142. ALDIZKARIA - 2008ko azaroaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

127/2008 FORU AGINDUA, urriaren 28koa, Osasuneko kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Pazienteen Segurtasunerako Behatokia sortzen duena.

Osasun laguntzako prozedura eta teknikak gero eta konplexuagoak dira, hazten ari den laguntzaren esparruan. Osasun zerbitzuak ahalegin handiak egiten ari dira ematen den laguntzan bikaintasuna bermatzeko. Horretarako, dagoen ebidentzia zientifikorik hoberena aplikatu behar da, modu bidezkoan eta baliabideak eragimenez erabiliz. Hala ere, osasun laguntzak kontrako ondorioak izaten ahal ditu batzuetan.

Gertakari hori laguntza jasotzen duten pazienteen ezaugarriek baldintzatzen dute, halaber. Bizi itxaropenaren hazkundeak, paziente berak komorbilitate ezberdinak izateak eta horien larritasunak pazienteen suszeptibilitatea handitu eta kontrako ondorioak sortzeko aukerak areagotzen ahal dituzte.

Kontrako Ondorioen Estatuko Ikerketak (ENEAS) adierazi du kontrako ondoriotzat jotzen diren arazoen laurdena pazientearen eritasunaren araberakoa dela eta gainerako hiru laurdenak tratamenduak aplikatzeko, proba diagnostikoak egiteko edo pazienteak hartzen duen osasun laguntza antolatzeko moduaren ondorio direla. Emaitzak ikusirik, egiaztatu da gure herrialdeko datuak onak izan arren, esparru horretan hobetu beharreko zenbait aukera badirela oraindik; beraz, beharrezkoa da osasun langileei zein herritarrei arazo horren garrantziari buruz sentsibilizatzeko beharra azpimarratzen jarraitzea, horri heltzeko ahaleginak batze aldera.

Hortaz, segurtasun klinikoa osasun zerbitzuetako kalitatearen oinarrizko dimentsioetako bat da. Halaber, hartzen dituzten osasun zaintzekiko segurtasuna eta konfiantza sentitu nahi duten pazienteek eta euren familiek gehien baloratzen dutenetako bat da. Horregatik, osasunaren erakunde nagusien eta osasun sistemarik aurreratuenen lehentasun bilakatu da pazienteen segurtasuna.

Osasun erakunde nagusiek, agentziek eta nazioarteko erakundeek praktika klinikoan saihesten ahal diren kontrako ondorioak kontrolatu eta minimizatzeko legegintzako plan, ekintza eta neurriak proposatzeko estrategiak garatu dituzte. Horiek guztiek gobernuei gomendatzen diete pazientearen segurtasuna bidezko osasun politiken ardatz bihurtzeko.

Nazioarteko testuinguru horretan, Osasun eta Kontsumo Ministerioak, Osasun Sistema Nazionaleko Plangintza eta Kalitate Bulegoaren bidez, zenbait ekintza burutu ditu azken urteotan, autonomia erkidegoekin elkarlanean, osasun zerbitzuen bikaintasun eta segurtasun kultura sustatzeko.

Osasun Sistema Nazionalaren Kalitate Planaren 8. estrategiarekin bat, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak bere gain hartu du bikaintasuna bultzatzeko konpromisoa herritarrei ematen zaien osasun laguntzan eta, bereziki, pazienteen segurtasuna sustatzen duten estrategiak abian jarri edo finkatzean.

Osasun eta Kontsumo Ministerioak eta Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak, 2007ko urriaren 20an, osasun etxeetan praktika seguruak bultzatzeko lankidetza hitzarmena sinatu zuten. Horren eranskinean aurreikusten zen pazienteen segurtasunerako behatoki bat sortzea, Osasun Departamentuaren esparruan.

Arriskuak behar bezala kudeatzeko eta, zehazki, segurtasun kultura hobetzeko estrategien barruan, horri sistemikoki eta sistematikoki heltzeko, erakundeak, profesionalek eta pazienteek gaian esku hartu eta horren gaineko ardura har dezaten, bidezkoa dirudi pazienteen segurtasunerako behatoki bat abian jartzea, egoera modu jarraituan ebaluatzeko eta Nafarroako Osasun Zerbitzu osoan (O-NOZ) garatu beharreko estrategia, programa eta ekintza komunak proposatzeko, gero eta zaintza seguruagoak emateko asmoz.

Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Pazienteen Segurtasunerako Behatokia sortzea, Osasun Departamentuaren esparruan, Nafarroako Foru Komunitatean osasun praktikari lotutako arriskuak ezagutu, aztertu eta modu jarraituan ebaluatzeko, bai eta egoki deritzen hobetzeko proposamenak egiteko ere.

2. Pazienteen Segurtasunerako Behatokia Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuko pazienteen osasun arriskuen eta segurtasunaren arloan diharduen kontsulta eta aholku organo bat da. Osasun Zuzendaritza Nagusiaren menpe dago.

