142. ALDIZKARIA - 2008ko azaroaren 21a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

TUTERA

Deialdia, Tuterako Udalaren zerbitzuko artxiboko teknikari laguntzaile izateko lanpostu huts 1, C mailakoa, lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko

Alkatetzak urriaren 13an eman 854/2008 Ebazpenaren bidez, onetsi da Tuterako Udalaren zerbitzuko artxiboko teknikari laguntzaile izateko lanpostu huts 1, C mailakoa, lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdia.

Lekualdatze lehiaketa hau eramanen da aitzina aplikatu beharreko araudian xedatuari eta ondoko oinarrietan ezartzen denari jarraikiz:

OINARRIAK

1.-Xedea.

Deialdi honen xedea da Tuterako Udalaren zerbitzuko artxiboko teknikari laguntzaile izateko lanpostu huts 1, C mailakoa, lekualdatze lehiaketa bidez betetzea; Udal Artxiboari atxikirik dago, eta kode hau du plantilla organikoan: 0502C01501.

Lanpostuan aritzen denak eginkizun hauek izanen ditu, bertzeak bertze:

-Erabiltzaileei kasu egitea eta galderak erantzutea, inprimakiak haien eskuetan uztea eta dokumentaziora egiten diren sarreren kontrola.

-Udal bulegoek egiten dituzten eskaeren maileguei kasu egitea.

-Bulegoei maileguak erreklamatzea Erregelamenduak ezarritako denbora iraganda.

-Goiko kargudunak zehazten dion dokumentazioaren suntsiketa, kontserbazioaren eta desegitearen gaineko egutegia aplikatzeko.

-Sail dokumental inbentariatuei eta liburutegi osagarriari dagozkien datuak sartzea aplikazio informatikoetan, eta agirien digitalizazioa, teknikariaren edo udal artxibozainaren jarraibideei jarraikiz.

-Artxiboko bertze teknikari batzuekin elkarlanean aritzea, agiriak zaindu eta tratatzeko lanetan, sail dokumental batzuen dokumentazioa ordenatu behar denean eta abarretan.

-Transferentzietatik artxiboko gordailuetara heldu den dokumentazioaren harrera kontrolatzea, eta kokaleku egokia ematea dokumentuen euskarri motari eta haien numerazioari begiraturik.

-Gordailuen espazioaren kudeaketa egitea, goiko kargudunaren jarraibideekin bat, dokumentazioaren kokalekua eta espazioak egitaztatuz, instalazio unitate berriak esleitu beharrez.

-Dokumentazioaren inguruko aurreneurriak hartzea eta haien kontserbazioa zaintzea, goiti-beheitiak jakinaraztea eta komeni diren hobekuntzak proposatzea.

-Instalazio unitateak eta dokumentazioa daukaten karpetak aldatzea.

-Dokumentazioaren elementu kaltegarriak ezabatzea (klipak, gomak, plastikoak...).

-Artxiboari dagozkion administrazio lanak egitea.

-Artxiboko jardueraren estatistikak egitea: erabiltzaileak, galderak, dokumentazioaren maileguak, bertzeak bertze.

-Agirien kopiak egitea, edozein euskarri erabilita, erabiltzaile edo bulegoendako, eta tasak aplikatzea.

-Bulegoko agiriak artxibatzea.

-Aipatuez landa, ezarritako helburuak betetzeko xedez, haien esku jartzen direnak, lanpostuari dagozkion ahalmen eta gaitasunekin bat helduz gero.

2.-Aplikatu beharreko arauak.

Lehiaketa hau ondoko arau hauek arautuko dute: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena; Nafarroako Administrazio Publikoetan Lanpostuak Betetzeko Erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren 10. artikulua; leta aplikatzekoak diren gainerako arauak eta jarraian adierazten diren oinarriak.

3.-Lanpostu hutsen kopurua handitzea.

