II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK
ARESO
Ordenantza, Auzobide, pista eta mendi bideen erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena
Aresoko Udalak, 2008ko uztailaren 30ean egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Auzobide, pista eta mendi bideen erabilera arautzen duen ordenantza. Erabakia 2008ko 105. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, abuztuaren 27an.
Jendaurrean egoteko epea iraganik inork erreklamaziorik aurkeztu gabe, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325 eta 326. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz, hau erabaki da bertan direnak bat etorrita:
-Behin betikoz onestea Aresoko auzobide, pista eta mendi bideen erabilera arautzen duen ordenantza.
-Haren testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.
ORDENANTZA, ARESOKO AUZOBIDE, PISTA ETA MENDI BIDEEN ERABILERA ARAUTZEN DUENA
Aresoko herribide publikoen sarea aresoar guztien ondarearen zati da. Berebiziko garrantzia du udal mugapeko mendi eta landetako aberastasuna zaintzeko eta hartara sarbide izateko. Funtsezkoa da herritarren arteko komunikaziorako eta bisitarien nahiz pasadizokoen harat-honatak errazteko. Ongi zaindurik egoteak herritar guztiei egiten die on. Herriko pista eta bide publikoak gero eta gehiago erabiltzen baitira, beharrezkoa da haien erabilera arautzea. Xedea hirukoitza da: Aresoko natur ondarea zaintzea, erabiltzaile guztiek eta bereziki herritarrek modu orekatuan erabiltzea eta erabiltzeko egoera onean mantentzea. Helburua horixe dela, Aresoko Udalak ordenantza hau onetsi du:
1. artikulua. Ordenantzaren xedea.
Ordenantza honek, indarra duen araudiarekin bat, Aresoko herribide publikoen sarearen erabilera arautuko du.
2. artikulua. Herribideen kategoriak.
Erabilera nagusia zein duten, Aresoko herribide publikoak kategoria hauetan sailkatzen dira:
1.-2 metro zabaleko bideak edo zabalagoak.
a) Auzobideak: horrela sailkatu dira herriko baserri multzo bakoitzera joateko bide nagusiak. Asko erabiltzen diren bideak dira eta horregatik zoru irmoa, agregakinak, asfaltoa edo hormigoia dute. Halakoak dira hauetarako bideak: Pedroenea borda, Santurua, Txuienea, Errandoneko borda, Polaineneko borda, Eberreko borda, Txiloenea.
b) Abeltzaintzarako bide azpiegitura: Aresoko herrilurretan, pista garrantzitsu gutxi erabiltzen dira nagusiki abeltzaintzarako, gehienek zerbitzu egiten baitute basogintzari nahiz abeltzaintzari era berean emanak dauden aldeetan.
Abeltzaintzarako dira, edo halakotzat hartu dira, borda eta baserrietara sarbide ematen duten pistak, auzoko bide nagusiak ez direnean. Halakoak dira hauetarako bideak: Belaku, Felipe borda eta Iruñegi baserriak eta Ahuntzenea, Eguarrea, Martiñenea eta Mañanea bordak.
Azienda bazkatzera eramateko baizik ez dira erabiltzen Biarreta, Urtzurian eta Elutsedergo soilguneetarako abeltzaintzarako bideak; labur samarrak dira gehienbat eta estaldurarik gabeak.
c) Mendi bide nagusiak: garraiorako azpiegitura gehiena haietan bermatzen da. Orokorrean, haien egoera ona edo oso ona da, luzerako nahiz zeharkako drainatzeak dituzte, baita, zati gehienetan, zoru malgua (agregakinak) edo zurruna (asfaltoa edo hormigoia) ere.
-Urteagako pista (2.500 m.l.): Elutseder industrialdean sartzeko errepidetik ateratzen da eta malda pikoan igotzen da Urteagako lepoan barrena Altzegiko iturriraino.
