133. ALDIZKARIA - 2008ko urriaren 31

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

TUTERA

Udalaren ordenantza, Tuterako (Nafarroa) taxien hiriko zerbitzu publikoa arautzen duena. Behin betiko onespena

Tuterako Udalak, 2007ko apirilaren 3an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen "Tuterako taxien hiriko zerbitzu publikoaren ordenantza".

Delako ordenantzaren hasierako onespenaren eta erregelamenduzko jendaurreko epearen iragarkia argitara eman zen 2007ko 65. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, maiatzaren 25ean, eta Udalaren iragarki oholean.

Jendaurreko epean erreklamazioak aurkeztu ziren hasierako testuaren aurka. Haiek kontuan hartu ditu eta aztertu Osoko Bilkurak 2008ko irailaren 30ean, baita behin betiko testua onetsi ere.

Legean aurreikusitako ondorio juridikoak izan ditzan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoa bete dadin, aipatu ordenantzaren testu osoa ematen da argitara.

Tuteran, 2008ko urriaren 1ean.-Herritarren Babeseko zinegotzi delegatua, María Isabel Echave Blanco.

TUTERAKO TAXIEN HIRIKO ZERBITZU PUBLIKOAREN GAINEKO ORDENANTZA

Atariko xedapena

1. artikulua. Legeria aplikagarria.

2005eko uztailaren 16an hartu zuen indarra Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legeak (TFL aurrerantzean). Lege horren lehen xedapen iragankorrak zioenez, udalerri guztiek, Baterako Taxi Zerbitzurako Iruñerriko Eremuan sartzen direnek izan ezik, foru lege horretan xedatutakoaren arabera egokituko dituzte ordenantzak, hark indarra hartu eta urtebetean.

Aipatu TFLren lehen xedapen iragankorra, "Ordenantzen egokitzapena" izenekoa, aplikatuz, eta toki araubidearen arloan gaur egun indarra duten xedapenen arabera, erregelamenduak egiteko ahala ematen baitie Udalei, taxien hiriko zerbitzu publikoaren erregelamendua prestatzen da, indarra izan dezan arlo horretan. Arlo hori ordenantza honetan xedatutakoari lotuko zaio eta, hura gabe, TFLri.

Tuterako Udalak 2007ko apirilaren 3ko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bitartez onetsi zen ordenantza hau hasiera batean, hura aldatu duten alegazioen ondoren behin betikoz onetsi baita 2008ko irailaren 30ean egindako osoko bilkuran. Hona bere testua:

I. TITULUA

Arau orokorrak

2. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

Tuterako udal mugapean egiten diren taxien hiriko zerbitzuak arautzea du xede ordenantza honek, oso-osorik Tuterako udal mugapean eginez gero.

Udal mugapean, taxi zerbitzua batera antolatu eta kudeatzea Tuterako Udalari dagokio.

3. artikulua. Definizioak.

Ordenantza honetan xedatutakoaren ondorioetarako, hona zer diren:

a) Taxi zerbitzua: bidaiarien garraio publikoa bederatzi lagun bitarteko ibilgailuetan, gidaria barne, besteren kontura ordain ekonomikoaren truke egiten dena, zerbitzua ematen duenak horretarako behar diren gaikuntza-tituluak dituela.

b) Taxiaren hiriko zerbitzuak: oso-osorik Udal bakar baten mugapean egiten diren taxi zerbitzuak.

4. artikulua. Printzipio orokorrak.

Printzipio hauei lotzen zaie taxi zerbitzuaren jarduera.

a) Tuterako Udalak horretarako gaitutako titular pribatuek ematen dute garraio publikoaren zerbitzua.

b) Erabiltzaileen eskubideak errespetatzen dira.

II. TITULUA

Lizentziak

I. KAPITULUA

Lizentzia, gaitasuna ematen duen titulua

5. artikulua. Lizentziak.

1.-Hiriko taxi zerbitzua Tuterako udal mugapean egin ahal izateko, behar den lizentzia eskuratu beharko da aitzinetik.

Alkatearena da lizentzia emateko eskumena Tuterako udalerrian taxi zerbitzua egin ahal izateko.

II. KAPITULUA

Lizentzia kopurua

6. artikulua. Erreferentzia-indize orokorra.

1.-Udalak, Gobernu Batzordearen bitartez, kontuan hartzen duenean egungo taxi lizentzien kopurua Tuterari dagokion erreferentzia-indize orokorreraino handitzeko aukera, TFLren 8. artikuluaren arabera, haren beharra frogatzen duen merkatu azterlan zehatza prestatuko du, aldez aurretik. Azterlana prestatu ondoren, taxilariei igorriko zaie azken erabakia hartu aurretik, egokia iruditzen zaiena azal dezaten.

2.-Erreferentzia indize orokorrean edozein aldaketa egiteko, TFLren 9. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. KAPITULUA

Lizentziak emateko araubidea eta haien titulartasuna

7. artikulua. Lizentziak emateko prozedura.

1.-Taxi lizentziak emateko, ordenantza honetan eta TFLn xedatutakoari jarraituko zaio.

2.-Tuterako Udalak emanen dizkie lizentziak, eskaintza hoberenaren irizpidea baliatuta, ordenantza honetan eskatutako baldintzak erakusten dituzten pertsona fisikoei. Irizpideen artean taxi lizentziaren prezio eguneratua hartuko da kontuan. Esleipen hartzaileak ordaindu beharko du prezio hori, zein den ere lizentzia eskuratzeko ordaindu behar duen tasa fiskala.

3.-Udalak lizitaziorako deialdiaren oinarriak onetsiko ditu, eta haietan zehaztuko dira segitu beharreko prozedura eta esleipenetarako baloratu beharreko merezimenduak; betiere, publikotasuna, aukeren berdintasuna, lehia librea eta bereizkeria eza bermatuta. Deialdiaren oinarriak Nafarroako Gobernuaren Kontratazio Atarian argitaratuko dira.

4.-Aipatu dokumentazioa aurkezturik, Udalak behin betikoz emanen dio taxi lizentzia esleipen-hartzaileari.

5.-Ibilgailu eta aseguruei buruzko baldintzei dagokienez, haiek izatearen gaineko konpromiso idatzia aurkezten ahal da. Bete egin beharko da konpromiso hori taxi lizentzia behin betikoz eman baino lehen.

6.-Lizentziak emateko prozeduren ondoriozko diru-sarrerak jasotzeko eskubidea izanen du Udalak.

7.-Taxi lizentzia eskualdatzea ez da lizentzia ematetzat hartuko.

8.-Honako hau da lizentziak emateko prozedura:

a) Udalak taxi lizentziak emanen ditu ordenantza honetan eta TFLn edo horren ordezko araudian xedatutakoari jarraituz.

b) Behin-behineko taxi lizentziaren esleipen-hartzaileak esleipena jakinarazi eta hiru hilabeteko epean, gehienez ere, aurkeztu beharko du eskatzen diren baldintzak betetzen dituela frogatzen duen dokumentazioa eta, bereziki, ibilgailua baduela dioena, aseguruen kontratazioa eta soldatapeko gidariari buruzkoa, halakorik bada.

c) Dokumentazio hori aurkezturik, Udalak behin betikoz emanen dio taxi lizentzia esleipen-hartzaileari.

d) Taxi lizentziaren titularrak herri arteko taxi zerbitzuak baimentzeko eskatuko dio garraioetan eskumena duen departamentuari, eta horrek eman egin beharko dio baldin eskatzaileak araudi aplikagarrian eskatutako baldintzak betetzen baditu, non ez den hura ematearen kontrako erabakia hartzen TFLren 9. artikuluan xedatutakoaren arabera.

e) Lizentzien titularrak behartuta daude zerbitzua ematen hastera, haiek eskuratzen dituztela jakinarazi eta biharamunetik 60 egun naturalean, gehienez ere.

8. artikulua. Taxi lizentzien titulartasuna.

