142. ALDIZKARIA - 2008ko azaroaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

974/2008 EBAZPENA, urriaren 28koa, Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiak emana, baldintzak ezartzen dituena Nafarroako oinarrizko sareko siloak zerealekin hein batean eta aldi baterako okupatzeko baimenak lortzeko, konkurrentzian (Iruña, Tafalla, Caparroso eta Lerín).

Abenduaren 18ko 2654/1985 Errege Dekretuaren bidez Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatu ziren nekazaritza, abeltzaintza eta mendi arloetako zerbitzuak.

Gero abuztuaren 1eko 1327/1997 Errege Dekretuaren bidez Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatutako nekazaritza arloko zerbitzuei atxikitako bitartekoak osatu eta handitu ziren (Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsa -NBEUF-). Aipatutako errege dekretuaren 3. atalarekin bat, Estatuko Administrazio Orokorrari dagokio eta berak gauzatuko du produktuen eta laguntzen kudeaketa, baldin eta horien helburua bada beren izaeragatik Estatuaren esku-hartzea behar duten nekazaritza eta abeltzaintza merkatuetan esku hartzea edo horiek arautzea. Halaber, esportazioaren itzulketak eta Europar Batasunarekin lotutako funtzioak ere badagozkio.

Aipatutako errege dekretuaren eranskinaren 5. atalarekin bat, Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatu ziren Nafarroako oinarrizko sareko siloak.

Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtseko Zuzendaritza Nagusiaren 1997ko irailaren 12ko Ebazpenak hala xedatuta argitaratu zen Espainiako Aldizkari Ofizialean merkatuetan esku hartzeko eta horiek arautzeko jarduketen kudeaketa Nafarroako Foru Komunitateari esleitzen dion hitzarmena (1997ko 234. Espainiako Aldizkari Ofiziala, irailaren 30ekoa).

Hitzarmen horren zazpigarren baldintzan ezartzen da Nafarroak, zerealen erosketa eta biltegiratzea kudeatzeko, bere lurralde-eremuan erabilgarri izanen duela, berehalakoan esku hartzeko, 50.150 tona biltegiratzeko lekua, oinarrizko sareko siloak dauden udalerrietan (eskualdatzeko akordioan zehaztu ziren silo horiek).

Ondoren, Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsaren 2006ko irailaren 11ko Ebazpenaren bidez, xedatu zen Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako ministroaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko elkarlan hitzarmena argitaratzea. Horren bidez nekazaritza merkatuetan esku hartzeko oinarrizko biltegiratze sarea aldatu eta sare berri bat ezarri zen (2006ko 230. Espainiako Aldizkari Ofiziala, irailaren 26koa).

Aldaketa harekin bat, Iruña, Tafalla, Caparroso eta Leríngo siloek osatzen dute Nafarroako biltegiratzeko oinarrizko sarea, eta 7.500, 15.000, 3.800 eta 4.800 tonako edukiera dute hurrenez hurren. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari atxikirik daude higiezin horiek.

Zerealen merkatuaren erregulazioa lortzea da siloen sare horren helburua, prezioak muga batetik behera egiten duenean esku hartuta.

Gero eta gutxiagotan esku hartzen da merkatuetan, eta, gaur egungo egoeran, aurreikusten da etorkizunean deus gutxi esku hartuko dela, nekazaritzaren bilakaeraren ondorioz eta gero eta zorrotzagoa den arautegiaren ondorioz.

Krisi egoerak edo merkatuaren nahaste larriak gertatzen badira eta beharrezkoa bada Nafarroako Foru Komunitateak presaz esku hartzea, bermaturik egon behar du biltegiratzeko unitateak eskura egonen direla. Baina, presaz esku hartu ahal izatea bermaturik, komeni da siloei ahalik eta etekin handiena ateratzea eta sektoreak horiek erabil ditzala baimentzea, betiere horrek silo horien jatorrizko erabilera oztopatzen ez badu.

Ahalik eta erabilera zabalena izateko, egoki jotzen da biltegi horiek erabiltzeko nekazari batasunek lehentasuna izatea.

Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legeak (jabari publikoko ondasun eta eskubide publikoen gainean aplikazio ordeztailea duena, arau berezirik ez badago edo arau horiek aski ez badira, 83. eta 88. artikuluetan zehazten den moduan) xedatzen duenez, ondasunak zein departamenturi atxiki, departamentu horrek emanen ditu baimen horiek, eta berari dagokio baimena emateko baldintzak ezartzea.

Aipatutako siloak erabiltzeko baldintzen zerrenda idatzirik, txosten juridikoa aldekoa izanik eta kontu-hartzaile delegatuak espedientea azterturik, oharrik egin gabe eta inolako oztoporik adierazi gabe.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 22. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 124/2007 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Baldintzak ezartzea Nafarroako oinarrizko sareko siloak zerealekin hein batean eta aldi baterako okupatzeko baimenak lortzeko, konkurrentzian (Iruña, Tafalla, Caparroso eta Lerín).

2. Erabilera hori gobernatuko duen baldintzen zerrenda onestea. Interesdunen esku dago Nekazaritza Zerbitzuko bulegoetan (Tutera kalea 20, Iruña) eta www.navarra.es helbidean.

3. Indarreko Diru-sarreren Aurrekontuko "Siloen erabileragatiko diru-sarrerak" izeneko 710002-71220-3990-000000 kontu-sailaren kargura egotziko dira okupazio horren ondoriozko zenbatekoak.

4. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea.

5. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratzen denetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2008ko urriaren 28an.-Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Guembe Cervera.

I. ERANSKINA

Nafarroako oinarrizko sareko siloak erabiltzeko baldintzak

I.-Xedea

1. Baldintzen zerrenda honen xedea da hirugarrenek Nafarroako oinarrizko sareko honako silo hauek hein batean eta aldi baterako erabiltzeko baldintzak ezartzea:

-Tafallako 27. poligonoko 29. lurzatian dagoen siloa.

-Caparrosoko 3. poligonoko 447. lurzatian dagoen siloa.

-Leringo 1. poligonoko 1099. lurzatian dagoen siloa.

-Iruñeko 4. poligonoko 2691. lurzatian dagoen siloa.

2. Gela bertikalak erabiltzen ahalko dira bakarrik, ez erabilera administratiborako guneak.

3. Aurreko atalean xedatutakoa gorabehera, Nafarroako oinarrizko sarearen siloak izanik, bermatu behar da, baldin eta krisi egoerak edo merkatuaren nahaste larriak gertatzen badira eta beharrezkoa bada Nafarroako Foru Komunitateak presaz esku hartzea, berehalakoan eskura egonen direla.

II.-Onuradunak.

1. Nekazaritza sektoreko pertsona fisikoek nahiz juridikoek edo nekazaritzarekin lotutako jarduerak dituztenek erabiltzen ahalko dituzte siloak, betiere helbide soziala Nafarroako Foru Komunitatean baldin badute.

2. Eskaerak baloratzerakoan lehentasun hauek izanen dira:

A.-Elkarteak, eta horien barnean:

A. 1.-Siloa bazkideek ekoitzitako zerealak biltzeko erabiltzea.

A. 2.-Elkarteak merkaturatutako zereal bolumena.

B.-Elkarteak ez direnen kasuan, aurreko kanpainan merkaturatutako nahiz manufakturatutako zereal bolumenari emanen zaio lehentasuna.

III.-Eskaerak.

1. Silo bat aldi baterako erabiltzeko baimena lortzeko, interesdunek eskaera idatziz egin beharko dute, baldintzen zerrenda honi gehitutako III. eranskineko ereduarekin bat, eta eskatzen den biltegiratze unitatea edo unitateak adierazi beharko dira. Unitate bat baino gehiago eskatzen bada, lehentasunaren ordena adierazi beharko da.

