142. ALDIZKARIA - 2008ko azaroaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

594/2008 FORU AGINDUA, azaroaren 11koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko zerri eta untxi ustiategien titularrek gauzaturiko maileguen interesen hobarietarako "de minimis" araubideko laguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak onesten dituena, 2008rako.

Zerealen prezioen igoerak pentsu eta bestelako elikagaien prezioa igotzea ekarri du. Gertaera honek ekoizpen kostuetan eragin negatiboa izan du eta kostu hauek abeltzaintza produktuen azken prezioetan ondoriorik ez izateak krisia sortu du Europako abeltzaintzako ustiategietan. Krisi honek oihartzun berezia izan du ekoizpenaren xede batzuetan, hala nola, abeltzaintza intentsiboan, bereziki zerri eta untxi sektoreetan.

Azterketen emaitzak eta sektoreko erakundeen datuek aho batez adierazten dute sektoreak abeltzaintza mota gehienei eragiten dien krisi larri bati aurre egin behar diola, zerealen prezioen igoerarekin lotuta edo horrek larriagotuta. Krisiak abeltzaintzako ustiategi ugariren desagerpena ekartzen ahal du, eta horrekin batera lanpostuak galtzea eta jarduera ekonomikoaren murriztea. Krisiak batez ere landa eremuetan eragiteak egoera larriagoa egiten du, bertan bideragarritasun ekonomikoko jarduera alternatiboak urriak baitira.

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak, urtarrilaren 31n, APA/165/2008 Agindua onetsi zuen. Horren bidez, abalen eta interesen hobarien kostua finantzatzeko abeltzaintza ustiategien titularrendako laguntzak eta hauen deialdia ezarri ziren. Autonomia erkidegoek dakarten hobariaren bidez osatzen ahal dira. Autonomia erkidegoek laguntza horiek abiarazi dituzte 2008an. Laguntza horiek "de minimis" gisa tramitatu dira. Nafarroako Foru Komunitatea, zerga araubide berezia duenez, ministerioaren finantzaketatik kanpo gelditu da. Horrek Nafarroako abeltzainei egoera kaltegarria sortzen die.

Hori guztia dela eta, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak beharrezkotzat eta presakotzat jotzen du egungo krisi egoeran Nafarroako zerri eta untxi ustiategiak babestea, kreditu hobarien bidez, oinarrizko jarduera ekonomiko hau betirako desagertu ez dadin, Nafarroako landa eremuek bizirik iraun dezaten eta kontsumitzaileek gure herrian kalitatez eta segurtasunez ekoitziriko elikagaiak eskura izaten segitu dezaten.

Foru agindu honetan araututako laguntzak "de minimis" araubidearen mende daude (Batzordeak abenduaren 20an emandako 1535/2007 EE Erregelamendua, Europar Batasuna osatzeko Ituneko 87. eta 88. artikuluak nekazaritza produktuen ekoizpenaren sektorean "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzkoa).

Foru agindu honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko zerri eta untxi ustiategien titularrek gauzaturiko maileguen interesen hobarietarako "de minimis" araubideko laguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak onestea, 2008rako.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Oinarri horiek foru agindu honen eranskinean daude.

3. 150.000 euroko gastua baimentzea foru agindu honetatik sortutako gastu konpromisoetarako, 2008ko Gastuen Aurrekontuko "Zerri eta untxi abeltzainendako interes hobariak" izeneko 711001 - 71310 - 4700 - 412209 kontu-sailetik.

4. Foru agindu hau eta beronen eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

5. Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2008ko azaroaren 11n.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitateko zerri eta untxi ustiategien titularrek gauzaturiko maileguen interesen hobarietarako "de minimis" araubideko laguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak, 2008rako

Lehenbizikoa.-Xedea.

1. Arau honen xedea Nafarroako Foru Komunitateko zerri eta untxi ustiategien titularrek gauzaturiko maileguen interesen hobarietarako "de minimis" araubideko laguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak onestea da, 2008rako.

2. Laguntza hauek "de minimis" araubidearen mende daude (Batzordeak abenduaren 20an emandako 1535/2007 EE Erregelamendua, Europar Batasunaren Ituneko 87. eta 88. artikuluak nekazaritza produktuen ekoizpenaren sektorearendako "de minimis" laguntzei aplikatzekoa).

Bigarrena.-Onuradunak.

1. Laguntza horien onuradun izan daitezke foru agindu hau argitaratzen den epean ogibide nagusia abeltzaintza duten pertsona fisikoak edo lehentasunezko abeltzaintza ustiategietako titularrak diren pertsona juridikoak.

