133. ALDIZKARIA - 2008ko urriaren 31

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.1. Lurraldearen antolamendua eta hirigintza

ERABAKIA, 2008ko urriaren 6koa, Nafarroako Gobernuak hartua, "Las Balsas-Alaitz Mendilerroko parke eoliko esperimentala" izeneko udalez gaindiko proiektu sektoriala onesten duena. Proiektuaren sustatzailea Energia Berriztagarrien Zentro Nazionala (CENER) da.

Nafarroako Gobernuak 2007ko martxoaren 12ko bilkuran erabaki zuen "Las Balsas-Alaitz Mendilerroko parke eoliko esperimentala" izeneko proiektua, CENERek sustatua, udalez gaindiko proiektu sektorial deklaratu, jendaurrean jarri eta ukitutako eremuko udalei entzunaldia ematea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeak agintzen duena betetzeko eta Ingurumen eraginaren ebaluazioa egiteko.

Erabaki hori 2007ko martxoaren 28ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eman zen argitara (38 zenbakia) eta jendaurrean egon den epean bi alegazio-idazki aurkeztu dira. Ondotik azaltzen da bakoitzaren edukia eta eman zaien erantzuna.

I.-Aurkeztutako alegazioak.

1. Fermín Gembero Ustarroz jauna, Acciona Energía, S.A.ren izenean eta ordezkaritzan.

Edukia:

Entitate alegatzaileak eskatzen du parke eolikoaren sustatzaileari turbinak lekuz aldarazteko, alegia, turbinak beste koordenatu batzuetan koka daitezela, lehendik dagoen eta alegatzailearena den "Alaizko parke eolikoari" itzalik ez egiteko, produkzio galera izanen bailuke; edo, turbinak lekuz aldatzerik ez badago, CENERek sustaturiko "Las Balsas-Alaitz Mendilerroa parke eoliko esperimentala" izeneko proiektuari onespena ukatzeko, antolamendu juridikoaren kontrakoa izateagatik, hirugarrenen eskubideei kalte egiten baitie.

Erantzuna:

Alegazio honi buruz CENER-CIEMAT fundazioak jakinarazi du Acciona Energía, S.A.rengana jo duela, bi aldeentzat egokia izanen den irtenbidea adostu nahian, eta bide horretan, Alaizko parke eolikoaren gaineko itzalak eragin lezakeen kaltea ordaintzeko akordioaren behin betiko testua prestatzen ari direla. Txostenak hauxe dio amaitzeko: "bi aldeek akordioa lortzen dutenean, Acciona Energía, S.A.k aurkeztu duen alegazioa indarrik gabe geldituko da, areago, baliteke hura formalki kentzea".

Aurrekoaren arabera, CENERek bere txostenean aitortu egiten du berak sustatzen duen parkeak itzal eginen diola Acciona Energía, S.A.ren Alaizko parke eolikoari, eta, hain zuzen ere, bi aldeak lanean ari dira arazo horren inguruan ados jartzeko. Horregatik, espediente honen onespenean bidezkoa da zehaztapen hau ezartzea: parke eoliko esperimentaleko obrak hirugarrenen eskubideak kaltetu gabe eginen dira.

2. Larragako Udala.

Edukia:

Larragako Udalak bere idazkian eskatzen du zuzenbidez kanpokotzat jo dadila Nafarroako Gobernuak 2007ko martxoaren 12ko bilkuran hartutako erabakia, "Las Balsas-Alaitz Mendilerroko parke eoliko esperimentala" izeneko proiektua, CENERek sustatua, udalez gaindiko proiektu sektorial deklaratu, jendaurrean jarri eta ukitutako eremuko udalei entzunaldia ematen diena, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeak agintzen duena betetzeko eta Ingurumen eraginaren ebaluazioa egiteko.

Lehena: jendaurrean jarritako espedienteak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren txostena eta Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuarena falta ditu. Txosten horien bidez egiaztatu behar da tramitatzen ari den proiektua bat datorrela 71/2005 eta 68/2003 foru dekretuekin eta parke eolikoen ezarpena arautzen duen otsailaren 26ko 125/1996 Foru Dekretuarekin.

Gainera, proiektua ez dator bat Nafarroako Parlamentuak 1996ko urtarrilaren 31n onetsi zuen 1996-2000 urteetako Nafarroako Energia Planarekin.

Nafarroako Gobernuaren erabakia erabat deuseza da zuzenbidean, ez duelako betetzen 1996-2000 urteetako Nafarroako Energia Plana, ez eta Nafarroan parke eolikoen ezarpena arautzen duten foru dekretuak ere.

Bigarrena. 125/1996 Foru Dekretuak dioenez, ekoitziko den energiaren justifikazio teknikoa eman behar da, kokalekuan bertan egindako haize neurketak aurkeztuz, baina sustatzaileak ez du eskakizun hori bete, izan ere, proiektuaren arabera, neurketa estazioa Noaingo aireportua baita. Horren ildotik, eta argindar ekoizpenaren justifikazio teknikoaz eta haizearen azterketaz ari dela, alegatzaileak proiektuan azaltzen dena aipatzen du: kokalekuaren konplexutasunagatik neurketen kanpaina egiterik ez dagoenez, fluidoen dinamika konputazionalean oinarritutako metodologia erabili da.

Azkenik, alegatzaileak dio Departamentua energia eolikoaren ezarpenari buruzko foru dekretu guztiak urratzen ari dela, proiektuak beharrezko dokumentazio teknikoa falta duela, ez duela 125/1996 Foru Dekretua betetzen eta, beraz, ez zela hura onetsi behar ez inolako tramiterik egin, baizik eta, besterik gabe, sustatzaileari itzuli behar zitzaiola.

