioa. Sektore ekonomikoak.

11. gaia: Estatuarekiko Hitzarmen Ekonomikoak. Jatorria. Izaera. Aurreko hitzarmenak. Beste autonomia erkidegoetako sistemekiko dituzten diferentziak eta antzekotasunak.

12. gaia: Aurrekontuen arloko arauak. Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legea egin eta onesteko prozesua. Aurrekontuen betetzea. Kontu-hartzailetza. Kontu Orokorrak.

13. gaia: Toki administrazioa. Udalak: Hautapena. Funtzionamendua. Eskudantziak. Finantzaketa. Legezko arauak. Kontzejuak: Hautapena. Funtzionamendua. Eskudantziak. Finantzaketa. Legezko arauak. Mankomunitateak. Beste toki entitate batzuk. Nafarroako Administrazio Auzitegia eta bertan jarritako errekurtsoak.

14. gaia: Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legea. Nafarroako Gobernua. Nafarroako Gobernuko lehendakaria. Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak eta kontseilariak. Otsailaren 24ko 39/2005 Foru Dekretua, Nafarroako Gobernuaren funtzionamenduari buruzkoa.

15. gaia: Beste organo batzuk. Nafarroako Comptos Ganbera. Eginkizunak. Antolaketa. Egindako ekintza nagusiak. Nafarroako Kontseilua. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoa.

16. gaia: Euskarari buruzko Foru Legea eta hura garatzeko erregelamenduak. Euskara sustatzeko ekimen publikoak. Euskara Nafarroako hezkuntzan. Euskara eta hedabideak: egungo egoera eta etorkizuna.

17. gaia: Espainiako Konstituzioa. Oinarrizko edukia eta Konstituzioaren printzipioak. Oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak.

18. gaia: Koroa. Erregearen lekua Konstituzioaren arabera. Erregearen botereak. Gobernuarekin eta Gorteekin duen harremana. Berrespena. Oinordetza. Erregeordetza.

19. gaia: Gorte Nagusiak. Diputatuen Kongresua. Senatua. Osaera eta funtzionamendua.

20. gaia: Konstituzioaren defentsa juridikoa. Konstituzio Auzitegia. Osaera, antolakuntza eta eginkizunak. Botere Judiziala: organoak eta prozedurak.

21. gaia: Espainiako gobernua. Antolaketa. Gobernuko lehendakaria eta lehendakariordea. Ministroen Kontseilua. Ministerioen antolaketa. Beste organo zentral batzuk.

22. gaia: Estatuko administrazio orokorra. Antolaketa eta eginkizunak. Diru-sarrerak eta gastuak. Defentsa eta segurtasuna. Organo periferikoak.

23. gaia: Justizia Administrazioa. Konstituzioaren araberako zereginak. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia. Beste organo batzuk.

24. gaia: Estatuaren lurralde antolamendua: autonomia erkidegoak. Espainiako Estatuaren izaera lurralde antolaketaren ikuspegitik. Autonomia erkidegoen ekimena. Autonomia erkidegoak sortu, aldatu eta desegiteko modua.

25. gaia: Autonomia estatutuak. Izaera. Egin eta aldatzeko prozedurak. Edukia. Eskumen banaketa autonomia erkidegoen eta Estatuaren artean.

26. gaia: Espainiako ekonomia. Garapenaren dinamika. Produkzio sektoreak. Indize ekonomikoak. Aberastasunaren banaketa. Konparazioa Europar Batasuneko beste herrialdeekin.

27. gaia: Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea. Egitura, aplikazio eremua eta printzipio orokorrak. Herritarren eskubideak. Administrazio prozedurei buruzko xedapenak. Legearen ondorengo aldaketak.

28. gaia: Europar Batasuna (I): Antolaketa. Batzordea. Parlamentua. Kontseilua. Justizia Auzitegia. Eskualdeen Batzordea. Osaera eta bakoitzaren eginkizun eta eskumenak. Haren erabakien ondorioak.

29. gaia: Europar Batasuna (II): Europar Batasunaren zuzenbidea: kontzeptua eta ezaugarriak. Iturriak: jatorrizko zuzenbidea eta zuzenbide eratorria.

30. gaia: Nazioarteko ekonomia. Munduko eremuen bilakaera ekonomikoa. Energia iturrien garrantzia. Kanpoko zorra.

31. gaia: Nazioarteko harremanak (I). Munduko sistema Gerra Hotzaren ondoren. Globalizazioa eta segurtasun kolektiboa. Potentzia handiak eta multipolaritatea.