3. Pazienteen Segurtasunerako Behatokiak helburu hauek ditu:

-Nafarroako Foru Komunitatean osasun arriskuak kudeatzeko kultura sustatzea eta zabaltzea.

-Osasun laguntzan saihesten ahal diren kontrako ondoriak minimizatzeko praktika seguruak eta gomendioak zabaltzea.

-Osasun praktikari lotutako osasun arriskuak ezagutu, aztertu eta ebaluatzea.

-Neurriak hobetzeko ekintzak proposatzea, osasun praktikari lotutako osasun arriskuak prebenitu, minimizatu edo deuseztatzeko, hala badagokio.

4. Pazienteen Segurtasunerako Behatokiak eginkizun hauek ditu:

-Nafarroako Foru Komunitatean pazienteak osasun arriskuen eta segurtasunaren arloan bizi duen egoeraren ebaluazio jarraitua egitea, eskura dagoen datu basea oinarri hartuta, eta Foru Komunitateko osasun sistemaren osasun arriskuen egoerari buruzko azterlana eskaini eta zabaltzea.

-Garatu beharreko hobetzeko proposamenak egitea eta horiek garatzeko beharrezko baliabideak balioestea, hala badagokio, horien jarraipena eginez.

-Pazienteen segurtasuna sustatzeko baliagarriak izan daitezkeen egiturak eta esparruak koordinatzea.

-Osasun Departamentuak osasun arriskuen kudeaketaren eta pazienteen segurtasunaren arloan ezarri beharreko lehentasunezko helburuak proposatzea.

-Sustatzea ebidentzia zientifikoaren zabaltzea arlo horretan (praktika seguru onak, esaterako), bai eta gaiari lotutako osasun alertak ere, profesionalen zein herritarren eskura paratuz.

-Pazienteen segurtasunean diharduten erakundeen (adb.: profesionalak, kontsumitzaileak, pazienteak, etab.) parte-hartzea sustatzea, horien artean elkartasuna ezarri eta balioa sortzeko.

-Osasun arriskuei, kontrako ondorioei eta pazientearen segurtasunari buruzko ikerketa sustatzea.

5. Pazienteen Segurtasunerako Behatokia kide hauek osatuko dute:

-Burua: Osasun zuzendari nagusia.

-Buruordea: Nafarroako Osasun Agentziako zuzendaria.

-Kideak:

.Laguntza Espezializatuko zuzendaria.

.Oinarrizko Osasun Laguntzako zuzendaria.

.Osasun Laguntzaren Zerbitzuko zuzendaria.

.Osasun Publikoaren Zerbitzuko zuzendaria.

.Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarekin hitzarmena duten titulartasun pribatuko ospitaleetakoren bateko zuzendaria, bertako titularrak izendatua.

.Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ospitaleetakoren bateko zuzendaria.

.Oinarrizko osasun laguntzako talderen bateko zuzendaria.

.Kontsumitzaileen edo pazienteen elkarteen ordezkari bat.

.Medikuen Elkargo Ofizialeko ordezkari bat, elkargoko buruaren proposamenari jarraikiz izendatua.

.Erizaintzako Diplomadunen Elkargo Ofizialeko ordezkari bat, elkargoko buruaren proposamenari jarraikiz izendatua.

.Erizaintzako laguntzaileen ordezkari bat, Osasun zuzendari nagusiak izendatua.

-Idazkaria: Osasun Departamentuak Osasun eta Kontsumo Ministerioko Pazienteen Segurtasunerako Batzorde Teknikoan duen ordezkaria.

Beren karguaren arabera Pazienteen Segurtasunerako Behatokiko kide ez direnak, Osasun zuzendari nagusiaren ebazpen bidez izendatuko dira.

6. Pazienteen Segurtasunerako Behatokiaren antolaketa eta funtzionamendua erabakitzen diren barne arauen araberakoa izanen da. Halakorik ez bada, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean organo kolegiatuei buruz ezarritako arauak aplikatzen ahalko dira.

Aurrekoa galarazi gabe, Pazienteen Segurtasunerako Behatokiak urtean ohiko hiru bilera eginen ditu, buruak deituta.

7. Pazienteen Segurtasunerako Behatokiak beharrezko jotzen diren adituen laguntza eta aholkularitza izaten ahalko du. Hitza izanen dute, baina botorik ez.

Halaber, Pazienteen Segurtasunerako Behatokiak beharrezko jotzen dituen lantaldeak eratzen ahalko ditu. Horietan, behatokiko kideek eta garatu beharreko lan arloen araberako adituek parte hartuko dute. Lantaldeak aldi baterako osatuko dira, Osasun zuzendari nagusiaren ebazpen bidez.

8. Foru agindu hau Idazkaritza Tekniko Nagusiari eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari igortzea eta interesdun guztiei jakinaraztea, orok jakin dezan eta behar diren ondorioak izan ditzan.

9. Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2008ko urriaren 28an.-Osasuneko kontseilaria, María Kutz Peironcely.

Iragarkiaren kodea: F0816915