Hirugarrena: proiektuaren idazleak luze eta zabal aztertu du energia berriztagarrien aldeko araudia, hala nola 2005-2010 aldirako Espainiako Energia Berriztagarrien Plana, Europar Batasunaren helburuak eta abar, baina Nafarroan xedapen horiek ez dira aplikatu behar 685/1996 Foru Dekretuak indarra duen artean (horren bidez parke eolikoen plan eta proiektu berrien onespena eten zen Nafarroako Foru Komunitatean).

Hori horrela, alegatzaileak dio Nafarroan ez dela bete 1996ko Energia Plana, haren aurreikuspenak gainditzen dituzten edota hartan aurreikusita ez dauden jarduketak egin baitira -Muru Artederretako azpiestazioak ez luke eraikita egon behar, baina hortxe dago, eta CENERek sustatzen duen parkeak ondorioz ezin du ekoitzitako energia hustu-, eta hala ere ez dela energia ekoizteko unitate gehiago instalatzen utzi behar, aitzitik, onetsitakoa bete dadin begiratu behar dela.

Labur azaldurik: sustatzaileak ez du betetzen ezta 1996ko Nafarroako Energia Plana ere, ez baitago beste ezein indarrean; ez dauka energia husteko azpiestaziorik (baina azpiestazioa eraikita dago, harrigarriro), ez dago MW-rik libre ere, eta horregatik guztiagatik Nafarroako Gobernuak sustatzaileari eskatu behar dio Las Balsas-Alaitz Mendilerroko parke eoliko esperimentala tramitaziotik kentzeko.

Laugarrena: honako alegazio hauekin batera, alegatzaileak eranskin gisa aurkeztu ditu Ingurumen zuzendari nagusiak 2006ko abuztuaren 17an emandako 1946/2006 Ebazpenari egin zizkion alegazioak, tramitatzen ari den espediente honetan indar osoa dutelakoan. Ebazpen horren bidez 2005-2010 urteetarako Nafarroako Energia Plana jendaurrean jarri zen.

Alegazio guztiei erantzuna:

UPSaren xedea, alegazioak egin zaizkion erabakian jasorik dagoen moduan, parke eoliko esperimental bat eta berari lotutako instalazio osagarriak ezartzea da, energia eolikoaren ekoizpenerako elementu bereziekin saiakuntzak egiteko. Kasu honetan, gero ikusiko dugunez, 68/2003 Foru Dekretuak arautzen du ezarpena, eta alegatzaileak dio ez dela bete foru dekretu hori.

Espedientearen xedeari ekiteko (alegatutako beste gai batzuekin loturik, bestalde) gogora ekarri behar dugu Haize-energia argindar bihurtzeko instalazioak autokontsumorako edo saiakuntzarako ezarri eta erabiltzeko arauak ematen dituen apirilaren 7ko 68/2003 Foru Dekretuaren zioen azalpena, espediente honetako parke eolikoaren oinarria baita:

"Energia berriztagarriak aprobetxatzea Nafarroako Foru Komunitateko energia politikaren ardatz nagusietakoa izan da. Alabaina, abenduaren 24ko 685/1996 Foru Dekretuak ohartarazi zuen bezala, Nafarroan haize-energia garatzearen aldeko apustua egiteak ez du oztopo izan behar premiazko bi helburu bete ahal izateko, alegia, energia mota horren ezarpena lurraldean egoki antolatzeko eta ondasun natural garrantzitsuenen iraupena bermatzeko. Parkeen ugaritzeak hartaraturik, bertan behera utzi ziren Nafarroako parke eoliko berrien tramitazioa eta onespena, Energia Plana berrikusteko zain. Geroztik egoera ez da aldatu. Hala ere, haize-energiatik argindarra ateratzeko ekipo eta osagaiak diseinatu eta fabrikatzen dituen industriak, Nafarroan etengabe hedatzen ari den sektoreak, instalazio egokiak behar ditu bere produktuetan sartzen dituen berrikuntzak egoera atmosferiko desberdinetan saiatu eta probatu ahal izateko.

Otsailaren 26ko 125/1996 Foru Dekretuak parke eolikoen ezarpena arautu zuen. Dekretu horrek ere aintzat hartu zuen autokontsumorako instalazioei baimena emateko aukera, baina horretarako eskatu behar diren baldintzak garatu gabe.

Foru dekretu honek saiakuntza eta autokontsumorako diren instalazio eolikoen ezarpena eta erabilera arautzen ditu. Haren xedea, beraz, instalazio mota horiek garatzea da, alegia, horrelakoak ezarri ahal izateko modua egon dadin abenduaren 24ko 685/1996 Foru Dekretuan aipatzen diren parke eolikoak tramitatu eta onesteko etendura urratu gabe, harik eta Nafarroako Energia Plana berrikusten den arte".

Hala, foru dekretu horrek bere zioen azalpenean gogorarazten duenez, bera aldarrikatu zenean 685/1996 Foru Dekretuak artean indarra bazuen ere, "haize-energiatik argindarra ateratzeko ekipo eta osagaiak diseinatu eta fabrikatzen dituen industriak, Nafarroan etengabe hedatzen ari den sektoreak, instalazio egokiak behar ditu bere produktuetan sartzen dituen berrikuntzak egoera atmosferiko desberdinetan saiatu eta probatu ahal izateko". 68/2003 Foru Dekretu horren zioen azalpena honela amaitzen da: "foru dekretu honek saiakuntza eta autokontsumorako diren instalazio eolikoen ezarpena eta erabilera arautzen ditu. Haren xedea, beraz, instalazio mota horiek garatzea da, alegia, horrelakoak ezarri ahal izateko modua egon dadin abenduaren 24ko 685/1996 Foru Dekretuan aipatzen diren parke eolikoak tramitatu eta onesteko etendura urratu gabe, harik eta Nafarroako Energia Plana berrikusten den arte".