Erabat zolatua da, zagor artifizialak erabilita, nahiz eta haren malda pikoak irristadak eragiten dituen maiz. Hori dela-eta, adar txikiak egin dira, baina horiek, beste alde batetik, nekegarri bihurtzen dituzte joan-etorriak.
-Gorritiko bidea (1.100 m.l.): bide hau Aresoko hirigunetik ateratzen da, hegoalderzantz, Astomelako errekari segituta Olazar alderdiraino; hemendik, adar gisa, Merkuko eta Gañarbeko pistak ateratzen dira. Zorua zagorrez egina da, eta luzerako nahiz zeharkako drainatzea du. Haren egoera ezin hobea da.
d) Bigarren mailako mendi bideak: maila txikiagoan egiten dute zerbitzu, eta haien kalitatea aurrekoak baino kaskarragoa da; drainatze lanak dituzte, baina gehienetan zoru irmorik ez.
-Gañarbeko pista (2.050 m.l.): Gorritiko bidetik ateratzen da, Olazar parean. Uitziko zelaiko leporaino igotzen da, motz, eta gero Gañarbeko gailur aldera. Zagorrazko zorua eta erretena izanik ere, bigarren mailakotzat jotzen da, herrilurretako alde oso zehatz bati egiten baitio zerbitzu. Maldarik handiena duten tarteetan agregakinak irristatzen dira, baina horiek kenduta, egoera onean dago.
-Merkuko pista (1.150 m.l.): Olazarretik egiten du gora, Merkuko errekan zehar, Merzuzelaiko lepo aldera. Ez dira kontuan hartu postu horretarainoko azken metroak, oso egoera txarrean baitaude, malda pikoa deta sestra gorabeheratsua dutela. Zoru irmorik ez du ezta luzerako drainatzerik ere, eta bere materialetan harriak duen proportzioari esker irauten du.
Epe laburrean moldatzeko asmoa dago, eta horrek Urteagatik alde honetara etortzen diren pistekin lotzea ekarriko du.
-Ulimendiko pista (1.350 m.l.): Urteagako mendi pista nagusitik ateratzen da, Altzegiko iturriaren parean, eta Perratokietako leporaino etorri. Toki horretatik ateratzen da beste bide bat, okerragoa, Merkuko zelai aldera.
-Larreko bordako pista.
Gailur alde batean dagoenez, zelai samarra da, eta zorua irmotu gabe egonda ere sestra-lerroa gorabehera handirik gabe mantentzen da.
e) Oihangintzako bideak, basotik oihangintzako produktuak ateratzea dute xede, eta haien egoera on samarra izan ohi da, nahiz eta zenbait puntutan zirkulazioa baldintzaturik dagoen. Fabrikako obrak izan ditzakete baina zoru irmorik ez dute.
Halako tarte franko dago, gehienetan mendi bide nagusietatik, abeltzaintzarako bideetatik edo are errepideetatik ateratzen direnak.
f) Kale edo bidezidorrak: denbora baterako irekidurak dira, halako lote bateko oihangintzako produktuak ateratzeko direnak. Ez dute fabrikako obrarik ez zoru irmorik izaten, eta sarrera mugatua izan ohi dute, oihangintzarako traktoreentzat bakarrik.
Mendi guztian barrena daude gisa honetako bidezidorrak, hondatu samarrak, gehienetan. Alde urrunenak eta iristen zailenak dira halakorik ez duten bakarrak, hala nola Soromearretako errekako bazter batzuetan.
2.-Bide meharrak, 2 metro zabal baino estuago direnak.
a) Bideak, orgabide zaharrak eta bidexkak, erabilera eta eginkizun bat baino gehiago dutenak, lasterbideak eta turismorako bidexkak barne.