1.-Hauek dira taxi lizentziaren titular izateko bete beharreko baldintzak:

a) Pertsona fisikoa izatea, Tuteran erroldatua dagoena, eskaera aurreko bi urtean gutxienez ere.

b) Espainiarra izatea edo Europar Batasuneko estatu batekoa nahiz atzerriko beste herrialde batekoa, baldin Espainiak haiekin sinatuta dituen nazioarteko akordio, tratatu edo itunetan xedatutakoaren arabera aipatu baldintza eskatzen ez bada; bestela, norbera garraioan aritzea babesteko adinako lan baimenak izan beharko dira, atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunen gaineko legerian xedatutakoaren arabera.

c) Ibilgailuaren jabe dela frogatzea, nahiz errentan hartu edo antolamendu juridikoan onartutako beste titulu baten bitartez.

d) Indarra duen araudian ezarritako betebehar fiskalak, lanekoak eta sozialak eguneratuta izatea frogatzea.

e) Zerbitzuan eragin daitezkeen kalteengatiko erantzukizun zibila estalita izatea, indarra duen araudian eta ordenantza honetan ezarritako moduan.

f) Taxi gidari profesionalaren baimena badela frogatzea; bestela, indarra duen araudiak eskatutako gidabaimena izatea.

g) Tuterako kaleak ezagutzearen gaineko aitorpena, etxe barreiatuak barne, eta espres onartzea ordenantza honetan zerbitzua emateko ezarritako baldintzak onartzen direla eta haiek betetzeko konpromisoa baduela.

2.-Ez da zilegi lizentzia baten baino gehiagoren lizentzia izatea.

3.-Lizentziaren titularrak debeku du hura lagatzea edo errentan ematea, izatez edo zuzenbidezko edozein formula erabilita ere, batere ukatu gabe lizentzia eskualdatu ahal izatea TFLren 12. artikuluaren arabera.

4.-Lizentzia baten titularra izateko, erantzukizun zibila estalirik izan behar da; gutienez ere, 300.000 euroraino.

9. artikulua. Ibilgailuen atxikipena.

Taxi lizentzia bakoitza ibilgailu jakin baterako izanen da. Ibilgailua matrikularen bidez identifikatuko da.

IV. KAPITULUA

Lizentzien indarraldia, ikus-onespena, etendura eta iraungipena

10. artikulua. Indarraldia.

1.-Taxi lizentziek ez dute epe mugarik. Hala ere, baliozkoak izan daitezen, haien titulartasun eta ustiapenerako funtsezko baldintzak bete beharko dira.

2.-Udalak noiznahi begiratzen ahal du taxi lizentziak eskuratzeko eskatu ziren baldintzak betetzen ote diren, aldez aurretik, haien gainean egokiak iruditzen zaizkion frogagiriak titularrei eskatuta.

11. artikulua. Ikus-onespena.

1.-Lizentziaren ikus-onespenaren bidez Udalak urtero egiaztatzen du betiere betetzen direla lizentzia emateko hasiera batean arrazoi izan ziren eta hura baliozko egin zuten baldintzak, baita hasieran eskatu gabe ere nahitaez bete behar direnak ere; hori guztia, batere ukatu gabe Udalak ikuskapena egiteko noiznahi duen ahalmena.

2.-Alkatetzaren ebazpenaren bidez arautuko dira lizentziak ikus-onesteko behar diren tramite, agiri eta gainerako baldintzak.

3.-Betiere, ordenantza honetan edo TFLn jasotako arau-hausterik egin bada, ebazpen baten bitartez administrazio bideari bukaera ematen dion diru bidezko zehapenak ordainduta izatea nahitaezko baldintza izanen da ikus-onespena emateko.

12. artikulua. Etendura.

1.-Taxi lizentzien titularrek haien etendura eskatzen ahal dute, bi urterako gehienez. Frogatu beharko dute eri daudela, istripua izan dutela, ibilgailua hondatua dagoela edo, hilabetetik gora, zerbitzua egitea eragozten dien beste zerbait gertatu dela.

Etenduraren eskaerak onartutzat joko dira Udalak ez badu hilabetean jakinarazpen espresik egin eta jakinarazi.

Etenaldia bukatu eta berriz zerbitzua ematen hasi aurretik hilabete iraganez gero, lizentzia indargabetzeko arrazoia izanen da.

2.-Etendura eskariarekin batean, zertan oinarritzen den eskaera, egoera hura frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da.

3.-9/2005 Foru Legearen 12.6 artikuluko kasuan, lizentzia etenik geldituko da harik eta oinordekoak zuzenean ustiatu edo eskualdatzen duen arte.

13. artikulua. Iraungipena.

1.-Taxi lizentziak legeetan ezarritako arrazoiengatik iraungiko dira.

2.-Taxi lizentziak iraungitzeko, administrazio espedientea ireki beharko da eta zehapen prozedurari buruzko arauak erabiliz tramitatuko da, interesdunari entzunaldia emanda.

Udaleko alkatea da hura ireki eta ebazteko organo eskuduna.

3.-Prozedura hori tramitatzen den bitartean, hura irekitzeko organo eskudunak, ebazpen arrazoituaren bidez, behin-behineko neurri hauek hartzen ahal ditu: lizentzia eskualdatzeko debekua, ibilgailua prezintatzea edo egokitzat jotzen den beste edozein neurri, eman litekeen ebazpenaren eraginkortasuna bermatzearren.

4.-Lizentzia egokieragatik ezeztatzen bada, iraungitzeko behar den espedientea ireki aitzin, aukera eskainiko zaie titular interesdunei beren lizentziari uko egiteko, zer baldintzatan ezeztatuko den, haiexetan beretan.

V. KAPITULUA

Lizentzien eskualdaketa

14. artikulua. Eskualdatzea.

1.-Taxi lizentziak eskualdatzen ahal dira Tuterako Udaleko alkateak aldez aurretik baimenduz gero; betiere, ordenantza honetan eta TFLn eskatutako baldintza guztiak bete beharko ditu eskuratzaileak.

Eskualdatzea ukatuko da, eskuratzaileak ordenantza honetan eskatutako baldintzetakoren bat betetzen ez badu.

2.-Taxi lizentzia eskualdatzeko baimenik ez da emanen ez bada bost urtetik gora iragan eskualdatzailea titularra denetik, salbu titularrak erretiroa hartzen badu, hiltzen bada edo taxilari aritzeko ezintasun iraunkorra badu; horrelakoetan, ez da eperik kontuan hartuko.

3.-Eskualdatzeko eskaerak onartutzat joko dira eskaera egin eta bi hilabeteko epean Udalak ez badu ebazpen espresik eman eta jakinarazi; betiere, ordenantza honetan eta 9/2005 Foru Legean (edo horren ordezkoan) xedatutakoaren aurka egiten ez bada.

4.-Taxi lizentziaren eskualdaketa baimentzeko, eskualdatzaileak ordainduta izan beharko ditu Udalak eskatzen ahal dituen zerga edo ordainarazpenak; bestela, eskualdatzea ez da baimenduko.

5.-Taxi lizentzia doan edo kostu bidez eskualdatzen ahal da. Azken kasu horretan, eskuratzaileak jakinarazi beharko dio Udalari salerosketaren zenbatekoa, lizentzia eskualdatu eta hilabeteko epean.

Udalak tasa bat ezartzen ahal du kostu bidezko eskualdatzeetarako, titular-eskualdatzaileak dohainik eskuratu bazuen.

Udalak tasa bat ezarriko du eskualdatze bakoitza egiteagatik.

6.-Taxi lizentzia baten titularra hilez gero, oinordekoek hartuko dituzte hari dagozkion eskubide eta betebeharrak, eta lizentzia zuzenean ustiatzeko aukera egiten ahal dute, ordenantza honek eta 9/2005 Foru Legeak (edo horren ordezko legeak) eskatutako baldintzak aldez aurretik frogatuz gero; orobat, beste norbaiti eskualdatzeko, artikulu honetan ezarritakoaren arabera.

7.-Lizentziari atxikitako ibilgailuari baja eman beharko zaio taxi gisa, lizentziarekin batean eskualdatzen denean izan ezik.

8.-Zer ezaugarri eta baldintzari esker eman zen lizentzia, haiexei kontu beharko die ibilgailu berriak, non ez den ibilgailua lizentziarekin batean eskuratzen.

9.-Taxi lizentzia bat eskualdatzen duena ezin da beste lizentzia baten titular izan 10 urte baino lehenago, eskualdatzea baimentzen denetik.