2. Diru-laguntzarako eskubidea duten ustiategien ekoizpenaren xedeak ondokoak izan daitezke:

a) Ugalketarako untxien ustiategiak.

b) Zerramen ustiategiak.

3. Ustiategiak enpresa merkaturatzaileekiko bestelako integrazio sistemaren batean dauzkaten titularrak ezin izanen dira laguntza hauen onuradunak.

Hirugarrena.-Eskatutako betebeharrak frogatzeko modua.

Aurreko oinarrian aipatzen diren betebeharrak frogatzeko, eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Eskatzailea pertsona fisikoa bada, NANaren fotokopia. Pertsona juridikoa bada, entitatearen IFKa eta eraketa eskrituraren fotokopia. Eskabideak bazkide guztiek edo legezko ordezkariak edo administratzaileak sinatuko dituzte; azken kasu horretan, ordezkaritzaren egiaztagiria ere aurkeztuko da.

b) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari laguntzak lehenbizikoz eskatzen dizkioten ekoizleek, transferentzia bidez kobratzeko eskabidea.

c) Enpresa merkaturatzaile batekin integraturik ez dagoela dioen adierazpena.

d) Ustiategiaren liburua, errolda eguneratua duela.

e) Garaia baino lehenagoko edozein amortizazio jakinarazteko konpromisoa, mailegua hartu eta bi urte iragan baino lehen izaten bada.

f) Mailegua eskatu dela frogatzea, eskaturiko zenbatekoa barne.

Laugarrena.-Laguntzaren zenbatekoa. Interesen hobaria.

1. Foru agindu honetan ezarririko laguntzak ordainketa bakar batean eman dira, onuradunak finantza edo kreditu entitateekin izenpetzen dituen lehentasunezko maileguen %8an, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari aitortzen dion eskubidearen arabera. Lehenbiziko bi urteetako interesen hobariaren lau puntu izanen dira.

2. Interes hobarirako kredituaren gehieneko zenbatekoa baremo hauei jarraituz zehaztuko da:

a) Ugalketarako untxien ustiategiak: 40 euro ugalketarako untxiemeendako postu bakoitzeko, gehienez ere 40.000 euro ustiategiko.

b) Zerramen ustiategiak: 200 euro zerramendako postu bakoitzeko, gehienez ere 40.000 euro ustiategiko.

3. Zerramei eta ugalketarako untxiei buruzko datuak Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroaren datu-basean erregistratutako errolda ofizialetatik lortuko dira, 2008ko urriaren 15eko datarekin.

4. Gutxieneko zenbatekoa 6.000 eurokoa izanen da.

5. Onuradunek "de minimis" eran guztira jasotzen dituzten laguntzak ez dira 7.500 eurotik gorakoak izanen hiru urteko epean. Batzordeak 2007ko abenduaren 20an emandako 1535/2007 EE Erregelamenduaren 3. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritakoarekin bat, Europar Batasuna osatzeko Ituneko 87. eta 88. artikuluak nekazaritzako produktuak ekoizteko sektoreko "de minimis" laguntzei aplikatzekoa. Onuradun bakoitzari pagatu beharreko kopurua zehazteko ustiategiak aurreko hiru urteetan eta "de minimis" araubidearen mende jasotako diru-laguntzak hartuko dira kontutan.

Bosgarrena.-Mailegurako baldintzak.

Hobariaren xede den lehentasunezko mailegurako eskubidea aitorturik daukaten abeltzainek ondoren aipatzen diren baldintzekin kontratatu beharko dute mailegua finantza entitatearekin:

Interes aldakorreko lehentasunezko mailegua:

I.-Maileguaren iraupena: bi urte gutxienez eta bost urte gehienez. Lehen urtea ezaldikoa izanen da.

II.-Lehen urteko interesa: urte baterako Euribor, gehi ehuneko 1 gehienez. Urte baterako Euribor-en erreferentzia mailegua izenpetu aurreko egun baliodunekoa izanen da edo, horrelakorik ezean, datua argitaraturik daukan azken egun baliodunekoa.

III.-Interesen berrikustea: urtero, urte baterako Euribor, gehi ehuneko 1 gehienez. Urte baterako Euribor-en erreferentzia urtealdia hasi aurreko egun baliodunekoa izanen da edo, horrelakorik ezean, datua argitaraturik daukan azken egun baliodunekoa.

