142. ALDIZKARIA - 2008ko azaroaren 21a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

GARES

Ordenatza, Lurrei edo eraikinei hirigintza-zedulak ematea arautzen duena. Behin betiko onespena

Iruñeko Udaleko Alkatetzak, 2008ko urriaren 20an, honako ebazpen hau eman zuen:

Udalak, 2008ko apirilaren osoko bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen:

1. Hasiera batez onestea Lurrei edo eraikinei hirigintza-zedulak ematea arautzen duen ordenantza.

2. Hasiera batez onetsitako ordenantza jendaurrean edukitzea hogeita hamar egunean, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Udaleko iragarki oholean iragarkia jarri ondotik, herritarrek eta interesdunek espedientea aztertu eta erreklamazioak, kexak edo oharrak aurkez ditzaten. Jendaurreko epea alegazio, erreklamazio, kexa edo oharrik gabe iragaten bada, ordenantza behin betiko onetsitzat joko da.

Jendaurreko epea alegaziorik gabe bukatu denez, Alkatetzak ondokoa ebatzi du, osoko bilkuran harturiko erabakiaren baldintzak betez eta legeak aitortzen dizkion eskudantziak erabiliz:

1. Behin betikoz onestea Lurrei edo eraikinei hirigintza-zedulak emateko udal erregistroaren antolamendua eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantza, espedientean jasotzen baita behar bezala eginbideturik.

2. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALera igortzea ordenantza onets dadin.

Garesen, 2008ko urriaren 20an.-Alkatea, Feliciano Vélez Medrano.

ORDENANTZA BEREZIA, HIRIGINTZA-ZEDULAK ARAUTZEN DITUENA

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 96. artikuluak, hirigintza-zedula izeneko figura arautzen du, honela ezartzen baitu:

-Udalek beren ordenantza batean agiri bat sortzen ahalko dute, udalerrian sartutako finkek dituzten araubide eta hirigintzako baldintzak egiaztatuko dituena. Dagokion finkaren izaera zein den, lurraren edo eraikinaren hirigintza-zedula deituko zaio.

Horiek horrela, udal mugapeko finken hirigintzako araubidea egiaztatzen duen agiria da hirigintza-zedula, finka horietan eraikinak egon ala ez. Hortaz, administratu orok hirigintza arloko informaziorako eskubideaz benetan baliatu ahal izateko tresna egokia da hirigintza-zedula, eskubide hori planeamenduaren publikotasun-printzipioaren arabera aitortzen baita, eta zedula dugu, orobat, hirigintza-aprobetxamendu zehatzak eta haiek eskuratzearekin bat hartzen diren kargak argitzeko elementua.

Ordenantza honek hirigintza-zedularen edukia ezartzen du eta ataletan banatzen ditu hura eman eta tramitatzeko arauak. Halaber, ezarri egiten du zer kasutan den zedula beharrezkoa, eta finkatu egiten ditu zedularen helburuak betetzea ahalbidetzen duten alderdiak.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen helburua da hirigintza-zedula sortzea eta arautzea; hori guztia Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 96. artikuluetan eta Planeamenduaren Erregelamendua onetsi zuen ekainaren 23ko 2159/1978 Dekretuaren 168.ean xedatutakoari jarraikiz.

2. artikulua. 1. Hirigintza-zedula administratuek informaziorako duten eskubidearen adierazpenetako bat izateaz gain, udal baten mugapeko finkak, lurzatiak edo orubeak lotzen dituzten araubidearen eta inguruabarren egiaztagiria da.

2.2. Hirigintza-zedula bakoitzak halako finka, orube edo lurzati jakin baten lurralde eremuari buruzko informazioa edukiko du. Eskatzaileak onetsitako datuak eta Administrazioak berak dituenak erabiliko dira, eta erregistroko inskripzioari buruzkoak ere eransten ahalko dira.

2.3. Hirigintza-zedulako informazioan indarra duen legerian ezarritako determinazioak sartzeaz gain, tramite bidean egonik finka ukitzen ahal duten aldaketak ere sar daitezke.

3. artikulua. Hirigintza-zedula lursailari edo eraikinari buruzkoa izanen da, finkan eraikinik egon ala ez. Bi kasuetan inprimaki eredu bera erabiliko da, informazioaren edukia baizik ez baita diferente izanen.

4. artikulua. 1. Hirigintza-zedula informazio agiria denez, ez ditu aldatzen finkaren gaineko eskubide eta betebeharrak, unean uneko legezko eta hirigintzako antolamenduaren araberakoak izanen direnak.

4.2. Zedulak egiaztagiri gisa duen balioa gorabehera, bertan dauden akats material edo egitatezkoak zuzentzen ahalko dira.

II. TITULUA

Hirigintza-zedularen eskatzaileak eta zein egintzatan eskatu behar den

5. artikulua. 1. Finkaren jabeek dute eskubidea bere finkari dagokion hirigintza-zedula eskatzeko, baita finka erosteko aukeraren titularrek ere.

5.2. Nolanahi ere, planeamenduaren publikotasun-printzipioari jarraikiz, edozein administratuk ere eskaera egin dezake, batez ere proiektuak prestatzen dituzten teknikariek, Hirigintzako Diziplinaren Erregelamenduaren 47. artikuluak aipatzen dituen kasuetan betiere.

Halako kasuetan, datuak babesteari buruz sektoreko legeriak dioenari lotuko zaio hirigintza-zedularen edukia.

6. artikulua. Udalak ofizioz luzatuko ditu, Udalaren hirigintzako organoen bitartez luzatu ere, honako hauen ondorioz sortzen diren finkei dagozkien zedulak: lurzatiketak eta eransketak, konpentsazio eta birzatiketa proiektuak eta, hala behar bada, besterentze proiektuak, finkak bateratu eta jarduketa esparruaren birzatiketa berria egin ondoren.

