142. ALDIZKARIA - 2008ko azaroaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

163/2008 FORU AGINDUA, urriaren 22koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, alemanezko, frantsesezko eta euskarazko hizkuntza ikasketen oinarrizko mailako ziurtagiria lortzeko proba homologatuak arautzen dituena eta ziurtagiri hori lortzeko 2009ko deialdiak onesten dituena. Ikasketa horiek martxoaren 19ko 22/2007 Foru Dekretuak arautu zituen.

LOEren lehenbiziko xedapen gehigarriarekin bat eta abenduaren 29ko 1629/2006 Errege Dekretuak finkatutako curriculumeko oinarrizko alderdietatik abiaturik, Hezkuntza Departamentuak alemanezko, euskarazko, frantsesezko, ingelesezko eta italierazko oinarrizko eta erdiko mailen curriculumak garatu zituen Nafarroako Foru Komunitatean, martxoaren 19ko 22/2007 Foru Dekretuaren bidez.

Hizkuntza ikasketetan sartzeko, hamasei urte beterik izan behar dira ikasketak hasten diren urtean. Martxoaren 19ko 22/2007 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriak, abenduaren 29ko 1629/2006 Errege Dekretuaren lehenbiziko xedapen gehigarrian adierazitakoa bilduz, ezartzen duenez, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak zilegi izanen du proba homolagatuak antolatzea, Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako ikasleek ikasi dituzten hizkuntzen jakite maila frogatzen duen ziurtagiri ofiziala emateko. Hori guztia kontuan hartuta, Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzuko zuzendariak proposatu du proba homologatu horiek antolatzea eta horretarako deialdia egitea, Bigarren Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan adinaren baldintza betetzen ez duten ikasleentzat.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Alemanezko, frantsesezko eta euskarazko hizkuntza ikasketen oinarrizko mailako ziurtagiria lortzeko proba homologatuak antolatzea, hamasei urtetik beherako ikasleentzat, adinaren baldintza betetzen ez dutenez ez baitute aukerarik hizkuntza eskola ofizialetako ziurtagiri horiek lortzeko.

2. 2009an oinarrizko mailako ziurtagiria lortzeko ekainean eta irailean eginen diren proba homologatuetarako deialdia egitea.

3. 2009ko deialdietako oinarriak, ebazpen honen eranskinean heldu direnak, onestea.

4. Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzua probak antolatu eta garatzeko kontrolaren arduradun izendatzea. Proba horiek Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren bitartez eginen dira.

5. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

6. Foru agindu hau eta eranskina igortzea Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusira, Ikuskapenaren eta Zerbitzuen Zuzendaritza Nagusira, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusira, Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzura, Antolamendu eta Berrikuntza Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Atzerriko Hizkuntzen Atalera, Ikasketak Antolatzeko Atalera eta hizkuntza eskola ofizialetara, behar diren ondorioak izan ditzaten.

7. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta, biharamunetik, hilabeteko epean.

Iruñean, 2008ko urriaren 22an.-Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Pérez-Nievas López de Goicoechea.

ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

1. oinarria. Betebeharrak.

a) Azterketa horretara aurkez daitezke hamasei urte beterik ez dituzten ikasleak, baldin eta ikasturte honetan Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialarekin elkarlanean ari diren Bigarren Hezkuntzako edo Lanbide Heziketako ikastetxeetan matrikulatuta badaude eta probaren xede den hizkuntza ikasten ari badira.

b) Hizkuntza horrexetan aldi berean beste hizkuntza eskola ofizial batean matrikulatuta dauden ikasleak ezin izanen dira matrikulatu.

Norbaitek, ezgaitasunen bat duelako, probak egiteko zailtasunak baditu, azterketetarako baldintza bereziak jartzeko eskaera egin dezake. Nahi hori izena emateko eskaeran egokiro adierazi behar da.

2. oinarria. Azterketaren helburua.

Oinarrizko maila lortzeko proba homologatuak izangaiek helburu komunikatibo orokorretarako lau hizkuntza trebetasun nagusietan duten gaitasuna ebaluatzeko diseinaturiko proba batzuek osatzen dituzte.

