139. ALDIZKARIA - 2008ko azaroaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.4. Ebazpenak

1854/2008 EBAZPENA, urriaren 29koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana, 2008ko urriaren 24ko Gobernu Kontseiluaren erabakia, "Unibertsitate Publikoko kredituen balioa aitortu eta horiek transferitzeari buruzko arautegia" onesten duen hori, argitaratzea agintzen duena.

Maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, 2008ko urriaren 24an Gobernu Kontseiluak onetsi zuen erabakia, "Unibertsitate Publikoko kredituen balioa aitortu eta horiek transferitzeari buruzko arautegia" onesten duena, argitaratzea agintzen dut. Ondoren datorren hau da:

NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO KREDITUEN BALIOA AITORTU ETA HORIEK TRANSFERITZEARI BURUZKO ARAUTEGIA

ZIOEN AZALPENA

Urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuak, unibertsitateko ikasketa ofizialak antolatzen dituenak, bere hitzaurrean hau aipatzen du: "ikasketen antolabide honen helburuetako bat da ikasleen mugikortasuna sustatzea, bai Europan eta bai munduko beste alderdi batzuetan, eta batez ere espainiar unibertsitateen arteko mugikortasuna eta unibertsitate beraren barruan. Testuinguru horretan, ezinbestekoa da kredituen balioa aitortu eta horiek metatzeko sistema baten aldeko apustua egitea. Sistema horretan, beste unibertsitate batean egindako kredituen balioa aitortu, eta ikaslearen espedientean sartuko dira".

Horregatik, Errege Dekretuak bere seigarren artikuluan - "Kredituen balioa aitortu eta horiek transferitzea"- xedatzen du ezen "Unibertsitateek kredituen balioa aitortu eta horiek transferitzeko sistemari buruzko arautegia egin eta jendaurrean jarriko dutela". Artikulu horrek kredituen balioa aitortu eta horiek transferitzeko definizio batzuk ezartzen ditu, eta horiek errotik aldatzen dituzte orain arte ondorengo kasuetan erabiltzen ziren kontzeptuak: ikasketen zati bat ikasketez, ikasketa planez edo unibertsitatez aldatzen zuten ikasleen espedienteetan sartzen zenean (baliokidetza, egokitzapena, etab.).

Horrela, bada, Nafarroako Unibertsitate Publikoak literaltasun huts deitzen zaion sistema aukeratu du. Hau da: ikaslearen espedientean hitzez hitz ezarriko dira benetan egin duen irakasgaiaren izena, ikasmaila, ECTS kredituen kopurua, irakasgai mota (oinarrizkoa, nahitaezkoa, aukerakoa) eta kalifikazioa. Horrez gain, jatorrizko unibertsitatea zein den ere adieraziko da.

1. artikulua. Edukia eta aplikatzeko eremua

Arautegi honen xedea da kredituen balioa aitortu eta haiek transferitzeko prozedurak arautzea, horiek aplikatuko baitira Nafarroako Unibertsitate Publikoak Europako Unibertsitate Eremuan egiten duen hezkuntzak eskaintzan sartzen diren Gradu eta Master titulazioetan.

2. artikulua. Definizioak

1. Jatorrizko titulazioa deituko zaio, zein titulaziotan egin diren aitortu edo transferitu beharreko kredituak, titulazio horretxeri. Kredituen balioa aitortu eta horiek transferitzea zein titulariotarako eskatzen den, hari deituko zaio xede titulazioa.

2. Kredituen balioa aitortzea esaten denean, adierazi nahi da Nafarroako Unibertsitate Publikoak kreditu batzuk onartu egiten dituela, alegia, unibertsitate horretan bertan edo Europako Unibertsitate Eremuko (EEE) kide den edozein herrialdetako unibertsitate batean ematen diren ikasketa ofizialetan lortutakoak izanik, gure Unibertsitatean egindako ikasketak ez diren beste ikasketa batzuetan kontatzen diren kredituak titulu ofiziala lortzeari begira. Kreditu horien balioa aitortzen denean, xede titulazioan gainditzeko geratzen diren kredituen kopurua eta balioa aitortu zaien kredituen kopurua neurri berean jaitsi beharko dira.