Deialdi honetako lanpostuen kopurua handitzen ahalko da, epaimahaiak deialdia egin duen organoari lehiatzaileen zerrenda, lortutako puntuen hurrenkeraren araberakoa, igortzen dion egunean hutsik dauden lanpostuak gehituta.

4.-Betebeharrak.

Indarra duen araudian xedatuaren arabera, deialdi honetan parte hartu ahal izateko ondoko betebeharrak bete behar dira eskabideak aurkezteko epearen azken egunean eta izendapenaren egunetik esleitutako lanpostuaz jabetu arte:

a) Tuterako Udaleko edo haren erakunde autonomoetako langile finkoa izatea, jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian.

b) C maila edo taldekoa izatea.

Orobat, deialdian parte hartu ahal izanen dute, betiere eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte, lanpostu erreserbarik gabe borondatezko eszedentzian edo nahitaezko eszedentzian daudenek, administrazio egoeran gutienez ere urtebetez egon badira, gisa horretara jardunera itzuliko baitira lanpostu baten behinbetiko esleipena lorturik.

Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du ekarriko parte hartu aurretik lehiatzaileek zuten araubide juridikoa aldatzea.

5.-Ordainsariak.

Lekualdatzen diren langileek indarra duten xedapenek esleitzen dizkieten lansariak eta Udalaren plantilla organikoan aurreikusitakoak jasoko dituzte.

6.-Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.

a) Lekualdatze lehiaketa honetan parte hartu nahi dutenek dagokien eskabidea aurkeztu beharko dute Tuterako Udaleko Erregistro Orokorrean, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 20ko 30/1992 Legearen 38. artikuluko 4. idatz-zatian aurreikusiriko edozein baliabideren bidez, hamabortz egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotuko zaizkio, eta beraietan izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko jarritako epea amaitzen den egunean.

Eskabideak aurkezteko epea ezin da luzatu.

b) Eskabidearekin batera, deialdi honetan ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimendu guztien egiaztagirien jatorrizkoak edo fotokopia egiaztatuak aurkeztuko dira, salbu eta administrazio publikoetan egindako zerbitzuen egiaztagiriak, horiek zuzenean igorriko baitizkio epaimahaiari deialdia egin duen organoak.

7.-Izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda.

Eskabideak aurkezteko epea buruturik, Tuterako alkateak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko, eta ohartaraziko du hurrengo bortz egun naturaleko epean baztertuek erreklamazioak egin ditzaketela eta, akatsik baldin bada, haiek zuzendu.

Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, Tuterako alkateak lehiaketa hutsik gelditu dela adierazteko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da.

Lehiatzaile bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko.

Erreklamazioak egiteko epea burutu eta haiek ebatzitakoan, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

8.-Epaimahaiko kideak.

Lehiaketaren epaimahaian hauek izanen dira:

Mahaiburua: Ricardo López Pérez (Tuterako Udaleko Bulego Teknikoko, Zerbitzu Kontratatuetako eta Kiroletako zinegotzia).

Ordezkoa: Mercedes Pérez Lizar (Tuterako Udaleko Hezkuntzako eta Gizarte Etxeetako zinegotzia).

Mahaikidea: Marta Castellano Córdova (Tuterako Udaleko Langileen Batzordeak izendaturiko ordezkaria).

Ordezkoa: Ana José Martínez Navarro (Tuterako Udaleko Langileen Batzordeak hautatutako ordezkaria).

Mahaikide idazkaria: Julio Ramón Segura Moneo (Tuterako Udaleko artxibozaina).

Ordezkoa: Beatriz Pérez Sánchez (Tuterako Udalaren Artxiboko administrari-ofiziala).

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoko bost eguneko epean eratuko da epaimahaia.

Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzeko moduaz sortzen diren arazo guztiak.