III. TITULUA

Hirigintza-zedularen edukia

7. artikulua. 1. Hirigintza-zedulan ondoko artikuluetan aipatzen diren inguruabarrei buruzko informazioa bilduko da, gaiz gai; honelaxe:

a) Egitateei buruzko inguruabarrak.

b) Planeamenduari buruzko inguruabarrak.

c) Planeamenduaren betearazpenari dagozkion inguruabarak:

c. 1. Juridikoak.

c. 2. Materialak.

7.2. Jasotzen den informazioa zedularen lurralde esparruko inguruabarrei buruzkoa izanen da, baita zedularen izaerari buruzkoa ere, ordenantza honen 3. artikuluan aipatu bezala.

7.3. Eskaturiko informazioa biltzen duten planeamenduko fitxa banan banako batzuk ere har daitezke hirigintza-zedulatzat (BBBPBko lurzatien fitxak, adibidez). Halakoetan aski izanen da, informazio betebeharra betetzearren, fitxa horien kopia konpultsatua.

8. artikulua. 1. Egitateei buruzko inguruabarretan honako hauei buruzkoak jasoko dira: kokagunea eta kokalekua; mugak, forma eta neurria; erregistroko datuak; dauden zerbitzuak; mugakidetasunaren baldintzak; hegalkinak: sail landatuak, instalazioak, eraikinak, egungo erabilerak eta bizilagunak, zorupea eta zortasunak.

8.2. Zedula eskatzen duenak eskabidea betetzen duenean emanen ditu aurreko atalean aipatutako datuak, ezagutzen baldin baditu betiere.

9. artikulua. Planeamenduari buruzko inguruabarretan honako hauei buruzkoak jasoko dira: finka ukitzen duen planeamendua, zoruaren sailkapena eta kalifikazioa; erabilerei buruzko zehaztapenak planeamenduko determinazioen arabera; eredu-aprobetxamendua; eraikuntzaren baldintzak, aplikatzekoa den udal planeamenduko babesak eta zortasunak.

10. artikulua. Planeamendua betearazteari buruzko inguruabar materialetan finka garatzeko eta urbanizatzeko planeamenduaren tramitazioaren nondik norakoei buruzkoak agertuko dira.

11. artikulua. Planeamendua betearazteari buruzko inguruabar juridikoetan jarduketa esparruaren mugapenari, kudeaketa tresnen egoerari eta haien tramitazioaren nondik norakoei buruzkoak agertuko dira.

IV. TITULUA

Zedula emateko prozedura

12. artikulua. 1. Ordenantza honen 5. artikuluan ezarritakoaren arabera, hirigintza-zedulak administratuek eskatuko dituzte. Horretarako, behar diren inprimaki ofizialak aurkeztuko dituzte Udalaren Erregistro Orokorrean edo azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako edozeinetan.

12.2. Eskatzaileak, eskabidea betetzearekin batera, ordenantza honen 8. artikuluan aipaturiko agiriak eta datuak gaineratu beharko ditu, ezagutzen baldin baditu betiere, eta 30/1992 Legearen 70.1 artikuluan eskatutakoak aurkeztu beharko ditu, gutxienez ere.

12.3. Eskabideak ez baditu aurreko atalean zehazturiko beharkizunak betetzen, udal administrazioak hamar eguneko epea emanen dio interesdunari akatsak zuzentzeko edo behar diren agiriak ekartzeko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera geldituko dela eta besterik gabe artxibatuko dela.

13. artikulua. 1. Udal administrazioak zedulen eskaerak tramitatuko ditu, hirigintzako informazioaren ardura duen organoen bidez tramitatu ere. Eskaera erregistroan sartu eta hilabeteko epean eman beharko da erantzuna.

13.2. Eskatutako hirigintza-zedula prestatzean ikusten baldin bada planeamenduko determinazioei dagozkien alderdi kontrajarriak edo auzigaiak daudela ebazteko, horren berri emanen da zedulan, eta behar den prozedura abiaraziko da planeamenduaren alderdi horiek udal planeamenduan ezarritakoaren arabera argitzeko.

14. artikulua. Udaleko idazkariari dagokio hirigintza-zedula gauzatu eta jakinarazteko ardura, nahiz eta eginkizun hori beste norbaiten esku uzten ahal den edo Udalaren hirigintzako organoen artean banatu.

15. artikulua. Eskatzaileari emanen zaion hirigintza-zedularen aleaz gain, administrazioak beste ale bat artxibatuko du informazioa bilduko duen erregistroa osatzeko.

16. artikulua. Hirigintza-zedulak emateko halako tasa bat kobratuko da, ordainarazpen fiskalei buruzko behar den ordenantzan ezartzen duenaren arabera. Autolikidazioa eginez ordainarazten ahalko da.

V. TITULUA

Hirigintza-zedulen indarraldia

17. artikulua. 1. Hirigintza-zedulan biltzen den informazioa ematen den uneari dagokio. Oinarritzat erabiliko dira bai eskatzaileak emandako datuak bai administrazioak berak dituen aurrekariak.

17.2. Informazioa hori indarrean egonen da harik eta finka, lurzatia edo orubea ukitzen duten planeamenduko figurak edo betearazpen tresnak aldatu arte edo zedula ematerakoan dauden hirigintza-ahalmenen edo kargen eskuratze maila aldatu arte.

18. artikulua. Hirigintza-zedula indarrean dagoen bitartean, interesdunek ale gehiago eskatzen ahalko dituzte eta zedulako informazioa berresteko ere eskatzen ahalko dute.

Iragarkiaren kodea: L0816166