Hortaz, 68/2003 Foru Dekretuak eta 685/1996 Foru Dekretuak, biek dute indarra aldi berean. Lehenbizikoaren helburua saiakuntzarako eta autokontsumorako instalazioak garatzea da, halakoak ezarri ahal izan daitezen 685/1996 Foru Dekretuan aipatzen diren parke eolikoen tramitazioa eta onespena eteteko agindua urratu gabe. Laburbilduz, lehenbizikoaren aplikazioak ez dio bigarrenaren indarrari aurka egiten.

Are gehiago, ulertzen ahal da Parke eolikoen ezarpena arautzen duen otsailaren 26ko 125/1996 Foru Dekretuaren helburua eta 68/2003 Foru Dekretuarena, azken batean, ez direla bat bera: lehenengoa energia ekoizteko parke eolikoei dagokie, eta bigarrena "haize-energia argindar bihurtzeko instalazioak autokontsumorako edo saiakuntzarako ezartzeari". Hori gorabehera, egia da bien artean zenbait lotura daudela. Izan ere, 68/2003 Foru Dekretuak ez du inoiz "parke eoliko" edo "parke esperimental" terminoa erabiltzen arautzeko gai gisa, jarraian aipatuko dugun lehenbiziko xedapen gehigarrian izan ezik; hor "saiakuntza parkeak" aipatzen dira eta, horregatik, 125/1996 Foru Dekretuaren 3. artikuluan eta horrekin bat datozen gainerakoetan ezarritako prozedura eskatzen da haiek baimentzeko, hots, "parke eolikoetarako" ezarritako prozedura bera.

Esandakoaren haritik, gogora dezagun foru dekretu horren lehenbiziko xedapen gehigarria, zeinak Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalari (CENER) ahalmena aitortzen baitio, berariazko baldintza batzuk ezarrita, parke esperimentalak berez edo sozietate instrumentalen bitartez sustatu eta kudeatzeko.

"Lehenbizikoa. 1. Nafarroako Plan Teknologikoan aurreikusi bezala, CENER-CIETMAT Fundazioak Energia Berriztagarrien Zentro Nazionala sortu du Nafarroan, energia berriztagarrien arloko ikerketan eta garapen teknologikoan jardun dezan. Zentro horrek badu gaitasun eta esperientzia egokia eta berak sustatu eta kudeatu ahal izanen ditu saiakuntza parkeak bere kabuz, edo bestela sozietate instrumentalen bitartez, baldin eta haien kapital sozialaren %51ren titularra bada, gutxienez. Parke horietan saio, neurketa, proba eta esperimentuak eginen dira sorgailu eolikoekin eta energiaren ekoizpenari eta metaketari buruzko azterlanetarako sistema hibridoekin.

2. Parke horien ezarpena otsailaren 26ko 125/1996 Foru Dekretuaren 3. artikuluan eta horrekin bat datozen gainerakoetan xedatutakoaren arabera izapidetu eta ebatziko da, eta, hala behar denean, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioari buruzko araudian xedatutakoa ere beteko da. Horrelako parkeen erabiltzaile izan eta gorago aipatu diren makina eta instalazioak haietan instalatu ahal izateko, beharrezkoa izanen da Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuaren baimena eskuratzea. Betiere, ohiko sistemen aldean berrikuntza garrantzitsuak dakartzaten instalazioak izanen dira, edo ohiz kanpoko potentziak eragiteko gai direnak. Parkea sustatzen edo kudeatzen duen erakundearen saiakuntza eta esperimentazio beharrak betetzeaz gain, lehentasuna emanen zaie saiakuntza parkearen sustatzailearen zerbitzuak erabili ohi dituzten enpresei. Gainerako enpresen baimen eskaerak, berriz, instalatu nahi duten makinak edo ekipoak dakarren berrikuntzaren interesa kontuan izanik ebatziko dira. Baimena lau urterako emanen da, gehienez ere, eta epe hori amaitu aurretik kendu ahal izanen da, erakunde kudeatzaileak ezarritako baldintzak ez betetzeagatik edo foru dekretu honen 8. artikuluan zehazten diren arrazoiengatik.

Erabiltzaileek parkea kudeatzen duen erakundeari kanon bat ordaindu beharko diote bertan instalaturik duten makina edo ekipo bakoitzeko, ezarpen eta mantentze gastu komunetarako erabil dadin. Gainera, energia salduz lortzen dituzten diru-sarrerak energia berriztagarriak ikertu eta garatzeko gastuen finantzaketarako erabili beharko dituzte, behin kanona eta beren gastuak kenduta".

Xedapen horretatik, beste gauza batzuen artean, ondokoak azpimarratu behar dira:

-Energia Berriztagarrien Zentro Nazionala (CENER) -UPSaren sustatzailea-, Nafarroan CENER-CIEMAT (Energia, Ingurumen eta Teknologia arloetako Ikerketa Zentroa) Fundazioak sortua -irabazi-asmorik gabeko fundazioa, bide batez esanda- Nafarroako Teknologia Planean aurreikusi bezala, energia berriztagarrien arloko ikerketan eta garapen teknologikoan ari da, eta baditu gaitasun eta esperientzia egokiak. Garbi geratzen da, beraz, zientzia entitate fidagarria dela, serioa eta esperientziaduna, energia berriztagarriak ikertu eta arlo horretako teknologia garatzea helburu duena.