10.-Lizentziak ez dira eskualdatzen ahalko eskualdatzea debekatzeko behin-behineko neurri baten eraginpean badira, edo bahitura baten eraginpean badira, debekua edo bahitura kentzen ez diren bitartean.

11.-Hona hemen eskualdatzea baimentzeko prozedura:

a) Eskuratzaileak sinatutako eskaera aurkeztea eta, kostu bidezko eskualdatzeetan, eskualdatzaileak ere sinatua; gainera, TFLren 6 eta 12. artikuluan eskatutako baldintzak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa.

b) Alkatearen baimena eskualdatzea egiteko.

c) Gainerako agiriak hilabetean aurkeztea; bereziki, 6/2005 Foru Legearen 12. artikuluko 5. atalari dagokiona.

VI. KAPITULUA

Lizentzien erregistroa

15. artikulua. Taxi lizentzien erregistroa.

1.-Udalak taxi lizentzien erregistroa prestatuko du, datu hauek jasotzeko.

a) Lizentzia zenbakia eta titularraren identifikazio datuak.

b) Lizentzia esleitzeko berezko ezaugarriak eta baldintza berariazkoak.

c) Herri arteko taxi zerbitzurik bada, hura egiteko baimena, zein egunetan eman zen eta noiz arte balio duen adierazita.

d) Lizentziari atxikitako ibilgailua; marka, modeloa, aldaera, mota eta homologazioa; matrikula eta bastidore zenbakia; noizkoa duen matrikula eta zer egunetan atxiki zen lizentziari; ibilgailuen azterketa teknikoak (IAT) zenbat denboratarako balio duen eta noizkoa duen azken azterketa; ibilgailuaren aseguruaren datuak, jarleku kopurua, ibilgailua egokiturik ote den aulki gurpildunean doazen erabiltzaileak garraiatzeko; erabiltzen duen erregai mota, eta lehiaketan eskaini diren ezaugarriak.

e) Soldatapeko gidaririk bada, haren identifikazio datuak, lan araubidea eta dedikazio mota, TFLren 20. artikuluko 1. atalaren arabera.

f) Ibilgailuan erabiltzen den taximetroa, marka eta modeloa, fabrikatzailea, paratu duen lantegia, taximetroaren identifikazio zenbakia, azken ikuskapenaren data eta zenbat denboratarako balio duen.

g) Bestelako elementuak ibilgailuan, hala nola GPS, ordainagirien inprimagailua, txartel bidez ordaintzeko sistema, manparak edo bestelako segurtasun neurriak.

h) Erantzukizun zibileko aseguruaren datuak.

i) Lizentziaren gainean izan daitezkeen kargak.

j) Lizentzien ikus-onetsiak, aparteko azterketak, halakorik bada, zein egunetan egin ziren eta zenbat denboratarako balio duten adierazita, egindako errekerimenduak eta horiek bete diren ala ez.

k) Lizentzia bakoitzari dagozkion salaketa, espediente, zehapen eta errekerimenduak.

l) Zerbitzu berezietarako baimenak eta ezar daitezkeen beste batzuetarakoak, baimenaren eta balioaren datak eta guzti.

m) Etendurak, baimendutako eskualdatzeak eta lizentzien zenbatekoa, baita haien iraungitzea ere.

2.-Udalak, hilabetez gehienez ere, jakinarazi beharko dio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan garraio arloan eskuduna den departamentuari zer aldaketa gertatu diren erregistroan taxi lizentziei, atxikitako ibilgailuei, baimendutako eskualdatzeei eta haien zenbatekoei, baimendutako etendurei eta iraungitako lizentziei buruz.

3.-Taxi lizentzien erregistroetako datuak tratatu eta lagatzeko, administrazio erregistroen eta datu pertsonalen babesaren arloko araudiari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Zerbitzua emateko baldintzak

I. KAPITULUA

Jarduera eta gidariak

16. artikulua. Zerbitzu egitea.

Taxi lizentzia eta baimenen titularrek beraiek ematen ahal dute zerbitzua edo soldatapeko langileen bidez, hurrengo artikuluan ezarritako baldintzetan.

Soldatapeko langileak kontratatu aitzin, Udalak baimena eman beharko du.

17. artikulua. Zerbitzua soldatapeko langileekin ematea.

1.-Lizentziaren titularrak, gehienez ere, soldatapeko gidari bat kontratatzen ahal du ordu merke, asteburu, jaiegun edo jai bezpera, gertaera berezi, herriko festa edo antzekoetan aritzeko.

2.-Soldatapeko gidariaren bitartez urte osoan egiten den taxi zerbitzuak ez du, ordutan, lizentziaren titularrak zerbitzua emateko duena gaindituko.

3.-Titularra baliaezindua denean, lanerako ezintasun iragankorra duenean eta lizentzia aldi baterako ustiatzen ahal da soldatapeko langileak kontratatuta, aurreko atalean ezarritako mugarik gabe. Betiere, egoera horrek bi urtez iraunen du, gehienez ere.

4.-Soldatapeko langileak kontratatzeko, Udalaren baimena beharko da aldez aurretik, lizentziaren titularrak eskatuta.

Soldatapeko langileak kontratatzeko baimen eskaerak onetsitzat joko dira Tuterako Udalak ebazpen espresik eman eta jakinarazten ez badu hilabeteko epean.

Baimena eskuratuta, hilabeteko epean, lan kontratuaren kopia, langilearen Gizarte Segurantzako alta eta soldatapeko langilea ibilgailuaren aseguruan bigarren gidari gisa agertzen dela frogatzen duen dokumentua aurkeztuko dira Udaletxean.

5.-Lizentziaren titularra da Udal honetan zerbitzu egokia ematearen arduraduna.

18. artikulua. Dedikazioa jardueran.

1.-Taxi zerbitzuak behar duen jarraitasuna bermatzearren, taxi lizentziaren titularrek eta soldatapeko gidariek, halakorik dagoenean, zerbitzua antolatzen duten arauei jarraituz eginen dute lana ordutegi, egutegi, atsedenaldi eta oporraldien kontuan. Haiek ordenantza honetan ezarrita daude, baina Udalak ere ezar ditzake Alkatetzaren Ebazpena baliatuta.

2.-Eguneko 24 orduz emanen da zerbitzua. Zerbitzua egitea eragozten duen gorabeherarik gertatzen bada, idatziz jakinaraziko zaio Udalari.

Taxilarien lanbide elkarteena edo Tuteran lizentzia dutenen ordezkariena da erantzukizuna, beti, gaueko, jaiegunetako eta hain bezperetako zerbitzua behar bezala egin dadin.

3.-Salbuespenez, eta zerbitzua beterik dagoenean, Udalak baimena ematen ahal du lizentziari dagokion zerbitzua bertan behera gelditzeko. Etenaldi hori hilabeteko izanen da, gutxienez ere, eta sei hilabetekoa gehienez ere. Baimendutako epea iraganik, lizentziaren titularrak zerbitzura itzuli beharko du. Baimenean adierazitako epean itzultzen ez bada, iraungitzea gertatuko da, TFLren 14.d) artikuluan aurreikusi bezala.

4.-Ibilgailuak ordenantza honetako zerbitzuak egiteko erabili beharko dira, eta debeku da bestelako xede publiko edo profesionaletan erabiltzea.

5.-Gaueko zerbitzuko ordutegia da 00:00tik 08:00etara ematen dena. Betiere, bi ibilgailu (titularra bata, eta ordezkoa bestea, titularrak zerbitzua ezin egin duenean) arduratuko dira egunero zerbitzu horretaz. Titular guztiak daude zerbitzu hori egitera behartuak; txanda zorrotzean, egokitu ahala.

Alkateak, lizentzia kopuruen igoera edo beste edozein arrazoi kontuan hartuta, ebazpen arrazoitu baten bitartez handitzen ahal du zerbitzu hori eman behar duten ibilgailuen kopurua.

6.-Lizentziaren titularrak badu eskubidea urtean 30 egun naturaletan atseden hartzeko.

Ezin dira aldi berean oporretan egon lizentzien titularren %25ek baino gehiagok. Opor horien berri emanen zaio Udalari; horretarako, taxi lizentziaren titularrak bere urteko oporren egutegia aurkeztuko du urte naturaleko otsailaren 28a baino lehen.