3. Kredituak transferitzea esaten denean, adierazi nahi da ikasle bakoitzak egindako ikasketak egiaztatzen dituzten irakaskuntza dokumentu ofizialetan ezartzea, aurretik Nafarroako Unibertsitate Publikoan edo EEEko beste unibertsitate batzuetan egin, eta titulu ofizial bat lortzeko balio izan ez duten ikasketetan lortutako kreditu guztiak.

4. Kredituen balioa aitortu eta horiek transferitzeko ebazpena deituko zaio, dagokion Ikastegiko Zuzendaritzak onetsitako dokumentuari, eskatzen diren kredituen balioa aitortu eta horiek transferitzea erabakitzeko egin duenari. Dokumentu horretan ageri behar dira: balioa aitortu eta transferitutako kredituak, eta, hala balitz, egin behar diren eta egin behar ez diren irakasgaiak edo jakintzagaiak, uste delako irakasgai honetako gaitasunak balioa aitortutako kredituen bidez eskuratu direla.

3. artikulua. Eskumenak eta epeak

1. Kredituen balioa aitortu edo horiek transferitzeko eskaera zein titulaziotarako egin den, titulazio horren gaineko ardura duen Ikastegiko Irakaskuntza Batzordeak egingo du kredituen balioa aitortzeko eta kredituak transferitzeko proposamena.

2. Unibertsitateko Kredituen balioa aitortu eta horiek transferitzeko Batzordea eratuko da, eta kide hauek izango ditu: errektoreordea edo berak eskuordetutako pertsona, batzordeburu izango dena, Irakaskuntza Antolatzeko ardura duen Arloko zuzendaria, dagokion errektoreordetzan, bi ordezkari Unibertsitateko ikastegi bakoitzeko eta Irakaskuntza Laguntzeko eta Ikasleen Gaietarako Zerbitzuko zuzendaria, aldi berean, idazkari lanetan jardungo dena.

3. Unibertsitateko Kredituen balioa aitortu eta horiek transferitzeko Batzordeak hartuko du haien gaineko adostasun txostena emateko edo ez emateko ardura, ikastegietako irakaskuntza batzordeen jarraibideei jarraiki. Hauexek izango dira haren eginkizunak:

-Ikastegietako irakaskuntza batzordeen funtzionamendu egokia zaintzea kredituen balioa aitortu eta horiek transferitzeko prozesuetan.

-Ikastegietako irakaskuntza batzordeak koordinatzea arautegi honetan xedatutakoa aplikatuz, eta haiek bestelako irizpideak erabil ditzaten saihestuz.

-Kredituen balioa aitortu eta horiek transferitzeko prozesuetan sor litezkeen zailtasunak lehen instantzian konpontzea.

4. Dagokion Ikastegiko Zuzendaritzaren ardura izango da kredituen Balioa Aitortu eta horiek Transferitzeko Ebazpenak prestatzea eta erabakitzea, Ikastegiko Irakaskuntza Batzordeak prestatu eta Unibertsitateko Kredituen balioa aitortu eta horiek transferitzeko Batzordearen adostasun txostena jaso duten proposamenetatik abiatuta.

5. Unibertsitateak ezarriko ditu kredituen balioa aitortu eta horiek transferitzea eskatzeko aldiak, bai eta horiek ebatzi eta gero interesdunei horren berri emateko egutegia ere. Edonola ere, interesdunek ebazpenaren berri izango dute Nafarroako Unibertsitate Publikoak ezarriak dituen matrikulatzeko epeak bukatu baino lehen.

4. artikulua. Kredituen balioa aitortu eta horiek transferitzea

1. Kredituak, unitate ebaluatu eta egiaztagarri gisa, ikaslearen espediente berrian ezarriko dira idatziz, jatorrizko espedienteari hitzez hitz jarraituz eta han ageri diren tipologia, kreditu kopuru eta kalifikazioarekin. Halaber, irakasgaia zein unibertsitatetan egin zen adieraziko da (Irakasgai hau U Unibertsitatean egin zen).

2. Kredituen balioa aitortzean, jatorrizko kredituen tipologia aldatzen bada, hitzez hitzekoari eutsiko zaio, eta formatu honen arabera adieraziko da:

IRAKASGAIA IKASTURT. ECTSAK MOTA KALIFIKAZ.