Egungo bidexkak:
-Goñegi-Ulimendi (GR-9): bidexka balizatu luzea; Aresoko mugapean sartzen da Goñegiko gailur aldetik, hor baita Gorritiko muga. Zura ateratzeko bide zahar batetik segituz, behera egiten du Merkuzelai aldera, eta Abalekuraino segitzen du oihangintzako pista batean barrena. Handik gurdibibe baten trazadurari segitzen dio, Arrozpideko pagadi handientsuan barrena, eta aurrera egiten du Zotzonoko izeidiko beheko aldetik Ulimendiko larreraino; Gipuzkoa da harantzago. Herrilurren barnean haren luzera 3,15 km da. Ongi seinalatua dago eta urte osoan ibil daiteke bertan, alderen batean lokatz handia izan arren. Paisaiaren aldetik interes handia du, Perratokietako banalerroan barrena pasatzean batez ere, hartan ikuspegi ederrak baitaude Malloen aldera eta Axuste-Gañarben dagoen baso eremu jarraituaren aldera, herrilurren hego-ekialdean. Ingurumenaren ikaskuntzari begira, haren balioa ertaina da, kontuan harturik gehienbat pagadi helduak gurutzatzen dituela, baita konifero espezie mota asko dituzten unadak, hala nola insignis pinua, Douglas izeia, alertzea, banksina pinua eta Korsikako larizio pinua.
-Ulimendi-Urtzurian: Perratokietako iturritik hurbil hasten da eta pista nagusi irmotuko trazadurari segituz egiten du behera, industrialdearen ingururaino; hemendik Leitzaran errekaraino egiten du abeltzaintzarako bide batetik. Herrilurren barnean haren luzera 3,4 km inguru da eta ongi egokitua eta seinalatua dago. Paisaiaren aldetik haren interesa ertaina da eta balio handirik ez du ingurumenaren eta kulturaren ikaskuntzari begira, konifero multzoetan eta larre alde handi batean barna pasatzen baita.
3. artikulua. Zainketa.
Aresoko Udalak begiratuko du 2.1.a), b), c), d), e) eta f) ataletan zehazten diren herribide publikoak beti egon daitezen erabiltzeko moduan. Horretaz gain, behar diren neurriak hartuko ditu gal ez daitezen interesgarritzat jotzen diren bestelako bideak (besteen adar direnak, bidexkak).
4. artikulua. Ibilgailu motordunetan ibiltzeko debeku orokorra.
Debeku da pistetatik kanpora eremu irekietan barna ibilgailu motordunetan ibiltzea, bai bi metro zabal baino estuago diren pistetan barna bai hori baino zabalagoak diren pistetan barna, non ez diren nekazaritzarekin, abeltzaintzarekin, basogintzarekin edo behar bezala baimendutako bestelako jarduerekin zerikusia duten ibilgailuak. Ibilgailuak aparkatu beharko dira pistetatik hurbil eta horretarako seinalatuak dauden tokietan.
5. artikulua. Auzoetako bideetan eta baserrietako sarbideetan ibiltzeko baimen orokorra.
Sailkapeneko lehenbiziko bi pistetan (auzoetako pistak eta baserrietako sarbideak), baimentzen da motozikletak eta ardatz bakoitzeko 3,5 tonatik beheitiko pisua duten ibilgailu motordunak ibiltzea. Ardatz bakoitzeko 3,5 tonatik goitiko ibilgailuak ibil daitezke, betiere baserriaren bizimoduarekin lotuak dauden erabilera edo zerbitzuetakoak badira.
6. artikulua. Baimena, motozikleta eta ardatz bakoitzeko 3,5 tonatik beheitiko pisua duten ibilgailu motordunentzako, pista jakin batzuetan barna zirkulatzeko.
Udalak onetsiko du pista nagusien zerrenda bat, zeinetan barna motozikletek eta ardatz bakoitzeko 3,5 tonatik beheitiko pisua duten ibilgailu motordunek libre izanen baitute ibiltzea. Udalak berak aldatzen ahalko du zerrenda hori, kontuan hartuz une bakoitzeko goiti-beheitiak, pisten egoera edo berak ikusten duen beste arrazoiren bat.