2. Eskabideari agiri hauek erantsiko zaizkio, jatorrizkoak nahiz notario batek edo administrazioak kautotutako kopiak:

a) Nortasuna egiaztatzen duten agiriak:

-Eskatzailea pertsona juridikoa izanez gero, eraketaren eskritura eta, egoki bada, aldaketarena, merkataritza erregistroan behar bezala inskribaturik, betiere hori eskatzen ahal bada aplikatzekoa den merkataritza legeriarekin bat. Baldintza hori eskatu ezin bazaio, eraketaren, aldaketaren, estatutuen edo fundazio aktaren eskritura edo dokumentua ekarri beharko da, eta jarduera gobernatzen duten arauak jaso beharko dituzte, dagokion erregistro ofizialean inskribaturik, egoki bada.

-Eskatzailea pertsona fisikoa bada, Nortasun Agiri Nazionala aurkeztu beharko du, edo arauz ordezkoa dena.

-Interesdunaren izenean eskaera sinatzen duen pertsonaren aldeko ahalordea, eta nortasun agiri nazionala edo ahaldunarena, arauz ordezkatzen badu. Eskatzailea pertsona juridikoa bada, ahalordea Merkataritza Erregistroan inskribaturik egonen da, baldin eta aplikatzekoa den merkataritza legeriak eskatzen badu.

b) Eskaera egin aurreko urteko jardueren oroitidazki laburra, zerealaren sektoreari dagokiona. Merkaturatutako edo manufakturatutako zereal kantitatea adierazi beharko da.

c) Biltegiratzeko dauden giza baliabideak adieraziko dira.

d) Nafarroako Foru Komunitatearen Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren ziurtagiria, eskatzaileak edo elkarte eskatzaileak Nafarroako Foru Ogasunarekin zerga arloko betebeharrak eguneraturik dituela frogatzen duena, eskabidea aurkezteko epea bukatu baino gehienez hiru hilabete lehenago emana.

f) Gizarte Segurantzaren ziurtagiria, eskatzaileak edo elkarte eskatzaileak indarreko xedapenen arabera Gizarte Segurantzarekin dituen betebeharrak eguneraturik dituela frogatzen duena, eskabidea aurkezteko epea bukatu baino gehienez sei hilabete lehenago emana.

3. Prozedurari ekiteko ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean aurkeztuko dira eskaerak, Nekazaritza Zerbitzuari zuzenduak, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren erregistroan aurkezten ahalko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aurreikusitako lekuetako edozeinetan.

2009ko kanpainarako, ebazpen hau argitaratzearekin hasiko da eskaerak egiteko epea.

4. Aurkeztutako dokumentazioa osagabea bada edo akatsen bat baldin badu, interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean akatsa zuzen dezala edo exijitutako dokumentuak erants ditzala. Hala egiten ez badu eskaera ezetsi eginen da, beste tramiterik gabe.

IV.-Onuradunak hautatzea.

1. Aurreko atalean adierazitako baldintzak betetzen dituzten eskaerak aztertuko ditu Nekazaritza Zerbitzuak, eta, horien arabera eta II. atalean xedatutakoaren arabera, eskaeren ezespena edo onespena proposatuko du. Onestekotan, silo bakoitzeko pertsona fisiko edo juridiko bakarra onetsiko du.

2. Lehenbiziko aldian gehienez bi silo baimentzen ahalko dira onuradun bakoitzeko; hala ere, gero silo gehiago ere baimentzen ahalko dira, eskaera baliodun gehiago aurkezten ez bada.

3. Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez emanen da baimena. Hartan erabiltzen hasteko epea zein egunetan hasiko den adieraziko da. Hori dena, galarazi gabe interes publikoko arrazoiengatik prozedura bertan behera uzteko aukera, baimena eman aurreko edozein unetan.

4. Baimena emateko ebazpenaren berri eman eta hamabost eguneko epean, onuradunek bermea eratu beharko dute, urteko ordainaren zenbatekoaren ehuneko 20rekin. Silo bat baino gehiago aukeratzen bada, fidantza bakarra eratuko da, eta horretarako ordain handiena hartuko da aintzat.