Administrazio prozeduraren arauetan aipaturiko arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta horren berri eman deialdia egin duen organoari. Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

Lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruzko proba praktikorako aholkulari espezialistak biltzen ahalko ditu epaimahaiak. Aholkulari horiek beren espezialitatean baizik ez dira ariko eta horretan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

9.-Merezimenduen kalifikazioa.

Epaimahaiak ondoan doan baremoaren arabera baloratuko ditu izangaien merezimenduak:

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: gehienez 35 puntu.

b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta bertze merezimendu batzuk: gehienez 25 puntu.

Izangai bakoitzak aurreko bi atalei dagokienez alegatu eta frogatutako merezimenduak, II. eranskineko baremoaren arabera kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.

Deialdiko 5.b) oinarrian agindutakoaren arabera, merezimendu guztiak agiri bidez alegatu eta frogatuko ditu izangai bakoitzak lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, jatorrizko agiriak edo kopia egiaztatuak erabiliz. Salbuespen bakarra administrazio publikoetan egindako zerbitzuak izanen dira, organo dei egileak epaimahaiari zuzenean igorriko baitizkio frogagiriak.

Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, ezta atal bakoitzean aipatutako gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman ere.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiatzaileek alegatu eta frogaturiko merezimenduen gainean.

c) Txosten psikoteknikoa: gehienez 15 puntu.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuak, egoki diren probak egin ondotik, txosten psikotekniko bat eginen du lehiatzaile bakoitzari buruz. Horretan, norbera deialdiaren xede den lanpostuaren izaera eta ezaugarriei nola egokitzen zaien baloratuko da. Zerbitzu horrek txosten psikoteknikoan izangai bakoitzari ematen dion puntuazioa lotzailea izanen da epaimahaiarentzat.

d) Lanpostuko edukiari eta eginkizunei buruzko proba praktikoa: 25 puntu gehienez, eta baztergarria izanen da; beraz, gutienez ere 12,50 puntu atera behar dira hura gainditzeko.

Idatzizko bi ariketa hauek egin beharko dira:

Lehenbizikoan artxibozaintzaren inguruko ezagutzak baloratuko dira, hartan barne direla agirien ibilia, artxibozaintzako tratamenduak eta deskripziorako nazioarteko ISAD (G), ISAAR (CPF) eta EAD arauak, baita Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legea eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Legea ere.

Bigarren ariketak proba praktikoa egin beharko da prozesuen aplikazioaz eta artxibozaintzako tratamenduaz udal artxiboetan.

Lehiaketako epaimahaiari egoki iruditzen bazaio, izangai bakoitzak ahoz azaldu eta defendatuko du lehen ariketa. Agerraldi horretan aurkeztu diren merezimenduei eta lehiaketaren xede den lanpostuaren ezaugarrietara egokitzeko erari buruzko gaiak biltzen ahal dira.

Lanpostuaren gaineko proba praktikoa gainditzen duten izangaiek lortutako puntuazioa lehiaketaren gainerako ataletan lortutakoari gehituko zaio, bakoitzaren puntuazioa guztira zenbatekoa den jakiteko.

Lehiaketako elementuen balorazioa bukatu ondoren, epaimahaiak parte hartzaileek lorturiko puntuazioak paratuko ditu Tuterako Udaleko iragarki oholean, eta bortz eguneko epea emanen du, interesdunek beren eskubidearen arabera komeni zaiena alega dezaten balorazio horri buruz.

Puntuazio osoan berdinketa gertatuz gero, administrazio publikoei zerbitzuak ematen antzinatasun handiena dutenen aldeko erabakia hartuko da. Hala ere berdinduta segitzen badute, lehiatzaile adinez zaharrenari emanen zaio lehentasuna.

10.-Izangaien zerrenda, erdietsitako puntuazioaren araberakoa.

Behin aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoan, epaimahaiak parte hartzaile guztien behin betiko puntuazioak emanen ditu argitara Tuterako Udaleko iragarki oholean, eta Tuterako Udaleko alkate udalburuari igorriko dio lehiatzaileen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik, espediente osoarekin batera, behar den ebazpena eman dezan hasieran deitutako lanpostuen kopurua handitzeari dagokionez.

