133. ALDIZKARIA - 2008ko urriaren 31

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

538/2008 FORU AGINDUA, urriaren 20koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, kontseilari horrek berak ekainaren 30ean emandako 357/2008 Foru Aginduan ezarritako neurriak baliogabetzen dituena.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren ekainaren 30eko 357/2008 Foru Aginduaren bidez, 2008. urtean Nafarroan oihanetako suteei aurrea hartzeko neurriak ezarri ziren.

Begien bistakoa da egoera metereologikoa aldatu egin dela. Euri gehiago egiten du eta gaueko tenperaturak freskoagoak dira. Ondorioz, sute arriskua murriztu da. Egoera horrek erakusten du landaredi naturalari eragiten dioten suteak murriztu direla.

Horrez gain, udazkenean fronte euritsuak espero dira. Horregatik guztiagatik oihanetan suteak pizteko aukerak nabarmenki gutxituko dira. Hori dela eta, bidezko da suteak saihesteko hartu ziren salbuespenezko neurriak bertan behera uztea.

Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legean ematen zaizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren ekainaren 30eko 357/2008 Foru Aginduan ezarritako neurriak baliogabetzea. Foru agindu horren bidez, 2008. urtean Nafarroan oihanetako suteei aurrea hartzeko neurriak ezarri ziren.

2. Adieraztea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren ekainaren 12ko 299/2008 Foru Aginduak indarrean jarraitzen duela eta mugatzea 8. betekizuna, hots, uztondoa erretzeari buruzkoa. Foru agindu horrek kudeaketarako legezko betekizunak eta nekazaritzarako zein ingurumenerako baldintza egokiak ezarri zituen, Europar Batasunaren Nekazaritzarako politikaren barreneko zuzeneko laguntzak jasotzen dituzten nekazariek bete ditzaten.

3. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari, Su-itzaltze Zerbitzuari, Foruzaingoari, Guardia Zibilaren Komandantziari eta SOS-Nafarroari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunetik aurrera izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2008ko urriaren 20an.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

Iragarkiaren kodea: F0816196