19. artikulua. Taxiaren gidabaimen profesionala.

Aukerakoa du lizentzia titularrak gidabaimen profesionala eskuratzea, baita soldatapeko gidariak ere.

Betiere, taxi gidariek indarra duen araudiak eskatutako gidabaimena izan beharko dute.

20. artikulua. Lanbide elkarteak eta ordezkagaitasuna.

1.-Taxiaren sektorea ordezkatzeko, lanbide elkarteek indarra duen araudiaren arabera eratuta egon beharko dute eta, gutxienez ere, Tuterako lizentzia titularren heren batez osatuta.

2.-Baldintza horiek betetzen dituzten lanbide elkarteen bitartez emanen zaie entzunaldia taxiaren sektoreko lanbide elkarteei, ordenantza honetan edo TFLn aurreikusitakoa aplikatuz.

II. KAPITULUA

Ibilgailuak

21. artikulua. Ibilgailuen ezaugarriak.

1.-Baimenduko diren ibilgailuek gutxienez ere bete beharko dituzten baldintzak:

a) Ibilgailuek beribil gisa saikatuta egon beharko dute ezaugarri teknikoen fitxan eta indarra duen araudian eskatutako ezaugarriak bildu beharko dituzte; bestetik, aulki gurpildunak erabiltzen dituztenei egokitutako ibilgailuek, haiek behar dituzten baldintza eta zehaztapenak.

c) Gehienez zazpi eserleku (gidariarena barne) dituzten ibilgailuetarako emanen dira lizentziak. Hala ere, gehienez bederatzi eserleku (gidariarena barne) dituzten ibilgailuetarako baimenak ematen ahal dira, inguruabarrak kontuan izanik; adibidez, mugikortasun urriko pertsonek taxia erabili ahal izatea, edo zerbitzua egin behar den tokiaren berezitasunak, batez ere geografiaren edo biztanleriaren aldetik ezaugarri bereziak dituenean edo trafiko gutxiko aldea denean, taxilariei entzunaldia eman ondoren.

d) Modelo bakoitzaren itxura ez da inoiz kirol auto batena izanen eta, eurotaxiak eta taxi egokituak kenduta, lehentasuna emanen zaio hiru bolumenekoari. 2 edo 2,5 bolumenekoa onartuko da bidaiarien aldeak elementu fisiko bat baldin badu, maletategiaren aldetik erabat bereizten duena.

e) Ibilgailuek 4 ate izanen dituzte bidaiariak sartzeko; betiere, bi aldeetatik sartu eta ateratzeko moduan kokatuko dira atzeko jarlekuak, aurreko jarlekuetatik aparte.

f) Salbuespenez, mugikortasun murriztuko jendeak eramateko moldaturiko ibilgailuek atzeko eta/edo alboko aldean ate bat izaten ahal dute erabiltzaileak aulki gurpildunekin sar daitezen. Orobat, indarrean dagoen legeriari jarraikiz beste ibilgailu batzuk homologatzen ahal dira, taxiek aulki gurpildunean dauden bi bezero biltzeko adinako edukiera izan dezaten.

g) Ibilgailu guztiek izan beharko dute aire girotua edo klimatizagailua.

2.-Udalak arauak ematen ahal ditu atal hauen gainean:

a) Motorizazioa.

b) Tarifen sistema.

c) Konexioen zigiluak.

d) Zerbitzu tekniko eskudunen ikuskatzea.

22. artikulua. Ibilgailu moldatuak.

1.-Ibilgailu moldatuen ezaugarriak haiei buruz indarra duten arauekin bat etorriko dira. Udalak ezaugarri gehiago zehazten ahal ditu bi betekizun hauek bermatzeko:

-Aulki gurpildunean doan jendea taxian erosotasun eta higiene osoz sartzea.

-Aulki gurpildunean doana segurtasun baldintza egokietan izatea -aulkiaren ainguratzea eta segurtasun-uhalak barne, indarra duten arauekin bat- eta oztopo batere gabe harremanetarako ibilgailu barrenean.

2.-Moldatutako taxiek, ahal dela, mugikortasun urriko pertsonei emanen diete zerbitzua, baina ez da hori haien erabilera bakarra izanen.

23. artikulua. Ezaugarriak.

1.-Taxiak zuriak izanen dira, zerrenda horizontal urdin bat dutela aurrealdeko ateetan. Ibilgailuek ikusteko moduan eraman beharko dute beti lizentziaren zenbakia, kanpoko zerrenda urdinetan, baita dagokien lizentziaren kopurua ere, Udalaren izena eta Tuterako armarria.

2.-Ibilgailuaren barrenean, ikusteko moduan, plaka bat eraman beharko da, zein duen lizentzia, haren zenbakia eta eserlekuen kopurua adierazita. Orobat, ibilgailuaren kanpoan ikusi beharko da lizentzia zenbakia.

3.-Ibilgailuek ez dute artikulu honetan aipatzen ez den bereizgarririk eramanen. Eko-taxiek, ordezko taxiek eta abarrek 9/2005 Foru Legearen 24. artikuluan aurreikusitako bereizgarriren bat eraman behar izanez gero, Alkateak baimena ematen ahal du, aipatu legean xedatutakoari jarraituz, eta egokitzat jotzen diren baldintzen mende jarriko du baimena.

24. artikulua. Publizitatea.

Lizentzia baten titularrak ibilgailua publizitatea jartzea aukeratuz gero, TFLren 25. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

25. artikulua. Dokumentazioa.

Taxi zerbitzua egiten duten ibilgailuek beti eraman beharko dituzte barrenean agiri hauek, erabiltzaileek eta zerbitzua zaintzeko ardura duten ikuskatzaileek eskura izan ditzaten:

a) Ibilgailuari lotuak:

-Udalaren lizentzia.

-Nafarroako Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak hiriarteko zerbitzuak egiteko emandako garraio baimena, halakorik bada.

-Zein den kasua, taximetroaren egiaztagiria, entitate eskudunak emana.

b) Gidariari eta ibilgailuari lotuak:

-Une horretan zerbitzua egiten duen gidari baimenduaren argazkia, lizentziaren titularra edo soldatapekoa izan.

-Ibilgailuaren lizentzia zenbakia.

-Ibilgailuaren matrikula.

-Gidari mota (titularra edo soldatapekoa) eta, behar izatera, kontratu araubidea (lanaldi osoan edo laburrean).

-Nahitaezko aseguruaren poliza eta ordainagiria.

-Erantzukizun zibileko asegurua.

c) Zerbitzuari lotuak:

-Ordenantza honen ale bat.

-Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen ale bat.

-Bi eranskailu, atzeko ateetako lehiatiletan, indarra duten taula adierazita dutela. Eranskailuek eguneratuak eta egoera onean egon beharko dute, erabiltzaileek aise irakur eta informazio egokia izan dezaten.

-Erreklamazio liburua.

-Ordainagiri eta fakturen taloitegi bat, Udalak baimendua, eta hartan, inprimaturik edo zigilaturik, lizentzia zenbakia.

-Lizentziari loturiko beste batzuk, hala nola txartel ordainketa etab.

26. artikulua. Taximetroa.

Taximetroari dagokionez, foru araudiaren ondoriozko betebeharrak.

27. artikulua. Ibilgailuen urteak eta haien berritzea.

1.-Urtebetetik beheragoko ibilgailuek bakarrik izaten ahal dute taxi lizentzia eta baimen berria, haien lehen matrikulaziotik hasita.

2.-Lizentziaren titularrak nahi duenean ordezten ahal du lizentziari atxikitako ibilgailua eta, nahitaez, ibilgailuak 8 urte egin baino lehen (lehen matrikulazio datatik hasita).

3.-Ibilgailuak berritu edo lizentzia berria eskuratu nahi izanez gero, interesdunak idatziz eskatuko du behar den baimena, eta hura emanen da baldin eta egiaztatzen bada lizentzia emateko bete beharreko ezaugarri eta baldintzak gutxienez mantentzen direla, zerbitzuaren segurtasun eta kontserbazio baldintzak egokiak direla eta zerbitzua egiteko beharrezko agiriak zuzen daudela. Horretaz gainera, proposatutako ibilgailua berria izanen da, hots, lehen matrikulaziotik hamabi hilabete baino gutxiago duena.

