I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
197/2008 FORU AGINDUA, urriaren 22koa, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak emana, Nafarroako Zorraren jaulkipena arautzeko Nafarroako Gobernuak urriaren 13an hartutako Erabakian bildutako xedapenak zehaztu eta garatzen dituena.
Nafarroako Zorraren jaulkipena arautzeko Nafarroako Gobernuak urriaren 13an hartutako Erabakiak, 3. puntuan, ahalmena ematen dio Ekonomia eta Ogasun kontseilariari, eskuordetza bidez, jaulkipen horren interes tasa finkatzeko. Gainera, erabaki horren 4. eta 5. puntuetan ezartzen da kontseilari horrek eman beharreko foru agindu baten bidez jaulkipenaren baldintzak zehaztuko direla, besteak beste, jaulkitzeko egunari, harpidetzeko epeari eta interes tasari dagozkienak, eta ahalmena ematen zaio kontseilariari Erabakia betearazteko behar diren neurriak eta ebazpenak hartzeko.
Horrenbestez,
AGINDU DUT:
1. artikulua. Jaulkipenaren ezaugarriak.
Nafarroako Zorraren jaulkipen honek behin betiko ezaugarri hauek izanen ditu:
Zenbatekoa: 60.000.000 euro.
Instrumentazioa: obligazio arruntak , bakoitza 1.000 euroko balio nominalekoa, konturako idazpenen bidez adieraziko direnak.
Jaulkipen-data: 2008ko urriaren 31.
Jaulkipenaren prezioa: parean.
Harpidetzeko epea: 2008ko urriaren 23tik 29ra bitarte, biak barne.
Amortizazioa: parean, 2018ko urriaren 31n.
Interes tasa: finkoa, %4,875ekoa urtean.
Kupoiaren ordainketa: urtero mugaeguna iritsi ondoren, urte bakoitzean urriaren 31n.
2. artikulua. Likidezia.
Nafarroako Zorrak Zor Publikoaren Merkatuan kotizatuko du idazpenetan.
3. artikulua. Tratamendu fiskala.
Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren subjektu pasiboentzat interesek sortutako etekinek atxikipena izanen dute, indarra duen legezko araudiaren arabera. Sozietateen gaineko Zergaren subjektu pasiboek lortutako errententzat ez da obligaziorik izanen ez atxikipenak, ezta konturako diru-sarrerak egiteko ere, abenduaren 30eko 371/1998 Foru Dekretuaren 34. artikuluan xedatutakoaren arabera.
4. artikulua. Jaulkipenaren gastuak eta produktua.
Jaulkipen honen guztirako produktua 1998ko azaroaren 26an jaulkitako Nafarroako Zorraren amortizazio partziala egiteko erabiliko da, 2008ko azaroaren 26ko mugaeguna baitu.
Jaulkipenaren komisioak eta haren ondoriozko gainerako gastuak 2008ko gastuen aurrekontuko "Zor publikoa eta bestelako maileguak jaulki, aldatu eta kitatzeko gastuak" izeneko 112003 - 11430 - 3010 - 951100 kontu-sailetik ordainduko dira.
Jaulkipenaren interesak 2009tik 2018ra bitarteko ekitaldietako gastuen aurrekontuetan bidezkoa den kontu-sailean aplikatuko dira, bi urte horiek barne.
AZKEN XEDAPENA
Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2008ko urriaren 22an.-Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Alvaro Miranda Simavilla.
Iragarkiaren kodea: F0816234