142. ALDIZKARIA - 2008ko azaroaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

162/2008 FORU AGINDUA, urriaren 27koa, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilariak emana, zuzenbideko lizentziadunentzako bi prestakuntza beka emateko deialdia onesten duena. Bekak Turismo Zuzendaritza Nagusian aritzeko dira (Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzua).

Apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezarri zen. Diru-laguntzak emateko prozedurari hasiera eman aurretik organo eskudunak deialdiaren arauak onartu beharko ditu, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko dira.

Turismo Zuzendaritza Nagusiak proposatu du unibertsitateko tituludunentzako bi prestakuntza beka emateko deialdia onestea; beka horiek Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuan aritzeko dira, eta haien xedea da onuradunen prestakuntza akademikoa osatzea ezagutza espezializatuekin eta esperientzia praktikoarekin, administrazio publikoen nahiz enpresa pribatuen eskaerei aurre egiteko gaitasuna eskura dezaten.

Horrenbestez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 126/2007 Foru Dekretuaren 2.2.a) artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Zuzenbideko lizentziadunentzako bi prestakuntza beka emateko deialdia eta haren oinarri arautzaileak onestea. Arauak foru agindu honen eranskinean ageri dira. Bekak Turismo Zuzendaritza Nagusian (Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzua) aritzeko dira.

2. 21.120 euroko gastua onestea, 2008ko gastuen aurrekontuko "Transferentzia arruntak praktiketako ikasleentzat" izeneko A10001- A1100-4800-432300 kontu-sailaren baliokidea den 2009ko Gastuen Aurrekontuko kontu-sailaren kargura, betiere horretarako diru aski baldin badago.

3. Foru agindu hau eta bere eranskinak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Nafarroako Gobernuari igorria, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2008ko urriaren 27an.-Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilaria, Juan Ramón Corpas Mauleón.

ERANSKINA

Zuzenbideko lizentziadunentzako bi prestakuntza beka emateko deialdia, Turismo Zuzendaritza Nagusian aritzeko (Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzua)

OINARRIAK

1.-Sorrera.

Turismo Zuzendaritza Nagusian bi prestakuntza beka sortu dira zuzenbideko lizentziadunendako, Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuan aritzeko.

2.-Iraupena.

Prestakuntza beken iraunaldia beka emateko ebazpenean adierazten den egunean hasiko da eta 2009ko abenduaren 31n bukatuko. Zernahi dela, organo eskudunak luzatzen ahalko ditu, Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuak eskatuz gero, gehienez hamabi hilabeteko epeetarako; hasierako prestakuntzaldiak eta luzapenek hiru urte hartuko dituzte gehienez, denak batuta.

3.-Zuzkidura ekonomikoa.

Prestakuntza bekaren zuzkidura 880 eurokoa da hilean. Diru hori edo, hala behar izanez gero, dagokion zati proportzionala hilabetea bukatutakoan ordainduko da.

Bekaren iraupena luzatuz gero, diru kopurua eguneratu eginen da, KPIak Nafarroan duen urteko aldaketa aplikatuz.

4.-Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Prestakuntza bekak hartzen ahalko dituzte, soil-soilik, ondoren azaltzen diren baldintza guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoek:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Dena den, Espainiako nazionalitatea ez dutenek gaztelaniaz behar adina badakitela frogatu beharko dute.

c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen laguntza eta diru-laguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea.

d) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdiaren eguna baino urte bat lehenagotik gutxienez.

e) Lehenengo arauan azaldu den unibertsitateko titulu ofiziala izatea, Espainiako agintariek emana edo homologatua.

f) Eskatutako titulua deialdi honen aurreko hiru urteetan eskuratu izana.

g) Bekaren prestakuntza jardueran aritzea galaraz dezakeen ezgaitasun fisikorik edo bestelako gaixotasunik ez izatea.

5.-Eskaerak eta agiriak aurkezteko epea.

Bekak deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta hamabost egun naturaleko epean eskatzen ahal dira.

Interesdunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Erregistroan (Navarrería 39, Iruña) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan ezarritako edozein bide erabiliz:

a) Eskabide-orria, lortu nahi duen beka adierazten duena.

b) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua.

c) Deialdiaren eguna baino urte bat lehenagotik gutxienez, bizitokia Nafarroan duela frogatzen duen ziurtagiria.

d) Curriculum vitaea, ondokoak adieraziz: egindako ikasketak, burututako jarduerak, argitalpenak, lortutako sariak, dakizkien hizkuntzak, informatikako ezagupenak eta aipatu nahi dituen gainerako merezimenduak. Dena ziurtagirien bidez erakutsi beharko da, baloratzeko.

e) Ikasketa espedientearen ziurtagiria, kurtso bakoitzeko gai guztien kalifikazioekin, zein deialditan gainditu zituen espresuki aipatuta.

f) Dauzkan titulu eta diplomen fotokopia konpultsatua.

6.-Ebaluazio Batzordea.

Ebaluazio Batzordea prestakuntza beken eskatzaileek baldintzak betetzen ote dituzten egiaztatzeaz, haiek alegatzen dituzten merezimenduak baloratzeaz eta ebazpen proposamena egiteaz arduratuko da eta kide hauek osatuko dute: Fermín Villanueva Ferreras jauna,Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuko zuzendaria, mahaiburu gisa; Margarita Cueli Erice andrea,Turismo Produktuen Garapenerako eta Kalitaterako Ataleko burua; eta M.ª Angeles Ayúcar Echarri andrea, Antolamendu Ataleko burua, idazkari gisa.

7.-Eskaeren ebaluazioa.

Eskatzaileek alegatutako merezimenduak ondorengo baremoaren arabera baloratuko dira:

a) Ikasketa-espedientea: gehienez 5 puntu.

b) Deialdiarekin zerikusia duten beste ikasketa titulu eta prestakuntza ikastaro batzuk: gehienez 2 puntu.

c) Deialdiarekin zerikusia duten lanetako esperientzia: gehienez 2 puntu.

d) Hizkuntzak: gehienez 1 puntu.

e) Informatika: gehienez 2 puntu.

8.-Bekak ematea.

Ebazpen proposamena ikusirik, bekak Turismo zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez emanen dira, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hiru hilabeteko epean, gehienez ere. Epe hori ebazpen zehatzik jakinarazi edo argitaratu gabe bukaturik, eskaerak administrazio isilbidea dela-eta ezetsi direla ulertuko da.

Ebazpenean beka eskuratuko duten eskatzaileen zerrenda jasoko da eta espresuki agerraraziko da, halakorik izanez gero, zein eskaerari esan zaion ezetz, eskatzaile horien izenak eta emandako puntuazioak adierazirik.

Ebazpena eskatzaile guztiei jakinaraziko zaie eta Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko iragarki oholean jarriko da (Navarrería kalea, 39, Iruña).

9.-Jardueren hasiera eta ukoak.

Onuradunak hamar eguneko epean hasi beharko dira lanean, emateko ebazpenean adierazten den egunetik hasita. Horrela egiten ez badute, onuradunek bekari behin betikoz uko egiten diotela ulertuko da, non eta ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera ikusten ez diren.

Jarduerak hasten direnean, eta Nafarroako Ogasun Publikoko zergaduna bada, onuradunak ziurtagiri bat aurkeztu beharko du zerga betebeharrak eguneraturik dituela egiaztatzeko.

Edozein arrazoi dela eta emandako bekei uko eginez gero, ukoa idatziz jakinarazi beharko zaio Turismo Zuzendaritza Nagusiari (Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzua), gutxienez ere jarduerak eten baino hamabost egun natural lehenago. Uko eginez gero, zilegi izanen da beka horiek Ebaluazio Batzordeak ezarritako zerrendan hurrengo daudenei ematea.

10.-Jarduerak.

Bekadunak Turismo Zuzendaritza Nagusian arituko dira lanean, Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuak zuzendu eta gainbegiratuta. Bekadunek prestakuntzarako behar diren joan-etorriak ere eginen dituzte.

Bekadunek, astero, gehienez 30 ordu emanen dituzte lanean eta bekaldiko hilabete bakoitzeko 2,5 egun naturaleko atsedenaldia izanen dute.

11.-Bekadunen betebeharrak eta eskubideak.

Bekadunek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan ezarritako betebehar eta eskubideak izanen dituzte.

12.-Bateraezintasuna.

Prestakuntza bekak bateraezinak dira administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek emandako beste prestakuntza beka batzuekin.

13.-Araubide juridikoa.

Arau hauetan aurreikusten ez den orotan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta bere erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraituko zaio.

14.-Errekurtsoak.

Deialdiaren eta haren arauen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F0816634