4.-Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako prozeduren bidez tramitatuko dira eskaerak.

5.-Udalak behartzen ahal du ibilgailua berritzera, haren egokitasun ezaren ondorioz, egiten duen zerbitzua desegokia denean interes orokorrarentzat.

6.-Lizentzia duen ibilgailua egokituta izan denean, edo lizentzia emateko prozesuan inguruabar hori kontuan hartu denean, haren ordezkoa ere egokitu egin beharko da.

Dena dela, ibilgailu egokituen kopurua zerbitzu horretarako nahikoa dela iritziz gero, egoera horretatik salbuesten ahal du.

III. KAPITULUA

Zerbitzu egitea

28. artikulua. Geralekuak.

1.-Geralekuak Geltokiko plazan egonen dira. Udalak, taxilariei eta erabiltzaileei kontsultatu ondoren, beste edozein geraleku jartzen ahal du taxientzat, Tokiko Gobernu Batzordeak hala erabakita.

Taxilari guztiek nahitaez erantzun beharko diete geralekuko abisuei eta zerbitzu eskaerei.

2.-Geralekuek behar bezalako zerbitzua izan beharko dute. Geralekuen ordutegia 08:00etatik 24:00ak arte izanen da. Otorduak txandaka eginen dira: erdiek 12:00etatik 15:00ak arte eta beste erdiek 15:00etatik 17:00ak arte. Horrela, une oro bermatuko da geralekuetako zerbitzua asteko egun guztietan.

3.-Taxiak ailegatu ahala kokatuko dira geralekuan, eta ordena horretan erantzunen diote erabiltzaileen eskaerari, salbu eta bertan diren taxilariek bestelakorik adosten badute edo ibilgailuaren moldaketa dela-eta minusbaliatuek beste ibilgailuren bat erabili behar badute.

4.-Ibilgailuak geralekuan eginen dituen lan orduetan, gidariak bertan egon beharko du, ezinbesteko kasuetan izan ezik. Bestela, ez dagoen gidariak txanda galdu eta azken lekua hartu beharko du.

29. artikulua. Zerbitzua eremu publikoan eskatzea.

1.-Interesdunek eremu publikoan eskatzen ahal dute zerbitzua, libre dagoen taxi bati gidaria ohartzeko moduko keinua eginez. Taxilariak erabiltzailearen eskaera onartu beharko du, non eta ez duen bide segurtasuna kolokan jartzen, trafikoari traba egiten edo ibilgailuari kalte egiteko arrisku nabarmena eragiten.

Erabiltzailea ezin da prozedura horretaz baliatu, taxia geralekutik 25 metrora edo hurbilago badago eta, bertan beste ibilgailu batzuk libre edo zain dauden erabiltzaileak, pertsona ezinduen kasuan izan ezik.

2.-Taxiek ezin izanen dute erabiltzailerik bildu bidaiari-garraioetako geltokien inguruan edo tarteka erabiltzaile asko biltzen diren beste instalazio batzuen inguruan, baldin eta gisa horretara taxi geralekuetan esperoan dauden erabiltzaileak biltzeko ohiko funtzionamendua galarazten badute.

3.-Ibilgailua zerbitzua egiten ari den bitartean, goizez zein gauaz, gailu bat eramanen du kanpoko aldean, argi eta garbi ikusteko taxia erabilgarri dagoen edo ez. Gailu hori argi berde batez eta modulu argidun batez osatuko da.

30. artikulua. Zerbitzua irratien edo beste sistema batzuen bidez eskatzea.

1.-Erabiltzaileak telefonoz edo sistema teknologiko batzuen bidez eskatzen ahal du taxi zerbitzua, baita mugikortasun murriztua dutenentzat propio egokitutako beste sistema batzuen bidez, hala nola tele-faxa, posta elektronikoa eta antzekoak.

2.-Irrati igorgailuak kudeatzen dituzten elkarteek edo telefonoz nahiz beste sistema teknologikoen bidez zerbitzua kontratatzen duten pertsona fisikoek edo juridikoek taxi zerbitzuari eta erabiltzaileek eskatutako laguntzari buruzko informazioa eman beharko diote Udalari; batez ere, kontratatutako zerbitzuen kopuruari eta ezaugarriei, ezin egin izan diren zerbitzuei eta erabiltzaileen kexa eta erreklamazioei buruz.

Informazio hori administrazio eskudunari ematen ez bazaio edo gezurrezkoa edo faltsua bada, arau-hauste larria izanen da eta elkarteak zigorra jasoko du.

3.-Taxiaren zerbitzua hitzartzeko erabiltzen diren irrati igorgailu eta komunikazio sistema guztiek, aldez aurretik, Udalaren baimena beharko dute. Lizentzien titularrak libre elkartzen ahal direnez, horren araberakoa da baimena eta horren iraupena.

31. artikulua. Erabiltzaileek ibilgailua aukeratzea.

1.-Arau orokor gisa, erabiltzaileek lehen tokian dagoen taxia hartuko dute, salbu bertan diren taxilari guztiek besterik adosten dutenean edo, ibilgailua mugikortasun murriztuko jendearentzat moldatu behar izateagatik, beste ibilgailu bat hartu behar denean.

2.-Betiere, ibilgailua hautatzeko lehentasuna izanen dute, erabiltzaile gisa, mugikortasun urria dutenek.

32. artikulua. Zerbitzuaren kontratazioa.

Taxi zerbitzua egiteko eskatzen denean ibilgailuko eserleku guztiak batera kontratatu behar dira.

33. artikulua. Zerbitzuaren antolaketa.

1.-Udalak zerbitzua antolatu eta koordinatzeko arauak ezartzen ahal ditu ordutegi, egutegi, atseden eta oporren gainean, taxi zerbitzua ematean behar den jarraitutasuna bermatzeko.

2.-Udalak, halako eremu, geraleku, egun eta orduetan (ospitale eremua, tren eta autobus geltokia, geraleku nagusiak etab.) zerbitzu egitera behartzen ahal du; horretarako, taxi lizentzien titularren artean behar diren koordinazio arauak onetsiko ditu, berdintasun irizpideen arabera.

3.-Udalak behar diren neurriak hartuko ditu ibilgailu egokituen gutxieneko zerbitzua bermatzeko.

4.-Artikulu honetan araututako zerbitzuak antolatzeko, entzunaldia emanen zaie aldez aurretik taxiaren sektorea ordezkatzen duten lanbide elkarteei eta erabiltzaileei zein kontsumitzaileei.

5.-Artikulu honen 1. atalean ezarritakoa betetzen ez bada, lizentziak kentzen ahalko dira, ordenantza honen 13. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituz.

34. artikulua. Tarifak.

1.-Taxiari buruzko 9/2005 Foru Legearen 40. artikuluan xedatutakoa bete beharko dute taximetroa ezarria duten taxien tarifek.

2.-Orobat, Udalak urtero onetsiko ditu taximetrorik ezarrita ez duten taxien tarifak; horretarako, indarra hartu baino hilabete lehenago, taxi elkarteak proposamena igorriko du, Gobernu Batzordeak onets dezan.

35. artikulua. Zerbitzuaren hastapena, taximetroa abiaraztea eta zerbitzua ordaintzeko bideak.

1.-Erabiltzaileak taxia eremu publikoan geldiarazten badu, ibilgailuan sartu eta nora joan nahi duen esaten duenean jarriko da martxan taximetroa.

2.-Zerbitzua telefonoz edo gisako baten bidez eskatzen bada, orduan ere erabiltzailea ibilgailuan sartu eta nora joan nahi duen esaten duenean abiaraziko da taximetroa. Taximetroan adieraziko den azken zenbatekoari, Udalak tarifen definizioan ezarriko duen zenbateko finkoa erantsiko zaio. Taxia nondik eskatu den, horren araberakoa izanen da zenbateko hori.