Berme hori zuzenbidez onartutako edozein modutan eratzen ahalko da, eta onuradunaren betebeharren erantzule izanen da, bereziki hauei dagokienez: ondasunaren erabileraren ondoriozko gastuak, ondasuna mantentzea eta zaintzea, ordaina pagatzea, eta hala badagokio, ondasunak aldatu izanaren ondoriozko kalteen ordainak. Sortutako gastu eta kalte-ordain guztiak ordaintzeko aski ez bada, onuradunaren ondarearen kontura ordaintzen ahalko da diferentzia, premiamendu bidez. Berme hori eratzen ez bada, baimena ezeztatu eginen da.

V.-Erabiltzeko baldintza orokorrak.

1. Onuradunek siloak beren eginkizun horretarako baizik ez dituzte erabiliko. Soilik onuradunarenak eta bere jarduerakoak diren elikagaiak biltegiratzen ahalko dira.

2. Urte natural baterako emanen da baimena, eta urtez urte luzatzen ahalko da bi aldeen artean akordioa izanez gero. Bi aldeetako edozeinek epea bukatu baino lehen bukaera eman nahi badio, gutxienez hilabete lehenago jakinarazi beharko da. Bi aldeetako batek ere ez badu jakinarazten baimenaren epea ez luzatzeko nahia, esan gabe luzatuko da.

Dena dela, oinarrizko sareko siloak izanda, hasierako epea nahiz luzatutakoa aldez aurretik buka daiteke siloak berehalakoan eskura izan behar badira, baldintzen zerrenda honen I. atalean xedatutakoarekin bat, eta, horrelakoetan, onuradunak ez du kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik izanen, galarazi gabe kontraprestazioari buruzko VII. ataleko 3. puntuko 2. paragrafoan xedatutakoa.

Kasu horretan, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak hala eskatuta eta berak adierazitako epean, siloa libre geldituko da, hutsik eta aipatutako departamentuaren esku.

3. Erabileraren ordain, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak honako kantitate hauek jasoko ditu 2009. urtean:

TAFALLA 15.000 20.000,00 3 60.000

CAPARROSO 3.800 5.000,00 3 15.000

IRUÑA 7.500 10.000,00 3 30.000

LERIN 4.800 6.400,00 3 19.200

Zenbateko horiek Nafarroako Kontsumorako Prezioen Indizearekin eguneratuko dira urtero, urteko abenduaren 31n. Eguneratze hori eginen da biltegiratutako metro kubikoko prezioaren berrikuspenak galarazi gabe, zeinak zerealen prezioen bilakaeraren arabera egiten ahalko diren, merkatuan eragin makurra ez izateko.

Zenbateko horren ordainketa aldez aurretik eta hiruhilekoka eginen da (urtarrila, apirila, uztaila eta urria) dagokion hilabeteko lehenbiziko bost egunen barnean, baimenaren ebazpenean adierazten den moduan.

4. Onuradunaren kontura izanen dira siloen kudeaketa eta mantentzea, erabiltzen den bitartean sortzen diren gastu guztiak barne, eta erabiltzeko egoera, garbitasun, higiene eta itxura ezin hobean mantentzearen erantzule izanen da bera. Horretarako behar diren neurriak hartu eta beharrezko konponketa arruntak eginen dira, bere kontura.

Orobat, onuradunak instalazio guztietako makinak erabiltzeko moduan mantenduko ditu, bai mekanikoak bai elektrikoak, eta II. eranskinean zehazten diren jarduketak gauzatuko ditu.

5. Higiezinari dagozkion gastuen eta horniduren (elektrizitatea, ura, telefonoa etab.) ordainketa onuradunaren kontura izanen da.

6. Onuradunak ezin izanen ditu egin aparteko obrak nahiz hobekuntzak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak aldez aurretik baimena eman gabe. Baimenik gabe egindakoak onuradunaren kontura izanen dira, galarazi gabe onuradunak bere kontura instalazioak lehengoratzeko betebeharra, departamentuak eskatuz gero.