-CENER-CIEMATek sustatu eta kudeatu beharreko parke esperimentalen ezarpena "otsailaren 26ko 125/1996 Foru Dekretuaren 3. artikuluan eta horrekin bat datozen gainerakoetan xedatutakoaren arabera izapidetu eta ebatziko da, eta, hala behar denean, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioari buruzko araudian xedatutakoa ere beteko da". Alegia, baimena emateko prozedura 125/1996 Foru Dekretuaren 3. artikuluan eta horrekin bat datozen gainerakoetan ezarritakoa da, eta ez 68/2003 Foru Dekretuak 5. artikuluan ezartzen duena, oro har, berak arautzen dituen instalazioetarako.

Lehenbiziko iruzkinean esandakoaren ildo beretik, gogora ditzagun alegazioak egin zaizkion Nafarroako Gobernuaren erabaki horretan proposamenaren justifikazioari buruz jaso ziren paragrafoak:

CENERrek proiektatutako parke esperimentalaren asmoa da -adierazten du memoriak- foru dekretu horretan aurreikusitako helburu bikoitzari erantzuna ematea, zeren, hasteko, parkearen diseinu teknikoa halako moduan egin baita non bertan paratu ahal izanen diren ohiko sistemekin edo/eta potentzia ez-ohikoekin alderatuta berritasun garrantzitsuak dituzten makina eta instalazioak, eta ase eginen diren CENERrek saiakuntza eta esperimentazioaren alorretan dituen beharrak; bigarrenik, parkean bertan gauzatu beharreko I+G plan bat prestatu da, zeinaren xede nagusia izanen baita parke eolikoen ingurumenaren gaineko eragina gutxitzea, prebentzio neurriak eta hegaztien talkaren kontrako zaintza sistema automatikoak garatuz. Helburu horiek berraztertu ahalko dira eta zabaldu ere, eskura dagoen teknologiaren aurrerapenekin bat eta garapenean zehar lortzen diren emaitzekin.

Era berean, memorian nabarmentzen da 2006ko martxoan lankidetzarako hitzarmen berariazkoa izenpetu zuten Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak, Nafarroako Gobernuak eta CIEMATek; horren arabera, CENERrek, 2007. urtera arte, 48,35 milioi euro inbertituko ditu energia berriztagarrien arloan goraka doazen teknologiak ikertu eta garatzeko proiektu eta azpiegituretan; hitzarmenean aurreikusitako proiektuetako bat da teknologia eolikoak garatzeko unitate bat sortzea, instalazioengantik eta saiakuntzetarako makinen potentziagatik munduan bakarra izanen den azpiegitura bat, alegia.

Esan beharra dago, bigarren iruzkinari dagokionez, CENERek sustaturiko parke eoliko esperimentalaren tramitazioan, 125/1996 Foru Dekretuaren 3. artikuluaren arabera, UPS bat tramitatu behar dela -proiektuak hainbat udalerri ukitzen dituelako (Elortzibar, Elo, Untzue, Tiebas-Muru Artederreta, eta Oloritz, azken udalerri horretara doan errepideko bihurgune batzuk aldatuko baitira)-, espedientea hasi zenean indarra zuen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legean (LAHFL) araututako prozedurari jarraituz.

Hortaz, aipatutako prozedurarekin bat, espedientean ageri da Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza zuzendari nagusiak UPSari buruzko txostena eman zuela 2007ko otsailaren 20an; txosten horri buruz Lurraldearen Antolamendu Batzordeak aldeko txostena egin zuela 2007ko martxoaren 2ko bilkuran; Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiak martxoaren 9an halaxe ziurtatu zuela, eta adierazi zuela ez zela beharrezkoa espedienterako txosten gehiago egitea, Nafarroako Gobernuak 1997ko urtarrilaren 20an hartutako Erabakian aipatzen diren horietatik.

Halaber espedientean jasorik dago, eta alegazioak egin zaizkion Gobernuaren Erabakian ere bai, Ingurumen Integrazioko Zerbitzuko zuzendariak 2007ko otsailaren 9an UPSari buruz emandako txostena. Bertan adierazten da bidezkoa dela espedientea jendaurrean jartzea 30 egunez, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egiteko eta udalez gaindiko proiektu sektoriala tramitatzeko. Azkenik, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren zenbait txosten eta Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren bi txosten daude espedientean, denak ere proiektuari buruzkoak.

Alegatzaileak behin eta berriz dio, bere alegazioetako batzuetan, proiektua ez datorrela bat 1996-2000 urteetako Nafarroako Energia Planarekin, inolako argudiorik eman gabe ordea, salbu eta parke eolikoaren eta Muru Artederretako azpiestazioaren artean ezartzen duen lotura bihurria, horri argudio deitzerik badago. Azpiestazioaz honakoa dio (alegazioa ongi ulertu baldin badugu): ez zela eraiki behar, ez zegoelako aurreikusirik 1996ko Nafarroako Energia Planean, eta beraz, CENERek sustaturiko parke eolikoak ez duela energia ateratzeko azpiestaziorik (nahiz eta, harrigarriro, azpiestazio hori eraikita dagoen).

Nahikoa litzateke Muru Artederretako 400/200 kV-eko azpiestazioa eta Muru Artederretako eta Castejongo azpiestazioen arteko zirkuitu bikoitzeko 400 kV-eko linea egiteko UPSari buruz (Red Eléctrica de España, S.A.k sustatua) egin diren txostenak eta hartu diren erabakiak alegatzaileari bidaltzea, bere baieztapenak zein erratuak diren ohartu dadin. Lehenbiziko txostenetik, lerroalde batzuk nabarmenduko ditugu, UPS honen xedea eta norainokoa agerian jarri eta zein eskumen-eremutan dagoen erakusten baitute.