3.-Matxura edo istripurik gertatuz gero, baita agintaritzako agenteek ibilgailuaren gidaria geldiaraziz gero ere, hura ohartarazteko edo salatzeko, taximetroa gelditu eginen da. Zerbitzua burutzerik ez badago, erabat ezinezkoa delako edo erabiltzaileak hala nahi duelako, erabiltzaileak ordaindu beharko du taximetroak adierazten duen zenbatekoa, kobratu beharreko gutxienekoa kenduta.

Erabiltzaileak hala eskatzen badu, gidariak beste taxi bat jarriko du haren esku. Kasu horretan, erabiltzailea bigarren ibilgailuan sartzen den unean hasiko da tarifa berria kontatzen.

4.-Zerbitzua egiten ari denean, ibilgailu taximetrodunak ezin dira erregaiz hornitu, bidaiariak berariazko baimena eman ezean.

5.-Egindako zerbitzua ordaintzeko, bide hauek erabiliko dira:

-Eskudirutan: gehienez ere 50 euroko billeteak onartuko dira.

-Txartelaren bidezko ordainketa, halakorik duten ibilgailuetan.

6.-Taximetroa ezarria izan edo ez, zerbitzu bakoitzean emanen zaio ordainagiria erabiltzaileari, horrek horrela eskatuz gero.

7.-Egindako zerbitzuaren ordainagiria erabiltzaileari emateko, bide hauek erabiliko dira:

-Ordainagirien inprimagailua baliatuz, halakorik duten ibilgailuetan.

-Ordainagiri eta fakturen taloitegi baimendua baliatuz.

36. artikulua. Itxaronaldia.

1.-Bidaiaria ibilgailutik aldi baterako ateratzen bada, noiz itzuliko zain gelditzen den gidariak eskatzen ahal dio, berme gisa eta ordainagiria jaulkita, ordaintzeko eginiko ibilbidea gehi ordu erdiko itxaronaldiari dagokion zenbatekoa, hiri eremuan bada, edo ordu beteko itxaronaldiari dagokiona, hiriarteko eremuan bada. Epe horiek iraganda, gidariak zerbitzu hori amaitu duela jotzen ahalko da, salbu eta bestelakorik adostu bada.

2.-Bidaiariak gidariari aparkatzeko muga duen lekuren batean egoteko eskatu badio, eginiko zerbitzuaren zenbatekoa eskatzen ahalko dio gidariak, zerbitzuan jarraitzeko beharrik izan gabe, salbu eta itxaronaldia aparkatzeko denbora-muga baino laburragoa bada.

3.-Zerbitzua telefonoz edo gisako baten baten bidez eskatzen bada, gidariak 10 minutu baino gehiago ez itxoiteko eskubidea izanen du, taxi gidaria hitzartutako puntura iristen den unetik kontatzen hasita.

IV. KAPITULUA

Hiriarteko zerbitzuak

37. artikulua. Hiriarteko zerbitzuak.

1.-Taxien zerbitzuaren barrenean, hiri barrenekoa soilik izanda ere, hiriarteko zerbitzuak egiten ahal dira; horretarako, ibilgailuek baimena eskuratu beharko dute, TFLren 16, 17 eta 18. artikuluetan xedatutakoari jarraituz. Lege horri jarraituko zaio gai honen inguruan.

2.-Taxi lizentzia zein udalerritan eskuratu den, haren mugapetik abiatuko dira hiriarteko taxi zerbitzuak (TFLren 46. art.), TFLren 47. artikuluan ezarritako kasuetan izan ezik.

IV. KAPITULUA

Irrati igorgailuak

38. artikulua. Irrati igorgailuak.

Irrati igorgailuei dagokienez, Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 34. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio, baita ordenantza honen 29. artikuluan xedatutakoari ere.

IV. TITULUA

Ikuskapena eta erreklamazioak

I. KAPITULUA

Zerbitzua ikuskatzea

39. artikulua. Ikuskatzeko organoak.

1.-Udaltzaingoari dagokio taxiaren hiri barreneko zerbitzuak zaindu eta ikuskatzea.

2.-Ikuskatzaileak agintari publikoak dira beren zeregina betetzen dutenean.

3.-Ikuskatze zerbitzuen akta eta txostenetan edo legez garraioa zaintzeko ardura dutenek egindako salaketetan egiaztatutako egintzek frogaren balioa dute eta ez dituzte ukatzen administratuek, beren eskubide edo interesak defendatzeko, adierazi edo ekar ditzaketen frogak.

4.-Ofizioz beteko da ikuskatze lana, aldez aurretik salaketa jarrita edo ez.

5.-Lizentzien titularrak behartuta daude ikuskatzaileei laguntzera, haiek beren zereginetan ari direnean, ibilgailuak ikuskatzeko eta eraman behar dituzten dokumentuak aztertzeko, horren beharra dagoenean ordenantza honetan eta TFLn ezarritako eginbeharrak betetzen ote diren egiaztatzeko.

40. artikulua. Azterketak.

1.-Ibilgailuaren azterketak:

a) Aldez aurreko azterketa: ezin izanen du zerbitzurik egin beharrezko baimena ez duen ibilgailuak. Horretarako, udal organo eskudunak aldez aurretik aztertuko du haren segurtasuna, kontserbazioa eta dokumentazioa zertan diren.

b) Ohiko azterketa eta azterketa berezia: ordenantza honen xedeko ibilgailuek urteko ohiko azterketa eta udal organo eskudunak deitutako bestelako azterketa berezi guztiak pasako dituzte. Azterketak gainditzen ez dituzten ibilgailuek ezin izanen dute zerbitzua egin harik eta atzemandako hutsuneak zuzendu eta ikuskapen zerbitzuek hala berresten duten arte.

2.-Taximetroak emandako datuak: lizentzien titularren ardura da Udalak beharrezkotzat jotzen dituen datuak aldian-aldian eta ezartzen den prozeduraren bitartez ematea.

3.-Taximetroa ikuskatzea: entitate eskudunek taximetroei egiten ahal dieten azterketa ukatu gabe, Udalak noiznahi egiten ahal die azterketa berezia taximetro guztiei edo batzuei, edo horretarako agindua ematen ahal du, ondokoak egiaztatzeko:

-Aparatuak kanpotik eta urrutitik ikusteko moduan erakusten duela ibilgailua erabilgarri dagoen ala ez.

-Argi eta garbi adierazten dituela sorrarazitako diru kopuruak, hala nola bidaiaren zenbatekoa, indarra duten tarifa ofizialen araberakoa.

-Zigiluak erraz ikusteko moduan direla, kalean ikuskatuz gero.

-Zigilu ofizialak egoera onean daudela.

-Gurpil-azalen diametroa, aparatuaren libretan jasotako egiaztapen ofizialean adierazten den huraxe dela.

-Aparatuak ez duela zulo edo mailaturik edo haren kaxa kolpeak hartu, bortxatu edo manipulatua izanaren aztarnarik.

4.-Taximetroaren akatsak: taximetroen urteko edo ezohiko azterketen ondorioz, akatsen bat atzematen bada taximetroaren kokaleku, funtzionamendu edo aparatuak bete beharreko bestelako baldintzei dagokienez, ibilgailua zerbitzutik kenduko da eta ez da berriz zerbitzuan jarriko harik eta akatsa atzeman zuten udal agintari edo zerbitzuek egin beharreko zuzenketari oniritzia ematen ez dioten arte.

5.-Taximetroaren akatsen gaineko salaketak:

a) Egiaztapen ofizialak ukatu gabe, taxiaren edozein erabiltzailek taximetroaren egoera edo funtzionamenduari zein zerbitzuari oro har loturiko edozein akatsen salaketa egiten ahal du Udalean edo kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteetan.

b) Salaketa berresten ez bada, salatzaileak zerbitzuaren zenbatekoa ordainduko du, baita haren ondoriozko egiaztapen ofizialak eragindako gastuak ere.

c) Egiaztapen horretan, errore marjina txikia onartuko da tresnaren funtzionamenduan, betiere indarreko araudian ezarritakoa baino txikiagoa bada.

II. KAPITULUA

Erreklamazioak

41. artikulua. Erabiltzaileen erreklamazioak.

1.-Ibilgailu bakoitzak erreklamazio liburu bakarra eramanen du. Liburu hori hiriarteko garraioari eskatzen zaionarekin bat eginen du eta kontroleko agiriei buruzko araudian xedatutakoari jarraituko dio. Erreklamazio liburua erabiltzaileen eskura izanen da.

