142. ALDIZKARIA - 2008ko azaroaren 21a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

MENDAZA

Ordenantza, ezkondu gabeko bikote egonkorren erregistroa arautzen duena

Mendazako Barrutiko Udalak, 2008ko maiatzaren 3an egin bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Ezkondu gabeko bikote egonkorren erregistroa arautzen duen ordenantza.

Behar den iragarkia 2006ko 71. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, ekainaren 14an, eta jendaurreko epea inork erreklamaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza behin betikoz onetsitzat jo da, eta argitara ematen da haren edukia; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatuari jarraituz.

EZKONDU GABEKO BIKOTE EGONKORREN ERREGISTROAREN ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Ezkondu gabeko bikote egonkorren Mendazako Barrutiko Udalaren Erregistroak administrazio izaera du eta bertan ondoko artikuluan aipatzen diren elkartzeak, baita haien iraungitzea ere, inskribatzen ahal dira, ordenantza honetan ezartzen diren eran eta baldintzetan.

2. artikulua. Ordenantza hau aplikatzerakoan, bikote egonkorrentzako berdintasun juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Foru Legeak ezartzen duenari jarraikiz, bikote egonkortzat hartuko da bi pertsonaren arteko elkartze libre eta publikoa, ezkontideenaren pareko afektibitate-harreman batean, sexu-joera kontuan izan gabe, baldin eta adinez nagusi badira edo adingabeko emantzipatu, eta zuzeneko lerroan edo alboko lerroan, bigarren mailaraino, odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaidetasunik ez badute. Elkartze hori osatzen duten kideek ezin izanen dute beste pertsona batekin ezkontza-loturarik izan edo bikote egonkorrik osatu.

3. artikulua. Bikoteek, sexua kontuan izan gabe, Erregistroan inskribatzeko eskatzen ahal dute, baldin eta haien adostasun libre eta osoarekin aurreko artikuluan xedaturiko bizikidetasunezko elkartzeren bat osatu badute.

Gutxienez, elkartutako kide batek egon beharko du Mendazako Barrutiko Udalean erroldaturik, bertan bizi ohi delako.

Halaber, bi kideek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, ez daudela ezkonduak ezta inskribatuak ere ezkondu gabeko bikote egonkorren beste erregistroren batean.

4. artikulua. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa egiteko, bi lagunek batera agertu beharko dute Erregistroaz arduratzen den funtzionarioaren aurrean, haien artean ordenantza honetako 2. artikuluan xedaturiko bizikidetasunezko elkartzeren bat osatzen dutela deklaratzeko.

5. artikulua. Ez da inskripziorik eginen bikoteko bat burujabe jarri gabeko adingabea bada, edo lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaide badira, nahiz alboko lerrotik bigarren maila bitarteko ahaide badira.

Bikoteko batek akats edo anomalia psikikorik badu, orduan ere ez da inskripziorik eginen. Halakoetan, medikuaren irizpena beharko du, ordenantza honetako 2. artikuluan xedaturiko bizikidetasunezko elkartzeren bat osatzeko gaitasuna aitortzen diona.

Era berean, ukatu eginen da inskripzioa bikoteko bat ezkondua badago, beste pertsona batekin bikote egonkorra osatzen badu edo ezkontzeko gaitasun gabea deklaratua bada.

6. artikulua. Lehenbiziko idazpena egitean, bikoteko kideek nahi dituzten argitasun guztiak agerrarazten ahalko dituzte beren elkartzeari buruz. Hitzez hitz idazten ahalko dira elkartutako kideen giza eta ondare harremanak arautzen dituzten hitzarmenak.

Aurreko lerroaldean aipatutako edukiak geroago ere inskribatzen ahalko dira, bikoteko bi kideak agertuta.

Nolanahi ere, elkartzea burutu edo iraungitzeko oharpenak egiteko, aski izanen da kide bakar batek hala eskatzea.

7. artikulua. Mendazako Barrutiko Udalean ordenantza honetako baldintzei jarraikiz inskribatzen diren elkartze guztiek ezkontza bidezko elkartzeen tratamendu bera izanen dute, Udalaren eskumenekoak diren gaietan.

8. artikulua. Bikote egonkorren erregistroa Udalaren idazkaritza orokorraren ardura izanen da. Inskripzioak eta luzatzen diren ziurtagiriak doakoak izanen dira erabat.