7. Adostutako epea nahiz luzatutakoa bukatutakoan, edo, 2. baldintzarekin bat aldez aurretik amaitutakoan, onuradunek libre eta hutsik utzi beharko dute erabiltzen ari ziren siloa. Garbitu eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren esku utziko dute.

8. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak noiznahi ikuskatzen ahalko du higiezinaren egoera, baita ezarritako helburuak betetzen ari ote diren ere.

VI.-Produktuak biltegiratzeko baldintzak

1. Biltegiratutako produktuak behar bezala zaintzearen erantzule izanen dira onuradunak, eta bere kontura izanen dira produktuen galerak nahiz kalteak, bai biltegiratze nahiz siloen mantentze kaxkarrarengatik izan bai beste zergati batzuengatik izan (lapurreta, sutea etab.). Halaber, salgaien sarreren eta irteeren erantzule izanen dira, baita izakinen kontrolarena ere.

2. Onuradunaren langileek gauzatuko dituzte behar diren egiteko guztiak.

3. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko langileek gainbegiratuko dituzte egiteko horiek, beren lanaldiaren barnean, baina horrek ez du ekarriko salgaien gaineko erantzukizunik hartzea, ezta salgaien sarrera eta irteeraren gainekorik ere.

VII.-Amaiera.

1. Hasierako edo luzatutako epearen bukaeraz gain, aldeen arteko adostasunaz gain edo onuradunaren uko egiteaz gain honako hauek izanen dira baimena amaitzeko arrazoiak:

a) Hemen ezarritako baldintzak ez betetzea.

b) Lagapenak xede duen jarduera bertan behera uztea eta, beraz, lagapenaren helburuak ez betetzea.

c) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren baimenik gabe higiezinean obrak egitea.

d) Higiezinak, makinak eta instalazioak zaintzeko betebeharra ez betetzea.

e) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko langileen ikuskapena errazteari uko egitea.

2. Halaber, baimena noiznahi bukatzen ahalko da baldin eta siloak berez dituen helburuetarako erabili behar badira, V. 2 atalean ezarritakoarekin bat.

3. a) letratik e) letrara aipatutako zergatiengatik baimena bukatzeak ez du onuradunaren aldeko inolako kalte-ordain nahiz konpentsazio ekonomikorako eskubiderik sortuko. Orobat, ez-betetze horrek berekin ekar dezake etorkizuneko deialdietan siloak erabiltzeko aukera galtzea.

2. atalean xedatutakoarengatik gertatzen bada amaiera, onuradunak eskubidea izanen du, hala badagokio, kontraprestazio gisa aldez aurretik ordaindu eta gozatu ez duen hiruhilekoa.

II. ERANSKINA

Jarduketa orokorrak

-Aldian behin berrikuspenak eginen dira instalazioa guztiak (mekanikoak zein elektrikoak) zerbitzurako prest izateko, ondoren datorren mantentze-protokoloarekin bat.

-Hilabetean behin behintzat instalazioak martxan jarri eta izan daitezkeen arazoak kontuan hartu eta konpondu beharko dira.

-Presazko matxurak, elektrikoak zein mekanikoak, berehalakoan konponduko dira.

-Garbitasun orokor egokia izanen da instalazioetan. Horretarako erregulartasunez pasatuko da erratza, eta hautsa eta zikinkeria pilatzea saihestuko.

-Izan daitezkeen izurrien kontrol egokia izan beharko da, eta horretarako enpresa espezializatu baten zerbitzuak kontratatuko dira.

Mantentze protokoloa

1. Garraiagailu, jasogailu, hautsak xurgatzeko zentrifugatzaile, esklusa eta abarretako koipeztatze puntuak erregularki koipeztatzea.

2. Erreduzitzaile, konpresore eta abarren olio mailak egiaztatzea eta, behar izanez gero, olio gehiago jartzea, eta ixte-eraztunak berrikustea eta konpontzea, olio galerarik baldin badago.