7. artikulua. Debekua, pistetan ibiltzeko.
Aresoko gainerako pistetan debeku da ibilgailu motordunak baimenik gabe ibiltzea, salbu eta nekazaritzari, abeltzaintzari, basogintzari edo baimena duten bestelako jarduerei lotutako ibilgailuak badira.
8. artikulua. Eskumena, baimena emateko.
Udalak emanen du Aresoko pistetan barna ibiltzeko baimena. Baimena eskatzen ahalko dute Aresoko herritarrek, baldin eta ibilgailuren bat badute udalerrian erregistraturik, bai eta beste pertsonek ere, baldin eta beren ibilgailuekin ibiltzeko beharra arrazoitzen badute.
Baimenak izaten ahal dira bide orotarako eta urtebeterako edo denbora tarte baterako eta toki jakin batzuetan ibiltzeko.
Kasu bakoitzean abal moduan tokatzen den zenbatekoa ordaindu ondoren emanen da baimena.
Abala = lotearen prezio zenbatetsiaren %10 x m³ x km
9. artikulua. Baimena, ardatz bakoitzeko 3,5 tona baino gehiagorako ibilgailuetarako.
3,5 tonatik gorako ibilgailu guztiek baimena beharko dute Aresoko herribide publiko guztietan barrena ibiltzeko.
10. artikulua. Garraioa, zura ateratzeko aprobetxamendu pribatuetako.
Mendi pribatuetako zur aprobetxamenduetarako betebeharrak eta kargak dagokion ordenantza fiskalean ezarriko dira.
11. artikulua. Zerbitzu publikoak.
Erakunde eta entitate publikoen ibilgailuek ez dute baimenik behar, beren egitekoetan ari direnean.
12. artikulua. Ibiltzeko gehieneko abiadura.
Aresoko mendiko pista guztietan gehieneko abiadura 25 kilometro orduko izanen da.
13. artikulua. Pisten egoerari eta inguruabarrei dagokien abiadura.
Istripurako arriskuak apaltzeko, eta oinezko, txirrindulari eta animaliei trabarik ez egiteko, gidariek beren abiadura egokitu beharko dute, maldetan eta toki arriskutsuetan behar adina mantsotuz, baita aziendak hurbil dabiltzanean eta oinezkoak agertzean ere, edo denbora idorra denean, pistetan hautsa pilatzen baita.
14. artikulua. Jarduera debekatuak.
Lehiaketak, lasterketak eta taldeka eta motorretan antolatzen diren turismo jarduerak espresuki debekaturik gelditu dira, hala nola pasealariei, txirrindulariei, etxeko animaliei eta basa-faunari arriskua ekartzen ahal dieten gidatze molde arriskutsu guztiak. Salbuespen gisa, Udalak baimena ematen ahalko du taldean antolatzen diren ibilgailu motordunen lehiaketa ofizialak eta jarduera turistikoak egiteko.
15. artikulua. Erabiltzaileen erantzukizuna.
Erabiltzaileek beren gain izanen dute ordenantza honetan aipatzen diren arauak ez betetzeagatik pistetan egiten dituzten kalteen erantzukizuna.
16. artikulua. Pisten inbentarioa.
Aresoko herrilurra antolatzeko 2003an onetsi zen proiektuan Aresoko pista guztien inbentario eta sailkapena dago.
17. artikulua. Arau-hausteak.
Ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzea arau-haustetzat hartuko da.
18. artikulua. Zehapenak.
Arau-hausteek isuna ekarriko dute, zehapen gisara; gehienez ere 150 euro izanen da, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legeko 52. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Nork bere borondatez ordaintzen ez badu, premiamendu bidez eginen da isunen diru-bilketa.
Areson, 2008ko urriaren 1ean.-Alkatea, Mikel Baraibar Garmendia.
Iragarkiaren kodea: L0814968