9. artikulua. Aitzineko artikuluetan aipatzen diren inskripzioak erregistratzeko, Liburu Orokorra erabiliko da. Liburua orri mugigarri, zenbatu eta zigilatuez osatua egonen da, eta irekitzeko eta ixteko eginbideak paratuko dira hasieran eta bukaeran.

10. artikulua. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa izanen da bere oinarrizko inskripzioa, eta haren bazterrean jarriko dira geroago Liburu Orokorrean elkartze horri buruz egiten diren gainerako idazpen guztiak.

11. artikulua. Erregistroan Liburu Lagungarri bat ere izanen da, inskribatuen deituren arabera ordenaturik, eta bertan adieraziko da Liburu Orokorreko zein orrialdetan dauden inskribaturiko bikoteekin zerikusia duten idazpenak.

12. artikulua. Erregistroan inskribatutakoen intimitatea, norbanakoarena nahiz familiarena, babesteko ez zaio publizitaterik emanen idazpenen edukiari, salbu eta Erregistroaren arduradunak egiten dituen egiaztagiriak, bikoteko edozein kidek, epaileek edo auzitegiek hala eskatu ondotik.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Ordenantza hau berrikusiko da, legeetan aldaketarik bada gai honen inguruan.

I. ERANSKINA

Mendazako Barrutiko Udaletxean, Udal Erroldaren bulegoan, halako egunean ......, honako hauek batera agertu gara: Izena: ........, jaioterria: ............, helbidea (erroldakoa): ............, adinez nagusia (edo adingabe burujabea, horren agiria aurkezten baitugu), NAN zenbakia: ...... Eta bertze hau, izena: ............, jaioterria: ..........., helbidea (erroldakoa): ................, adinez nagusia (edo adingabe burujabea, horren agiria aurkezten baitugu), NAN zenbakia: ..............

Eta adierazten dugu:

"Ezkondu gabeko bikote egonkorren" Udal honen erregistroan inskriba gaitzatela nahi dugula, horri buruzko ordenantzaren arabera, eta horretarako,

Adierazten dugu:

Lehenbizi.-Aipatu ordenantzan ezarritako bizikidetasuna dela eta, gure helbidea honako hau izanen dela: ............... (oroitarazi behar zaio ......... jaun/andreari T.A.O.L.aren 15. artikuluari jarraikiz, erroldatu beharra duela ohiko bizilekuko udalerrian).

Bigarrenik.-Ez gaudela gu biok ezkontzaren bidez lotuak, ez eta gutako inor beste inorekin ere.

Hirugarrenik.-Gure artean ez dagoela lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaidetasunik, ezta alboko lerrotik bigarren maila bitarteko odolkidetasunezko ahaidetasunik ere.

Laugarrena.-Gutako inork ez duela akats edo anomalia psikikorik, ez eta ezkontzeko inolako ezgaitasunik ere.

Bosgarrena.-Ez dugula nahi (nahi dugula) gure arteko giza nahiz ondare mailako harremanen gaineko hitzarmena Erregistroan inskribatzea.

Seigarrena.-Baimena ematen dugula Mendazako Barrutiko Udal Erroldan datu hauek egiaztatzeko.

Eta zin egiten dugu gutako inor ez dagoela inskribatua ez Mendazako erregistroan, ez maila eta xede bereko inongo herritako erregistroan ere.

Horiek horrela,

Ezkondu gabeko bikote egonkorren Mendazako Barrutiko Udaleko Erregistroan inskribatu gaitzatela eskatzen dugu.

Sinatua: Sinatua:

II. ERANSKINA

Mendazako Barrutiko Udalean, halako egunean ................ agertu gara: Izena: .........................., N.A.N.: ............................, eta izena ............................, N.A.N.: ..........................

Eta Ezkondu gabeko bikote egonkorren Udal Erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantzan zehaztutakoarekin bat, adierazten dugu asmoa dugula gure arteko bikote egonkorra bukatutzat edo iraungitzat jotzeko, izan ere horrelaxe inskribatua dago aipatu Udal Erregistroan.

Horregatik guztiagatik, eskatzen dugu bukatutzat edo iraungitzat jo dadila aipatutako elkartzearen inskripzioa.

Sinatua: Sinatua:

Aditzera ematen da, orok jakin dezan.

Mendazan, 2008ko urriaren 6an.-Alkate udalburua, Javier Angel López de Dicastillo Sáinz.

Iragarkiaren kodea: L0816287