Aitzineko paragrafoak aipatu ebazpenaren jakinarazpena bildu ondoan, epaimahaiak deialdia egin duen organoari eginen dio eskatzen den gutieneko puntuazioa gainditu duten izangaiak izendatzeko proposamena, deituriko lanpostu kopurua betetzeko adina, hain zuzen, aurreko lerroaldeak aipatu duen handitzearen ondoriozkoak barne direla, halakorik egin bada.

11.-Lanpostu hutsak hautatzea.

Lehiakideek lorturiko puntuazioaren arabera hautatzen ahalko dituzte lanpostu hutsak, alkateak hartarako deituko duen ekitaldian.

Behar bezala arrazoituriko ezinbertzeko kasuetan salbu, lanpostua aukeratzen ez duten lehiatzaileek lehiaketaren xedeko lanpostu hutsak betetzeko eskubide guztiak galduko dituzte.

12.-Esleipena eta lanpostuaren jabetza hartzea.

Alkateak, ebazpen baten bidez, dagozkien lanpostuak esleituko dizkie lehiatzaileei, eta esleipen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko du.

Esleipen hartzaile diren lehiatzaileek esleipenari buruzko ebazpena jakinarazi eta hamar egun naturaleko epean jabetu beharko dute lanpostuaz, non eta deialdia egin duen organoak jabetza hartzeko bertze data bat ezartzen ez duen ebazpen horretan.

13.-Aurkeztutako dokumentazioa.

Izangaiek, baldin eta erreklamazio edo errekurtsorik jartzen ez bada, aurkeztu dituzten agiriak berreskuratu ahal izanen dituzte, halaxe eskatu ondotik. Agiriak berreskuratzeko eskaera hiru hilabeteko epean aurkez daiteke, lanpostuak esleitzeko ebazpena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta bertze hiru hilabeteren buruan.

Aurreko atalean ezarritako epea agiriak eraman gabe bukatzen bada, ulertuko da izangaiak uko egin diola agiriak eskuratzeari eta horretarako eskubidea galduko du eta agiriak suntsituko dira.

Erreklamazio edo errekurtsoren bat aurkeztu baldin bada, agiri horiek gorde eginen dira, ikuskatu eta aztertzeko. Agiri horiek berreskuratzen ahalko dira erreklamazioaren edo errekurtsoaren tramitazioak horretarako aukera ematen duenean.

14.-Errekurtsoak.

Deialdi honen oinarrien aurka edo berau aplikatzeko egintzen aurka, aukeran, ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko dagokion epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki/ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik. Aldez aurretik, eta aukeran, berraztertzeko errekurtsoa ezar daiteke, hura eman zuen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki edo ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik; edo, bertzenaz,

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, erabaki edo ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Horretaz gain, epaimahaiaren erabakien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, alkateari zuzenduta, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi ondoko hilabetearen barrenean.

Tuteran, 2008ko urriaren 13an.-Alkatea, Luis Casado Oliver.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Eskaera, ...................................... izateko ....... lanpostu lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdian parte hartzeko. Deialdia ........zk.ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, ....(e)ko .......................aren .....(e)an.

Izena: ..................., adinez nagusia, NAN: ............. sorteguna: ............, sorterria ................, nazionalitatea: .............., egungo helbidea: ............ , posta kodea: ...................., telefonoa: ............ laneko telefonoa: ...............

a) Zer lanpostutarako izendatu zuten eta zer toki entitatetan:

b) Egoera administratiboa: (X batez adierazi behar dena)

f Jardunean.

f Zerbitzu berezietan.

f Eszedentzia berezian.

f Borondatezko eszedentzian.

f Nahitatezko eszedentzian.

c) Egungo destinoa:

Lanpostua:

Jabetza hartzearen eguna:

Alorra:

Hau izenpetzen dudan honek adierazten dut, eskabideak aurkezteko azken egunean, eskaturiko baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala.

