142. ALDIZKARIA - 2008ko azaroaren 21a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

BERASKOAIN

Ordenantza, Ezkondu gabeko bikote egonkorren Beraskoaingo Udaleko erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituena. Behin betiko onespena

Beraskoaingo Udalak, 2008ko abuztuaren 13an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Ezkondu gabeko bikote egonkorren Beraskoaingo Udaleko erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantza.

Onesteko erabakia 2008ko 112. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, irailaren 12an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betikoz onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

ORDENANTZA, EZKONDU GABEKO BIKOTE EGONKORREN BERASKOAINGO UDALEKO ERREGISTROAREN ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua. Ezkondu gabeko bikote egonkorren Beraskoaingo Udaleko erregistroak administrazio izaera du eta bertan ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzeak, baita haien iraungitzea ere, inskribatzen ahal dira ordenantza honetan ezartzen den eran eta baldintzetan.

2. artikulua. Bikoteek, sexua kontuan izan gabe, erregistroan inskribatzeko eskatzen ahal dute, baldin eta haien adostasun libre eta osoarekin ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatu badute.

Gutxienez, elkartutako kide batek egon beharko du Beraskoaingo udalerrian erroldatua, bertan bizi ohi delako.

3. artikulua. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa egiteko, bi lagunek batera agertu beharko dute erregistroaz arduratzen den funtzionarioaren aurrera, haien artean ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzen dutela deklaratzeko.

Ez da inskripziorik eginen bikoteko bat burujabetu gabeko adingabea bada, edo lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaide badira, nahiz alboko lerrotik bigarren maila bitarteko odolkidetasunezko ahaide badira.

Bikoteko batek akats edo anomalia psikikorik badu, orduan ere ez da inskripziorik eginen.

Halakoetan, medikuaren irizpena beharko du, ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzeko gaitasuna aitortzen diona.

Era berean, inskripzioa ukatuko da bikoteko bat ezkondua baldin bada edo ezkontzeko gaitasun gabea deklaratua bada.

4. artikulua. Lehenbiziko idazpena egitean, bikoteko kideek nahi dituzten argitasun guztiak agertarazten ahalko dituzte beren elkartzeari buruz.

Hitzez hitz idazten ahalko dira elkartutako kideen giza eta ondare harremanak arautzen dituzten hitzarmenak.

Aurreko lerroaldean aipatutako edukiak geroago ere inskribatzen ahalko dira, bikoteko bi kideak agertuta.

Nolanahi ere, elkartzea burutu edo iraungitzeko oharpenak egiteko, aski izanen da kide bakar batek hala eskatzea.

5. artikulua. Erregistroa Udalaren idazkaritza orokorrean egonen da.

6. artikulua. Aurreko artikuluetan aipatzen diren inskripzioak erregistratzeko Liburu Orokorra erabiliko da.

Liburua orri mugigarri, zenbatu eta zigilatuez osatua egonen da, eta irekitzeko eta ixteko eginbideak paratuko dira hasieran eta bukaeran.

7. artikulua. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa izanen da bere oinarrizko inskripzioa, eta haren bazterrean jarriko dira geroago Liburu Orokorrean elkartze horri buruz egiten diren gainerako idazpen guztiak.

8. artikulua. Erregistroan Liburu Lagungarri bat ere izanen da, inskribatuen deituren arabera ordenaturik, eta bertan adieraziko da Liburu Orokorreko zein orrialdetan dauden inskribaturiko bikoteekin zerikusia duten oharpenak.

9. artikulua. Erregistroan inskribatutakoen intimitatea, norbanakoarena nahiz familiarena, babesteko ez zaio publizitaterik emanen idazpenen edukiari, salbu eta Erregistroaren arduradunak egiten dituen egiaztagiriak, bikoteko edozein kidek, epaileek edo auzitegiek hala eskatu ondotik.

10. artikulua. Egiten diren inskripzioak eta luzatzen diren ziurtagiriak doakoak izanen dira.

11. artikulua. Izatezko bikoteen erregistroan inskribatzen diren ezkondu gabeko bizikidetasunezko elkartzeek, ezkontza bidezko elkartzeen tratamendu bera izanen dute Beraskoaingo Udalean.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Ordenantza hau berrikusiko da, legeetan aldaketarik bada gai honen inguruan.

