142. ALDIZKARIA - 2008ko azaroaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

114/2008 FORU DEKRETUA, azaroaren 10ekoa, Nafarroako Gobernuak emana, Entitateen Errolda arautzen duen ekainaren 12ko 124/1987 Foru Dekretua aldatzen duena.

ZIOEN AZALPENA

1988ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko maiatzaren 12ko 3/1988 Foru Legearen 72. artikuluak ezartzen du pertsona fisiko eta juridikoek, eta baita nortasun juridikorik gabeko entitateek ere, Nafarroako Ogasunarekin zerga harremanetarako identifikazio fiskalerako zenbakia izanen dutela eta administrazioak emanen duela zenbaki hori. 72. artikulu horren arabera, erregelamenduzko arauekin bat osatuko da identifikazio zenbakia, eta horien arabera erabiliko.

Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legearen 75. artikuluak Ekonomia eta Ogasun Departamentuari agintzen dio entitateen aurkibide bat sortzea. Bertan helbide fiskala Nafarroan duten entitateak inskribatuko dira. Orobat, entitatearen aurkibidean alta eman, inskripzioa egin eta baja emateko prozedurak erregelamendu bidez arautuko direla azaltzen da, baita aurkeztu beharreko dokumentazioa ere.

Foru dekretu honek lehendabiziko hiru artikuluak aldatu eta entitateen errolda arautzen duen ekainaren 12ko 124/1987 Foru Dekretuaren eranskinari idazketa berria ematen dio, araubide komuneko lurraldearen araudiarekin bat, aipatu entitateen erroldan agertu beharko duten pertsona juridikoen eta nortasun juridikorik gabeko entitateen forma juridikoa azalduko duten letra edo klabe berriak esleitzeko, entitate horiek Espainiakoak izan, atzerrikoak izan edo Espainiako lurraldean egoitza ez duten entitateen finkagune iraunkorrak izan. Klabe edo letra horrez gain, hurrengo hauek osatuko dute identifikazio kodea: zazpi digituko identifikazio zenbaki bat eta kontrol karaktere bat. Pertsona juridiko edo entitate baten identifikazio kodea aldatzeko aukera ere ezarri da, bere nazionalitatea aldatuz gero.

Horiek horrela, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluak emandako irizpenarekin bat, eta Nafarroako Gobernuak 2008ko azaroaren 10eko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.-Entitateen errolda arautzen duen ekainaren 12ko 124/1987 Foru Dekretuaren aldaketa.

Entitateen errolda arautzen duen ekainaren 12ko 124/1987 Foru Dekretuko manuen artetik ondoren aipatzen direnak aldatu eta honelaxe geldituko dira:

Bat.-1. artikulua.

"1. artikulua.

Pertsona juridiko guztiei eta nortasun juridikorik gabeko entitateei, publiko nahiz pribatuei, helbide fiskala Nafarroan badute, identifikazio kodea esleituko zaie, edozein dela ere beren forma edo jarduera, irabazi asmoarekin edo gabe, administrazio publikoekin harremana izan behar badute."

Bi.-2. artikulua.

"2. artikulua.

Identifikazio kodeak argi eta garbi eta modu nahastezinean identifikatuko du pertsona juridikoa edo nortasun juridikorik gabeko entitatea, eta aldaezina izanen da aurretik aipatutakoek edozein aldaketa izanda ere, salbu beren forma juridikoan edo nazionalitatean aldaketarik izaten bada."

Hiru.-3. artikulua.

"3. artikulua.

Identifikazio kodeak bederatzi karaktere izanen ditu, eta horrela osatuko da:

1. Letra bat, forma juridikoa adieraziko duena, Espainiako entitatea denean, edo, hala badagokio, atzerriko entitatea edo Espainiako lurraldean egoitza ez duen entitatearen finkagune iraunkorreko izaera duenean.

2. Zazpi digituko identifikazio zenbaki bat.

3. Kontrol karaktere bat."

Laugarrena.-Eranskinaren idazketa berria.

ERANSKINA

"1. Espainiako entitateendako identifikazio kodea letra batez hasiko da, eta bere forma jurikikoaren berri emanen du hurrengo klabeekin bat:

A.-Sozietate anonimoak.

B.-Erantzukizun mugatuko sozietateak.

C.-Sozietate kolektiboak.

D.-Komanditako sozietateak.

E.-Ondasunen eta herentzia jasogabeen erkidegoak.

F.-Sozietate kooperatiboak.

G.-Elkarteak.

H.-Jabeen erkidegoak jabetza horizontaleko araubidean.

J.-Sozietate zibilak, nortasun juridikoarekin edo gabe.

P.-Toki korporazioak.

Q.-Erakunde publikoak.

R.-Erlijiosoen kongregazio eta erakundeak.

S.-Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren organoak.

U.-Enpresen aldi baterako batasunak.

V.-Bestelakoak, gainerako klabeetan zehaztu gabeak.

2. Espainiako nazionalitaterik ez duten pertsona juridiko eta nortasun juridikorik gabeko entitateendako identifikazio kodea N letraz hasiko da, atzerriko entitatearen izaeraren erakusle.

3. Martxoaren 5eko 5/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko Legearen Testu Bateginean ezarritakoarekin bat, pertsona juridiko batek edo egoitzarik ez duen entitate batek Espainiako lurraldean jarduten badu, finkagune iraunkor baten edo batzuen bidez jarduera argiro bereziak gauzatzen eta kudeaketa modu berezian eramaten, helbide fiskala Nafarroan duen finkagune iraunkor bakoitzak identifikazio kode bat eskatu beharko du, pertsona edo entitate ez egoiliarrari esleitutakoaz desberdina.

4. Espainiako lurraldean egoitza ez duten entitateen finkagune iraunkorrendako identifikazio kodea W letraz hasiko da, Espainiako lurraldean egoitza ez duten entitateen finkagune iraunkor izaera adieraziko duena."

Xedapen iragankor bakarra.-Foru dekretu honek indarra hartu baino lehen pertsona juridikoei eta nortasun juridikorik gabeko entitateei esleitutako identifikazio kodea.

2008an Nafarroako Zerga Ogasunak, foru dekretu honetan ezarritakoarekin bat, beste letra bat behar duten pertsona juridikoei eta nortasun juridikorik gabeko entitateei jakinaraziko die dagokien identifikazio kode berria.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea

Foru Dekretu honek 2009ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra.

Iruñean, 2008ko azaroaren 10ean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Alvaro Miranda Simavilla.

Iragarkiaren kodea: F0817207