-Premia horiek guztiak ase nahirik -Nafarroako Komunitatean sortutako premiez ari da- eta Aragoiko erkidegoan energia eolikoak eta Euskal Autonomia Erkidegoan energia termikoak izan duten garapena ere gogoan, planak egin dira sarea handitzeko; besteak beste, 400 kV-eko ardatz berria eginez Gasteiz-Muru Artederreta-Castejon-La Serna-Magallón-Trillo lerroan zehar.

-Testuinguru horretan, sarea garatzeko soluzioak berekin dakar proiektu honen xede diren bi instalazioen eraikuntza: a) Muru Artederretan garraio sareko azpiestazio berria, 400/200 kV-eko transformaziokoa, 600 MVA-koa egitea; eta b) aireko linea egitea, 400 kV-ekoa, zirkuitu bikoitzekoa, gutxi gorabehera 60 kilometro luze, Muru Artederreta-Castejon linea deitua, Muru Artederretan eginen den azpiestazioa Castejongo azpiestazioarekin lotuko duena.

-Geroago bi instalazio horiek penintsulako iparraldean Garraio Sare Nazionala garatzeko berebiziko garrantzia izanen duen ardatz batean sartuko dira. Izan ere, mendebalderantz Gasteizko azpiestazioarekin lotuko da, halako moduan non Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen 400 kV-eko sarearen sare-begiak Nafarroara eta Aragoira hedatuko baitira.

-Proiektaturiko obrak, energia garraiatzeko azpiegitura den aldetik, badu lege oinarria, baita bere onura publikoaren justifikazioa ere, Sektore Elektrikoari buruzko 54/1997 Legearen 52. artikuluaren itzalpean.

-Proiektuaren sustatzailea Red Eléctrica de España, S.A. da. Sektore elektrikoari buruzko azaroaren 27ko 54/1997 Legearen bederatzigarren xedapen iragankorrean ezarritakoarekin bat, enpresa horren eginkizunak dira sistemaren operadorea izatea eta garraio sarea kudeatzea. Beraz, lege beraren 53.2 artikuluarekin bat, goi tentsioko garraio sarea garatu eta handitu behar du, irizpide homogeneo eta koherenteen arabera eratutako sarea mantendu eta hobetuko dela bermatzeko.

-Ingurumen Ministerioak jada egina du ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko prozedura, proposaturiko bi instalazioei buruz (Muru Artederretako azpiestazioa eta Castejon-Muru Artederreta linea), eta biek ere Ingurumen eraginaren adierazpena lortu dute.

Nafarroako Energia Planari dagokionez, 2007ko maiatzaren 2an, hain zuzen ere alegazio hauek aurkeztu ziren egunean, Nafarroako Gobernuak 2010era arteko Nafarroako Energia Plana onetsi zuen. Planaren 4.2.4 epigrafean oinarrizko premisa hauek ezarri dira, kontuan hartu beharrekoak sorgailu eoliko berriak ezartzerakoan, betiere Foru Komunitatearen eskumenen eremuan:

-Lehendik dauden parke eolikoen potentzia handitzeko baimena ematea, betiere foru legerian dauden gutxieneko baldintzak betetzen badira, ingurumenaren gaineko eragina ahalik txikiena izan dadin, eta ingurumenari buruzko kapituluan zehazten diren murrizketekin.

-Parke esperimentalak jartzeko baimena ematea onargarritasunaren mapan onargarritzat jotzen diren aldeetan. Betiere ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko prozedura beteko da eta behar diren zuzenketa neurriak ezarriko dira.

-Jarduera ekonomikoei lotutako autokontsumorako instalazioak (minieolikoak) tramitatzeko erraztasunak ematea, ingurumenaren aldetik eragozpenik ez duen lekuan kokatzen badira.

-Parke eolikoen koordinazio zentroak garatzeko beharra eta aukerak aztertzea, eta errutina egokiak ezartzea, sareen kudeatzaileen eta parke eolikoetako jardueraren eta produkzioaren kudeatzaileen arteko komunikazioa eta iragarpen bideak hobetu ahal izateko.

-Asociación Eólica de Navarra eta CENER erakundeek eta unibertsitateek I+G proiektuen garapenean lankidetzan jardun dezaten sustatzea, I+G arloaren sustapenari buruzko arauetan ezarritako laguntza handienak emanez, xede hauetarako:

-Prozesuen hobekuntza eta kostuen murrizketa.

-Energia soberakinetarako aplikazio berriak.

-Off-shore parkeetarako bi palako eta hiru palako sorgailu eolikoen fabrikazioa garatzea.

-Energia minieolikoaren arloan aplikazio berriak garatzea, beste energia iturri batzuekin batera, erabiltzaile askorentzako energia-eskaintzaren osagarri izan daitezen.

Ondoren aztertu behar dugun kontua da, alegatzailearen arabera, ez dela espedientean jaso parkearen kokalekuan bertan egindako haize-neurketarik.

