142. ALDIZKARIA - 2008ko azaroaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.4. Ebazpenak

363/2008 EBAZPENA, urriaren 22koa, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak emana, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak arautzen dituen musikako lanbide ikasketen kalifikazio-liburua eskatu, erregistratu, bete eta zaintzeko jarraibideak ematen dituena Nafarroako Foru Komunitatean ikasketa hauek egiten ari diren ikasleendako.

Nafarroako Foru Komunitatean musikako lanbide ikasketen kalifikazio-liburua eskatu, erregistratu, bete eta zaintzeari buruzko Arte Ikasketen Atalaren txostenak zehaztu du bidezkoa dela prozesu hori arautuko duten jarraibediak ematea .

Abenduaren 22ko 1577/2006 Errege Dekretuan Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak arautzen dituen musikako lanbide ikasketen curriculumaren oinarrizko alderdiak finkatzen dira. Aipatu errege dekretuaren 15. artikuluak kalifikazio-liburua ebaluazio dokumentu gisa hartu eta oinarrizko dokumentu izaera ematen dio. 16. artikuluan ezarritakoarekin bat, kalifikazio-liburua aipatu errege dekretuaren III. eranskinean ezarritako eredu eta ezaugarrietara egokituko da eta hezkuntza administrazioek emanen dute argitara. Azken hauei dagokie aipatu dokumentuaren eskaera eta erregistro prozedura ezartzea.

Martxoaren 19ko 21/2007 Foru Dekretuak musikako lanbide ikasketen curriculuma ezarri du. Halaber, Ikasleak ebaluatu, mailaz igo eta haiei titulua emateko era arautzen duen ekainaren 12ko 91/2006 Foru Aginduak, kalifikazio-liburua ebaluazio dokumentu gisa ezartzen du, ikasketa espediente pertsonalarekin, ebaluazio aktekin eta banakako ebaluazio txostenekin batera.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehena.-Nafarroako Foru Komunitatean musikako lanbide ikasketen kalifikazio-liburua eskatu, erregistratu, bete eta zaintzeko jarraibideak onestea. Hona hemen:

I.-Musikako lanbide ikasketen kalifikazio-liburuaren ezaugarriak.

1. Musikako lanbide ikasketen kalifikazio-liburuak ikasleak espezialitate jakin batean egindako musikako lanbide ikasketak, lortutako kalifikazioak eta ikasketen iraupenari buruzko informazioa islatzen ditu. Halaber, musikako lanbide ikasketak eskaintzen dituzten ikastetxeen arteko ikasleen ikasketa eta lanbide mugikortasuna ahalbidetu eta bermatzen duen oinarrizko dokumentua da.

2. Kalifikazio-liburua espezialitate bakar bateko ikasketei buruzkoa izanen da. Espezialitate bat baino gehiago ikasten ari diren ikasleei dagokienez, liburu bat beteko da ikasten ari den espezialitate bakoitzeko.

3. Musikako lanbide ikasketen kalifikazio-liburua ikaslea matrikulatua dagoen ikastetxean gordeko da, eta ikasketak bukatutakoan musikako lanbide titulua eskatzerakoan emanen zaio interesdunari.

II.-Musikako lanbide ikasketen kalifikazio-liburuaren eskaera.

1. Kontserbatorio Profesionaletako zuzendariek urriaren lehendabiziko hamabostaldian Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuan aurkeztuko dute kalifikazio-liburuaren eskaitzaile diren ikasleen zerrenda, ebazpen honen I. eranskinaren ereduari jarraikiz.

2. Ikastetxe pribatuetako zuzendariek, aurreko atalean aipatutako zerrenda, atxikiak dauden Kontserbatorio Profesionalean aurkeztuko dute, eta bertako zuzendariak, bere oniritziarekin, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igorri beharko du.

3. Ez-ohiko egoeraren bat dela eta, ikasleren batendako kalifikazio-liburu baten bikoizketa eskatzen bada, ikastetxeetako zuzendariek II. eranskineko ereduarekin bat eginen dute eta idazkia erantsiko dute eskaeraren arrazoiak azalduz. Liburu berria luzatuta, oharrak jasotzeko diren 31. eta 32. orrialdeetan, ebazpenaren III. ereduarekin bat datorren eginbidea jarriko da.

III.-Kalifikazio-liburuaren erregistroa.

1. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak musikako lanbide ikasketen kalifikazio-liburuak erregistratu eta banatuko ditu.

2. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ikasturte bakoitzean ikastetxeei igorriko zaizkien kalifikazio-liburuen erregistroa sortu eta zaintzeko ardura izanen du. Erregistroa urtero eguneratuko da. Horretarako, ikastetxeen eskaerak jaso eta gero, eskatutako liburu bakoitzeko erregistro autonomikoaren zenbakia esleituko zaio.

Erregistroaren zenbakitzea honela eginen da: ikasturteko lehenengo kalifikazio-liburua 1 zenbakiarekin erregistratuko da eta modu korrelatiboan jarraituko da aipatu ikasturtean erregistratutako azken liburuaren zenbakira iritsi arte; zenbaki honi liburua eskatu den urtearen azken bi zenbakiak erantsiko zaizkio, gidoi batez banatuak.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak musikako lanbide ikasketen kalifikazio-liburuen erregistroan urtero egindako erregistro autonomikoaren kopia bat artxibatuko du.

3. Ikastetxeek Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzutik jasoko dituzte kalifikazio-liburuak, ikastetxe bakoitzari esleitutako erregistro autonomikoaren kopiarekin batera. Liburuak ikastetxearen idazkaritzan gorde beharko dituzte. Halaber, Kontserbatorio Profesionalek atxikita dituzten ikastetxe pribatuei esleitutako erregistro autonomikoaren kopia jasoko dute.

IV.-Kalifikazio-liburua bete eta zaintzea.

1. Musikako lanbide ikasketak egiteko ikaslea matrikulatzen den ikastetxeak ikasleen kalifikazio-liburuak bete eta zaintzeko ardura izanen du, eta baita aipatu liburua irekitzeko ere, ikaslea lehendabiziko aldiz matrikulatu bada.

2. Datuak betetzerakoan akatsa egonez gero, zuzenketak idazkariaren sinadura izanen duen eginbidearen bidez frogatu beharko dira, ahal izanez gero orrialde berean, hutsik geratzen diren tarteetan, edo bestela oharretarako erreserbatutako orrialdean.

3. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari dagokio musikako lanbide ikasketen kalifikazio-liburua bete eta zaintzeari buruzko zalantzak argitzea eta aholkuak ematea.

Bigarrena.-Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntza kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Hirugarrena.-Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Laugarrena.-Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Ikasketak Antolatzeko Atalera, Arte Ikasketen Atalera eta "Pablo Sarasate" Musika Kontserbatorio Profesionalera, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2008ko urriaren 22an.-Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusia, Pedro González Felipe.

I. ERANSKINA

Musikako lanbide ikasketen kalifikazio-liburuen eskaera.

Ikastetxea: Herria , Nafarroako Foru Komunitatea.

Ikastetxearen helbidea:

Izena: , aipatu ikastetxeko zuzendariak, ondoren azaltzen diren ikasleendako musikako lanbide ikasketen kalifikazio-liburuak luza daitezela eskatzen du, zerrendan azaltzen diren filiazio, sorleku eta sortegunari buruzko datuak NANean (edo familia liburuan, NANa ez duten ikasleen kasuan) agertzen direnekin bat datozela adieraziz.

.................., 20.....(e)ko ...............aren .....(e)an.

Zuzendaria

(Ikastetxeko zigilua)

(1) Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak bete beharrekoa.

II. ERANSKINA

Musikako lanbide ikasketen kalifikazio-liburuak bikoizteko eskaera

Ikastetxea: Herria , Nafarroako Foru Komunitatea.

Ikastetxearen helbidea:

Izena: , aipatu ikastetxeko zuzendariak, ondoren azaltzen den ikasleendako musikako lanbide ikasketen kalifikazio-liburuen bikoizketa eskatzen du, eskaerari bide ematen dioten inguruabarrak erantsitako idazkian azalduz.

................(e)n, 20.....(e)ko ...............aren .....(e).an

Zuzendaria

(Ikastetxeko zigilua)

(1) Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak bete beharrekoa.

III. ERANSKINA

Eginbidea

Jasota gera dadin, data honekin, kalifikazio-liburu honen bikoizketa luzatzen du (1):

data hau baino lehen bere ikasketa espedientean jasota dauden ebaluazioaren emaitzak dagozkien orrialdeetara eramanez

..............(e)n, 20.....(e)ko ...............aren .....(e)an.

O. E.

Zuzendaria, Idazkaria,

(Ikastetxeko zigilua)

Sinadura: ...................... Sinadura: ......................

(1) Bikoizketaren arrazoia azaldu.

Iragarkiaren kodea: F0816611