Erreklamazio bat egiten denean, lizentziaren titularrak kopia edo fotokopia bat igorri beharko du, nahitaez, Udalera, erreklamazioa egin eta hurrengo 72 orduen barrenean. Erreklamazio orriarekin batera, lizentziaren titularrak idazki bat bidaltzen ahal du, egokiak iruditzen zaizkion alegazioak aurkezteko.

2.-Erreklamazioa aurkeztuta, haren kopia igorriko zaio lizentziaren titularrari, 10 eguneko epean egoki deritzen alegazioak egin ditzan. Erreklamazioa eta, halakorik bada, alegazioak biltzen dituen idazkia ikusirik, Udalak, komenigarri iruditzen bazaio, zehatzeko ahalmena erabiliko du.

42. artikulua. Galdutako gauzak erreklamatzea.

Gidariek, zerbitzu bakoitza bururatu eta gero, ibilgailua barrenetik arakatuko dute, erabiltzaileari deus bererik ahantzi zaion egiaztatzeko. Hala bada, Udaltzaingoaren bulegoetan utzi beharko ditu, aurkitu eta hurrengo 48 orduen barrenean.

V. TITULUA

Zehapenen araubidea

43. artikulua. Erantzukizunaren gaineko arauak.

1.-Taxi zerbitzua erregulatzen duten arauak hausteagatik, honako hauei dagokie erantzukizun administratiboa:

a) Behar den lizentziaren babesean taxi zerbitzuan ari dela egindako arau-hausteetan, lizentziaren titularrari.

b) Lizentziarik gabe, taxi zerbitzuan ari dela egindako arau-hausteetan, ibilgailuaren titularrari.

2.-Aurreko atalean aipatu pertsona fisikoei eta juridikoei eskatuko zaie erantzukizun administratiboa; alabaina, haiek bidezko egintzak bideratzen ahal dituzte arau-hausteak egozten ahal zaizkien pertsonen aurka.

44. artikulua. Arau-hausteak.

1.-Ordenantza honetan edo TFLn ezarritako betebeharren aurkako ekintza edo omisioak, doloz, erruz edo zabarkeria hutsez egindakoak, arau-hauste administratiboak dira.

2.-Taxi zerbitzuen aurkako arau-hausteak oso larriak, larriak eta arinak izaten ahal dira.

45. artikulua. Arau-hauste oso larriak.

Arau-hauste oso larritzat joko dira:

a) Taxi zerbitzua egitea beharrezko lizentzia izan gabe.

b) Taxi zerbitzuak egitea pertsonen segurtasunerako arrisku larria eta zuzenekoa sortzeko moduan. Bereziki, taxia mozkorturik edo sorgorgarrien eraginpean gidatzea.

c) Ikuskatze zerbitzuei legez edo erregelamendu bidez eman zaizkien eginkizunak betetzea galaraztea, trabak edo eragozpenak jarriz; orobat, udal aginduak ez betetzea edo udaltzainen aginduei gogor egitea.

d) Beste baten izenean emandako lizentzia edo baimenak erabiltzea.

e) Zerbitzuari lotutako eginbeharrak, Foru Administrazio eskudunak ezarritakoak, ez betetzea.

f) Taximetroa manipulatzea, modu desegokian funtzionatzen jartzea edo erabiltzaileari ikustea galaraztea.

g) Taxi zerbitzua egiten duen pertsona lizentziaren titularra edo hark kontratatua ez izatea, edo, gidabaimen profesionala behar delarik, hura gabe taxi zerbitzua egitea.

h) Taxi lizentzia eskualdatzen denean, eskuratzaileak administrazio eskudunari eskualdaketaren zenbateko ekonomikoa ez jakinaraztea horretarako ezarritako epean, edo zenbatekoari buruzko datu faltsuak jakinaraztea.

i) Soldatapeko langileentzat TFLren 20. artikuluan ezarritako araubidea ez betetzea.

j) Mugikortasun murritzeko jendea baztertzea.

k) Taxi zerbitzua egitea ibilgailuan doazen erabiltzaileen kopurua araudi indardunak baimendutako eserleku kopurua baino handiagoa denean.

l) Erabiltzaileei sobera kobratzea, edo baimendutakoa baino tarifa merkeagoak.

m) Bidaiaria abandonatzea, eskatu duen zerbitzua egin gabe, horretarako arrazoirik batere ez dagoela.

n) Urtebetean lau hutsegite larri egitea.

46. artikulua. Arau-hauste larriak.

Arau-hauste larritzat hartzen dira:

a) Lizentziei atxikitako ibilgailua ez beste bat erabiltzea zerbitzuak egiteko, arau-hauste oso larria denean izan ezik, aurreko artikuluko a) letran ezarritakoaren arabera

b) Lizentziaren funtsezko baldintzak ez betetzea, non ez den arau-hauste oso larritzat hartzen. Horretarako, titular izateko ordenantza honen 8. artikuluan eta TFLren 6.ean eskatzen diren baldintza guztiak funtsezkotzat jotzen dira, eta gainera:

b.1) Hiriarteko zerbitzuak, beribiletan, lizentzia eman den Udaletik abiatuta egitea, TFLren 47. artikuluan ezarritakoa izan ezik.

b.2) Ibilgailuko eserleku guztiak batera kontratatzea.

b.3) Ibilgailuaren baldintza teknikoak, segurtasun baldintzak eta antzinatasunari buruzkoak ez betetzea; orobat, zerbitzua kontrolatzeko, ibilgailuan nahitaez ezarri behar diren tresnak ez jartzea eta haiek gaizki funtzionatzea.

b.4) Tarifen araubidea ez betetzea.

c) Zein lurraldetarako duen baimena, handik kanpo zerbitzuan aritzea.

d) Kontrolerako nahitaezko dokumentazioa ez izatea, edo hura faltsutzea.

e) Zerbitzuan egonik, erabiltzailearen eskaerari jaramonik ez egitea, edo hasitako zerbitzua bertan behera uztea, bidezko arrazoirik daudenean izan ezik.

f) Erabiltzaileek erreklamazioak egin ditzaten eduki behar den agiria ez izatea edo erabiltzaileei ez ematea edo haiek eskuratzeko trabak jartzea, baita erabiltzaileen erreklamazio edo kexak administrazioari ezkutatzea edo berandu jakinaraztea ere, bidezko arrazoirik izan gabe.

g) Ikuskatze zerbitzuen lana oztopatzea, aurreko artikuluko c) letran aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direnean.

h) Administrazioari nahitaez jakinarazi behar zaizkion datuen berri ez ematea.

i) Baimendu gabeko bereizgarriak eramatea ibilgailuko edozein tokitan.

j) Ordutegi, egutegi, atsedenaldi eta oporraldien araubidea edo ordenantza honen 18, 28 eta 33. artikuluetan xedatutakoari jarraituz ezartzen diren nahitaezko zerbitzuena ez betetzea; zehazki, astebetean geralekuetan ez agertzea, edo gaueko nahiz jaieguneko zerbitzuaren deiari kasu ez egitea guardian edo zerbitzuan izanik. Orobat, arlo honetan, Alkatetzaren aginduak desobeditzea.

k) Aurreko artikuluan azaltzen diren arau-hausteetako edozein, baldin haren izaeragatik edo inguruabarrengatik, oso larritzat hartu behar ez denean. Inguruabar horiek frogatu beharko dira eta ebazpena arrazoitu.

l) Taximetroa martxan jartzea erabiltzailea ibilgailuan sartu aurretik, ordenantzan ezarritakoaren arabera.

m) Beste edozein arau-hauste, aurreko ataletan aurreikusi gabe dagoena, lurreko garraioa arautzen duten legeetan oso larritzat hartua bada.

n) Urtebetean lau hutsegite larri egitea.

47. artikulua. Arau-hauste arinak.