UPSko memoriaren 13. puntuan -"Argindar ekoizpenaren justifikazio teknikoa. Haizearen azterketa"- esaten denez, helburu horretarako "ohikoa baino metodologia aurreratuagoa erabili da (..).. fluidoen dinamika konputazionalean (CFD) oinarritua". (UPSaren 11. eranskinean metodologia horren nondik norakoak azaltzen dira). Ondorioetan honakoa adierazten da: "Aztertu den eremuak, proposaturiko parkearen diseinurako eta zehaztutako sorgailu eoliko motarako, baliabide eoliko handiak ditu: epe luzeko abiadura 8,10 m/s, 8,21 m/s eta 8,34 m/s da, hurrenez hurren abatza 100, 120 eta 150 metroko altueran dagoela". Helburu hauetarako egokitzat jotzen den 6 m/s-ko abiadura baino handiagoak dira horiek. Emaitza horietan, sustatzailearen arabera, "kokalekuaren ziurgabetasuna beti izanen da ohiko azterlanetakoa baino txikiagoa, baita neurketa dorrea kokalekuan bertan ezartzen denean ere".

Dena dela, gaiaren ezaugarri teknikoak kontuan harturik, alegazioei buruz behinola eman zen txostenaz gain sustatzaileari beste txosten bat eskatu zaio planteatutako arazoari buruz, eta horrexetara jo behar da. Hona hemen txostenean azaltzen diren ondorioak:

-Aireportuko dorreak eta CFD azterlana aski dira "kokalekua gehi WAsP" konbinazioak eskatzen duena betetzeko.

-Horrela lortu eta tratatutako neurriek betetzen dituzte, beraz, 68/2003 eta 125/1996 dekretuetan ezarritakoa.

-UPSan (dokumentuari erantsita) aurkeztutako azterlanean azaltzen diren emaitzek hala frogatzen dute.

Aurrekoaz gainera beste ohar batzuk egin behar dira:

-Alaitz Mendilerroa zehatz-mehatz azterturik dago eta bertan bada parke eoliko bat lanean.

-Horren titularra parkea handitzeko prozesuan ari da, eta, aurkeztu duen alegazioaren arabera, bestearen itzalpean dago, haize-eremu berean.

-Alaitzen lehendik dagoen sustatzaileak haizeari eta produkzioari buruz dituen datuak berarenak dira, eta sustatzaileen iritziz datu horiek isilpekoak dira.

-CENERek esperientzia luzea eta nazioarteko ospea du CFD arloan egindako lanengatik.

-68/2003 Foru Dekretuak berak esperientzia hori aitortzen dio.

-Aukeratu den lekua baso trinkoa da, ez dago pistarik ez biderik eta ezin da bertan dorrerik ezarri. Pentsatu zen hobe zela ingurua ez aldatzea harik eta parkea ingurumenaren aldetik bideragarria zen ala ez jakin arte.

Eta txostenak dio, amaitzeko, CENERek arduraz eta ganoraz proposatu duela honako azterlan hau UPSan, sektoreak ohikoak ez dituen ahalmen eta bitarteko batzuk erabiliz, eta bermatu egiten duela azterlanaren eta emaitzen kalitatea ona dela, 68/2003 Foru Dekretuan ezarritakoaren araberakoa. Eta hori guztia ikusirik, eskatzen du Nafarroako Foru Administrazioak hala onar dezala UPSaren tramitazioan eta geroko baimenetan.

Azkenik, laugarren alegazioa dela eta, esan beharra dago Nafarroako Gobernuak 2007ko maiatzaren 2an onetsi zuela 2010era arteko Nafarroako Energia Plana. Uste izatekoa da, beraz, Larragako Udalak aipatzen dituen alegazioak aurretik ebatzi zirela, tramite egokian.

Hortaz, aurrekoa ikusirik, bidezkoa da Larragako Udalak egindako alegazioak ezestea.

II.-Nola bete diren Nafarroako Gobernuak 2007ko martxoaren 12ko Erabakian egindako zehaztapenak.

Erabakiaren 2. puntuan ondokoa zehazten da: Sustatzaileari adieraztea espedientea ebatzi aurretik hura osatu beharko duela erabaki honen IV. atalean, "Lurraldearen eta hirigintzaren gaineko gogoetak" izenekoan, aipatzen diren alderdiekin. Hona hemen horri buruzko gogoeta eta iruzkina:

-Hutsegiterik edo omisiorik tartean ez bada, UPSaren dokumentazioan ez da ainongo aipamenik jaso proiektatutako instalazioek Noain/Iruñeko Aireportuaren zortasun aeronautikoei dagokienez izan ditzaketen ondorioei buruz -kontuan hartuta zein den aerogeneradoreek (masta eta pala) izan dezaketen gehieneko altuera eta kokalekuaren kota topografikoa-, eta beraz, bidezkoa da gai hori aztertzea eta gaiaren eskumena duten organoek txostenak ematea.

Puntu honi dagokionez, CENERen esanetan, hasierako kontsulta eta azterlanetatik ondorio hau atera da: bi sorgailu eoliko (1 zenbakikoa eta 2 zenbakikoa) eta dorre meteorologiko bat (1 zenbakikoa) 33 zenbakiko pistara hurbiltzeko eremuaren barnean daude, pistaren hasieratik 10 km-ra gutxi gorabehera; pistarainoko distantziak kontuan harturik, ez dago proiektuaren eta kokaleku horren arteko bateraezintasunik, baina beharrezkoa da agintari eskudunak berariazko azterlana egitea. Bestalde, CENERek organo eskudunen aurrean egin dituen kudeaketak deskribatzen ditu; kudeaketa horiek oraindik ez dute behin betiko emaitzarik ekarri.

Puntu honi emandako erantzuna honela amaitzen da: "UPS hau onesten bada, CENERek hitz ematen du ez duela aire eremuko edo aireportuko zortasunak uki ditzakeen obrarik eginen, baimena emateko ebazpenik ez bada, eta zortasun aeronautiko horiek lortu arte ez duela obrarik hasiko".