32. gaia: Nazioarteko harremanak (II). Azken urteotako gatazka eta gertakari garrantzitsuenak. Nazioarteko lankidetza munduan barna. Nazioarteko terrorismoa.

Bigarren zatia: Komunikazioaren arloko gaiak.

33. gaia: Komunikazioa eta informazioa. Komunikazioaren eta informazioaren definizioak. Informazioaren zeregina gizartean. Komunikatzeko moduak. Hedabideak.

34. gaia: Iritzi publikoa. Definizioa eta ebaluazio metodoak. Hedabideen eginkizuna.

35. gaia: Informazioaren gaineko zuzenbidea. Informazioaren ondorio juridikoak. Erantzuteko eta zuzentzeko eskubideak. Informazio eta giza eskubideak. Ohorerako, intimitaterako eta norberaren irudirako eskubidea. Printzipioak eta mugak. Legezko araudia eta Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentzia.

36. gaia: Programazioaren eta merkataritzako komunikazioaren etika eta autoerregulazioa. Deontologia informatiboa: egia informazioaren arloan; objektibotasunaren kontzeptuak; egiazkotasun informatiboa eta haren hausturak; kontzientzia klausula; iturriak; lanbide sekretua. Kode deontologikoak: autonomia erkidegoetan eta Espainian izenpetutako autoerregulaziorako kode nagusiak. Autocontrol elkartearen eginkizuna (Merkataritzako Komunikazioaren Autoerregulaziorako Elkartea).

37. gaia: Europako ikus-entzunezkoen arloko araudia: Ikus-entzunezko komunikabideen zerbitzuei buruzko zuzentaraua (2007). Ikus-entzunezkoen arloko Europako politikak. Zinemaren eta ikus-entzunezkoen ekoizpenerako pizgarriak. MEDIA programak.

38. gaia: Espainiako ikus-entzunezkoen arloko araudia: Telebistaren arloko araudi orokorra. Irrati-Telebista Publikoaren Legea (estatukoa eta autonomia erkidegoetakoa). Telebista Pribatuaren Legea. Kable eta satelite bidezko telebista. Irratiari buruzko araudi orokorra (Uhin Ertaina eta Frekuentzia Modulatua). TDT (nazionala, autonomia erkidegoetakoa eta tokian tokikoa) eta irrati digitala (nazionala).

39. gaia: Komunikabideen bilakaera. Globalizazioa eta kontzentrazioa. Multimedia enpresak. Komunikazio enpresa-talde handiak Espainian eta mundu osoan.

40. gaia: Prentsa. Eguneroko prentsa: jatorria eta egungo errealitatea; munduko eta Espainiako eguneroko prentsaren ezaugarriak; azken berrikuntzak; hedapena; etorkizuna. Egunerokoa ez den prentsa. Argitalpen espezializatuak. Doako argitalpenak.

41. gaia: Irratia. Bilakaera eta egungo egoera Espainian eta mundu osoan. Informazio edukiak. Ikusleak eta ikusleria. Etorkizuna.

42. gaia: Telebista. Bilakaera eta egungo egoera Espainian eta mundu osoan. Informazio edukiak. Ikusleak eta ikusleria. Etorkizuna.

43. gaia: Albiste agentziak. Nazioarteko agentziak. Informazio orokorreko eta espezializatuko Espainiako agentziak. Etorkizuna.

44. gaia: Internet. Ohiko hedabideak sarean; on-line hedabideak; informazio eta iritzi pertsonaletarako orrialdeak; blogak; sare sozialak.

45. gaia: Publizitatea. Izaera eta ezaugarriak. Kontsumitzailearen jokabidean duen eragina. Hedabideen ikerketa eta plangintza. Publizitateko mezuaren ezaugarriak. Publizitatearen eraginaren ebaluazioa.

46. gaia: Hedabideak munduan eta Espainian. Publizitate agentziak. Publizitatearen lege-araudia Espainian. Espainiako publizitatearen sektorearen ezaugarriak. Publizitateko inbertsioa hedabideetan.

47. gaia: Komunikazio eta aholkularitzako enpresak komunikazio arloan. Ematen dituzten zerbitzuak. Espainian eta beste herrialdeetan duten ezarpena.

48. gaia: Audientziaren gaineko azterlanak Espainian. Komunikabideen Azterlan Orokorra (KAO). Kontsumo eta gustu kulturalen gaineko inkestak. Audientzien neurketa prentsan, irratian eta telebistan. CIES erakundea.