Arau-hauste arintzat hartzen da:

a) Zerbitzuak egitea, horretarako legezko gaitasuna erakusten duten agiriak edo egiten ari den garraio mota behar bezala egiaztatzeko eska daitezkeenak ibilgailuan izan gabe, non ez den arau-hauste hori oso larritzat hartu behar, ordenantza honen 45. artikuluko a) letran xedatutakoaren arabera.

b) Ibilgailuan behar diren bereizgarriak ez eramatea, edo nekez ikusteko moduan eramatea, eta bereizgarri horiek modu desegokian erabiltzea.

c) Beharrezko tarifa-taulak eta erabiltzaileei erakutsi behar zaizkien gainerakoak falta izatea.

d) TFLren 42. artikuluan erabiltzaileentzat ezarritako eskubideak ez errespetatzea (ordenantza honetan taximetroentzat ezarritako salbuespenekin), non ez den arau-haustea oso larritzat edo larritzat hartu behar, ordenantza honen 45 eta 46. artikuluen arabera.

e) Ibilgailuan utzitako gauzen berri ez ematea agintari eskudunari, ordenantza honetan ezarritako epeetan.

f) Ibilgailuetako publizitatearen gaineko arauak ez betetzea.

g) Zerbitzua egiteko ibilbide ezegokia hautatzea, edo erabiltzailearen interes ekonomikoen kalterako dena, edo erabiltzaileak agindutakoarekin bat ez datorrena, bidezko arrazoirik izan gabe.

h) Erabiltzaileek dagozkien betebeharrak ez betetzea, non ez duen arau horiez osatutako araudiak arau-hauste larritzat hartzen.

i) Aurreko artikuluan azaltzen diren arau-hausteetako edozein, baldin haren izaeragatik edo inguruabarrengatik, larritzat hartu behar ez denean. Inguruabar horiek frogatu beharko dira eta ebazpena arrazoitu.

j) Ezarritako ordutegian, geralekuetan ez agertzea, non ez den beste zerbitzu bat frogatzen.

48. artikulua. Arau-hausteen preskripzioa.

Arau-hauste oso larriek hiru urteren buruan preskribitzen dute; larriek bi urteren buruan eta, arinek, urtebetean; betiere, arau-haustea egin zen egunetik kontatuta.

Zehatzeko prozedura abiatzean utziko da bertan behera preskripzioa, eta interesdunari jakinaraziko zaio. Zehatzeko espedientea hilabetetik gora geldituta badago, ustezko erantzuleari egozten ez zaion arrazoiren batengatik, berriro abiatuko da preskripzio epea.

49. artikulua. Zehapenak.

1.-Arau-hauste arinengatik, ohartarazpena egin edo/eta 300 euro bitarteko isuna ezarriko da; arau-hauste larriengatik 1.300 euro bitarteko isuna, eta arau-hauste oso larriengatik 2.600 euro bitartekoa. Muga horien barrenean, isunaren zenbatekoa zehazteko, kontuan hartuko da arau-hausteak gizartean duen oihartzuna, nahita egin ote den, zenbaterainoko kaltea eragin duen eta arau-hauslea berrerori ote den.

2.-Urtebetean eite bereko arau-hauste bat baino egiteari berrerortzea esaten zaio, ebazpen irmo batek hala deklaratuz gero.

3.-45. artikuluko a) eta b) idatz-zatietako arau-hausteak egiten direnean, zehapena ezartzeaz gain, garraiorako erabiltzen den ibilgailua prezintatu eta lizentzia edo baimena gehienez urtebeterako kendu ahal izanen da.

4.-Zerbitzua egin bitartean 45. artikuluko a) edo b) idatz-zatiko arau-hausteak egiten ari direla ikusten bada, ibilgailua berehala geldiarazteko agintzen ahal da eta neurri horrek indarrean iraunen du harik eta arau-haustea eragiten duten arrazoiak desagertu arte. Horrelakoetan, Udalak behar diren neurriak hartzen ahal ditu erabiltzaileek ahalik eragozpen gutxien jasan dezaten.

5.-Aurreko lerroaldeetan xedatutakoak ez du ezertan galaraziko lizentzia baliogabetzea, Taxiari buruzko Foru Legearen 6. eta 60.b) artikuluetan eta ordenantza honen 46.b) zehazten diren funtsezko baldintzak betetzen ez badira.

50. artikulua. Organo eskudunak.

Alkateari dagokio ordenantza honetan eta TFLn aurreikusitako zehapenak ezartzeko eskumena, taxiaren hiri zerbitzuei dagokienez.

Hiriarteko taxi zerbitzuei dagokienez, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioan garraioen arloko eskumena duen departamentuak ezarriko ditu zehapenak, legez edo erregelamendu bidez horretarako eskumena duten organoen bitartez.

51. artikulua. Zehatzeko prozedura.

1.-Zehatzeko prozeduraren ebazpena urtebeteko epean jakinarazi behar da, prozedura hasten den egunetik hasita. Epe hori iraganik, espedientea iraungitzat deklaratu eta jarduketa guztiak artxibatu beharko dira.

2.-Ordenantza honetan eta TFLn aurreikusitako zehapenak ezartzeko prozedura bat etorriko da guztiendako administrazio prozedurari buruzko legeetan eta zehatzeko prozedurari buruzko foru araudian xedatutakoarekin. Hala behar denean, kontuan hartuko dira lurreko garraioaren arloan indarra duen araudian aurreikusitako zehaztapenak.

3.-Zehapenen betearazteko, administrazio prozedurari buruzko legeetan eta Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketari buruzko Erregelamenduan jasotako arau orokorrak aplikatuko dira

4.-Administrazio bideari amaiera ematen dion ebazpenaren bitartez ezarritako isunak nahitaez ordaindu beharko dira lizentziak ikus-onesteko, lizentzien eskualdaketarako baimen administratiboa emateko eta zein ibilgailuz egin diren arau-hausteak, haien transferentziarako baimen administratiboa emateko.

5.-Zehatzeko espedientearen hasiera jakinarazi eta ondoko hamabost egunean interesdunak bere borondatez isuna ordaintzen badu, haren zenbatekoa %25 murriztuko da.

Zehatzen duen ebazpena eman baino lehen isuna ordaintzen bada, prozedura amaituko da, salbu eta isunak berekin bestelako zehapenen bat dakarren kasuetan; horrelakoetan, beste zehapen horri dagokionez, prozedura azkeneraino beteko da.

52. artikulua. Zehapenen pilaketa eta aplikazioa.

1.-Zehatzeko prozedura tramitatu bitartean, alkateak erantzukizun administratiborik ez eskatzea erabakiko du, gertaera berarengatik aurretik zehapen penal edo administratiboren bat ezarri dela eta subjektua eta oinarria ere oraingo berberak izan direla egiaztatzen bada.

2.-Arau-hauste bat egitearen ondorioz halabeharrez beste arau-hausteren bat egin bada, arau-hauste larrienari dagokion zehapena bakarrik ezarriko da.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Ordenantza honek indarra hartzen duen egunean taxi lizentzien titularrek zerbitzuak egiten jarraitzen ahal dute, lizentzia duen ibilgailuarekin. Ibilgailua berritzen dutenean, ibilgailu berriak ordenantza honen II. kapituluan eta aplikagarriak diren gainerako arauetan eskatutako baldintzak bete beharko ditu.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Indarrik gabe gelditzen da Taxien Hiriko Zerbitzu Publikoaren Erregelamendua, Osoko Bilkurak 1998ko martxoaren 31n onetsia.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENA

Ordenantza eguneratzea

Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2205 Foru Legearen azken xedapenetako lehenak eta bigarrenak Nafarroako Gobernuaren esku utzitako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak arlo honetan egiten dituen eguneratzeak (udal eremuari dagokion kontuan eragina izanez gero), ordenantza honen parte izanen dira; izan ere, ordenantza besterik gabe aldatuko da, haiekin kontraesanean egon ez dadin; hortaz, testua eguneratuko da, Osoko Bilkurak besterik erabakitzeko eskumena duenean izan ezik.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Zehapenak eguneratzea

Ordenantza honetan eta Taxiari buruzko Foru Legean ezarritako arau-hauste administratiboak egiteagatik, zehapenak urtero igoko dira Nafarroak duen KPIren arabera, Nafarroako Gobernuak erabakitzen dituen eguneratzeak ukatu gabe.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Alkate udalburuak erabakiko du ordenantza hau interpretatzean sortzen ahal diren zalantzen gainean.

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA

Ordenantza honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L0815021