1. ERANSKINA

Bikote egonkorren udal erregistroa

Beraskoaingo Herriko Etxean, halako egunean: ............... (urtea, hilabetea, eguna): eta halako orduan: ......, honako hauek batera agertu gara, ezkondu gabeko bikote egonkorren udal erregistroaren arduradunaren aitzinean:

Izena: .............., jaioterria: ......., bizitokia: .............., non erroldatua: ....................., adinez nagusia (edo adingabe burujabea, horren agiria aurkezten baitugu), NAN zenbakia: .........

Izena: .............., jaioterria: ......., bizitokia: .............., non erroldatua: ....................., adinez nagusia (edo adingabe burujabea, horren agiria aurkezten baitugu), NAN zenbakia: .........

Eta adierazten dugu:

"Ezkondu gabeko bikote egonkorren" Udal honetako erregistroan inskriba gaitzatela nahi dugula, horri buruzko ordenantzaren arabera, eta horretarako

Adierazten dugu:

Lehena: ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzen dugula ........ urtetik aitzina. Aipatu ordenantzan aurreikusitako bizikidetasuna dela eta, gure helbidea honako hau izanen dela: ................... (oroitarazi behar zaio ................ jaun/andreari T.A.O.L.aren 15. artikuluari jarraikiz, erroldatu beharra duela ohiko bizilekuko udalerrian).

Bigarrena: ez gaudela gu biok ezkontzaren bidez lotuak, ez eta gutako inor beste inorekin ere.

Hirugarrena: gure artean ez dagoela lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaidetasunik, ez eta alboko lerrotik bigarren mailara bitarteko odolkidetasunezko ahaidetasunik ere.

Laugarrena: gutako inork ez duela akats edo anomalia psikikorik, ez eta ezkontzeko inolako ezgaitasun aitorturik ere.

Bosgarrena: ez dugula nahi/nahi dugula erregistroan jasotzea gure arteko giza nahiz ondare mailako harremanen gaineko hitzarmenak.

Seigarrena: baimena ematen dugula Beraskoaingo Udal Erroldan datu hauek egiaztatzeko.

Eta zin egiten dugu gutako inor ez dagoela inskribatua ez Beraskoaingo erregistroan, ez maila eta xede bereko inongo herritako erregistroan ere.

Horiek horrela,

Ezkondu gabeko bikote egonkorren Beraskoaingo Udal honetako erregistroan inskriba gaitzatela eskatzen dugu.

Eginbidea.-Agerraldi honen bidez gauzatu egiten da ........................... jaunak/andreak eta ........................ jaunak/andreak eratzen duten elkartzearen inskripzioa.

Hori guztia jaso eta ziurtatzen dut, Beraskoainen, data honekin: .......................

Idazkaria

2. ERANSKINA

Beraskoaingo Herriko Etxean, halako egunean ......... honako hauek agertu gara:

Izena: ........................................, NAN zenbakia: .................,

Izena: ........................................, NAN zenbakia: .................,

Eta Udaleko Ezkondu gabeko bikote egonkorren erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantzan zehaztutakoarekin bat, adierazten dugu asmoa dugula gure arteko bikote egonkorra bukatutzat edo iraungitzat jotzeko, izan ere horrelaxe inskribatua dago aipatu Udalaren erregistroan.

Horregatik guztiagatik, eskatzen dugu bukatutzat edo iraungitzat jo dadila aipatutako elkartzearen inskripzioa, eta horretarako sinatu egiten dugu agerraldi honetan.

Eginbidea.-Jasota gera dadin, agerraldi honen bidez, ................................ jaunak/andreak eta jaunak/andreak osaturiko elkartzearen iraungitzeari buruz ................................. jaunak/andreak egin duen deklarazioa Liburu Nagusian, ..... orrian, idazpenaren bazterrean idatzi dela.

Hori guztia jaso eta ziurtatzen dut, Beraskoainen eta data honekin: .....................

Idazkaria

Beraskoainen, 2008ko urriaren 21ean.-Alkatea, José Javier Fernández Sola.

Iragarkiaren kodea: L0816149