Irakasgaiaren izenburua:

U Unibertsitatean egindako irakasgaia2007/2008 6 Auker. 7,5

Nahitaezko kredituen balioa aitortu zaio. (Oso ongi)

3. Ikasleak gainditutako aukerako kredituen balioa aitortzeko ahaleginak egingo dira irakasgai oinarrizko edo nahitaezkoen gaitasunekin edo edukiekin bat ez datozenean. Xede titulazioan aukerako irakasgaiak ibilbideetan antolatuta badaude, ikasleari aukera emango zaio bere ikasketak amaitzeko, beharrezkoak diren kredituak osatzeko aurreikusitako ibilbideetako bat lortzen ibili beharrik gabe.

4. Gradu/Master amaierako lanaren baliorik ez da aitortuko tituluarekin lotura duten gaitasunen ebaluazioara bideratuta baitago.

5. artikulua. Gradu ikasketetako oinarrizko prestakuntzako kredituen balioa aitortzea

1. Balioa aitortuko zaie modu automatikoan xede titulazioaren jakintza-adarrari dagozkion jakintzagaietan egindako oinarrizko prestakuntzako kreditu guztiei, kontuan hartu gabe zein titulaziotan ikasi diren.

2. Xede titulazioaren jakintza-adarrekoak ez diren jakintzagaietako prestakuntza kredituak badira, ikastegietako irakaskuntza batzordeek ebaluatuko dituzte emandako kredituekin eskuratutako gaitasunak, eta baita xede titulazioko jakintzagaiekin izan dezaketen elkarrekiko egokitzapena ere.

3. Balioa aitortu zaien kredituen kopurua jatorrizko titulazioan gainditutako kredituen kopuru bera izango da. Ikasleak oraindik gainditu behar dituen oinarrizko prestakuntza kredituen kopurua honela lortuko da: xede titulazioak eskatutako oinarrizko prestakuntzako kredituen kopurua ken balioa aitortu zaien kredituen kopurua.

4. Balioa aitortu zaien kredituekin eskuratutako gaitasunak aztertuta, xedezko gradu-titulazioaren ardura duen ikastegiko Irakaskuntza Batzordeak Ikastegiko Zuzendaritzari proposatuko dio ikasleak, hala balitz, ikasi behar dituen edo ez dituen oinarrizko prestakuntzako irakasgaien multzoa.

5. Ikasleak xede titulazioan eskainitako gainerako oinarrizko prestakuntzako irakasgaiak ikas ditzake, bai ikasketa-planak eskatutako gutxienekora iristeko beharrezkoak diren kredituak osatzeko, bai bere borondatez osatzeko titulazioko gainerako jakintzagaiei hobeki heltzeko funtsezkoa eta beharrezkoa den prestakuntza. Azken kasu honetan, ikasleak bere borondatez egiten ari den irakasgaiak gainditzeari uko egin diezaioke edozein unetan.

6. Nolanahi ere, ikasleak egin dezakeen oinarrizko prestakuntzako kredituen kopurua gehi aitortu zaien oinarrizko prestakuntzako kredituena batuz gero lortzen den kopurua xedezko gradu-titulazioan eskatutako oinarrizko prestakuntzako kredituen kopurua izan behar da, gutxienez.

6. artikulua. Nahitaezko, aukerako eta kanpo praktiketako irakasgaien kredituen balioa aitortzea

1. Nahitaezko, aukerako eta praktiketako irakasgaien kredituak badira, ikastegietako irakaskuntza batzordeek ebaluatuko dituzte emandako kredituekin eskuratutako gaitasunak eta haien eta xede titulazioko beste irakasgai batzuen arteko egokitzapena.

2. Nolanahi ere, ikasleak aurkeztutako unitate egiaztagarri osoaren balioa aitortu behar da; ezin izango da irakasgai baten zati baten balioa aitortu.

3. Kredituen balioa aitortu eta horiek transferitzeko ebazpenean adierazi beharko da zein motatakoak diren balioa aitortutako kredituak, bai eta zein diren ere ikasleak egin behar ez dituen irakasgaiak, balioa aitortutako kredituei dagozkien gaitasunak eskuratu direla jotzen delako.

4. Nahitaezko kredituen balioa aitortu dela-eta ikasleak egin ditzakeen kredituak aski ez direnean ikasketa planean aurreikusitakoak gainditzeko, egin behar dituen irakasgaiak edo irakaskuntza-jarduerak adieraziko zaizkio.