-Proiektuaren datu kartografikoetatik ondorioztatzen da ez dagoela, hasiera batean, mugarri geodesikoen gaineko ukipenik, baina bidezkoa litzateke hala dela egiaztatzea, eta horrekin batera aurkeztea Herri Lan Departamentuaren txosten bat ukipena jasan dezaketen mugarriekin hartu beharreko babes neurriei buruz.

Puntu honetan sustatzaileak adierazi du, hain zuzen ere, parke eoliko esperimentalaren ezarpenean ez dela mugarri geodesikorik ukituko. Hurbileneko mugarrien zerrenda erantsi du (Taxoarekoa iparraldean, Elomendikoa ekialdean, San Pelaiokoa hegoaldean eta Carrascalekoa mendebaldean).

-Parke eolikoaren esparruan erabilerak arautzeko proposatu den hirigintza araudian zehaztu egiten dira esparru horretan baimendu daitezkeen eta debekaturik dauden erabilerak eta jarduerak, eta amaieran aipatzen da "gainerako jarduerak baimendurik daudelak". Bada, araudi horri buruz honakoa esan behar da: a) "gainerako jarduerei" erreferentzia egiteko, aldez aurretik "gainerako" jarduera horien zerrenda eman behar litzateke; eta b) aurrekoa gorabehera, "gainerako jarduerak onartu" eginen direla dioen manuaren hitzez hitzeko aplikazioak, jarduera baimengarriei eta debekatuei dagokienez, teorikoki aukera emanen luke parkeak izan behar lituzkeen funtzionamenduarekin eta arauekin erabat bateraezinak diren erabilera eta jarduerak ezartzeko.

Proposaturiko araudia berrikusi beharra dago, eta zentzuzkoena litzateke parkearekin bateragarriak izateagatik onartu edota baimendu daitezkeen erabilera eta jarduera guztiak definitu eta gainerakoak debekatzea, batez ere "uztondoak erretzea" eta abarrekoak (hau da, erabilera eta jarduera debekatuei buruzko atalean halakotzat aipatzen direnak).

Gai hori dela eta, sustatzaileak erantzun du parke esperimentaleko Funtzionamendu Arauak aldatu egin direla, UPSaren deklarazioari buruzko Erabakian proposatzen den moduan idatziz, eta Funtzionamendu Arau horiek eranskin batean jaso direla.

-Azkenik, bidezkoa sustatzaileari esatea egin beharreko eraikinak eta energia ateratzeko lineako euskarriak bide publikoen eta altxonbideen kanpoko bazterretik 3 metrora, gutxienez, paratu beharko direla. Nolanahi ere, instalazioak egitean beste edozein azpiegitura edota elementutan sor litezkeen ukipenei dagokienez, sustatzaileak behar diren baimen guztiak eskuratu beharko ditu.

Hori dela eta, sustatzaileak adierazi du hasieran UPSarekin batera tramitaturiko linearen proiektu teknikoetan (eranskin gisa aurkezten den linea elektrikoaren trazadura berriarena eta azpiestazioarena) kontuan hartu dela eraikuntzetatik eta euskarrietatik utzi beharreko 3 m-ko gutxieneko distantzia hori.

Bidezkoa da zehaztapenaren bigarren zatia erabaki honetan jasotzea.

Erabakiaren 3. puntuan ondokoa zehazten da: adieraztea, halaber, espedientea ebazteko kontuan hartuko direla Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak eta Museoen, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak eman behar dituzten txostenen ondorioak.

1. Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren txostena.

Espedientean Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren txosten batzuk daude, eta, azkenik, Herri Lan zuzendari nagusiak abuztuaren 3an emandako 888/2007 Ebazpena, Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalari (CENER) eta Acciona Energía, S.A.ri solidarioki eta batera baimena ematen diena NA-5030 errepidea, Etxaguekoa, zabaldu eta trazadura hobetzeko, aurkeztutako proiektuaren arabera (AOP espedientea).

2. Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren txostena.

Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak bi txosten eman ditu, bata 2007ko otsailaren 13an eta bestea martxoaren 1ean; bigarren hori, ondarearen gaineko eraginaren azterlan bat ikusirik, gero aipatuko dugun moduan.

Txosten horrek dioenez, inguruan ez da aztarnategi arkeologikorik aurkitu. Hala ere, beharrezkoa da katalogatu gabeko ondare arkeologikoaren babes orokorrerako eta prebentziorako neurriak aurreikustea; neurri horiek bete egin beharko dira proiektuan eta obrak egiten direnean.

III.-Parketik energia ateratzeko linearen aldaketa.

Lehen aipatu dugun Gobernu Erabakian eskatzen den dokumentazioarekin batera, CENERek parkean ekoitziko den energia ateratzeko 66 kV-eko linea elektrikoaren proiektua aurkeztu du, Ingurumen ukipenen azterlan eta guzti. Linea horren trazadura ez da UPSan hasieran proposaturikoa. 66 kV-eko linea berri horrek bi zati ditu, airekoa eta lurpekoa. Haren trazadurak nabarmen murrizten du 2006an aurkeztutako trazaduraren ingurumen eragina, eta zuzenketa neurrien aplikazioa ahalbidetzen du. Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak egindako zenbait txosten eta proposamenen emaitza da.