IV.-Irekitzeko komisioa: maileguan harturiko kapitalaren %0,20, gehienez.

V.-Ezerezteko komisioa: %1, gehienez.

VI.-Interesen likidazioa eta kapitalaren amortizazioa, urtero, urtea bukatzean.

Seigarrena.-Hobariaren xede den lehentasunezko mailegurako eskubidea aitortzeko eskabideak aurkezteko epea.

1. Eskabideak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira. Halaber, Nafarroako Gobernuko gainerako erregistroetan aurkezten ahalko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan biltzen diren tokietako edozeinetan.

2. Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturaleko izanen da, foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematen den egunetik hasita.

Zazpigarrena.-Laguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetako diru-laguntzak norgehiagoka emanen dira. Onarturiko eskabideek aurrekontuko dirua gainditzen badute, hasiera batean zehazturiko laguntzak proportzioz gutxituko dira, muga horretara doitu arte.

Zortzigarrena.-Ebaluazio organoa.

Eskabideak Abeltzaintza Zerbitzuak ebaluatuko ditu.

Bederatzigarrena.-Deialdia antolatu, instruitu eta ebaztea.

1. Eskabidea jasotzen denean egiaztatuko da eskatzailea onuradun izan daitekeen, 3. oinarrian ezarritakoari jarraikiz,

2. Eskabidea ebaluatu ondoren, Nekazaritza Zerbitzuak ebazpen proposamena eginen du.

3. Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiak diru-laguntzak eman edo ukatzearen gainean ebatziko du, arrazoiak emanda.

4. Prozeduraren gainean ebazteko epea 2 hilabetekoa izanen da. Epea espresuki ebazpenik gabe bukatzen bada, eskabidea ezetsitzat joko da.

Hamargarrena.-Onuradunen betebeharrak.

1. Onuradunak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak izanen ditu. Gainera, abeltzaintzako ustiategia funtzionamenduan izan beharko dute gutxienez 2009. urtean zehar.

2. Kredituari gutxienez bi urtez eutsi beharko zaio. Denboraldi horretan gehienez ere hobariaren xede den maileguaren zenbatekoaren %10 amortizatzen ahalko da.

Hamaikagarrena.-Maileguen gauzatzea.

1. Mailegua gauzatzera dago beharturik onuraduna laguntza kobratu ahal izateko. Mailegua bi aldeek hitzartzen duten zenbatekoan gauzatuko da, baina interesen hobariaren laguntza gehienez ere eskubidea aitortzeko ebazpenean ageri dena izanen da.

2. Mailegua gauzatu ahal izateko, onuradunak eskubidea aitortzeko ebazpenaren jatorrizko agiria aurkeztu beharko du finantza entitatean. Inolako aitzakiarik gabe, maileguko poliza ebazpen hroretan onuradun ageri den titularraren izenean gauzatu beharko da. Nortasun juridikorik gabeko entitatea izanez gero, osatzen duten guztiek izenpetu beharko dute gauzatzeko poliza.

3. Hobarirako lehentasunezko mailegurako eskubidea duten eskatzaileek 2008ko abenduaren 31 baino lehen gauzatu beharko dute mailegu hori.

Hamabigarrena.-Pagatzeko modua eta epeak.

Diru-laguntza ordainketa bakarrean pagatuko da eta Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiak onetsiko duen ordainketa ebazpen baten bidez tramitatuko da.

Onuradunak 2008ko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko du finantza entitatearekiko maileguaren gauzatzearen fotokopia.

Hamahirugarrena.-Ez-betetzeak eta zehapenak.

1. Foru agindu honetan eskatutako betebeharrak eta hartutako konpromisoak bete ezik, diru-laguntza itzuli egin beharko da eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

2. Diru-itzulketa, arau-hauste eta zehapenen arloan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraikiko zaio.

3. Lehen bi urteetan %10 baino gehiago garaia baino lehen amortizatuz gero, onuradunak laguntza oso-osorik itzuli beharko du.

Hamalaugarrena.-Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateraezinak dira Foru Administrazioak edo beste administrazio batzuek helburu bererako ematen dituztenekin. Onuradunak helburu bererako eskatu eta azkenean kobraturiko laguntza guztiak jakinarazi beharko ditu.

Hamabosgarrena.-Deialdiaren aurkako errekurtso administratiboak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Hamaseigarrena.-Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Deialdi honetako laguntzak hartzen dituztenen zerrenda Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko iragarki oholean argitaratuko da, Iruñeko Tutera kaleko 20an.

Iragarkiaren kodea: F0817268