7. artikulua. Kredituak transferitzea

1. Ikasleak titulu ofizial bat lortzeko balio izan ez duten unibertsitateko ikasketa ofizialetan gainditu dituen eta balioa aitortu gabeko kredituak ikaslearen espedientean ezarri behar dira idatziz, nolanahi ere.

2. Ikasketa espedientean tipografia bereizketa garbia ezarri beharko da gradu edo master titulu bat lortzeko balio duten kredituen eta titulu hori lortzeko balio ez duten beste kreditu transferituen artean.

8. artikulua. Ikasleen mugikortasuna

1. Ikasleak edozein unibertsitatetan egindako ikasketa ofizialetan lortutako kredituak, transferituak, balioa aitortu zaienak, eta dagokion titulua lortzeko gainditu direnak bere ikasketa espedientean sartu eta Tituluaren Europako Gehigarrian ezarriko dira. Abuztuaren 1eko 1044/2003 Errege Dekretuak, Unibertsitateek Tituluaren Europako Gehigarria emateko prozedura ezartzen duenak, arautzen du gehigarri hori.

2. EUEko unibertsitateen arteko mugikortasuna errazteko, datu hauek ezarri beharko dira ikasleei ematen zaizkien titulu ofizialen ziurtagirietan: titulua atxikita dagoen jakintza-adarra; lanbide arautuak izatekotan, ikasketa planaren baldintzak eta egiaztatze-eskakizunak ezartzen dituen erabaki eta aginduari aipamena; dagozkion irakasgaiak lotutako oinarrizko jakintzagaiak eta jakintzagai eta irakasgaien ingeleserako itzulpena.

9. artikulua. Egungo titulazio baten kredituen balioa aitortzea titulazio horren egokitzapena ez den gradu edo master batean

1. Tituludun baten ikasketen balioa aitortzea egungo ikasketa-plan batean, bere xede tituluaren jakintza-adar berekoa den gradu edo master batean.

1.1. Xede titulazioa gradua bada, bere oinarrizko jakintzagai guztien balioa aitortuko da, bi tituluak jakintza-adar berekoak baitira, lortutako tituluak adarreko gaitasun oinarrizkoak eskuratzen dizkiola jotzen delako. Kasu honetan, Kredituen balioa aitortu eta horiek transferitzeko ebazpenean idatziz ezarriko da oinarrizko prestakuntzako kredituen balioa aitortzen dela aurretiazko titulu ofizial bat emateagatik. Hala ezarriko da, baita ere, ikasketa espedientean.

1.2. Oinarrizko prestakuntzakoak ez diren kredituei dagokienez, horien balioa jakintzagaiz jakintzagai aitortzea erabaki daiteke. Ikasleak xede titulazioan kredituen balioa aitortzeko eskatu beharko du. Xede titulazioaren ikastegiko Irakaskuntza Batzordea arduratuko da kredituen balioa aitortzeaz eta Ikastegiko Zuzendaritzari dagokion proposamena igortzeaz.

2. Ikasketen zati baten balioa aitortzea egungo ikasketa-plan batean, bere xede-tituluaren jakintza-adar berekoa edo beste batekoa den gradu edo master batean.

Ikastegiko Irakaskuntza Batzordeak, emandako kredituen arabera, haiei aitortu zaien balioa norainokoa den balioetsiko du eta dagokion proposamena igorriko dio Ikastegiko Zuzendaritzari. Kredituen balioa aitortu eta horiek transferitzeko ebazpenean ezarriko dira egin behar diren eta egin behar ez diren irakasgaiak edo jakintzagaiak, irakasgai honetako gaitasunak balioa aitortutako kredituen bidez eskuratu direla jotzen delako.

3. Oroitidazkiak prestatuko dira Unibertsitateen Kontseiluak egiazta ditzan Gradu titulu berriak; 10.2 atalean jaso beharko dute Lanbide Heziketako Goi Zikloko tituludunen ikasketen balioa aitortzeko aukera, eta halaber, titulazioaren eremuan ikasle berriak egiaztatu ahal duen lanbide esperientziaren balioa aitortzeko aukera.

AZKEN XEDAPENA

Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman, eta biharamunean hartuko dute indarra arau hauek."

Iruñean, 2008ko urriaren 29an.-Errektorea, Julio Lafuente López.

Iragarkiaren kodea: F0816654