142. ALDIZKARIA - 2008ko azaroaren 21a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

BERASKOAIN

Udal ordenantza, Lurzoru urbanizaezinean eraikuntza jarduerak ezartzea arautzen duena. Behin betiko onespena

Beraskoaingo Udalak, 2008ko abuztuaren 13an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Lurzoru urbanizaezinean eraikuntza jarduerak ezartzea arautzen duen udal ordenantza.

Onesteko erabakia 2008ko 112. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, irailaren 12an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betikoz onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

LURZORU URBANIZAEZINEAN ERAIKUNTZA JARDUERAK EZARTZEA ARAUTZEN DUEN UDAL ORDENANTZA

Arrazoiak

Beraskoiango udal mugapeko lurzoru urbanizaezinak eraikuntza lan franko jasan behar izan du bere gain aspaldi honetan.

Bada halako definizio eza, lurzoru urbanizaezina babesteko araubidearen inguruan.

Horregatik, badirudi bidezko bezain beharrezkoa dela eraikuntza jardueren ezarpena arautuko duen udal ordenantza onestea, Beraskoaingo Udalaren Plan orokorra onetsi arte, bederen.

Ordenantza

Ordenantza honen aplikazio esparrua Beraskoaingo udalerriko lurzoru urbanizaezina da.

Udalerriak badu hiri lurzorua mugatzeko proiektu bat, 1977ko urriaren 11n onetsia, lurzorua sailkatzen duena, hirikoa, batetik, eta urbanizaezina, bertzetik. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 91. artikuluan ezarritakoaren arabera, udalerriak planeamendurik ez duenez gero, udal mugapean sartzen diren lurrak bitan sailkatuko lirateke: hiri lurzorua eta lurzoru urbanizaezina.

Ulertuko da hiri lurzorutzat hartzen ez diren lur guztiak, aipatutako Foru Lege horren 92. artikuluan ezarritako irizpideei jarraituz, lurzoru urbanizaezinekoak direla; 94. artikuluak bereizten ditu babestu beharreko lurzoru urbanizaezina eta gorde beharrekoa.

Gorde beharreko lurzoru urbanizaezin guztian, araubide bakar bat ezarri da eraikuntza jarduerendako.

Eraikuntza jarduerak izaten ahalko dira baimengarriak edo debekatuak. Baimengarritzat jotzen direnak tramitatu beharko dira dagokien baimena 35/2002 Foru Legeko 117. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera.

I.-Eraikuntza jarduera baimengarriak.

1. Azpiegiturak eta haiei loturiko eraikuntza lan eta instalazioak (ur deposituak, araztegiak, eraldakuntza zentroak, ...).

2. Herri lanak gauzatzeko, haiek mantentzeko edo haien zerbitzurako behar diren eraikuntza lan eta instalazioak.

3. Bainuetxea eta hotela eraikitzea edo zaharberritzea.

4. Zakurrak hazi eta gordetzeko eraikina, Beraskoaingo 1. poligonoko 1610. lurzatian.

5. Lehendik dauden eraikuntza jarduerak

Lurzoru urbanizaezinean lehendik (alegia, ordenantza honek indar hartzen duenerako) ezarrita dauden eraikuntza jarduerek beraienean jarrai dezaten onartuko da, baldin eta dagozkien hirigintza baimen eta lizentziak badituzte.

II.-Eraikuntza jarduera debekatuak

Gainerako guztiak.

III.-Eraikuntzaz kanpoko jarduera debekatuak.

Mota guztietako etxola aurrefabrikatuak, edukiontziak eta gisakoak paratzea.

Beraskoainen, 2008ko urriaren 21ean.-Alkatea, José Javier Fernández Sola.

Iragarkiaren kodea: L0816150