49. gaia: Nafarroako hedabideak. Prentsa, irratia, telebista eta Internet. Enpresa egitura eta komunikazio taldeak. Merkatuan duten zabalkundea eta penetrazioa. Ekimen eta euskarri berriak.

50. gaia: Nafarroako komunikabide autonomikoak eta tokikoak. Berariazko araudia. Gaur egungo errealitatea tokiko prentsan, irratian eta telebistetan. Etorkizuna.

51. gaia: Publizitatea Nafarroan. Publizitatea eta komunikabideak; publizitatearen sektorea, agentziak eta erosketa-zentralak.

52. gaia: Erakundeen publizitatea. Erakundeen eta enpresa publikoen publizitatea Espainian eta Nafarroan. Helburuak eta erabilitako baliabideak. Estatuko eta Foru Komunitateko araudia. Alderdi ekonomikoak.

53. gaia: Ikus-entzunezko hedabideei buruzko aplikazio araudia Nafarroan eta abian jartzeko administrazio baimenak. Nafarroako ikus-entzunezkoen jarduera arautu eta Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseilua sortu zuen uztailaren 5eko 18/2001 Foru Legea. 18/2001 Foru Legearen aldaketa.

54. gaia: Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseilua (I): Izaera. Osaera. Funtzionamendua. Eginkizunak. Ikus-entzunezkoen erregulaziorako beste agintari batzuk: Andaluzia eta Kataluniako ikus-entzunezkoen kontseiluak: Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluarekiko antzekotasunak eta aldeak. Agintari Erregulatzaileen Europako Plataforma. (EPRA): egitura eta eginkizunak.

55. gaia: Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseilua (II): estatutu organikoa eta funtzionamendukoa. Ikus-entzuleen Defentsarako Bulegoa. Gertakari eta jarduera nagusiak 2002tik 2007ra bitarte. Irrati eta telebistako programazioetan adingabeak babesteko jarduerak. Araudi eta autoerregulaziorako kodeak. "Familia eta ikus-entzunezko pantailak" kanpaina eta haren aurrekariak. Beste ekimen, azterlan eta jarduketa batzuk.

56. gaia: Komunikazio korporatiboa: oinarriak. Komunikazioa erakundeetan. Komunikazio eta identitate korporatiboaren arloko politikak. Harreman publikoen arloko teknikak eta irudi instituzionala. Kanpainen prestakuntza. Informazio-komunikazioaren eraginaren ebaluazioa.

57. gaia: Irudi korporatiboa eta diseinua. Irudi korporatiboa sinbolo gisa. Erabilera eta aplikazioak. Diseinu grafikoaren egitekoa komunikabideetan. Elebitasuna sinbolo grafikoetan.

58. gaia: Komunikazio kabineteak: egitura, eginkizunak eta lan sistemak. Komunikazio kabineteen antolaketa eta funtzionamendua. Prentsa bulego bateko idatzizko eta ikus-entzunezko informazioak.

59. gaia: Komunikazio kabineteak eta antzeko egiturak erakunde publikoetan eta Nafarroako enpresetan. Ereduak. Eginkizunen azterketa eta eraginkortasuna. Etorkizuna.

60. gaia: Komunikazio kabineteak: komunikabideekiko harremanak eta ekitaldien prestaketa. Erakundeen ordezkarien eta komunikabideen arteko topaguneak prestatzea. Prentsaurrekoak prestatzea. Dokumentazioa, estrategiarako planteamenduak eta elementu fisikoak. Argudiatzeak eta arreta erakartzea. Beste ekitaldi batzuk.

61. gaia: Zerbait albiste bihurtzea eta tipologia. Definizioak. Zerbait albiste izateko irizpideak. Albistearen egitura periodistikoa. Albisteen tipologia.

62. gaia: Albisteen generoak. Genero informatibo-interpretatiboak: erreportajea, elkarrizketa eta kronika. Iritzi generoak: editoriala, albiste labur soltea, artikulua, kritika eta zutabea.

63. gaia: Informazio iturriak eta kazetaritza lanaren faseak. Iturriak egiaztatu eta kontrastatzea. Tratamendua eta erabilera. Iturrien erlazioa eta garrantzia. Aipamenak identifikatu, atxiki eta aipamen motak.

64. gaia: Informazioaren arloko dokumentazioa. Kontzeptua. Dokumentazio zentro baten eginkizunak eta antolaketa. Dokumentazioaren azterketa eta hizkerak. Puntako teknologia eta euskarri berriak informazio eta dokumentazioaren arloan.

Iragarkiaren kodea: F0816214