Eskabidearekin batera, deialdian parte hartzeko eskatzen diren agiriak eta alegatu ditudan merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu ditut, .......(e)tik ........... (e)ra numeratuak baremoko puntuazio eskemari jarraikiz.

Horrenbertzez, eskabide honetan aipatutako deialdian onar dezatela eskatzen dut (..... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratua, .... egunean).

Datuen babesa. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko Lege Organikoan ezarritakoa betetzeko, aditzera ematen zaizu inprimaki honetan ematen diren datu pertsonalak hautapen prozeduran Udalak dituen eskumenak erabiltzeko baizik ez direla erabiliko eta Tuterako Udalaren datu basea osatzen duten fitxategiei batuko zaizkiela. Fitxategietan sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta haien aurka jotzeko eskubideak Tuterako Udalari zuzendurik erabiltzen ahalko dituzu, Erregistro Orokorrera joz.

Tuteran, 20...(e)ko ..........aren .......(e)an.

(Sinadura)

TUTERAKO UDALEKO ALKATE UDALBURUA.

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) atala. Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak.

1. Deialdi honetako maila/talde eta titulazioko lanpostuetan, edozein administrazio publikotan egindako zerbitzuak: 1,50 puntu urte bakoitzeko.

2. Edozein administrazio publikotan, aurrekoak ez bezalako lanpostuetan egindako zerbitzuak: 0,37 puntu urte bakoitzeko.

-Oharrak:

1. Zerbitzu urteak osoak ez badira, zerbitzuak zenbat iraun duen, horren arabera banatuko zaie puntuazioa izangaiei.

2. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

3. Deialdia argitaratu ondoan egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

4. a) atal honi dagokion puntuazioa gehienez ere 35 puntukoa izanen da.

b) atala. Prestakuntza, irakasle eta ikerketa lana eta bertze merezimendu batzuk:

1. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolaturiko prestakuntza ekintzetan parte hartzea: 0,10 puntu, kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu), eta gehienez ere 10 puntu.

-Oharrak:

1. Baloratu beharreko ikastaroetan, irakastorduen zatikiak hainbanatuko dira.

2. Eskola orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki, sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Itunen barruan antolatuak sartuko dira.

5. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, hala unibertsitatekoak nola unibertsitatez kanpokoak, ez dira atal honetan baloratuko.

2. Biltzar edo jardunaldietan txostenak edo komunikazioak aurkeztea, beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea: 3 puntu, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoak, kontuan hartuz lana edo jarduera bakarka edo taldean egina den eta biltzarrak edo argitalpenak herri, eskualde, nazio edo nazioarteko maila duen.

3. Sektore publikoan prestakuntza saioak antolatu edo halakoetan irakasle jardutea: gehienez 2 puntu, haien iraupenaren arabera epaimahaiak baloratu beharrekoak.

4. Titulazio eta espezialitate akademikoak, deialdian eskatutako mailakoak ez direnak: gehienez ere, 4 puntu.

5. Doktore edo lizentziatu maila, deialdian eskatutako titulazioari buruz: gehienez ere, 2 puntu.

6. Bertze merezimendu batzuk, epaimahaiak kontuan hartu beharrekoak: bertzeak bertze, sektore pribatuko lanak, prestakuntzarako beka edo egonaldiak, edo kontsulta, aholkularitza, partaidetza edo ordezkaritza organoetan parte hartzea: gehienez ere, 4 puntu.

-Oharrak b) atal osorako:

1. Atal honetan aipatutako merezimenduek deialdiko lanpostuarekin zuzeneko zerikusia izanez gero soilik baloratuko dira.

2. Baremoaren b) ataleko puntuazioa 25 puntukoa da, gehienez.

Iragarkiaren kodea: L0816033