133. ALDIZKARIA - 2008ko urriaren 31

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

418/2008 FORU AGINDUA, urriaren 24koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak emana, Foruzaingoko kideek Nafarroako Foruzaingoaren Kontseiluan izanen dituzten ordezkariak aukeratzeko hauteskundeetarako deia egin eta hautapen prozesuaren arauak onesten dituena.

Nafarroako Poliziei buruzko Foru Legearen 15.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari dagokio Foruzaingoko kideek Kontseiluan izanen dituzten ordezkariak hautatzeko deialdia egitea eta horretarako arauak onestea.

Horrenbestez, Barne zuzendari nagusiak proposaturik,

AGINDU DUT:

1. Foruzaingoko kideek Nafarroako Foruzaingoaren Kontseiluan izanen dituzten ordezkariak aukeratzeko hauteskundeetarako deia egitea eta hautapen prozesuaren arauak onestea. Hauteskundeok egutegi honen arabera eginen dira:

-2008-11-03: Hauteskunde Batzordearen eraketa.

-2008-11-04: Hauteskunde mahaien eraketa.

-2008-11-05: Behin-behineko hautesle-errolda argitara ematea.

-2008-11-12: Erroldaren aurkako erreklamazioak aurkezteko epearen bukaera.

-2008-11-17: Behin betiko errolda argitara ematea.

-2008-11-18: Hautagai zerrendak aurkezteko epearen hasiera.

-2008-11-28: Hautagai zerrendak aurkezteko epearen bukaera.

-2008-12-05: Hautagaien behin-behineko aldarrikapena eta hautagai zerrenden aurkako erreklamazioak aurkezteko epearen hasiera.

-2008-12-12: Hautagai zerrenden aurkako erreklamazioak aurkezteko epearen bukaera.

-2008-12-16: Hautagai zerrendei egindako erreklamazioen ebazpena.

-2008-12-19: Hautagai zerrenden behin betiko aldarrikapena.

-2008-12-20: Hauteskunde kanpainaren hasiera.

-2009-01-06: Hauteskunde kanpainaren bukaera.

-2009-01-07: Gogoeta eguna.

-2009-01-08: Bozketa.

2. 1.-Hauteskunde Batzordea kide hauek osatuko dute:

-Barne Zuzendaritza Nagusiko zerbitzuko zuzendari bat edo atalburu bat, zuzendari nagusiak aukeratua.

-Zozketa bidez aukeratu beharreko bi batzordekide, foru agindu hau argitaratzen den egunean Foruzaingoko hiru mailetatik edozeini atxikita dauden jarduneko langile guztien artetik.

2-Idazkari lanetan, Barne zuzendari nagusiak zuzendaritza nagusiari atxikita dauden langileen artetik aukeratu beharreko langilea arituko da. Hizpidea izanen du baina botorik ez.

3. Hautesle eta hautagai izateko baldintzak Nafarroako Poliziei buruzko Foru Legearen 15.5 artikuluan ezarrita daude.

4. Nafarroako Poliziei buruzko Foru Legearen 15. artikuluko 1. ataletik 6.era bitartean ezarritakoari jarraikiz, hauxe da maila bakoitzean aukeratu beharreko ordezkari kopurua:

-A maila: ordezkari bat.

-B maila: ordezkari bat.

-C maila: 6 ordezkari.

5. Hautagai zerrenden aurkezpena Nafarroako Poliziei buruzko Foru Legearen 15.7 artikuluan ezarritakoari jarraikiz eginen da.

6. Behin-behineko hautesle-errolda, mailaz maila antolatua, polizia etxe guztietako iragarki oholetan jarriko da ikusgai.

Behin-behineko erroldaren aurka aurkezten diren erreklamazioak Hauteskunde Batzordeak ebatziko ditu. Gero, behin betiko errolda onetsiko du, behin-behinekoarekin egin zuen bezala argitaratzeko.

7. Aukeratzen ahal diren hautagai zerrendak aldarrikatzea Hauteskunde Batzordeari dagokio.

8. Bi Hauteskunde mahai eratuko dira, bata Iruñean eta bestea Tuteran.

Hauteskunde mahai bakoitzean hiru mahaikide izanen dira, hautesle-erroldatik zozketaz hautatuak. Mahaikiderik zaharrena mahaiburua izanen da eta gazteeena, berriz, idazkaria.

9. Ordezkarien hautapena boto pertsonal, zuzeneko eta sekretuaren bidez eginen da, Nafarroako Poliziei buruzko Foru Legearen 15.6 artikuluan ezarrita dagoen bezala.

Hauteskunde mahai bakoitzean hiru hautestontzi izanen dira, maila bakoitzarentzat bat.

Botoak gutun-azal itxietan aurkeztuko dira; zein zerrendari eman nahi zaion botoa, hari dagokion boto-papera egonen da gutun-azalaren barrenean.

Ondoko hauek baliogabeko bototzat hartuko dira:

-Boto-paper bat baino gehiago dituzten gutun-azalak.

-Urratuak, zuzenketak edo beste edozein manipulazio duten boto-paperak.

Bozketa bukatuta, Hauteskunde mahaiak hautestontzi bakoitzean emandako botoak zenbatu eta behar den akta eginen du.

10. Ordezkarien banaketa Nafarroako Poliziei buruzko Foru Legearen 15.8 artikuluan ezarritakoari jarraikiz eginen da.

11. Litezkeen inpugnazioak ebatzi ondoren, Hauteskunde Batzordeak hauteskundeen emaitzak aldarrikatuko ditu, Barne zuzendari nagusiaren berrikusketa akta bidaliz.

12. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluan eta urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatu zen Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 115. artikuluan xedatutakoarekin bat.

13. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko urriaren 24an.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0816235