142. ALDIZKARIA - 2008ko azaroaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

559/2008 FORU AGINDUA, urriaren 29koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, larreak hobetu eta oihan lanak egiteko suaren erabilerarako baimenak emateari buruzko araubide berezia ezartzen duena.

13/1990 Foru Legeak, abenduaren 31koak, Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzkoak eta otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legeak, aurrekoa aldatzen duenak, mendietan eta oihan lurretan sua erabiltzea debekatzen du.

Hala ere, otsailaren 21eko 3/2007 Legearen 40.3 artikuluak ezartzen du, salbuespen gisa, suaren erabilera baimendu dezakeela oihan edo nekazaritza kudeaketarako tresna gisa, haren ordez beste bitartekorik erabiltzerik ez dagoenean.

Hartara, larreak hobetu eta oihan lanak egiteko tresna gisa suaren erabilerarako baimenak emateko araubidea ezarri nahi da foru agindu honen bidez.

Gaur egun ere sua erabiltzen da larreak hobetzeko, landa eremuko toki askotan oso erroturik dagoen ohitura baita, baina beste alternatiba batzuk sustatzen dira, hala nola garbiketa mekanikoa.

Azken horiek errotu artean, bidezkoa da larreak hobetzearren sua erabili aurretiko baimenak emateko araubidea ezartzea, ezbairik gabe, oihaneko suteak sortzeko arriskua gutxiagotzeko baliagarri izanen baita.

Bestalde, zenbait oihan lanetan beharrezkoa da hondakinak erreta suntsitzea, ezinezkoa baita modu zentzuzkoan suaren ordez beste baliabiderik erabiltzea.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak larreak hobetu eta oihan lanak egiteko suaren erabilerarako baimenak emateko araubide berezia honako prozedura honi lotuko zaio:

a) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan aurkeztuko da eta han egiaztatuko da suaren ordez beste baliabiderik erabiltzea ezinezkoa dela; horrekin batera, larreak hobetzeko izanez gero, erre beharreko gunearen abeltzaintza karga zein den ere adieraziko da. Eskaera egiteko inprimakia Oihanak Kudeatzeko Ataleko bulego nagusietan (Armada etorbideko 2an), edo eskualdeko bulegoetan eskuratzen ahalko da. Eskabideari katastro planoaren fotokopia erantsi beharko zaio, erre nahi den finka ongi zehaztuta gera dadin. Eskatzailea nahitaez pertsona fisikoa izanen da eta izena, deiturak, helbidea eta NAN zenbakia argi eta garbi agertuko dira eskabidean.

b) Eskabideak aurkezteko epea 2009ko martxoaren 13an amaituko da.

c) Baimena ematen bada, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak horren berri emanen die interesdunari, kasuan kasuko udalari, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko basozainei, Foruzaingoari eta Nafarroako Larrialdietako Agentziako Aurreneurri, Su-itzaltze eta Salbamendurako Zuzendaritzari, eta Guardia Zibilaren Komandantziari, Sepronari, eta erreketak nahi gabeko ondorio kaltegarririk sor ez dezan beharrezkoak diren jarraibideak jakinaraziko dizkie.

2. artikulua. Erreketak foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik 2009ko apirilaren 20ra bitarte egiteko baimenduko dira.

3. artikulua. Ez da larreak erretzeko baimenik emanen, azken aldiz erre zirenetik gutxienez bost urte iragan ez badira. Halaber, ez da baimenik emanen erretzea ez den beste metodorik erabil daitekeenean larreak hobetzearren.

4. artikulua. Erreketa baimenak Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendariak emanen ditu.

5. artikulua. Erreketa baimenduetan neurri hauek hartuko dira:

a) Erreketa egin behar den egunean erretzeko gunetik hurbilen dagoen Suhiltzaileen Parkeari horren berri eman beharko zaio, egun horretan erretzeko baimenik ote dagoen egiaztatzeko. Halaber, finkaren kokapena jakinarazi beharko zaio.

b) Baimenaren xede den landaredia baizik ez da erre ahal izanen, eta guztiz debekatuta dago erre beharreko guneetan edo horien mugetan dauden zapaldak, errekak, ezpondak, erretenak, zuhaitz bakartuak edo zuhaizti txikiak erretzea.

c) Erreketa ez da goizeko 9:00ak baino lehenago hasiko eta arratsaldeko 17:00etako bukatua izan beharko du.

d) Haizea zuhaitzen goiko aldea astintzen hasten bada, ez da deus ere erreko eta erretzen hasi eta gero altxatzen bada haizea, bertan behera geldituko da erreketa eta sua itzaliko da. Kantauri aldeko isurialdean ez da erreketarik eginen haizerik indartsuena haize hegoa bada, edozein izanik ere haren abiadura, eta, horretaz gain, bero handia egiten badu eta aurreko bi egunetan edo gehiagotan euririk egin ez badu.

e) Errepideetatik hurbil ez da surik piztuko; suak errepide bazterra hartu badu, itzaliko da, haizeak kea errepide aldera igortzeagatik bide segurtasuna arriskuan jartzen denean.

f) Su eman aurretik, erretzeko gunetik erreketa bukatu ondoan ezkutuko berogunea manten dezaketen landare erregai edo antzeko izaerako gai guztiak kenduko dira.

g) Erreketa bitartean gutxienez bost pertsonak egon beharko dute han; erreketaren arduradunak hautatuko ditu pertsona horiek eta sua kontrolatu beharko dute; hantxe egon beharko dute erabat itzali arte eta sugar edo txingarrik ikusten ez dela bi ordu iragan arte. Pertsona horiek sua itzaltzeko esku tresna egokiak eduki beharko dituzte eta ahal dela, ura eta sakelako telefonoa.

h) Erre beharreko eremuaren inguru osoan suebaki bat egin beharko da, lau metro zabal gutxienez. Landareak lurraren mailan moztuko dira eta gelditzen diren hondarrak kanpora botako. Basoak su hartzeko arriskua baldin badago, landaredi guztia kenduko da lurzoru minerala agerian utzi arte. Lurraren ezaugarriak direla kausa, zerrenda hori egitea ezinezkoa gertatzen bada, arreta berezia jarriko da suak iragan ez dezan erre gogo den azaleraren ingurua.

6. artikulua. Erreketaren ardura izanen duten pertsonek baimena han bertan beharko dute izan, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko landa langileek, Foruzaingoak edo Guardia Zibilak hala eskatuz gero erakutsi beharko diete.

7. artikulua. Erreketarik egiten bada arestion aipatu prebentzio neurriak hartu gabe, Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legearen eta aurrekoa aldatzen duen otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legearen arabera zehatuko da.

8. artikulua. Ez da baimenik beharko ereindako larreetan moztu eta behar bezala pilatutako sasitzak erretzeko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Indarrik gabe gelditu dira foru agindu honetan ezarritakoaren kontrakoak diren maila bereko xedapen guztiak.

Bigarrena.-Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2008ko urriaren 29an.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

Iragarkiaren kodea: F0817034