Geroago, hurrengo atalean aipatuko dugun Ingurumen eraginaren adierazpenean (IEA) jasorik dagoenez, 2008ko abuztuaren 14an, CENERek "Las Balsas-Alaitz Mendilerroko parke eoliko esperimentaletik energia ateratzeko proiektu berria" aurkeztu zuen, jatorrizko proiektuari erantsitako dokumentazio osagarri gisa. Horren Ingurumen eraginaren ebaluazioa tramitatzen ari da. Dokumentazio hori jendaurrean jarri zen, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak abuztuaren 18an eman eta 2008ko abuztuaren 20ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean (120 zenbakia) argitaratu zen Ebazpenaren bidez. Jendaurreko epean ez da alegaziorik aurkeztu.

Proiektu berri horrek funtsezko aldaketa dakarkio linea elektrikoaren trazaduraren jatorrizko proiektuari. Nabarmen murrizten ditu ingurumenaren gaineko eraginak, bide inguruetako eta alorren arteko zatirik gehienak lurpekoak baitira. Lehenbiziko zatia lurperatu eginen da faunaren gaineko eraginen arriskua saihesteko, eta Etxague eta Untzuetik hurbilen dauden zatiak lur azpikoak izanen dira herrien inguruetan paisaiaren gaineko eraginik ez sortzeko.

Azken agiri horretan zuzenketa eta jarraipen neurri mordoa ere badago, 2006ko abenduaren 22an aurkeztutako Ingurumen eraginaren azterlanean sartu ziren neurrien osagarriak. Parke eolikoek hegaztietan duten eragina murrizteko prebentzio neurriak ikertu eta garatzeko programak garrantzi berezia du; izan ere, emaitza onak lortzen diren neurrian, jada lanean ari diren parke eolikoetan ezarri beharreko zuzenketa neurri berriak definitzen ahalko dira.

IV.-Ingurumen eraginaren adierazpena.

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak irailaren 26ko 1777/2008 Ebazpenaren bidez Ingurumen eraginaren adierazpen aldekoa eman dio Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalak (CENER) sustaturiko Las Balsas-Alaitz Mendilerroko parke eoliko esperimentalari, zeina Elortz, Elo, Untzue, Tiebas-Muru Artederreta eta Olorizko udal mugapeetan kokatuko baita. Ebazpen horretan honako baldintza hauek ezarri dira:

Obrak hasi aurretik agiri hauek aurkeztu beharko dira:

-Linea elektrikoaren proiektua, 2008ko abuztuaren 14an ingurumen arloko neurri osagarriei buruz aurkeztutako dokumentuan aurreikusitakoa barne hartuta.

-Lanak egiteko aurreikusitako egutegia.

-Ingurumen Zaintzako Programa obren faserako zehaztuko da, bai eta horren ardura izanen duten teknikariak ere.

-Ingurumenaren arloko neurri osagarriei buruzko 2008ko abuztuko dokumentuan aurreikusitako aurretiko lanek, landarediarekin eta florarekin lotutakoek, izan dituzten emaitzei buruzko txostena.

Obrak egiteko fasean:

Zehaztutako Ingurumen Zaintzako Programa beteko da, hegaztiek tokia erabiltzeko moduari buruzko azterlana barne, 2006an urteko ziklo osoari buruz egin zen azterlanean erabilitako metodologia berberarekin.

Jarduneko fasea hasi aurretik honakoak aurkeztu beharko dira:

-Zaintzarako Programaren dokumentu bateratu bat, ingurumenaren gaineko eragina zuzentzeko neurriei dagokiona ikertu eta garatzeko programa barne.

-Ustiapen planaren barruan aerosorgailuen etenaldiak zehaztuko dituen protokoloa, garrantzia emanez bereziki faunaren egoera ahulagoa den garaiari, udaberria-uda sasoiari alegia.

Azkenik, 70.000 euroko fidantza eskatzen da, proiektua egiteak kalterik sortzen badu horiek konpondu edo gutxituko direla bermatzeko, martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 69. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen 2008ko uztailaren 4ko txostenarekin bat etorririk eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Aurkeztu diren alegazioak erabaki honen azalpen zatian adierazitako moduan ebaztea.

2. "Las Balsas-Alaitz Mendilerroko parke eoliko esperimentala" izeneko udalez gaindiko proiektu sektoriala, CENERek sustatua, onestea, honako zehaztapen hauekin:

a) Parke eoliko esperimentaleko obrak hirugarrenen eskubideak kaltetu gabe eginen dira.

b) Sustatzaileari adieraziko zaio ezin dituela UPSan proiektaturiko obrak hasi harik eta organo eskudunaren baimena eskuratu arte, Iruña-Noaingo aireportuko zortasun aeronautikoak direla eta.

c) Proiektuan eta obrak egitean, katalogatu gabeko ondarearen babes orokorrerako eta prebentziorako neurriak beteko dira, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak 2007ko martxoaren 1ean emandako txostenean adierazitakoari jarraituz.

3. Eraikuntza proiektuan, obrak hasi aurretik, obrak egin bitartean eta funtzionamendu fasea hasi aurretik, Ingurumen eraginaren adierazpenean ezarritako baldintzak beteko dira.

4. Nolanahi ere, obren exekuzioa baldintzatzen duten edo ukituta gelditzen diren azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, departamentu sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak lortuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren erakundeetatik.

5. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Enpresa Zuzendaritza Nagusiari, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiari eta Ondare Historikoaren Zuzendaritza Nagusiari jakinaraztea.

6. Erabaki hau Sustapen Ministerioko Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiari, Elortzibar, Elo, Untzue, Tiebas-Muru Artederreta eta Olorizko udalei, CENERi eta alegatzaileei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta ohartaraztea erabaki honek administrazio bidea agortzen duela eta beraren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daitekeela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

Nolanahi ere, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egin ahalko diote Nafarroako Gobernuari, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2008ko urriaren 6an.-Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0815341