142. ALDIZKARIA - 2008ko azaroaren 21a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.3. BESTELAKO XEDAPENAK

2.3.3. Nahitaezko desjabetzeak

LIZARRA

Teknologia-parkean hainbat finka desjabetzeari buruzko erabakiak

Lizarrako Udalak, 2008ko urriaren 2an egin bilkura arruntean, honako erabaki hau hartu zuen:

2008ko uztailaren 24an hasiera batez onetsi zen "Lizarrako enpresa parkea-UE1 urbanizatzeko desjabetze proiektua. Kanpoko azpiegiturak" izeneko proiektua. Baterako tasazioaren sistema erabiltzea erabaki zen eta bana-banako jakinarazpena egiteaz gain 2008ko 97. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, abuztuaren 8koan, hilabeteko epea emanez alegazioetarako.

Epe horretan aurkeztu zen alegazioari erantzuna eman zaio bai espedientera bildutako txosten juridikoaren bidez bai Udalak afera teknikoei buruz hitz egiteko ukitutakoekin izandako solasaldien bitartez, zeinetan Obra Zuzendaritzak berak ere parte hartu baitzuen. Horrenbestez, egoki da desjabetze proiektu horri behin betiko onespena ematea proiektuan bertan zehazturiko baldintzetan.

Behin betiko onespenak berekin dakar desjabetzapena presakoa dela deklaratzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 127.2 artikuluak xedatzen duenarekin bat, eta lurrak okupatzeko bidea ematen du, administrazioak paratutako balio justua ordaindu edo gordailatu ondotik. Hortaz, ondasun eta eskubide horien titularrei dei eginen zaie ordainketa eta okupazio aktak jasotzeko. Horiek horrela, ondokoa erabaki da:

1. Jabeya, S.L.k bere izenean eta 715, 716, 717 eta 719. lurzatien jabeen izenean aurkeztu duen alegazioari erantzutea, hein batean baietsiz. Hain zuzen ere, ezetsi egin da desjabetzea bidezkoa ote den auzitan jartzeko eta prozedurak geldiarazteko asmoa, baina baietsi egin da harri-lubetezko kanalaren obrak eteteko eskaera, obrak atzeratuko baitira eta tramitazio bidean dagoen Udal Planaren berrikuspenak mugatzen duen AR3 garatzen denean gauzatuko baitira. Erabaki da orobat desjabetzearen balio justua etorkizuneko aprobetxamenduen bidez ordainduko zaiela alegatzaileei, 2008ko irailaren 16ko erabakian proposatutakoaren arabera.

2. Behin betikoz onestea "Lizarrako enpresa parkea-UE1 urbanizatzeko desjabetze proiektua. Kanpoko azpiegiturak".

3. Banan-banan jakinaraztea ondasun eta eskubide ukituen zerrendan agertzen diren interesdunei, ohartaraziz hogei eguneko epea izanen dutela Udalari idatziz adierazteko ez daudela ados onetsiriko espedientean ezarri den balorazioarekin. Hala bada, espedientea eta inpugnaturiko balorazio-orria Desjabetzeen Mahaira igorriko dira, balio justua ezarri dezaten. Adierazten da ezen hogei eguneko epean ez bada balorazioaren aurkako idazkirik aurkezten, espedientea onesteko erabaki honetan ezarritakoa onartzen dela ulertuko dela, behin betikoz finkatutzat joko delarik balio justua.

4. Era berean, ondasun eta eskubide ukituen titularrei dei egiten zaie okupazio eta ordainketa aktak egiteko ekitaldira etor daitezen. Herriko etxean eginen da, urriaren 13an, espedientean erantsitako zerrendan agertzen diren orduetan.

Interesdun guztiak etor daitezke ekitaldi horretara, baita ukituriko ondasunen gaineko zernahi eskubide duten titularrak ere. Haiek berek agertu beharko dira edo behar bezalako baimena duen ordezkaria, eta titulartasunaren ziurtagiriak ekarri beharko dituzten (eskritura publikoa, Jabetza Erregistroko egiaztagiria, etab.). Halaber, nahi izanez gero, perituak eta notarioa ekar ditzakete, beren kontura. Jakinarazten da, orobat, ezen agertu ezean, eskainitako zenbatekoari uko egin ezean edo legez eska daitezkeen agiriak ekarri ezean, dirua zainpean jarriko dela Udalaren gordailu-kutxa orokorrean.

Aldez aurreko gordailua ordaindu edo, hala behar bada, zainpean jarri ondoren, finka okupatzeari ekinen zaio, behar den okupazio-akta eginez.

5. Begoña Ganuza Bernaola alkatea izendatzea Administrazioaren ordezkari, aktak eta bidezkoak diren gainerako agiriak sina ditzan.

6. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Lizarran, 2008ko urriaren 16an.-Alkatea, Begoña Ganuza Bernaola.

Iragarkiaren kodea: L0816273