3. Motorren eta erreduzitzaileen arteko akoplamendu hidraulikoen olio maila eta funtzionamendua ezin hobea dela egiaztatzea, eta, behar izanez gero, olio gehiago jartzea.

4. Instalazioaren (motorrak, garraiagailuak, jasogailuak etab.) errodamenduen funtzionamendua egokia dela egiaztatzea, eta horiek ordeztea baldin eta zurrunketak izan direla susmatzen bada, zarata arraroak badira edo desdoikuntzarik gertatzen bada.

5. Transmisio kateak, bankadetako tenkagailuak, garraiagailuen tenkagailuak eta jasogailuak egoera onean eta behar bezala labainduta mantentzea.

6. Motorrak eta erreduzitzaileak beren bankadetan ongi finkaturik daudela egiaztatzea.

7. Motorra-erreduzitzailea-akoplamendua-polea taldea behar bezala lerrokatuta egotea.

8. Transmisio kateak behar bezain tenkaturik daudela egiaztatzea.

9. Arraste-garraiagailuak eta jasogailuak behar bezala tenkatzea, eta jasogailuen putzupadak egoera onean eta ongi eutsirik daudela egiaztatzea.

10. Arrasera eta balbula guztiek, elektrikoek nahiz eskuzkoek, ongi funtzionatzen dutela egiaztatzea.

11. Erabiltzearen erabiltzeaz higatzeko joera duten hodiei, balbulei etab. arreta jarriko zaie. Zerbait hausten bada, pieza aldatuko da edo konponduko, ahal baldin bada.

12. Motor elektrikoek ongi funtzionatzen dutela (kontsumoak, potentzial-diferentzia etab.) eta behar bezain garbi daudela egiaztatzea.

13. Aginte-mahaiko elementu elektrikoek (erreleak, kontagailuak, etengailu automatikoak eta diferentzialak, seinaleztatzeko lanparatxoak etab.) ongi funtzionatzen dutela egiaztatzea.

14. Energia erreaktiboaren erreguladoreak eta kondentsadoreak ongi funtzionatzen dutela egiaztatzea.

15. Aginte-mahaiak eta bere osagaiak egoera onean mantentzea.

16. Siloan ezarritako korrontearen hartuneek, bai trifasikoek bai monofasikoek, ongi funtzionatzen dutela egiaztatzea.

17. Argiztapenaren instalazio elektrikoa berrikustea eta argi puntu guztiek, etengailuek etab. ongi funtzionatzen dutela eta garbi daudela egiaztatzea.

18. Ateak egoera onean daudela egiaztatzea, kanpokoak batez ere, eta irekitzeko eta ixteko dituzten arazoak konpontzea.

19. Leihoak egoera onean daudela egiaztatzea, kanpokoak batez ere (goiko pasillokoak eta dorrekoak).

20. Behar denean kristalak berriz ere jartzea.

21. Berrikuspenak eta behar diren jarduketak egitea itaxurei eta hezetasunei aurrea hartzeko edo horiek konpontzeko.

22. Beren ikuskaritza lanaren barnean Foru Administrazioko langile arduradunek iradokitzen dituzten berrikuspen eta mantentzeko lan guztiak egitea oro har.

III. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: .........................., NAN zenbakia: ........................., helbidea: ..............................................., nire izenean edo honako hau ordezkatuz: .........................................., NAN/IFK zenbakia: .................., helbidea: ............................, ezaguturik Nafarroako oinarrizko sareko siloak erabiltzeko baimena emateko prozedura,

Adierazten dut:

-Erabilera hori arautzen duen baldintzen zerrenda ezagutzen eta onartzen dudala, eta

Eskatzen dut:

-Honako biltegiratze unitate hau/hauek erabiltzeko baimena:

(Erabili nahi den siloa zehaztu, edo, bat baino gehiago baldin badira, lehentasunen ordena adierazi)

(Tokia, eguna eta sinadura)

Iragarkiaren kodea: F0816723