Oinarrizko mailari dagozkion ikasketak 22/2007 Foru Dekretuaren I. eta II. eranskinetan ezarri dira Foru Komunitaterako, eta erreferentzia gisa hartzen dute Europako Kontseiluaren A2 maila, maila hori Hizkuntzen Europako Marko Bateratuan zehazten den moduan.

3. oinarria. Azterketaren egitura.

Azterketak lau zati ditu. Irakurriaren ulermenaren proba, ahozkoaren ulermenarena eta idazmenarena saio berean eginen dira. Mintzamena neurtzeko proba beste saio batean eginen da. Proba bakoitza banaka eginen da, multzotan batu gabe (idatzia/ahozkoa), eta ez da proba baztergarririk izanen.

Ikasle guztiek proba guztiak egin ditzakete, izan ere, ezein proba gainditzea ez da baldintza izanen hurrengoak egin ahal izateko. Azterketa osoa ganditzeko eta, horrenbestez, ziurtagiria lortzeko, azterketa osatzen duten lau probak gainditu beharko dira.

4. oinarria. Proben balorazioa.

Probaren emaitzari buruz ikasleei emanen zaien informazio orrian gai edo ez-gai kalifikazio orokorra jarriko da.

Foru agindu honetan azaltzen diren proba homologatuak gaindituz gero, hizkuntzaren erdiko mailara jotzeko aukera izanen dute.

5. oinarria. Agiriak eta izena emateko epeak.

a) Izena emateko epea 2008ko abenduaren 22an bukatuko da.

b) Izen emateak ekaineko deialdi arrunteko eta iraileko deialdiko azterketetarako balioa izanen du.

c) Izen ematea NUHEOren bitartez eginen da, agiri hauek aurkeztuz:

-Izen ematearen eta azterketa eskubideak ordaindu izanaren inprimakia, behar bezala betea eta Nafarroako Kutxak zigilatua, zenbatekoa argi azalduta.

-Azterketa eskubideengatik ordaindutako diruaren gordekina.

-NANaren fotokopia.

-Argazki bat.

-Familia liburuaren fotokopia, bidezkoa bada.

-Familia ugariaren txartela, bidezkoa bada.

d) Azterketa eskubideak.

Azterketa eskubideengatik martxoaren 14ko 39/2008 Foru Aginduak ezarritako zenbatekoa ordainduko da. Agindu horrek Hezkuntza Departamentuaren menpeko irakaskuntza ez-derrigorrezkoen tarifak eta ikasleen egoitzetako prezioak finkatu zituen.

e) Izena eman duten ikasleak elkarlaneko zein ikastetxetan dauden matrikulatuta, horietara bidaliko da beren izenak biltzen dituen zerrenda.

6. oinarria. Azterketa egunak.

NUHEOk elkarlanean ari diren ikastetxeen bitartez jakinaraziko die ikasleei ekaineko eta iraileko azterketak zein egunetan eginen diren.

Azterketa idatziak finkoak dira eta ezin da aldaketarik egin.

7. oinarria. Azterketako lau proben ezaugarriak.

Alemanezko, euskarazko eta frantsesezko oinarrizko mailako proba homologatuak indarreko araudian ezarritako kasuan kasuko zehaztapenei jarraikiz arautuko dira ondorio guztietarako.

8. oinarria. Izangaien eginbeharrak.

-Azterketako ikasgelan eskatutakoan, izangaiek NANa, pasaportea edo haien nortasuna frogatzeko beste agiri bat aurkeztu beharko dute.

-Izangaiek garaiz iritsi behar dute eta deialdian finkatzen den orduan egon beharko dute azterketa egiteko gelan.

-Izangaiek bolaluma urdina edo beltza erabiliko dute azterketa egiteko. Lapitzez egindako probak ez dira zuzenduko.

-Idazteko materialaz beste tresnarik ezin da eduki mahai gainean.

-Sakelako telefonoak itzalita eduki beharko dira.

9. oinarria. Erreklamatzeko eskubidea.

Probako trebetasun guztietan edo baten batean lorturiko kalifikazioarekin ados ez badago, ikasleak behar diren argibideak eska ditzake eta, beharrezkoa izanez gero, idatzizko erreklamazioa ere jartzen ahalko du, uztailaren 4ko 88/2007 Foru Aginduaren 19. artikuluan ezarritako moduan (2007ko abuztuaren 29ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa).

Iragarkiaren kodea: F0816699